Arrain jendea bizitzeko

Iñigo Aranbarri Alberdi

Ikasi dut bekereke hitzaren kontura bromarik ez egiten lekeitiar lagunekin. Erraza, ez da, bekerekea ardia baita, eta bildotsa, eta arkumea, eta aharia, eta ahuntza, eta antxumea, eta… ganadua ez den lehorreko ia edozein animalia lumagabeko, txakurra eta katua salbu. Emaiezu behatza! Akerra ez, akerra irlan bizi izan zena da, herrian festarako aukera dagoen bakoitzean eztarrira ekarrita behintzat fosilizatuta geratu dena: “nor ez da mozkortuko/ hainbat tabernakin/ baitta islako akerrak/ edaten baleki”. Bai, horrelaxe, komuztadurari kakazotz eginda, sic.

Erraza ez da, baina edozertara ohitzen da pertsona, areago lagunak arrazoia duenean. Bekerekea beraz, ume hizkera ia zoologiko bihurtua. Entzun egin behar gero: “eta platereko hau, zer da?”, galdetu zidaten behin. Peska-gauza zen, baina arraina ez zen erantzun zuzena. Norberarentzat bekerekea bezain barregarria zen lehorrekoen arraina generikoegi hori. Platerekoa ez baitzen ez txakurra ez katua ez ganadua, alegia, ez legatza, ez bisigua ez makailaua. “Zer da?”.  Eta orduan ez da zaila ohartzen bekerekea bezain ezgauza dela arrain hitza errealitatea izendatzeko durdoa duzunean sudurpean, begi biak kanika zuri bihurtuta plateretik begira, edo zarboa, edo kabra, edo lentoia, edo buztanbaltza, edo makarela edo ludxa, edo takarta edo papardoa, edo… nik dakita zein ezkatadun edo lirdinga abisal.

Aspaldi esan zidan Bilboko lagun batek: “Niretzat bi arbola mota daude, pinuak eta arbolak”. Gaur, ez da Bilbokoa izan beharrik zuhaitzen, arrainen zein orain bi belaunaldira arte etxeko izan ditugun hamaika animaliaren izenak galduak ditugula konturatzeko. Bizimoduak egiten digu hiztegia.

Kontua da bekerekeen eta arrainen auzi honek baduela bigarren edo hirugarren adar bat, hitzekin eta bizi gaituen munduarekin segituta, ezinbestean adierazkortasunera garamatzana. Eta hahor ondorengo oharren zergatia. Hala ikasi dut ardia eta ahuntza bereizteko gauza ez diren lagunen ahotik entzuna, zer den pertsona abotxa. Abotxa berez labanaz ireki eta odolik ez duen arraina da (Atherina hepsetus eta Atherina presbyster). Horregatik “zulako abotxa” entzunda, odolgabea ari zaizkizu deitzen, ez duzula jeniorik, gatzik, arrankerik, Euskadi Irratian beste ordainik gabe beti xinxangre entzuten duguna.

Arrainen munduak mundua du erakusteko. Lekeitioko lagunei kardaia diet hartua paper mutur zikin batean, balbea edo zorte txarra dakarren pertsona esateko, gafea, alegia, erregular marrazoaren jiteko arrain hori harrapatuz gero (garda, Hexanchus griseus) ez delako beste ezer sartuko trainean egun horretan. Ez du gardak duen esanahi bakarra, Azkueri kaso egitera marrazo izaeratik baitartorkio sesiante, amarrutsu, azeri esanahia ere.

Azkoitiarra azpeitiarrentzat xakela bezala, ondarrutarra lantzoia (Ammodytes lanceolatus) da inguruko herrietan, eta Toribio Etxebarriaren Eibarko hiztegian (eibartarren kolonilizazio udatiarra hasia zen ordurako nonbait), lotsagabea, bizia, txakurmusua legez dator jasoa. Kasualitatea, Ondarroan bertan tontoa da lantzoia, pertsona ergela, eta pentsatzeko da, gaizto halakoak, beraneante jakintsu ustekoren bat ere izango zutela buruan arrainari giza-ordaina eman ziotenean.

Antzekotasunen jolas honek badu beste adibide politik ere. Arraia da tramana Lekeition eta Ondarroan, arrain zapal bat, arraia edota antzekoa, hiztunaren arabera. Tramaia esaten diote Bermeon. Myliobatis aguila zehazten du Andoni Anasagastik. Errobusten Ortuzarren hiztegian, soraioari deritza tramaia, pertsona sorrari, hau da, ezeren aurrean sentimenturik erakusten ez duen harri-koskorrari.

