Geneen adierazpen-askatasuna

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntza ikuspegi askotatik azter daiteke eta, edozein jakintza-alorretan bezala, motibazio teoriko hutsez iker daiteke edo, bestela, gizartean dagoen arazo edo gatazka bat konpontzen laguntzeko motibazio aplikatuaz. Hizkuntzalaritza aplikatuak hizkuntzalaritza teorikoak garatutako jakintza baliatzen du, eta teknika eta metodologia egokiekin konbinatuta, helburu aplikatuak erdiesten saiatzen da. Emaitzak ebaluatu egin behar dira eta, ebaluazio horretatik, abiapuntuko teoriak eta metodologiak birformulatu egin behar dira. Ebaluazioa funtsezkoa da jardun aplikatuan, okerreko erabakiak hartzeak eragin bailezake gaur horren urria omen den diru publikoa edo pribatua alferrik galtzea. Baina, gainera, hizkuntzaren gainean oker eragiteak askoz ere ondorio larriagoak ere ekar litzake, adibidez, konpondu nahi izan den arazoa areagotu liteke edota aurreikusi ez diren albo-kalteak eragin litezke. Eztabaidagune honetan eman zaidan aukera (bide batez bihotzez eskertzen dudana) baliatu nahi nuke, hain zuzen ere, euskararen gainean egin diren zenbait interbentzioren inguruan aritzeko. Izan ere, euskara garapen lexiko-diskurtsiboan erabat murgilduta dagoelarik, erregistro espezializatuak aztertzen ditugun hizkuntzalariok ezin diogu ezikusia egin preskripzioak eta interbentzioak gure ikergaian duten eraginari.

Oraingoan Biologiaren muinaz aritzeko ezinbestekoa dugun termino-familia batez arituko naiz. Bruselako Erasmushogeschool unibertsitateko Rita Temmerman itzulpengintza eta terminologiako irakasleak biziaren zientzien alorreko terminologia aztertu du ikuspegi soziokognitibotik, eta agerian utzi du hainbatetan arrazonamendu metaforikoa erabili dutela zientzialariek biologia molekularraren alorreko aurkikuntza berriak kontzeptualizatzeko. Giza esperientzian oinarrituta dagoen irudimenezko arrazonamendu analogiko horri esker, hizkuntzak jadanik dituen lexemak erabiltzen dituzte ikertzaileek, hainbatetan, kategoria berriak izendatzeko. Temmermenek zientzialariek sortutako testuak aztertuz agerian utzi duenez, genetika molekularraren eremuko jakintzaren oinarrian eredu kognitibo idealizatu jakin bat dago: herentzia biologikoa geneetan (DNAn) gordeta dagoen informazioan datza. Informazioaren inguruan antolatutako eredu kognitibo horren ildotik, metafora bidezko lexikalizaziorako hainbat bide zabaldu dira. Bide horietako bat laburbilduz, esan daiteke geneak hizkuntza jakin batean idatzitako edo kodetutako mezuak direla, eta kode hori hiru hizkiko ‘hitzetan’ idatzita dagoela. Ildo beretik, gene-kodeaz hitz egin daiteke, eta esan daiteke DNAren transkripzioari esker, RNA mezularia sortzen dela, eta RNAk daraman kode horren itzulpenaren bitartez proteinak sintetizatzen direla. Hartara, geneen adierazpenaren ondorioa proteinen sintesia dela ere esan daiteke.

