Eneko Bidegain
Ipar Euskal Herri gero eta erdaldunagoan badira euskarazko hitz batzuk, fosil moduan, frantsesezko kontzeptuekin nahasten dituztenak. Horietarik bat da amatxi. Eta horrela, merkatuetan-eta ikusten ditugu salgai: “la confiture d’amatxi”, “le gateau d’amatxi” eta nahi den elikagai oro… denak amatxiren erara. Behin “amatxiren belarritakoak” ere ikusi nituen salgai. Eta ene baitan egin nuen: gure amatxiak belarritako egiten ibiltzen ote ziren? Nik uste bazutela beste antzara ferratzekorik…
Baina ez da hori ene solasaren muina. Funtsean, amatxi hitz horren gibelean, modu tradizionalean edo eskuz egindako produktuez ari direla adierazten digute.
Ene buruari galdetzen diot komunikazio guztia eta oinarrizko hitza frantsesez baldin bada, zergatik gehitzen dioten euskarazko amatxi hori eta ez zuzenean frantsesezko grand-mère jartzen. Ororen buru, amatxi Ipar Euskal Herriko gehienek uler dezaketen hitza da, euskararen transmisioa eten arren, gaur egungo Ipar Euskal Herriko gehiengoaren gurasoen gurasoak euskaldunak bide direlako edo zirelako. Eta horiek amatxi eta aitatxi dira.
Baina penarekin ikusten dut produktuak merkaturatzen dituzten horiek, garai zaharren nostalgia gisa saltzeko baizik ez dutela erabiltzen euskarazko hitza, are gehiago, zaharrak gogora ekartzen dizkigun hitz bat erabiltzen dutela: amatxi. Euskara zaharren kontu bat balitz bezala.
Aldi berean, euskarazko hitz horrekin, alde afektiboa, haurtzaroko goxotasuna eta horrelako sentimenduak zabaldu nahi dituztela iruditzen zait. Ez da oraingoa jarrera euskaltzalerik izan gabe (ere), euskara alor afektibora mugatzeko joera hori. Baina horrekin gogora datozkit hau erraten dutenak: “euskara etxean, etxetik kanpo frantsesa”. Begi bistakoa da, azkenean, logika horrekin euskara ez dela ez kanpoan ez etxean erabiltzen. Baina amatxi eta holako hitzak erabiltzen dira merkatuaren munduan, kolore pixka bat emateko, hurbiltasun seinale bat erakusteko, berotasun bat. Kontua da, Ipar Euskal Herriko hainbatentzat euskaldun izateko ez dela euskara jakite beharrik, euskal kultura bizirik dagoela eta euskaldun izan gaitezkeela, gure mendiak, itsasoa, dantza, pilota eta amatxi hor dauden bitartean.
Bi gauzatxo. Afera zabalagotik harturik, holako hitzak “behetik gorakoak” izaten dira soilik (“el aitite, la amama, el aita…”), baina ez maila berekoak (“la arreba, el lehengusu…”), eta ezta “goitik beherakoak” ere (“el seme, la alaba, los ilobas…”). Funtsean, oso funtsean, botere eta jerarkia kontua dela esango nuke, baina tarteko pausoak esplikatzea luzeegia litzateke hemen.
Bigarren gauzatxoa: guk, euskarazko jendeak, nere eta gure moduko jendeak, horretara behartzen garen aldi bakanetan, ez dugu sekula “el aita, la ama” esaten, baizik-eta, izatekotan ere, “el/mi padre/madre”, etab. Zergatik? Ba, ez daukagulako premiarik. Honek, nik uste, ez du behar esplikaziorik, ez luzerik eta ez motzik.
Oso artikulu ona, Eneko.Tamalez, hegoaldean ere ikusten dira halakoak: “Bar Irrintzi”, “Bizkor Carrocería” eta gisakoak. Merkatu multikulturalismoaren barruan, euskara saltzeko objektu huts baita, esan gabe doan erdararen ondoan. Euskal kutsua eman nahian eta berezitua egiteko asmoz, hasieran salbide eta ondoren salgai bihurtzen da euskara.
Iñaki, agian ez dut ongi ulertu, baina euskarazko jendeari behin baino gehiagotan entzun izan diot euskaraz ez dakitenekin “el aita” eta “la ama” erabiltzen…
Ea gauzak natul esplikatzen asmatzen dudan, Garazi: “la ama” esateko ohitura “erdara askoko” lekuetan sortu da, erdarazko jardunari euskararen kolore pixkat emateagatik. Nola leku gehienak diren erdara askoko lekuak, oso zabaldua dago gaur ohitura hori. Aldiz, “euskara askoko” herrietan, herri bakanetan (Azpeititik ari naiz), eta zer esanik ez, baserri-giroan eta herri txiki euskaldunetan, ohitura hori ez da hainbeste sartu, eta lasai esaten da/dugu “la/mi madre”, erdaraz jarduten dugun aldi bakanetan. Bestela esanda: “la ama” esateko ohitura erdaratik sortzen da, erdaraz asko edo erabat egitetik, eta egite hori euskalitxuratzeagatik.
(Beste hitzkuntzaren batean jardun ezkero, inork ez du esaten “my ama” ingelesez edo “la meva ama” katalanez, nahiz eta ingeles edo katalan horrek “ama” zer den jakin. Hemen kastillanoz aritzea dago gainzuritu beharra, eta ez besterik.)
Horra nere uste koxkorrak, komeni baino luzeago esanak.
Komeni ez arren, eskertzen dira azalpenak.
Guztiz ados zurekin Iñaki. Nik berdin-berdina bizi izan dut. Lekeition “el/mi padre” eta Bilbon “el aita”. Hala ere, ñabardura bat. Honen arrazoia ez daukat argi jerarkia izango den (edo bakarra behintzat), Hego Euskal Herrian “txiki”, “neska” eta antzekoak ere erabiltzen bait dira nerabe eta haurrei zuzentzeko.
Eneko, zure bloga benetan interesgarria iruditzen zait. Eskerrik asko!
Milesker, Txopi!
Milesker Iñaki eta Garazi. Ekarpen interesgarriak.
Reblogged this on blogberri and commented:
(31 eskutik blogean idatzia)
Kaixo, Eneko.
Hik ederki esandakoez gain, gogoan diat Hendaiako liburudenda batean Gabi Etxebarneren ‘Paroles d’amatxi’ izenburua duen liburua eskuartean izan nuela, baita sail bereko ‘Aña, nun zare*? (Paroles de pêcheur)’ liburua ere. (Azken hau erosi niken, Xan Altzatek idatzia, gaztetako bere arrantzale ibileratan oinarritua).
*Aña, nun zare? lapurtar-kostatar hizkera kasik desagertuan (edo ‘txotxua, nun yaiz?’ hegoalderaxeago, Hondarribiko arrantzaleen ahotan).