Negatiboa nagusitzen da, ez da dudarik. Beste marrazo txiki batek, mielgak (Squalus acanthias), hain du estima txikia, horretarakoxe erabiltzen da irain moduan. Pitorik balio ez duen gizakia da mielga. Eskasa, ezdeusa, bat ere ez dena. Agirrek darabil Kresalan “Uutik, mielga ustel gosekilla!”. Nik neuk Zumaiako Artadiko emakume bati diot entzuna. Noski, ez da bakarra izango egun ere.

Lehorrean, logika ez da eten. Damaso Intzak olarru dakar Azpeitia inguruko hizkeretan barrabasari deitzeko, pajaroari, aparejuari, nafarren birigarroari. Hi haiz hi arraina! ateratzen zaigu gaur egun oraindik xakel zein xapo, urologooi. Urrundu gabe, jo hego-mendebalerago ere, zarboa oso esanahi antzekoz erabili ohi da, Gotzon Garatek eta Kandido Izagirrek jasoa duten bezala.

Ezkailua berriz, ganoragabekoa da, arratiarren zuztarbakoa.

Antzekotasun fisikoetara etorrita, arrainen bidea ez da seguruenik lehorrekoen piztia jendearena bezain aberatsa. Hala ere, bada adibide ederrik:

Durdoa (Labrus bergylta) darabil Txomin Agirrek Kresalan:

Arpegia ta paparra ta eskuak eta dana bal-baltzak eukazan, ezpanak durdo durdo, agiñak zuri zuri ta kiskur kiskur ulea.

Esan gabe doa zer nolako arraina den durdoa eta zer pertsona eta batez ere nongoa deskribatu nahi zuen orain mende bete gure idazle lantzoiak.

Eta luzeago nahi izango zukeen zerrenda honi errematea emateko, oraintsuko adibide bat, Anjel Lertxundiri Berrian arrantzatua, azalpenik gabe zoragarri ulertzen dena:

Soldadu atunburu baten kamerarena da Abu Grhaib-ekoaren kulpa ere, zer gara ba itsuak!

Eta hahor alferrikako bezain ontzurre izan daitezkeen erabilera hauen ataka. Euren uretatik kanpo ibiliagatik, egoki erabiltzen badira eta testuinguruan ondo kokatzen, adierazkortasun ikaragarria lortzeko gauza dira oraindik arrainok. Logikak emaitza onak erdietsi ditu, hori ekarri dute gaur egunera arte hiztunek.

Beti dago esatea nola erabiliko ditugun itxuraz ere ezezagunak bazaizkigu, zer zentzu duen arkeologia lan honek gauden egoeran egonda.

Erabakia hartzea da. Aprobak egitea, literaturan, adibidez.

Damutuz gero, hor izango dugu beti beste bidea, lapurrari txorixo deitzea.

Estilo-liburuak

Idoia Santamaria Urkaregi

Denok erabiltzen ditugu estilo-liburuak, idaztean izaten ditugun zalantzetarako argi bila gabiltzanean. Euskararekin zuzenean lotuak daude horietako batzuk, jakina (Berriaren estilo-liburua, Xabier Alberdi eta Ibon Sarasolaren Euskal estilo libururantz, EIMA osatzen ari den estilo-liburua…).

Baina beste hizkuntzetakoak ere oso lagungarri izaten dira askotan, besteek arazoak nola konpontzen dituzten ikusteko. Besteak beste, ezagunak dira José Martínez de Sousaren Manual de estilo de la lengua española (Trea, 4. edizioa, 2012), Chicagoko Unibertsitatearen The Chicago manual of style (16. edizioa, 2010; paperean eta sarean), Europar Batasuneko erakundeen estilo-liburua (EBko hizkuntza guztietarako estilo-gomendioak eta hizkuntza bakoitzari dagozkionak; paperean eta sarean), Maurice Grevisseren Le bon usage (DeBoeck-Duculot, 15. edizioa, 2011; paperean eta sarean)…

Gaur, katalanezko estilo-liburu mardul, egoki eta gomendagarri bat nabarmendu nahi nuke: Manual d’estil. La redacció i l’edició de textos (Josep M. Mestres, Joan Costa, Mireia Oliva eta Ricard Fité, Eumo Editorial, 4. edizioa, 2009, UB Bartzelonako Unibertsitatearekin eta UPF Pompeu Fabra Unibertsitatearekin batera argitaratua). Mila orritik gorako lan sakon eta zehatza da, katalanentzat ez ezik gainerakoontzat ere eredugarria, eta kontsulta-baliabide aparta.