Jakina, arrazonamendu metaforiko hori guztia Watson eta Crick-ek eta haien ikerketa-ildoari jarraipena eman zioten beste ikertzaile batzuek egin zuten ingelesez. Nolanahi ere, euskal zientzialariek ere, nazioarteko diskurtso-komunitate espezializatuaren arrazonamendu metaforiko bera partekatzen dutelarik, horixe bera erabili dute, seguruenik oharkabean, euskal terminologiaren garapenean. Zelako harridura eta egoneza sortuko zitzaien aditu euskaldun horiei euskaraz idatzitako artikulu edo liburu bat argitaratzera joan eta geneak adierazi ez baizik eta espresatu egin behar zirela jakinaraziko zietenean! Diagnostikatutako arazoa omen da euskal hiztegien arabera adierazi aditza iragankorra dela eta, beraz, geneak adierazten dira erabilera iragangaitza okerra dela. Kasu honetan, interbentzioaren oinarria da okerra, ez aditu euskaldunen erabilera, jakina baita subjektuaren semantikak aditzen sintaxia baldintzatzen duela. Gizakiok zerbait adierazten dugu edo adierazten diogu norbaiti, baina “informazioa” baino ez diren geneen berezko zeregina da (beren burua) adieraztea. Hortaz, geneak adierazi egiten dira, zuhaitzak loratu eta txoriak lumatu egiten diren bezala. Hizkuntzaren erabilera berriek gramatika-sistemaren gauzatze berriak ekartzen dituzte zenbaitetan, eta gauzatze berri horietan datza, besteak beste, hizkuntzaren garapena.

Euskaltermek adierazpen-askatasuna aitortu die azkenean geneei, eta FOXP2 genearen adierazpenari esker dugu euskaldunok, beste gizakiek bezala, hizkuntza garatzeko gaitasuna. Baina nork ebaluatuko ditu urteetan egindako interbentzioaren alboko kalte-ondorioak?

10 erantzun “Geneen adierazpen-askatasuna” bidalketan

  1. Guziz interesgarria da, Igone, zure gogoeta. Halere, aitortu behar dizut zure arrazoibidea artoski irakurri ondoan ere, franko gogorra dela enetzat ‘geneak adierazten direla’ entzutea.
    Ongi ulertu badut, zuk aipatu erabilera horretan ‘adierazi’ aditza modu bihurkari batean erabiltzen da eta hortik ateratzen da NOR-aditz gisako tratamendua. Ez dakit ‘adierazi’ aditzak, modu bihurkari batean erabilirik, zuzen zer erran nahi duen, baina demagun zientzian baliatzen den metaforei esker posible dela. Orduan ere dudatzen dut horrek baimenik ematen digula aditz hura NOR aditz gisa baliatzeko.
    Nik uste, euskal aditzek beren argumentu-egitura ongi finkatua dutelarik (hala da dudarik batere gabe ‘adierazi’ aditzaren kasuan), hobe genuke bi aldiz pentsatzea hura hautsi aitzin.
    Alderdi horretarik alde aski handia da enetzat ‘adierazi ‘ eta ‘espresatu’ aditzen artean, zeren hainbesteko buru minik ez baitit sortzen ‘geneak espresatzen direla’ entzuteak. ‘Espresatu’ aditzak ez duke tradizio handirik gure artean, eta mailegu aditz gisa har bide daiteke. Mailegatzen ditugun aditzak aise egokitzen ditugu gure morfosintaxira, tradizio luzea baitugu horretan. Oker ez banago, aditz pronominal gisa baliatzen da ‘expresar’ aditza erdaraz, eta holako aditzak euskarara ekartzen ditugunean NOR aditz gisa erabiltzen ohi ditugu (bada horretaz Xabier Alberdiren artikulu bat). Alderdi horretarik, ez zait halako bortxaketa ‘expresarse’ aditza mailegatzen badugu, NOR aditz gisa tratatzea, eta beraz ‘geneak espresatzen direla’ erratea.
    Arras beste zerbait da, ene iduriko, ‘expresarse’ aditzaren ez mailegatzeko ‘adierazi’ baliatzea (biak sinonimo edo direlakoan), baina azken honi aditz mailegatua balitz bezalako tratamendua aplikatzea eta NOR aditz gisa baliatzea. Azken urrats hau, ene ustez, ez da hain jokabide egokia.
    Ez ote da naturalagoa, eta zuhurragoa, holakoetan maileguaren bidea osoki hartzea? Ala ba ote da bide horretan ere beste behaztopa-harririk, are gaiztoagorik?

