Gotzon Egia Goienetxea
Hibrido gaiztoen gainean Alfontso Mujikak idatzitako zutabeaz oharturik, hitz bi nahi nituzke gaineratu.
Giza jakintzaren ertz askotan, teknikaren esparruetan bereziki, hibridazioari balio erabat positiboa ematen zaio. Urrutira gabe, biologia molekularrean urrats handiak egin dira aurrera hibridazioari esker, DNAren azterketa sakontzeko; edo kimikan, karbonoaren hibridazioak produktu aukera zabala eratu du, erabilera industrialetarako. Ibilgailu hibridoa aurrerakuntzaren eta erantzukizun sozialaren paradigmatzat dugun garaiotan, hibridazioa bizikletara ere iritsi da!
Hizkuntzalaritzan ere hibridazioa oso erabilia da, eztabaidatua den bezainbatean. Hizkuntza batetik zatiki bat hartu, beste hizkuntza batetik beste zatiki bat hartu, hitz baten irudipena emateko adina doitu: horra hibridoa. Hala sortu genituen, eta hala darabiltzagu, ikara errainurik gabe, soziologia, homosexual, metadatu, klaustrofobia edo liposukzio, latina eta grekoa nahas-mahas; edo telebista, grezierazko aurrizki garbi bati, ziurrenik gaztelaniatik euskarara ekarritako mailegu bat erantsiz.
Neologismoen munduan nagusi joko nituzke hitz hibridoak, hartarako datu zehatzik ez badut ere. Zernahi gisaz, hitz hibridoak maiz izaten dira euskal itzultzaileen hizpide, hibridazioak aurpegi desberdin asko baititu, ez arazorik gabeak gehienak. Adibide bi ekarri nahi ditut hona, ItzuL posta zerrendatik hartuak, ongi erakusten baitituzte hitz hibridoen behaztopa ezkutuak.
ItzuLkide batek hala zioen, ko- aurrizkiaren bidez sortutako hitz hibridoen hedaduraz eta hautabideez:
Aipagarria da ko- aurrizkia ez dela, guk dakigula, euskarazko hitzei loturik erabili (*kohezkuntza, *koekoizpen); beste erdal aurrizki batzuk, berriz, bai: ultramore, infragorri, superoale, exoelkarte (LEF batzordeak erabilia) eta abar.
Uste dut argigarria eta aintzat hartzetakoa dela: hibridazio bidez neologismoak sortzeko mekanismoak (esate baterako, kasu honetan “erdal aurrizki bat + euskarazko hitza”) ez dira beti hautabide guztietan ernaltzen, ez behintzat era automatikoan.
Hitz hibridoen jatorria ere kontuan hartu behar da: zatiki bakoitza hizkuntza banatatik hartua ote den, ala hibridoa, osorik eratuta, beste hizkuntza batetik mailegatua den jakitea komeni da, erabileraren bide hertsietan barrena estropezu egin nahi ez bada. Idazkera zen eztabaidagai ItzuLen, hibrido baten kasu zehatzean, bigarren zatia r-z hasten den kasuetan erre- idatzi behar ote den, alegia. Honela erantzuten zuen blog honetan partaide den Alfontso Mujikak eztabaida hartan:
Euskal hitz bati aurrizki kultu bat eransten badiogu hitz eratorri (exoeratorri edo exoelkarte) bat sortzeko (hala nola hiperesteka edo infragorri), logikoa da zuk proposatzen duzuna: auto + erradioaktibo = autoerradioaktibo.
Baina ez da hori izaten erabidea. Hitz hori erdararen batean sortua da, eta guk mailegatu egiten dugu. Kasu honetan, litekeena da ingelesezko autoradioactive hitza izatea abiapuntua. Beraz, hitz hori mailegatu behar badugu, autorradioaktibo egingo dugu; hau da, hitza mailegatuko dugu eta maileguen ohiko irizpideak erabiliko ditugu horretarako, baina ez dugu hitz horren erabidea kalkatuko.