BAINA eta BAINOren arteko borrokak

Juan Luis Zabala Artetxe

Batzuetan ematen du hitzak elkarren arteko borrokan ari direla gure bitartez.

Zer egin ote dio, adibidez, BAINOk BAINAri, BAINAk BAINOri bere lekua ken nahi izan diezaion?

Hau da bien arteko liskarraren inguruko nire interpretazioa, guztiz eztaibaidagarria, jakina:

Gipuzkoako eta Nafarroako zati handi bateko ahozko euskaran BAINOk BAINA desagerrarazi du, berezkotasun osoz, hizkuntzaren mugimendu misteriotsu horietako baten bitartez, inongo azkarrustekoren ezjakintasunaren bultzadarik gabe. Gertatu da eta kito.

Hortaz, gipuzkoar eta nafar askorentzat BAINArik ez dago, ahozkoan bederen. Horraino dena ondo. Ez da ezer txarrik gertatzen.

Baina nola beren BAINO batzuk BAINA idatzi behar direla ikasi duten, orain asko hasi dira badaezpada ere BAINO guztiak BAINA bihurtzen, ahoz ez ezik idatziz ere. Eta joera zabaltzen eta zabaltzen ari da, moda bihurtzen…

Horregatik zait askoz mingarriago, adibidez, “Nire autoa zurea BAINA handiagoa da” entzutea, honako hau baino: “Zure autoa handia da, BAINO nirea handiago”. Idatziz biak dira mingarriak, egia da hori, baina, konparazioan, lehena askoz mingarriago.

Zuretzat?

Hibridoak

Gotzon Egia Goienetxea

Hibrido gaiztoen gainean Alfontso Mujikak idatzitako zutabeaz oharturik, hitz bi nahi nituzke gaineratu.

Giza jakintzaren ertz askotan, teknikaren esparruetan bereziki, hibridazioari balio erabat positiboa ematen zaio. Urrutira gabe, biologia molekularrean urrats handiak egin dira aurrera hibridazioari esker, DNAren azterketa sakontzeko; edo kimikan, karbonoaren hibridazioak produktu aukera zabala eratu du, erabilera industrialetarako. Ibilgailu hibridoa aurrerakuntzaren eta erantzukizun sozialaren paradigmatzat dugun garaiotan, hibridazioa bizikletara  ere iritsi da!

Hizkuntzalaritzan ere hibridazioa oso erabilia da, eztabaidatua den bezainbatean. Hizkuntza batetik zatiki bat hartu, beste hizkuntza batetik beste zatiki bat hartu, hitz baten irudipena emateko adina doitu: horra hibridoa. Hala sortu genituen, eta hala darabiltzagu, ikara errainurik gabe, soziologia, homosexual, metadatu, klaustrofobia edo liposukzio, latina eta grekoa nahas-mahas; edo telebista, grezierazko aurrizki garbi bati, ziurrenik gaztelaniatik euskarara ekarritako mailegu bat erantsiz.

Neologismoen munduan nagusi joko nituzke hitz hibridoak, hartarako datu zehatzik ez badut ere. Zernahi gisaz, hitz hibridoak maiz izaten dira euskal itzultzaileen hizpide, hibridazioak aurpegi desberdin asko baititu, ez arazorik gabeak gehienak. Adibide bi ekarri nahi ditut hona, ItzuL posta zerrendatik hartuak, ongi erakusten baitituzte hitz hibridoen behaztopa ezkutuak.

ItzuLkide batek hala zioen, ko- aurrizkiaren bidez sortutako hitz hibridoen hedaduraz eta hautabideez:

Aipagarria da ko- aurrizkia ez dela, guk dakigula, euskarazko hitzei loturik erabili (*kohezkuntza, *koekoizpen); beste erdal aurrizki batzuk, berriz, bai: ultramore, infragorri, superoale, exoelkarte (LEF batzordeak erabilia) eta abar.

ItzuL 2001

Uste dut argigarria eta aintzat hartzetakoa dela: hibridazio bidez neologismoak sortzeko mekanismoak (esate baterako, kasu honetan “erdal aurrizki bat + euskarazko hitza”) ez dira beti hautabide guztietan ernaltzen, ez behintzat era automatikoan.