    1. Eskerrik asko Beñat zure iruzkinarengatik. Nolanahi ere ez nator bat zure arrazonamenduaren ildoarekin, eta azaltzen saiatuko naiz zergatik, labur azaltzea biziki zaila bada ere.
      Uste dut bi maila berezi behar ditugula hemen. Batetik, hiztunen ekoizpenak eta, bestetik, hizkuntzalariok egiten dugun analisia. Hiztunen ekoizpenak dira “hizkuntza erreala” eta, beraz, hizkuntzalariok hiztunen burmuinean gordeta dauden hizkuntzaren arauak bilatzen saiatzeko erabiltzen ditugun “datu enpirikoak”. Kasu honetan datu enpiriko bakarra da “gene” subjektuarekin “adierazi” aditzak iragangaitz modura jokatzen duela. Hau genetikaren alor espezializatuan bakarrik gertatzen da eta kontu handiz jokatu behar dugu gure analisia egiten hasi aurretik gure “esperientzia linguistikoak” egingo dugun analisi hori ez baldintzatzeko. Izan ere, biologiaz aritzen diren euskaldunen “diskurtso komunitatearentzat”, niretzat adibidez, erabat arrunta da erabilera hori, baina diskurtso-komunitate horren parte ez denarentzat, erabat arrotza izan liteke. Agian kontua labur eta erraz azaltzeko helburuarekin ez nuen itzulingururik egokiena erabili aditzaren erabilera horren interpretazioa azaltzeko, nire iritziz ez delako aditzaren erabilera bihurkaria, baizik eta erabilera iragangaitza. Iragankor/iragangaitz txandakaketa gertatzen da hemen, baina txandakaketaren bigarren atala bakarrik gertatzen da alor espezializatu baten baldintza semantiko-pragmatiko jakin batzuetan. Txandakaketa hori “txoria lumatu dugu” / “txoria lumatu da” bezalakoa da, baina bigarren kasu honetan txandakaketaren bi atalak gertatzen dira hizkuntzaren erabilera orokorretan eta “txoria” argumentuarekin. Beraz, txandakaketa horren esperientziak ez du eskatzen esperientzia linguistikoa izatea alor espezializatu batean . Txandakaketa horren lehen zatian gertaeraren gaineko kontrola duen “gizakia” da subjektua eta, bigarren zatian, aldiz, “berezko kausalitatea duen fenomeno naturala” dugu. Nire artikuluan ematen nuen bigarren adibideari begiratzen badiogu, aldiz, “zuhaitza loratu da” esaten dugu, berezko kausalitatea duen fenomeno naturala adierazteko, baina ezin dugu esan (zientziak aurrerapen handia egiten ez badu, edota literatura idazten ari garelarik adibidez erabilera figuratua egiten ez badugu) “#zuhaitza loratu dugu”. Zergatik? Gizakiok prozesu natural horren gaineko kontrolik ez dugulako. Ildo beretik ezin dugu esan “#geneak adierazi ditugu”. Honekin lotuta, genetikan egiten den “itzuli” eta “transkribatu” aditzen erabilera, berdin-berdina da: “testuak itzultzaileek, hizkuntzalariek edota makinek itzultzen edota transkribatzen dituzte”, baina “DNA transkribatzen da” eta “RNA mezularia itzultzen da”.
      Nik genetikaz euskaraz aritzeko ohitura duten euskaldunen erabilera erreala aztertu dut eta analisi soziokognitibo, diskurtsibo eta lexiko-semantikoa eginez azaldu dut. Bere analisiaren abiapuntutzat erabilera hauek agramatikalak direla frogatu nahi duenak eta, batez ere, bere analisia alor bateko adituek egiten duten erabilera baino zuzenagoa dela pentsatzen duenak maila bereko frogak eman beharko ditu. Areago, askoz ere froga eztabaidaezinagoak eman beharko lituzke”datu enpirikoak” aldatu nahi lituzkeenak: hizkuntzaren erabilera hori egiten duten hiztunek burmuinean duten gramatikak “patologia linguistikoren” bat duela (susmoa dut diagnostikoa interferentzia linguistikoa litzatekeela) frogatu beharko luke.
      Bukatzeko, ez da egia euskal aditzek erabat finkatuta dutenik beren argumentu-egitura, beste hizkuntzetako aditzek ere erabat finkatuta ez duten bezala. Izan ere, aditzen argumentu-egitura argumentuen semantikaren deskripzioa baino ez da, eta erabilera espezializatuetan erabilera orokorrean agertzen ez diren egoera semantiko-pragmatikoak (eta beraz argumentu motak) agertzen dira etengabe. Baina euskararen kasuan, eta hau beste hizkuntzez ere esan daiteke, ez daude deskribatuta eta,are gutxiago hiztegietan jasota, alorrez alorreko erabilera espezializatuetan azaleratzen diren argumentu-egiturak.

