Julia Marin Arteaga
Ezer baino lehen, zorionak 31 eskutik proiektua diseinatu duzuenoi, eta eskerrik asko kezkak eta aurkikuntzak konpartitzeko aukera emateagatik. Egingo ahal dugu bide oparoa auzolanean!
Atsegin handiz irakurri dut Asier Larrinagaren urriaren 18ko hausnarketa interesgarria. Haren gonbitak gogorarazi dit Anjel Lertxundik 1999an Egunkarian plazaratu zuen artikulua: Jar gaitezen. Hona zati bat.
Honela laburbilduko nuke nik arazoaren muina: lehendabizi, eztabaidatzen ez diren bidean bideko hutsune eta arazo larriak. Segidan, eztabaida faltak eragozten dituen etorkizunerako proiektu garbiak. Eta horren guztiaren erdian —edo gainean, eguzkitik babesten gaituen baina eguzkia kentzen digun palio gisa—, euskararen inguruko sakralizazioak eraiki duen totemaren itzal luzea, akritizismoaren tabu-sistema osoa hedaturik euskalgintzaren bazter ezkutuetaraino.
Jar gaitezen, bada. Har dezagun larritasunik eta erresuminik gabeko jarrera eraginkorra eta, serio baina patxadaz, has gaitezen hausnarketan. Hitz egin dezagun ditugun kezkez eta nabarmentzen ditugun hutsuneez. Baita frustrazioez ere. Bidera ditzagun ilusioak, kemenak, proiekzioak, perspektibak. Har dezagun etorkizuna aztergai.
Nire aletxoa.
Gogora datorkit oraintxe Donostiako ikastola batean andereño dabilen ondarrutar bat. Mantso hitz egiten du, apal samar, buruan bailebilen etengabe, zuhur, hitz egokien bila. Ikusita nago haren metamorfosia tabernaz taberna genbiltzan batean amak telefonoz deitu zionean: arin-arin ez zen ba hasi berbetan. Hura etorria eta bizitasuna!
Ezagutzen dut euskaltegi irakasle mordoxka bat, herri txikietan sortutako euskaldun peto-petoak, beti euskara batu aseptiko uniforme bera ahoan dutela ibiltzen direnak Gasteiz aldean, berdin dio lagun-giroan dauden, edo irakasle batzar batean, edo eskola ematen ikasleei, edo txango batean.
Uda honetan, Idazkuntza tailer bat egiten jardun dugu, eta ikusita taldean bazirela bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak, saioetako batean proposatu nien txikitako pasadizo bat kontatzeko idatziz, baina nork bere euskalkiaren arrastoak utziz, eta erabakitzeko, testuari eman nahi zioten tonuaren arabera, nola komeni zitzaien idaztea, batuan euskalki-ukitutxo bat emanez, euskalki estandarrean edo maila informalago batean. Haiek izerdiak!
“Terapia” saio bat egiten amaitu genuen. Jabetu ziren ez zituztela bereizten batu-batua, batua ukitu jakin batekin, euskalki estandarra, tokian tokiko hizkera formalak eta informalak. Batzuk mindu eta dena egin ziren: etxeko hizkera etxerako da, eta etxekoekin egoteko, emozioen inplikazioa dagoenerako alegia, eta etxetik kanpo ibiltzeko, batua. Biluzik sentitzen omen dira etxeko hizkera Gasteiz hirian erabilita.
Bi adibide horiek ematen dute zer pentsatua… Orduan, zer da kontua? Etxetik kanpo inplikaziorik gabeko hizkuntza hotza erabiltzea eta etxe barrurako gordetzea bihotzetik ateratzen zaigun hizkera naturala eta samurra? Arima etxekoekin utzi beharra daukagu hizketa-komunitatea osatzeko? Ezin dira uztartu biak? Hortxe dago, nire ustez, gakoa.
Debate honetan sakontzeko gogoa daukanarentzat, bada artikulu eder bat, Leire Narbaiza Arizmendik plazaratua, 2012ko abuztuaren 30ean, Berria egunkarian, Euskalkia izenburua duena.
Eta goseak amorratzen dagoenak azaroaren lehen astean izango du aukera paregabea gogoetan segitzeko. Izan ere, gai hauxe hartu du ardaztzat Mintzolak aurtengo Ahoa Bete Hots jardunaldiak antolatzeko: Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan.
Kontrakorik ere bada, Julia: ahalik eta etxekoen egitea harrotasunez/harrokeriaz; edo kiskun-kaskun saiatzen direnei solaskideak esatea ez zaiola euskaraz egitea ateratzen.
Denetarik baita jainkoaren mahastian.
Bai, Iñigo, arrazoi duzu: oso zabalduta daude zurean salatzen dituzun jokabide horiek ere. Eta nik artikuluan aipatua bezain kaltegarriak dira.
Ez dakit zergatik ibili behar dugun beti mutur batetik bestera penduluaren konpasean.
Euskara ale guztien premian da jainkoaren mahastia joria izango bada: batua behar dugu, bai; baina baita ere euskalkiak eta azpi-euskalkiak, eta erregistro aukera zabala.
Komunikazio egoerak eta solaskideak esango digute noiz zer hizkera mota erabiltzea komeni den.
Mila esker nire artikulua aipatu eta lorea botatzeagatik! Ohorea da!
Ados nago zuk esandakoarekin baita Iñigok aipatu duenarekin ere. Mutur batetik bestera goaz, eta euskalkian egitea erabakitzen denean, ahalik eta itxien, txokokeriaz betea, kontrakzio guztiak egina… helburua elkar ulertzea ez balitz bezala. Kode ezkutua, “jator” pasaportea emango baligu legez, erdarazko hitzez zipriztinduta, “guk beti horrela esan izan dugu” lelopean.
Beste muturrean hizkuntza estandar gatz bakoa erabiltzen dutenen esparrua, nire ustez konplexuz betetakoen multzoa. Euren ikasleei beratutako bakailaoa eskaintzen dietena, gatz eta piper gabekoa, eskoletako menuetako panga arraina… Hala, euskarak ez die balio gaztetxo askori kontu adierazkorrak esateko, lagun arteko hizkera osatzeko, … eskolako hizkuntza, arima bakoa, aspergarria bihurtu zaigu/dugu euskara.
Horregatik da hain garrantzitsua euskalkiei ganoraz eustea eta behar den moduan erabiltzea. Dimentsio berria emango genioke euskarari, nire ustez.
Uf, horrela botata, nahiko fantastikoa dirudi, baina errealitate bihur litekeela uste dut. Mila esker!