Hitz hibridoen jatorria ere kontuan hartu behar da: zatiki bakoitza hizkuntza banatatik hartua ote den, ala hibridoa, osorik eratuta, beste hizkuntza batetik mailegatua den jakitea komeni da, erabileraren bide hertsietan barrena estropezu egin nahi ez bada. Idazkera zen eztabaidagai ItzuLen, hibrido baten kasu zehatzean, bigarren zatia r-z hasten den kasuetan erre- idatzi behar ote den, alegia. Honela erantzuten zuen blog honetan partaide den Alfontso Mujikak eztabaida hartan:

Euskal hitz bati aurrizki kultu bat eransten badiogu hitz eratorri (exoeratorri edo exoelkarte) bat sortzeko (hala nola hiperesteka edo infragorri), logikoa da zuk proposatzen duzuna: auto + erradioaktibo = autoerradioaktibo.

Baina ez da hori izaten erabidea. Hitz hori erdararen batean sortua da, eta guk mailegatu egiten dugu. Kasu honetan, litekeena da ingelesezko autoradioactive hitza izatea abiapuntua. Beraz, hitz hori mailegatu behar badugu, autorradioaktibo egingo dugu; hau da, hitza mailegatuko dugu eta maileguen ohiko irizpideak erabiliko ditugu horretarako, baina ez dugu hitz horren erabidea kalkatuko.

Horregatik, adibidez, korrelazio agertzen da Hiztegi Batuan, eta koerlazio, berriz, debekatu egiten da. Antzeko kasuak dira, adibidez, hiperrealismo edo korreferentzia.

ItzuL 2005

Hibridazio mailegatuaz hitz egin behar genuke kasu horietan, beraz, hitz hibridoa beste hizkuntza batean eratua baita, eta euskarara handik mailegatua.

Ondorio moduan, esango nuke hibridazioaren erabidea hobeki deskribatu beharko genukeela, neologien iturri oparoenetako bat ben neurrian. Mekanismoak ulertu, kasu bakoitzean hedadura noraino iristen den neurtu, zerrenda muinbakar bat osatu, bada zer aztertua hitz hibridoen eremuan. Bitartean, hibrido gaiztoen azterketari eransteko, bi hipotesi formulatzera ausartuko naiz:

  • Hezkuntza mundua eta hizkera politikoa dira hibrido aizunen sortzaile indartsuenetakoak. Magisteritza eta delegaritza antologikoen ondoan, are eta gaiztoago den tutoritza aspaldikoa dago, gaztelaniazko tutorí(a) hitza euskal -tza atzizki naroaz jatortuta.

  • Hipotesi horri loturik, atzizki batzuek kemen naturalizatzaile handiagoa dute, beste batzuek baino, hitz hibridoei euskal usaina emateko. Guztien artean, esango nuke -tza dela gailena: aurreko hiru adibideez gain, subirautza edo solidaritza kutsu soziopolitikoko izaki zirkulatzaileak hor ditugu, garai bateko aitortza edo sendotza jator erlijiosoen edo, berrikiago, osakidetza edo ertzaintza instituzional zalantzagarriagoen oihartzunera eratuak.

Irakurtzen (ere) trebatu beharraz

Iñigo Errasti Aranbarri

Aspaldian dabilkit buruan kontu hori, eta, ziur asko, ez naiz bakarra ez lehena, ezta azkena ere izango. Ez nuke nahi topikoz bete estreinako ekarpentxo hau, baina honezkero topiko bihurtua dugu, nik uste, euskal itzulpenak lehen kaskarragoak zirela eta orain gero eta txukunago egiten direla esatea.

Lehen, jakina, baziren itzultzaile onak eta itzulpen ederrak; oraindik ere egiten dira itzulpen eskasak. Berdintsu, beraz… baina orain gero eta gutxiago omen dira eskasok. Beharko!

Euskara batua asko aldatu da azken urteotan, eta bide tarte handia egin da eredu berria sendotzeko lanean. Batzuek gertutik jarraitu diote euskararen aurrerabideari, eta, horren ondorioz, nabarmen hobetu da euskal testugintza. Horrek, bistan da, lan handia eskatzen du, etengabe trebatu beharra.

Irakasle nenbilenean, lankide batek zera esaten zien liburuak irakurtzea nekeza zela protesta egiten zioten ikasleei: «Ba al dakizue zenbat denbora ematen duzuen futbolean? Trebeak zarete baloiarekin, ezta? Ba, berdin-berdin gertatzen da liburuekin: entrenamendua behar da».

Horixe, entrenamendua. Zenbat denbora ez ote du igaro hainbatek gramatika, estilo‑liburu eta abarretan ikasten? Baina egin ote dugu irakurleok beste horien adinako ahaleginik euskaraz zeinahi testu irakurtzeko gai izateko?