Horregatik, adibidez, korrelazio agertzen da Hiztegi Batuan, eta koerlazio, berriz, debekatu egiten da. Antzeko kasuak dira, adibidez, hiperrealismo edo korreferentzia.
Hibridazio mailegatuaz hitz egin behar genuke kasu horietan, beraz, hitz hibridoa beste hizkuntza batean eratua baita, eta euskarara handik mailegatua.
Ondorio moduan, esango nuke hibridazioaren erabidea hobeki deskribatu beharko genukeela, neologien iturri oparoenetako bat ben neurrian. Mekanismoak ulertu, kasu bakoitzean hedadura noraino iristen den neurtu, zerrenda muinbakar bat osatu, bada zer aztertua hitz hibridoen eremuan. Bitartean, hibrido gaiztoen azterketari eransteko, bi hipotesi formulatzera ausartuko naiz:
-
Hezkuntza mundua eta hizkera politikoa dira hibrido aizunen sortzaile indartsuenetakoak. Magisteritza eta delegaritza antologikoen ondoan, are eta gaiztoago den tutoritza aspaldikoa dago, gaztelaniazko tutorí(a) hitza euskal -tza atzizki naroaz jatortuta.
-
Hipotesi horri loturik, atzizki batzuek kemen naturalizatzaile handiagoa dute, beste batzuek baino, hitz hibridoei euskal usaina emateko. Guztien artean, esango nuke -tza dela gailena: aurreko hiru adibideez gain, subirautza edo solidaritza kutsu soziopolitikoko izaki zirkulatzaileak hor ditugu, garai bateko aitortza edo sendotza jator erlijiosoen edo, berrikiago, osakidetza edo ertzaintza instituzional zalantzagarriagoen oihartzunera eratuak.
Hitz pinttoen asunto hau ez da askok uste bezain “muinbakarra”. “Zer da ‘anbula'”?, galdetzen zuten adituek “anbulategi” hitza gaitzesteko. Hemen, hitz pintto gaiztoen gailurrean “tutoritza” jartzen da. Ederki. Baina egiten dut galde: “zer da ‘alon'”? Ezer ez, ezta? Ba, “alondegi” hortxe dago aspalditxotik euskaldun jendearen ahotan eta luman. Eta, beste adibide bat jartzeagatik, “-mentean” zer da? (“seinalamentean”, etab.) Gaiztoa, zitala, alua, edo zer? Baserritar batzuen eta bertsolari “klasikoen” ahoan ondo emanagatik, aditu muinbakarren manerak itsusten dituena?
Muin bakarra ikusten du maiz hemen, bakarregia.
Ibon Sarasolak esana da hizkuntza guztietan badirela aldrebes eratutako hitzak.
Edozeinek esana da –esan dezakeena da– badirela hitzkuntzetan (ez “hizkuntza guztietan”, zeren munduan diren hizkuntza gehienek ez baitaukate gainetik teknikorik), badirela, diot, teknikoek aldrebes eratutako hitzak, baina ez dagoela, ezin egon daitekeela berez, hizkuntzan, hizkuntza bizi naturaletan, aldrebes eratutako hitzik, baizik-eta gehienez ere teknikoen eskemetan sartzen ez direnak. Horietako bat da, gurean, “alondegi”. Teknikoei dagokie beren eskemak –eskemetako batzuk– aldatzea edo “doitzea”.
(Eragozpen latzena da gure honek, joan den aspaldi haundian, gero-eta gutxiago daukala hizkuntza bizi naturalaren antzik.)
Nire oharrak asmo normatiboaz eginak direla ulertu badu Iñaki Segurolak, horrek esan nahi du gauzak erabat atzekoz aurrera azaldu ditudala.
