Tag Archives: kaxeroz

Baserritarrez

Ana Telletxea Koxkolin

Bukatzear da Eguberrien aroa (gero eta luzeagoa dirudi), eta harekin batera urteroko gogoeta batek hartu nau oraingoan ere. Ez da kezka handia, ez eta originala ere, eta akaso soluziobide erraza du, baina plaza honetara ekarri nahi nuke edozein moduz.

Gertatuko zitzaigun askori Olentzero agurtzera joateko, Mari Domingi bisitatzeko edo kapoi-afariak egiteko “baserritarrez” jantzi behar izatea. Dena delakoagatik, gero eta modazkoagoa da gaurkoa ez den jantzi moldea erabiltzea hainbat euskal hitzorduren aitzakian, eta arropa horri edo janzteko modu horri nola deitzen zaion zait ardurazko.

Janzteko moduen egokitasuna eta nolakotasuna bazter utziz (nahiz eta horrek, seguruena, izendapenak berak baino gogoeta sakonago eta serioagoa beharko duen), aipa ditzagun erabilienak diren izenen hainbat adibide: “baserritarrez”, “kaxeroz” edo “artzain-andrez” jantzi, “euskal jantziak salgai”, “jantzi tradizionalen erakusketa”, “antzinako jantzien bilduma”… Horiexek batzuk.

“Baserritarrez jantzi” behar dugula esateak, ez dakit ongi adierazten duen nahi duguna, izan ere, kalean ikusten diren jantzi askok (eta haien gehigarriek) ez dute baserrietan erabili izan direnen itxurarik: zapatak, luxuzko galtzerdiak, jaka edo jipoi bereziak, pitxiak… Zer esanik ez gaur egun tamalez ikusten hasiak garen sasi-jantzidunak, kiroletako zapatilak edo ezin estu eta finago diren tirantedun kamisetak luzitzen baitituzte. Baina gurera lotuz, eta izendapenari kasu eginez, garaian denak baserritarrak ote ziren? Bagenituen bestela ere laborariak, nekazariak, arrantzaleak, hiritarrak, basozainak…  eta baita arotzak, etxekoandreak, meatzariak, jauntxoak eta serorak ere. Dena baserritar adierara laburbildu edo mugatu dugu, zergatik baina? Izendapen honek, nire ustez, gabeziak ditu garai bateko jantziak, oro har, jantziko direla adierazteko.

“Kaxeroz jantzi” ez da egokia, berez, eta ez diogu aparteko arretarik emanen asko erabiltzen den arren. “Artzain-andrez” janztea esatea ere, ez zait zuzena iruditzen, aski zabaldua bada ere, bizibide bat markatuegi adierazten duelako, lehenarekin hurbil. Lehen patroi zehatz batzuk ikusten ziren nagusiki, baina duela urte mordoxka bat ardi-larrurik erabiltzen ez duen euskal jantzidun gazte asko ikusten da, alegia, artzain itxura gutxiko eta dirudunen seme tankera handikoak.

 “Euskal jantzia” izan daiteke aukera hobea? Gurea dela azpimarratzeko, beste hamaika objektu edo jarduerari gehitzen zaion gisaz?

“Antzinako jantziak” edo “tradizio jantziak” are hobeak dira? “Antzinako”, ordea, noizdaniko? Horren arabera jarduera eta bizibide molde jakin batzuk izanen ziren eta hartara, jantzi mota bat edo beste izanen zen propio. Garaian garaiko ofizioak izan dira, eta ez denak lehen sektorekoak, gaurko ikuspegitik soildu dugun arren.

Eta “tradiziozko” ere, noizko tradizioko? Tradiziozko, betiko edo ohiturazko izateak (eta agian “antzinako” ere, ene!) ez ote luke talka eginen gaur egin den koloreen, ehunen, diseinuen eta konbinaketen iraultza txiki horrekin? Hitzen gauerdian gal gintezke, egia esan.

Bestetik, erdal “traje regional” delakoak ez dirudi gurean sona handirik duenik (ez bada tokian tokiko jantzia izendatzeko, demagun, Erronkari ibarrekoa, batik bat dantzaren inguruko gaiak izaki). Zentzu horretan “jantzi folklorikoa” ere hor dugu, dantza eta musikarekin lotua, baina ez dakit osasuntsuegia den, eta ez dut egokia ikusten. Ez nuke inolaz ere, argi eta garbi, “mozorrotu” aditzarekin lagunduko aipatu aukeretatik bakarra ere. Balioa gutxitzen dio ohiturari eta saihestu beharko genuke.

Lehengo, garai bateko jantziak erabiltzeari nola deitu zalantza dugula, beraz, nire hautu garbiena “antzinako jantzia” litzateke, ez baita bizibiderik zehazten, ez baita garairik mugatzen, eta honela orokortasun hori hobeki onartzen baitu. Arreta pittin bat eskatzen duen kontua da, eta seguru naiz sen aberatsen batek proposamenetako bati (hemen aipatu edo berriari) emanen diola ordain zuzenaren kategoria. Hiztun eta hizkuntzaren behari gisara, beraz, konpartituko dut gaurko ohar hau.

5 Iruzkin

Ana Telletxea atalean