Esate baterako, Wilkie Collins-en The Moonstone irakurtzeko gogoa duten euskaldunetatik (kontuan izanik ezen, beren gogoz irakurtzen badute, irakurzale direla) zenbat dira gai La piedra lunaren ordez Ilargi‑harria eder askoa irakurtzeko? Dudarik gabe, sasoiko behar du Ilargi harriaz aparteko nekerik gabe gozatzeko gai den euskaldunak; La piedra lunar eta The Moonstone irakurtzeko bezain sasoi oneko, hain justu. Ez da, baina, klasiko zaleen kontua bakarrik; gauza bera esan liteke Munro, Claudel edo, adibidez, Kodeen liburua euskaraz irakur lezaketen euskaldunez. Sasoi oneko irakurle gehiago behar dugu, alegia.

Goraxeago esan dudan legez, ez naiz halako gogoetak darabiltzan bakarra. Hona, horren erakusgarri, joan den udan, Eibarren, Gerardo Markuletari harturiko hitz batzuk:

«Dezente egin dugu aurrera testu itzuli gozagarriak eskaintzeko ahalmenean, baina ez horrenbeste halako testuez gozatzekoan».

Hizkera juridiko-administratiboan esamolde prepositibo berriak hedatu beharra

Jesus Maria Agirre Berezibar

Elite profesionalek espezialitate-hizkerak garatu ohi dituzte, beren adierazpen-beharrei erantzuteko. Espezialitate-hizkerak, nonahi, hizkuntzaren erabilera arruntaz bestelakoak izan ohi dira hainbat puntutan, funtzionalak eta aldi berean sektore jakin baten bereizgarri modukoak. Normalean estilo kultu, trabatu eta hedatu bat bilatu ohi da espezialitateko hizkeran.

Gurean, hizkera administratibo-juridikoari dagokionez, alderoka ibili gara trantsizioa abiatu zenetik. Hasiera batean gaztelaniako eredu espezializatua imitatu genuen nahiko zurrun, molde purista baten edo molde maileguzale baten eskutik. Jokabide hori gehiegizkoa iruditurik, salto egin genuen euskara arruntera, eta esan genezake gaur egun oinarrizko euskara hori dugula abiapuntu, dela erabilera sinpleago dela konplexuago batean, gure espezialitateko hizkeran.

Alabaina, elite profesionalek (gure kasu honetan eragile juridikoak) espezialitate-hizkera (gure kasu honetan euskara juridiko-administratiboa) eratzeko duten eginkizun hori, neurri batean, motz, burutu gabe daukagu oraindik, agian batez ere praktika profesional errealaren faltagatik (hots, inposturagatik, itzultzaileak ari baitira hizkera hori finkatzen, eta ez gehienbat profesionalak).

Ausartzen naiz esatera ezen garabideko hizkuntzek, nola eta, hizkuntza hegemonikoak imitatuz, haiek kopiatuz (mailegatuz edo kalkatuz) garatu dituztela beren espezialitate-hizkerak. Gurean, ordea, oinarrizko hizkeraren ingurumarian gabiltza aspaldion bueltaka, benetan ausartu gabe (anbizio faltagatik, kastizismo eta purismoagatik…) espezialitate-hizkeraren eraketan aurreratzen.

Kontu hau garbi ikus dezakegu lokarri prepositiboen kasuan. Gure tradizio literarioan sistema preopositibo nahiko hedatua eratu zen, hizkuntza erromanikoak kalkatuz. Hor daukagu ETAren saila: “harik eta”, “zeren eta”, “baldin eta”, “baizik eta”, “nahiz eta”, “bai eta”, “ustez eta”, “noiz eta”…. Hor daukagu orobat HALAren saila: “hala nola”, “halatan non”, “halako moldez non”… Hor dugu ere EZEN konjuntiboa. Hor da orobat erlatibo erromanikoa: “zeina”, “non”… Hor dugu bestalde erakuslea, lokarri prepositibo gisa ere erabiltzeko: “era horretara”, “hartarako”…

Tradizio literarioan hasitako bidea, ez eten, baizik eta osatu eta aberastu egin beharko genuke, hizkera juridiko kultu eta funtzional bat sortzeko. Ildo horretan, helburuzko esapide prepositibo bat falta zaigularik, ETAren sailean “amorez eta” proposatuko nuke, “amoreagatik” zaharretik abiatuta. Erlatibo erromanikoa onartu beharko genuke erabilgarria ez ezik bultzatu beharrekoa dugula, erlatibo esplikatiboetatik agian espezifikatiboetara ere inoiz pasatuz.