Neologismoen bizi-arnasa hiztunaren kapritxoen mende dago, hori bagenekien lehendik ere: zergatik jakin ez, baina iturri bereko “abesti” onartu dugu, “edesti” baztertu dugun bezala, edo “olerki” hobetsi, “olerti”-ren aurretik. Hibridoekin ere berdin jokatzen du hiztunak, batzuetan «bai», eta besteetan «ez» eginez. Zergatik “koedizio” bai, eta “kohezi” ez, oharretan aipatzen nuen kasu bat gehixeago korapilatzearren? Zerk esaten digu “alondegi” (edo “anbulategi”, “laborategi”…) «bai»-ren zerrendan sartzen direla? Zergatik jarri auzitan “tutoritza”?
Hitz hibridoak eratzeko eta onesteko erabiltzen ditugun mekanismoak aztertzea ez dugu kalterako izango. Esango nuke, neologismoaren kasu gehienetan bezala, beharrak bultzatu zituela Segurolak aipatzen zituen baserritar edo bertsolariak “sinalamente(an)” sortzera. Adierazmoldearen premiaz urrun ikusten dut, esate baterako, “subirautza”, ezpada klasikoetan ongi dokumentatua den “soberano” mailegutik edo, are eta gehiago, “burujabe” neologismotik eratorritako ezer erabili baino lehenago, euskal usain zalantzagabeko “-tza” amaiera duen ezer erabiltzea.
Uste dut “hibridazio” esan diozuen horren azpian, askotariko fenomenoak bereiz daitezkeela.
Hasteko, ez dirudi euskal morfologia-arauek inolako eragozpenik jartzen dutenik hiztegia aberasteko orduan kultur erroak (hizkuntza guztietakoak direnak) eta euskal oinarriak konbinatzeko (fitohobekuntza, biomintz, autoikasketa, mikrohaustura). Ildo beretik, ez dirudi eragozpenik dagoenik maiz erabiltzen diren euskal ondareko atzizkiak erdal erroekin (bide batez euskaran txertatu direnak) konbinatzeko (gramatikaltasun, kontrolatzaile, konputagailu, arrazoiketa). Beste aurrizki/atzizki batzuk, aldiz, badirudi ez direla horren ondo ezkontzen euskal morfologia-arauekin: #koargitalpen, #kolantze, #koadierazi, #egitural… Bereizketa horrek zerikusia izan lezake morfemen pisu semantikoarekin edota euskaraz antzeko semantika duten baliabideak edukitzearekin (egiturazko, lankidetza).
Nolanahi ere, beste askotan estandarizario prozesuaren eragileen interbentzioak ezartzen ditu murriztapenak eta ez euskal morfologia-arauek. Adibidez, “ebaluaketa” edo “klonaketa” arazorik gabe sor ditzakete euskal morfologia-arauek (ebaluatu / klonatu + -keta), baina arauemaileek eta, horiei jarraiki, hiztegigileek, zuzentzaileek, itzultzaileek eta irakasleek, “ebaluazio” edo “klonazio” mailegu egokituen alde egin dute. Azken hauek, nire iritziz, zailak dira baztertzen erabilera espontaneotik, erabiltzaileen intuizio linguistikoaren aurka egiten baitute neurri handian.
Beste kasu batzuetan, aldiz, hiztunak euskal morfologia-arau bat aplikatzen saiatzen dira baina ez dute lortzen azken punturaino ondo aplikatzea (tutoritza, doktoradutza, europear). Honelakoetan “tutoretza”, “doktoretza” eta “europar” erabat zuzenak dira eta ez dute inolako aitzakiarik. Horrelakoetan erdal hitzaren nolabaiteko zatiketatik abiatzen dira eta ez (antzekoa den) euskal/erdal oinarritik (tutore, doktore, Europa).
Azkenik, “analogiaz” hitz egin behar genuke eta analogia bidezko askotariko eraketa moduek hizkuntzaren aldaketan eta garapenean duen eraginaz. Baina beste baterako utzi beharko dugu kontua, luze aritzea eskatuko luke eta.