  2. Milesker zure azalpen zehatzagatik, Igone. Argiki gogorarazten dit batzuetan aisegi ahanzten dugun zerbait: euskaldun guziek ez ditugula berdin barneratu aditzen argumentu egiturak, eta hauei dagozkien alternantziak.
    Enetzat aditz iragankorra da ‘adierazi’, eta oso zail gertatzen zait guziz bestelako argumentu egitura baten arabera erabilirik ikustea. Iruditzen zait beste adierazi bat sortzen dela horrela eginik, are gehiago azalpen bihurkaria baztertzen baldin bada. (Hori ulertu dut zure erantzunean; derrazudan halere, EPG corpusean gene eta adierazi lemak dituzten gertaldiak bilatu ditudanean, biga aurkitu ditudala, biak egitura bihurkari klasiko batean agertuz; ondoko hau adibidez : “identifikatzen ikasi dugun zelula multzo zehatz-zehatzetan adierazten dute beren burua halako geneek”; ZIO corpusean ez dut beste okurrentziarik aurkitu).
    Entseiatzen banaiz ulertzera zergatik gisa hartara hartzen ditudan ‘adierazi’ aditzaren erabilera iragangaitz haiek, zuk deskribatu bezalako alternantzia kasuen eskasiaz beste azalpenik ez dut ikusten. Euskarak alternantzia morfosintaktikoak dituzten aditzak baditu, baina zuk aipatua haietarik kanpoan da: ez dut uste aditz irankor askorik baden semantikoki inergatiboa den NOR-aditz batekin alternantzia sorrarazi duenik. Horregatik, ‘adierazi’-ren argumentu egitura nik bezala barneratua duenarentzat, zeharbidezko kalkoaren azalpena baizik ez dio ematen ahal erabilera horri (‘expresar’ aditzaren erabilera pronominala ‘adierazi’ aditzari aplikaturik). Horregatik egin nuen iruzkina, hots, ene idurian, zuk aipatu erabilera kalko baten oihartzuna zelako. Eta gisa hartara egiten nuen ene galdea, funtsean, ‘adierazi’ aditzaren auzia bazterrean utzirik ere, berdin balio duena: holako kalko baten beharra sentitzen badugu, ez ote da egokiago aditz lexikala bera ere mailegatzea?
    Iparraldean, badugu beste aditz bat, euskara mintzatuan bereziki, kalkoz, zuk adierazi aditzaz ariz erran maneran erabiltzen ahal duguna (nahiz kasua desberdina ere baden, argi geldi bedi, subjektu prototipikoa pertsona delako besteak beste): ‘esplikatu’ aditza da. Aditz hau orain arte aditz iragankorra izan da euskaran (ikus OEH). Bestalde, frantsesez, ‘expliquer’ aditzak badu erabilera pronominal berezi bat franko zabaldu dena; ‘s’expliquer’ aditza da, guti gorabehera ‘azalpenak eman’ erran nahi duena. Batzuetan euskal hiztunek euskararatzen dugu erabilera hori ‘esplikatu’ NOR-aditz gisa erabiliz, erranbide batzuetan bereziki: “expliquez-vous!= esplika zaite!”. Corpusetan arras gutti agertzen bide dira horrelako adibideak (pastoral irri egingarri batean bakarrik aurkitu dut haren lekukotasunik). Ez naiz ni printzipioz holako kalkoen kontra, kasuan kasu ikusteko kontua iruditzen zaidalako. Orain ene galdea hau da: demagun ‘expliquer’-ren erabilera pronominala euskarara ekarri nahi dugula, eta ‘esplikatu’ eta ‘azaldu’ aditzak elkarren baliokidetzat jotzen ditugula, egoki ote litzateke joskera iragangaitza ‘azaldu’ aditzari aplikatzea, jakinik ‘azaldu’ aditzaren argumentu egitura bestelakoa dela eta NOR-aditz batean gauzatzen den beste alternantzia bat sortua duela jadanik (‘azaldu naiz’= ‘agertu naiz’)?
    ‘Adierazi’ aditzaren argumentu egituraz ditugun epai eta azterbide diferentzien gainetik (zehazkiago errateko, hauek gutietsirik), arazo hori zen nire iruzkinean agertu nahi nuena, erran nahi baitu aditzen inguruko zeharbidezko mailegu morfosintatikoek sorrarraz dezaketena.