Gaztelaniaz “cuyo”, “con el que”, “entre los cuales”, “con el fin de”, “bajo la condición de”, “con el argumento de que”, “bajo el pretexto de que” eta holakoak ez dira erabiltzen hizkera arruntean, baizik eta maila kultu batean. Guk ere esapide prepositibo kultuak eratu eta finkatu beharko genituzke, prosa juridikorako egokiak. Halako esamoldeak nominalizazio batean oinarritu ohi dira, eta nik proposatzen dut batez ere IZAN aditzaren gerundioaren inguruan eratzea: “asmoa izanik”, “helburua izanik”, “baldintza delarik”, “arrazoia delarik”, “aitzakiatzat hartuz”… Alegia, “kontuan izanik”, “aintzat harturik” eta holakoen bidetik.

Euskara juridiko-administratiboari dagokienez, korritzen duen hizkera bat behar dugu, euskara “korrientea” (haria argi jarraitzekoa), baina beste alde batetik espezialitatekoa, hots, kultoa eta trabatua, eta horretarako beharrezkoa dugu ez bakarrik orain arteko lokarri prepositiboak erabiltzea, baizik eta gainera esapide prepositibo berriak finkatzea.

Mediterraneoa aurkitu eta han surfeatu

Oskar Arana Ibabe

Surfeatzera bidali omen zituen lehengo batean itzal handiko norbaitek garbizaleak, eta, nik, itzultzaile, txakurraren salara edo antzarrak perratzera edo pikutara bidaltzeko erabilitako eufemismoa izan ote zen, neure artean. Hobeto, bai, surfeatzen, txakurraren salan edo antzarak perratzen baino.

Badira hainbat urte atlantiar Arabatik mediterranear Arabara etorri nintzela lanera eta bizitzera ─surfeatzera, esan dezagun, itzal handiko hark bezala, ez inork behartuta edo kondenatuta, bizimoduak ekarrita baizik─ (edo Euskal Herri berdetik Euskal Herri horira, hala nahi izanez gero). Eta garaitsu hartan jakin nuen bazirela gure euskararen mediterranear ahaidearen hainbat eta hainbat aztarna Gasteizen, lekuen eta auzoen izenetan, lehenengo, eta hamaseigarren mendeko italiar batek Gasteizko berri-emaileak erabiliz (antza) egindako hiztegian, geroago.

Gurean ─Aramaion, kalean (ez baserrian), umea nintzela, diktadorea hil berritan─, euskara higatzen hasia zegoen, etxeko sutondoan bertan ere bai. Aita-amek ez zuten ezagutzen zaldia izena (caballue, esaten zuten, bai aitak, kaletarren familiakoa izanik, bai amak, baserritarren familiakoa izanik), ezta bilera (reunixue), erratza (eskobie), leihoa (bentanie), aulkia (sillie), edo gabiraia (kabellerie) ere; horietako batzuk, bilera eta zaldia, esate baterako, geroago ikasi zituzten, ez euren etxeko edo gurasoen euskaratik, seme-alabek ikastolatik ekarrita baizik, edo handik urte batzuetara euskaraz ikasi zuten telebistan eta irratian entzunik.

Bitxia da zein arrotza eta erdalduna iruditzen zitzaidan Gasteiz umea nintzela, medikuarenera edo erosketak egitera etortzen ginenean. Baina gure hiruburua zen Bittoixa, Debagoiendar askorena bezala. Bittoixa erdalduna zen. Bertan bizi ziren senitartekoak ere aspaldi erdaldunduak ziren. Harako bidean aitak beldurtu egiten gintuen, esanez ezen autobidetik ez hain urruti, galsoroetan barrena, Gao Lacho Drom izeneko herri bat zegoela eta han ijitoak bizi zirela. Handik urteetara, hona bizitzera etorrita, ohartu nintzen euskalduna izana zela Gasteiz noizbait, auzoen izenetatik: Zaramaga, Errekaleor, Judimendi, Zumakera, Lakua

Landuchioren hiztegian ere oso higaturik ageri da euskara. Baina gure mediterranear euskara da, Aramaiokoaren oso antzekoa. Eta erdarazko jatorria duten hitz askorekin batera, badira ezagutzea merezi duten hitz, aldaera, adiera, esapide eta itzulinguru asko ere euskararen iturrikoak, haietako batzuk hilak, baita Araba berdeko euskaran ere. Badira orduko hiri-euskararen arrasto asko ere, ziudadeko bizimodua sasoi hartan nolakoa zen irudikatzen lagundu ahal digutenak. Hitzaurre polita egin zion Mitxelenak 1958an, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen argitalpenean, fonetikaz eta filologiaz dexente jakin behar den arren osorik eta xehetasun guztiekin ulertzeko.

Han ageri dira gaizki erdia (abortado), besaka egin (abrazar), argiketan du eguna (aclarar el día), etzin (acostarse), belatza (azor), gobernazioa (administrazioa), administradorea (administrador), alkate txikirra (alcalde menor), eskunarrua (guante), gabiraia (gavilán), zamarginan kalea (pellejería), zapatari kalea (zapatería)…

Ez dugu idazten kalean euskaldunen ahotan sarriegi entzuten dugun euskararen eta erdararen arteko mordoiloa, ezta itzultzen dugunean ere. Denok gara apur bat garbizaleak, alde horretatik. A… eta dilistak jaten zituzten gasteiztarrek, guk gero ikastolaren bidez geureganatutako latindar maileguzko izena daramaten egoskari goxo horiexek.

Hiritar hirigabeak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Lehengoan, Melillako hesiari buruzko berri batean, hauxe entzun nuen gaztelaniazko albistegi batean: “unos cien ciudadanos han conseguido saltar la valla”.

Ziurrenik askok lekuz kanpo ikusiko duzue ciudadanos hori inongo eskubideen jabe ez direnak aipatzeko. Eta euskaraz? Ba euskaraz ere gertatzen dira antzeko lerradurak.

Gizataldeak orokorrean aipatzeko, hiru-lau berba erabiltzen dira nagusiki hedabideetan: herritar, hiritar, bizilagun eta biztanle. Baina ez dira zeharo sinonimoak; bakoitzak bere erabileremua eta ñabardurak ditu.

  • herritar: komunitate edo estatu bateko kidea, batez ere eremu soziopolitikoan (herritarren eskubideak, borondatea, iritzia…).

  • hiritar: hiriko biztanlea. [Zalantzazkoa estatu bateko kideak aipatzeko, alboko hizkuntzek citoyen, ciudadano badarabilte ere.]

  • biztanle: soziologiaren eremuan, biztanleriaren gorabeheretarako erabiltzen da, bai eta “bizi izate” kontzeptuari lotuta ere. [Zalantzazkoa eremu politikoan.]

  • bizilagun: herri, auzo, eskailera edo etxe berean bizi direnak.

Hitzok nongo kontzeptuari lotuta daude beti: nongo herritarrak, nongo biztanleak, etab.

Gentilizioetan, berriz, hitzak berak ematen du erreferente geografikoa: Parisko hiritarra = paristarra; Usurbilgo biztanlea = usurbildarra; Goierriko biztanlea = goierritarra. Baliabide “ekonomikoagoa” da, eta, batzuetan, egokiagoa.

Kontua ez da berbotako bata ere baztertzea, zein non erabili jakitea baino. Hona adibide batzuk, esandakoaren argigarri:

  • Milaka lagunek azken agurra eman diote Luciano Pavarottiri. Hil kapera ireki dutenetik etengabea izan da bizilagunen joan-etorria.

HOBETO: (…) etengabea izan da modenatarren joan-etorria.

  • 1.800.000 biztanlek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

HOBETO: 1.800.000 herritarrek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

  • Gaurtik aurrera, Boliviatik Europara datozen herritarrek bisa berezia beharko dute.

HOBETO: Gaurtik aurrera, Europara datozen boliviarrek (…)

  • Inkestaren arabera, biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

HOBETO: Inkestaren arabera, EAEko biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

  • Uholdeak izandako Erriberako herrietan, herritarrak etxeak garbitzen hasi dira.

NORMALAGOA: Jendea etxeak garbitzen hasi da.

Amatxi

Eneko Bidegain 

Ipar Euskal Herri gero eta erdaldunagoan badira euskarazko hitz batzuk, fosil moduan, frantsesezko kontzeptuekin nahasten dituztenak. Horietarik bat da amatxi. Eta horrela, merkatuetan-eta ikusten ditugu salgai: “la confiture d’amatxi”, “le gateau d’amatxi” eta nahi den elikagai oro… denak amatxiren erara. Behin “amatxiren belarritakoak” ere ikusi nituen salgai. Eta ene baitan egin nuen: gure amatxiak belarritako egiten ibiltzen ote ziren? Nik uste bazutela beste antzara ferratzekorik…

Baina ez da hori ene solasaren muina. Funtsean, amatxi hitz horren gibelean, modu tradizionalean edo eskuz egindako produktuez ari direla adierazten digute.

Ene buruari galdetzen diot komunikazio guztia eta oinarrizko hitza frantsesez baldin bada, zergatik gehitzen dioten euskarazko amatxi hori eta ez zuzenean frantsesezko grand-mère jartzen. Ororen buru, amatxi Ipar Euskal Herriko gehienek uler dezaketen hitza da, euskararen transmisioa eten arren, gaur egungo Ipar Euskal Herriko gehiengoaren gurasoen gurasoak euskaldunak bide direlako edo zirelako. Eta horiek amatxi eta aitatxi dira.

Baina penarekin ikusten dut produktuak merkaturatzen dituzten horiek, garai zaharren nostalgia gisa saltzeko baizik ez dutela erabiltzen euskarazko hitza, are gehiago, zaharrak gogora ekartzen dizkigun hitz bat erabiltzen dutela: amatxi. Euskara zaharren kontu bat balitz bezala.

Aldi berean, euskarazko hitz horrekin, alde afektiboa, haurtzaroko goxotasuna eta horrelako sentimenduak zabaldu nahi dituztela iruditzen zait. Ez da oraingoa jarrera euskaltzalerik izan gabe (ere), euskara alor afektibora mugatzeko joera hori. Baina horrekin gogora datozkit hau erraten dutenak: “euskara etxean, etxetik kanpo frantsesa”. Begi bistakoa da, azkenean, logika horrekin euskara ez dela ez kanpoan ez etxean erabiltzen. Baina amatxi eta holako hitzak erabiltzen dira merkatuaren munduan, kolore pixka bat emateko, hurbiltasun seinale bat erakusteko, berotasun bat. Kontua da, Ipar Euskal Herriko hainbatentzat euskaldun izateko ez dela euskara jakite beharrik, euskal kultura bizirik dagoela eta euskaldun izan gaitezkeela, gure mendiak, itsasoa, dantza, pilota eta amatxi hor dauden bitartean.

Egitez, gehienbat

Iñaki Segurola

Euskara guk dugu, / gu gara euskaldunak kantatu ziguten eta sinetsi egin genuen. Sinetsi egin genuen euskaldun hitzak ‘euskara duena / daukana’ esan nahi zuela; hots, gutako bakoitzak edukitzez geneukala hizkuntza gurea; hizkuntzak eduki egiten direla, eduki egiten dituela gizabanakoak edo gizamordoak. Eta nere galdera da: nolatan irentsi genuen horren aise guk, erdara gutxirekin hazitako umeok, ipuin zentzunbako hori? Ez al zigun deusek azpitik —jakinaren azpitik— “hizkuntza edukitzearen” funsgabekeria edo xelebrekeria sentiarazten?

Esplika ditzadan gauzak ahal bezain garbi: –dun atzizkiak bi zentzu izan ditzake; bada –dun bat edukitzezkoa edo edukitzeko zerekin doana (bizardun, dirudun…), eta bada beste –dun bat egitezkoa edo egiteko zerekin doana, gehienbat aditz-izenekin agertzen dena (jatun, jostun, erostun…), baina ez beti (hiztun); bigarren -dun hau da, dudarik gabe, euskaldun hitzean dagoena eta, beraz, esanahia ez litzateke ‘euskara duena’, baizik-eta ‘euskara(z) egiten duena’.

Euskalduna “euskara duena” dela dioen ipuina, ez dut uste oso aspaldikoa denik. Azkuegan aurki daiteke jadanik, baina, bestelako datuen bila hasi gabe, ez nuke esango askozaz lehenagokoa denik. Baliteke oker egotea, baina zahar-usain haundirik ez diot hartzen ixtorioari.

Euskalduna “euskara duena” dioen ipuina jende askok sinetsi du: ez jende-jendeak, jakina, baina bai, nolazpait esan, publiko informatuak. Bada garaia publiko informatuak gauzak diren bezala konta ditzan behingoz: euskaldun hitzak, sortzez edo jatorriz bederen, ‘euskara(z) egiten duena’ esan nahi du zehazki eta teknikoki, eta besterik ez.

Eta bada garaia jakiteko hizkuntza bat ez dela galtzen honegatik edo hargatik, baizik-eta dakitenek, egin beharrean, eduki egiten dutelako.

———

Toki hau itzultzaileentzat jarria da bereziki, eta ez dut hitzik esan haien lana erraztuko duenik. Hitz batez eta bere esanahiaz jardun dut eta ez hark izenda lezakeenaz, hots, errealitatearekin dituen gorabeherez. Egia jakiteak (“zer da?”) itzultzailearen, soziolinguistaren, politikoaren edo lege-jartzailearen lana nekeztu baizik ez du egiten maiz, zeren zehaztasuna, doitasuna eta holakoak (“zein dira eta zein ez dira?”) ez baitira eskuarki hizkuntza naturalaren berezko tasunak. Tranpa eta gexurra lagun hartzera kondenatuak zaudete… eta gaude.