    1. Ez nuen uste horren soka luzea ekarriko zuenik lehen ekarpen honek. Eskerrik asko, Beñat, gaian azaldu duzun interesagatik eta zure erantzuna biribiltzen egin duzun ahaleginagatik. Hala ere, oraindik ere ez nago guztiz ados zure arrazoibidearekin.
      Ez dut inolako zalantzarik “Igone oso txarto adierazten da” esaldia kalko gordina dela. “Adierazi” aditzak komunikazio-egoera orokorretan duen argumentu-egitura zalantzarik gabe finkatuta dauka euskarak aspaldian, eta subjektua gizakia bada, beti da iragankorra, baita subjektua “bitartekoa” denean ere, adibidez, “Geziak noranzkoa adierazten du.”
      Baina genetika molekularrarena alor berria da eta, beraz, kontzeptu berriak adierazteko hiztegia eta adierazpideak garatu behar izan ditu euskarak, beste hizkuntzek ere egin duten bezala. Hiztegia aberasteko mailegutza (espresatu / espresio) erabil dezakegu edo, bestela, zabalkuntza semantikoa (adierazi / adierazpen). Adituen testuetan biak aurki daitezke, baina interbentzioak interbentzio, nire esperientziaren arabera, joera nabarmena egon da zabalkuntza semantikorantz. Zabalkuntza semantikoak ohitzea eskatzen digu eta honetan hiztun arrunt baten esperientzia linguistikoa ez da konparagarria Biozientzietako ikasle baten edo irakasle-aditu baten esperientziarekin. Ideia hau argitzen saiatzeko, zenbait corpusetako datuak emango ditut.
      Ereduzko Prosa Gaur (EPG) corpusean 667 agerpen ditu ‘gene’ hitzak eta gure taldea unibertsitateko irakas-materialak bilduz osatzen ari den corpusean (TSE), 1720 agerpen. Alde askoz ere nabarmenagoa da corpus bakoitzaren hitz kopurua kontuan hartzen badugu: EPG: 26,6 agerpen 1 M hitzeko eta TSE: 330, 8 agerpen 1M hitzeko.
      Corpus orokorrek eta corpus espezializatuek oso emaitza desberdinak ematen dizkigute, jakina, desberdin osatuta daudelako.
      Corpusen arteko aldea askoz ere nabarmenagoa da ” gene…adierazi” aditza eta “gene(en) adierazpen” konbinazioa kontuan hartzen baditugu:
      EPG: gene…adierazi 2 / gene-adierazpen 16 (25,1 M hitz)
      (espresatu / espresio 0 agerpen)
      TSE: gene…adierazi 36 / gene-adierazpen 46 (6,2 M hitz)
      (espresatu / espresio antzeko agerpen kopuruak)

      TSE corpusean behin ere ez da ageri erabilera bihurkaririk , baina bai ageri dira erabilera iragankorrak eta inakusatiboak. Hona hemen adibide pare bat:
      “Espermatozoide eta obuluaren kromosomek gene desberdinak adierazten dituzte.”
      “Gene Homeotikoak: garapenean geroago adierazten dira…”
      Txandakaketa hau “Gizona hil dute.” / “Gizona hil da.” horren oso antzekoa dela esango nuke nik.
      Batek gustukoagoa izan dezake mailegua eta beste batek zabalkuntza semantikoa. (Kasu honetan nik argi eta garbi nahiago dut zabalkuntza semantikoa). Baina nik uste dut ez dela bidezkoa (eta ez diola inolako ekarpenik egiten erregistro akademikoen garapenari) euskarazko baliabideak bere diskurtsoan naturaltasun osoz erabiltzen dituen adituari bere erabilera aldaraztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude