Lehenik, esan…

Patxi Petrirena Altzuguren

Lehenik, esan joera hau berri samarra dela. Bigarrenik, esan, ez duela heldulekurik euskaraz. Amaitzeko esan, gaztelaniaz ere txartzat joa dela (gaztelaniatik etorria baitugu, antza).

Bai, esan aditza aurreko hiru esaldi horietan bezala erabiltzeaz ari naiz. Nahi baino maizago irakurtzen ditugu halakoak, eta entzun ere entzuten ditugu, hala aurkezpen eta hitzaldietan nola zenbait albiste-emankizunetan ere.

Ez dago asko bilatu beharrik Interneten «lehenik, esan» eta «azkenik, esan» hauek aurkitzeko:

  • Azkenik, esan erdaldun elebakarren nagusitasuna erabatekoa dela…
  • Azkenik, esan, mugak ez direla…
  • Azkenik esan, 70. hamarkadaz gero, bi ildo nagusi ireki direla…

Aditza horrela emanda, aginduzko esaldiak egin ohi ditugu euskaraz. Adibidetzat jarri ditugunetan, ordea, agindurik ez dago, eta beste adierazpide batzuk ditugu espero izatekoak: «esan dezagun», «esan nahi nuke», «esan beharra dago», «esan dezadan»…

EITBren Albiste-testu bikainak lanean jasoa dago ohar hau («kontuz esapide okerrekin»), albisteen arteko loturak egiteaz ari dela:

  • *Esan, Osasuna ere lanera itzuli dela, astebetez jai egin ondoren.
  • Esan behar dizuegu Osasuna ere lanera itzuli dela, astebetez jai egin ondoren.

Gaztelaniatik datorkigunez, itxuraz, halako itzuliak egiteko joera, komeniko zaigu jakitea gaztelaniaz ere txartzat joak direla esapideok. Hona zer dioen Nueva gramática de la lengua española eskuliburuak (RAE, 2010, 509. or.).

«Se recomienda evitar el uso del infinitivo con los verbos decir, señalar, indicar y otros similares en los contextos en los que se introduce alguna información dirigida a alguien, como en Señores, informarles (de) que… o Por último, decir que… en lugar de Señores, les informo (de) que… o Por último, quisiera decir que…, entre otros ejemplos similares.

Fundeuk ere jasoa du gomendioa, eta sarean zabaldua duela pare bat urte: «Infinitivo: por último, cabe señalar…, mejor que por último, señalar…».

«Greba deitu» ala «grebara deitu»?

Patxi Petrirena Altzuguren

Maiz entzuten eta irakurtzen ditugu azkenaldian honelako esaldiak: «greba deitu dute biharko», «hauteskundeak deitu dituzte», «marrazki-lehiaketa deitu du eskolak», «batzarra deitu dute jaiak antolatzeko», «bilera bat deitu dute»…

Hiztegi elebidunetan jasoa dago halako esaldietan deitu aditzak duen adiera (convocar, convoquer), baina ez dugu haietan «zerbait deitu» joskera ikusten, baizik eta «zerbaitetara deitu», «zerbaitetarako deialdia egin»: «bilera batera deitu gintuzten/ziguten» (bi erregimenak ematen ditu ontzat Euskaltzaindiaren 39. arauak), «grebara deitu dute», «hauteskundeetara deitu», «hauteskundeetarako / bilkurarako deialdia egin» (Elhuyar, Nola Erran, Zehazki, 5000).

Beste aditz batzuk ere proposatzen dira, deituz gain: «lehiaketa iragarri» adibidea jasota dago, adibidez, hiru hiztegitan (Elhuyar, Labayru, Zehazki).

Hain zuzen ere, bi puntu horiek azpimarratzen ditu Berriaren estilo-liburuak: -ra deitu joskera eta beste aditz batzuen aukera:

Gogoan izan zein den joskera egokia: ‘bilerara deitu’, ‘grebara deitu’, ‘elkarretaratzera deitu’, ‘hauteskundeetara deitu’. Beste aditz batzuk ere ezin ahaztu ditugu: ‘greba antolatu’, ‘batzarra prestatu’… Manifestazioa eta greba deitu dituzte* [e.] Manifestaziora eta grebara deitu dute. // Hauteskundeak deitu nahi dituzte* [e.] Hauteskundeetara deitu nahi dute.

Zirrikitu bat irekita utzi da EiTBren HIKEA kontsulta-zerbitzuan, bi formak jaso baitira: «convocar elecciones»: «hauteskundeetara deitu» = «hauteskundeak deitu».

Eskatu, -TZEA eta -TZEKO

Patxi Petrirena Altzuguren

Ez naiz bakarra izango duda egin duena eskatu aditzaren osagarriak (perpausa denean) -t(z)ea izan behar duen edo -t(z)eko, edo zeren arabera hautatzen den bata edo bestea. Esate baterako, «irakurtzea eskatu» edo «irakurtzeko eskatu».

Argi dago kontua «pasarte honek bi aldiz irakurtzea eskatzen du» modukoetan (‘bi aldiz irakurri behar da’), baina ez hainbeste beste batzuetan.

Gaiaren azalpen osoa dakarrenez azkeneko EGLU liburukiak (EGLU-VII, Perpaus jokatugabeak, 569.-578. orrialdeak), hemen jasotzea pentsatu dut. Azalpena laburtu nahian aritu naiz, atzera eta aurrera, baina uste dut liburuan bertan egiten den laburpena hitzez hitz ekartzea dudala onena:

* * *

«Arrunta da galdatu, galdegin eta (joskera modernoan) eskatu aditzen du joskera, absolutibozko objektua eskatzen duena:

norbaitek zerbait eskatu

Eskatzen den gauza hori abstraktua izan daiteke, hala nola elkartasuna edo, perpausez, denok elkarren kide izatea.

Bestalde, eskaturen ideia prototipikoaren subjektua norbaitek izanik ere, irudizko zentzuak orobat baimentzen du zerbaitek:

(754) Halako lurrak ur asko (ematea) eskatzen/galdatzen du.
(755) Lan horrek ahalegin gogorra (egitea) eskatzen/galdatzen du.
(756) Ehizak begi zorrotza izatea eskatzen/galdatzen du.

Molde horretan, zerbaitek zerbait eskatu da eredua. Zerbait hori ez da halakoetan egiledun bati dagokion egintza, bete beharreko baldintza generiko bat baizik: eskakizun bat, hain zuzen ere. Eskakizun generikoaren zentzu berean ulertzen da zerbaiti zerbait eskatu eredua ere:

(757) Halako neurgailuari fidagarria izatea eskatzen zaio.

Ez dira aldatzen adiera eta joskera subjektua pertsona izanik ere:

(758) Gizagaixo horri ezin zaio eskatu fidagarria izatea.

Horretaraino, bada, beti dugu -tzea eskatu. Eta berdin -tzea galdatu/galdegin.

Zentzua aldatu egiten da, ordea, eta harekin joskera, ideia zerbait eskatu izatetik zerbait egiteko eskatu izatera pasatzen denean. Kasu horretan, norbaitek da subjektua, eta hitzez edo zeinu baliokidez adierazten dio subjektu horrek beste norbaiti hark dena delakoa egitea nahi duela. Alegia, egite gisa ulertu behar da perpaus osagarriak adierazten duena, eta zentzu prospektiboan:

(759) Zuk eskatu zenidan egia esateko.
(760) *Zuk eskatu zenidan egia esatea.

Goragoko eskakizun-zentzu generikoa eta norbaitek zerbait egiteko eskatu norbaiti ereduko eskaera (proto)tipikoa antzeko formara etor litezke kasu bakanen batean, baina ez da ohikoa, eta, hain zuzen ere, –TZEA/–TZEKO bereizkuntzak argituko du zentzua:

(761) Gizagaixo horri nola(tan) eskatuko diozu (ba) egia esatea. [hark ez du betetzen egiatia izatea delako baldintza]

(762) Gizagaixo horri nola (zer gisaz) eskatuko diozu egia esateko? [gutunez eskatuko diozu hori egiteko?].

Egiletasunarena, garbi gera bedi, esaldiaren interpretazioaren baitan dago. Predikatu eta are perpaus berbera modu batera zein bestera uler daiteke sarritan:

(763) Mundu guztiari ezin zaio/diozu eskatu eskuzabala izatea. [ezaugarri hori izatea eskatu]
(764) Mundu guztiari ezin zaio/diozu eskatu eskuzabala izateko. [horrela jokatzeko eskatu]

Oro har, galdatu nahiz galdegin aditzek ez dute jarraitzen eskaturen bidea, eta -tzea moldeari eusten diote norbaitek zerbait egitea galdatu/galdegin norbaiti joskeran ere.

Adibideren bat edo beste bada tradizioan, baina salbuespen bakanak dirudite halako –TZEKO galdatu/galdegin joskerak. Kasuren batean, agindutik hurbileko zentzura lerratzen ote den dirudi:

(765) [Aitak] jaun horier galthatü ükhen otoritatez, / presu begiratzeko librantxaik ükhen gabez (Etchahun, Bertsoak,142).»

Iturria: EGLU-VII, Perpaus jokatugabeak. Gramatika batzordea, Euskaltzaindia, 2011

(EGLU guztiak, hemen)

Ezaz

Patxi Petrirena Altzuguren

Gaurko hizpidea aste honetako zalantza batek eman dit. Erantzun bat badut, ustez, baina datu batek lanbroa egin dit bidean, eta horixe nahi nuke zuekin argitu, tartean beste zertzeladaren bat erantsiz, beste batzuentzat ere argigarri izango delakoan.

Haste-hastetik, beraz, hona zalantza eta nire erantzuna: «ausardia eza bera» ikusi dut testu batean, eta pentsatu: aukeran, «ausardiarik eza» seguruagoa da, eta, bera adjektiboa gehitzekotan, artikulurik gabe joan beharko du ez izenak «ausardiarik ez bera» (ez badugu, jakina, «ausardia falta bera» idatzi nahi).

Baina, hara: Hiztegi Batuan, ez sarreraren azpisarreretako bat (azkena) -ik eza dugu, horrelaxe. Horrek informazio argi bat eskaintzen digu, alde batetik: aurreko izena partitiboan joan ohi da egitura horretan; hots, ohikoagoa da «ausardiarik eza» «ausardia eza» baino. Bestetik, ordea, -ik eza azpisarrera horrela ikusita, balirudike -a hori itsatsia edo dela; ez ote luke, bestela, -ik ez agertu behar?

Euskaltzaindiaren Hiztegi oraindik berriak ez digu asko laguntzen, hauxe ageri baitzaigu, azpisarrera guztietan azkena: «-ik eza (Mugatua). Bere agortasun edo haurrik eza aurpegian emanaz. Lanik eza, gauza tristea. Zaldunaren jaramonik eza. Beldurrik ezak salbatu zuen. Euskararen batasunaz edo batasunik ezaz mintzatu beharko dut». Adibide horiek ongi daude, bistan da, baina ez digute batere argitzen zalantza. Zer esan nahi du hiztegi horrek «mugatua» dioenean: beti eza agertu behar duela, ala eza agertzen denean ingurumari sintaktikoak mugatua dela (eta berez ez dela)?

Hurrengo kontsulta, jakina, Orotariko Euskal Hiztegira. Orotarikoan, adierarik ohikoenen ondoren, ez hitzaren izen-balioa ageri da (horixe baita esku artean duguna: ez izena). Izen balioari dagokionez, hiru azpimultzo egiten ditu OEHk:

1. Negativa, rechazo; negación: Lehenbiziko ezean, au premier refus. Bada ez bada, eskatu deixogun; eza beti daukagu.

2. (Precedido de sust. en caso partitivo). Falta de. Bildurrik eza (V, G, AN), la falta de miedo. Bere agortasun edo aurrik-ezean ez geldituaz damu zuen. Batasunik eza.  Erdal itzulpenik ez hori. (Gero, aurreko izena partitiborik gabe ageri den adibide banaka batzuk ageri dira: adibidez, Bere irmetasun eta bildur eza.)

3. Partizipioaren ondoren: Damu dot zure lege santua gorde eza.

Garbi ikusten da ingurumari sintaktikoaren arabera agertuko dela, edo ez, -a artikulua: eza, ezak, ezean, ez hori… Sailik ohikoenean sar daitezkeen adibideak dira «haurrik ezean» eta «itzulpenik ez hori». Hori horrela bada, ez da erraz esplikatzen Hiztegi Batuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegian -ik eza izatea azpisarrera, eta ilun gertatzen da bigarren horetako «-ik eza (mugatua)» azalpena. Baliteke niri ihes egin didan zerbait izatea tartean, edo nik ez egoki interpretatu izatea datuak (horregatik diot «hori horrela bada»).

Testuetan, aurkitzen dira, egiazki, zalantzaren erakusgarriak. Ereduzko Prosa Gaur-en (hor ibili naiz bila gehienik, nahiz bilaketa ez den oso erraza kasu honetan), baditugu bi eratako adibideak. Lehenbiziko sail batean, niretzat espero izateko direnak ezarri ditut; bigarrenean, niri bitxi gertatzen zaizkidanak:

  • «jarraitasun-ez berari buruz», «iraun-nahi-ez hori», «bizitzeko gogorik ez hori», «ezertarako gogo-ez hura»…
  • «segurtasun-eza hori», «segurtasun eza handia», «ziurtasun-eza honi», «ahalmen eza honen iturburuak», «xarmarik eza hura», «atxikitasun eza hori», «segida eza batzuk», «arrazoimen-eza politikoa», «bortxakeriarik eza aktiboa»…

Uste dut, betiere, ez izena erabiltzen dugunean aurrekoari partitiboa eranstea dela arruntena eta seguruena, hala erakusten baitute Orotariko Euskal Hiztegiko adibide-kopuruak eta Hiztegi Batuan nahiz Euskaltzaindiaren Hiztegian azpisarrera -ik eza izateak (-a hori zernahi dela ere).

Debekatu izanagatik…

Patxi Petrirena Altzuguren

«Ulian ehiza debekatu izanagatik pozik agertu da Eguzki» zioen prentsako izenburu batek, ez aspaldi.

Badakigu, jakin, hor aipatzen den gertaera «ehiza debekatzea» edo «ehiza debekatu izana» dela, baina ez da batere segurua «ehiza debekatu izanagatik» horrekin «ehiza debekatu dutelako» ulertzea irakurleak (testugileak nahi zuen bezala), zeren eta edonork uler bailezake «debekatu duten arren». Izan ere, denontzat arruntak dira honelakoak: «Ehiza debekatu izanagatik (ere), batzuk tiroka aritzen dira oraindik».

Bi esanahi izan ote ditzake «izanagatik» formak? Testuinguruaren mende utzi behar ote dugu «debekatu izanagatik» nola ulertu: «debekatu arren» edo «debekatu dutelako»? Zalantza hori izan dut denbora luzez, tarteka irakurtzen nituenak irakurrita. Baina Euskaltzaindiaren JAGONET zerbitzuak argi samar utzi zigun kontua «-agatik, izanagatik; kausazkoa ala kontzesiboa?» galderari emandako erantzunean (2002). Hona:

Galdera

«Aita etorri izanak poztu du» moldatu eta «Aita etorri izanagatik (kausa) poztu da» esan al daiteke? Ala «Aita etortzeagatik poztu da» esan behar al da? Nik lehena erabiltzen dut, baina ez dakit ongi dagoen.

Erantzuna

Kausa balioan ez dago gure literatura-tradizioan «Aita etorri izanagatik poztu da» bezalako egiturarik. Ez, behintzat, Orotariko Euskal Hiztegiko corpus osoan.

Baliteke kausazko perpausetan aspektu burutua adierazteko aditz-forma jokatuak («Aita etorri delako/zelako poztu da») erabili izan direlako gertatzea hori, edo aditz-izena oinarri duen forma jokatu gabea («etortzeagatik») erabili delako.

Kontua da «izanagatik» formaren erabilera guztiak balio kontzesibokoak direla. Adibidez, honako hau: Polik maite zuan bizibide ura beti arriskoan bizi izanagatik (Anabitarte, Poli, 43. or.)

Garbi dago, beraz, Euskaltzaindiaren arabera: «debekatu izanagatik» esatea «debekatu arren» edo «nahiz eta debekatu» esatea da, eta ez, inola ere, «debekatu dutelako».

Hala ere, desbideratzea maiz aurkitzen dugu egungo testuetan, eta Ereduzko Prosa Gaur corpusean bertan ere erraz samar aurkitzen dira intentzio kausaleko izanagatik perpausen adibideak:

  • Zikinak zeuden, erabili eta garbitu ez izanagatik.
  • -Kezkatan zabiltza Harryren sekretuak niri kontatu izanagatik.
  • Mina dauka sorbaldan aulki gehiegi batera garraiatu izanagatik.
  • Nik salatzen zaitut Cumhail nire aita hil izanagatik, eta Irlandaren suntsipena ekarri izanagatik!
  • Karrika maite dut eta Jainkoari eskerrak ematen dizkiot bertan ogibidea atera ahal izanagatik.
  • Bizirik zegoela saria eman ez izanagatik barkamena eskatu nahi izan balio bezala.
  • Kargu hartzen zidan Carusora agertu ez izanagatik: ordu eta erdi egon zela itxaroten.
  • Noraez apur bat sentitu nuen Ferminen ihesarekin, eta min apur bat ere bai horrela alde egin izanagatik, nitaz despeditu gabe.

Euskaltzaindiaren EGLU-VII liburuak (2011) berretsi eta sendotu egiten du lehen JAGONETen emadako erantzuna. «Gauzak gisa honetara izan dira beti. Etorri izanagatik, uste izanagatik eta holakoak perpaus kontzesiboak dira, etorri arren edo nahiz eta uste izan bezalaxe. Hori da perpaus horien balioa».

Zerbait berri

Patxi Petrirena Altzuguren

Zerbait. Izenondo batek ezkerrean zerbait izenordaina hartzen badu, izenondo hori mugagabean doa; hortaz, zerbait berria badakarte eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak zerbait berri badakarte eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du.

Urtzi Barrenetxearen «Euskaltzaindiaren Hiztegia, ohar interesgarri batzuk II» artikuluan irakurri dut oharra, Administrazioa euskaraz aldizkarian (81. zkia., 2013ko uztaila). Hari-harira etorri zait informazioa. Izan ere, berriki mintzatua nintzen puntu horretaz itzultzaile-talde batekin, eta talde horretan bazen «zerbait berri» nahiz «zerbait berria» kalko desegokitzat hartzen zituenik («gauza berri(ren) bat» lehenetsiz).

Orotariko Euskal Hiztegiko zerbait sarreran bada, egiazki, zerbait + adjektibo egituraren adibide sail bat, azalpen esplizitu hau duela aurretik:

Cuando se coloca ante adj. o adnominal, éstos van siempre indeterminados o con suf. partitivo (zerbait handi(rik), zerbait horrelako(rik)), salvo contadas excepciones en las que van provistos de artículo.

OEHko  adibide ugarietatik, lau hauek aukeratu ditut (Xalbador, Koldo Mitxelena eta Luis Villasante):

  • Zerbait goxo partekatzeko duenak […]. Xa Odol 75.
  • Zerbait berri badakarte. MEIG I 190.
  • Zerbait berrirekin agertu zaigu. MEIG III 92.
  • Bada emen zerbait arrigarri eta bitxirik. Vill Jaink 123

Beharrezkoa dirudi partitiboaren aukera ere gogoan izatea, nahiz Euskaltzaindiaren Hiztegian ez den berariaz aipatzen. OEHko aipamen esplizituaren ildoan, mugagabea eta partitiboa aurki ditzakegu zenbaitetan testu berean ere, hala nola Pablo Fermin Irigarai Larrekoren honetan (Lekukotasuna):

  • Ortaz landara, baldin buru argiduna bada gauzak diren bezala ikusteko, ori bai litzekela gai zerbeit onik egiteko.
  • Liburuak bai, baño mamitsuak, zerbeit on egiteko bide erakusten digutenetarik.

Esan dezadan, amaitzeko, zerbait izen baten ondoan ageri den kasutik etorri zitzaidala hizpide hau, EHUren EHULKUko galde-erantzun hauek ikusita:

Galdera: «Nola itzul dezaket “some energy”? (because some energy is dissipated as the heat of friction)». Erantzuna: «“Energia apur bat” / “energia zerbait”’».

Epeak

Patxi Petrirena Altzuguren

Dena hain antolatua eta denbora hain neurtua dugun garaiotan, epeak ditugu noiznahi hizpide eta betebehar:  epe labur, ertain eta luzerako helburuak, dena delakoa egiteko horrenbesteko epea… Niri ere iritsi zait epea (epe hau), nonbait, luzamendutan ibili ondoren, eta tarte bat hartu dut hiztegietan eta testuetan barna itzuli txiki bat egiteko, epe hitza aitzakia hartuta.

Hiztegi Batuan, epe, epealdi eta epeka ditugu sarrerak. Bigarrenari buruz (epealdi), hauxe dio: «epealdi iz. Batez ere Admin. (Gehienetan aski da epe)». Neurri batean, harritzekoa iruditu zait epeka bakarrik ikustea hor, hiztegi gehienetan (Orotariko Euskal Hiztegia barne) epean eta epetan ditugularik nagusi: «Epetan erosi eta epetan saldu, tratulari eskasan jiria» (Etxba Eib). «Gero joan zen erosi berri zuten pick-up ederrera, epean erosia, bixtan da, eta ospil bat ipiñi zuen» (Mde Pr 148).

Epe jakinak adieraztean, badirudi «zenbateko epea» moldea darabilkigula nagusiki (beste aukerarik ez balitz bezala?). Baina -ko ez ezik -en ere hor dugula gogorarazten digu Zehazki hiztegiak: «en el plazo de, -en/-ko epean: en el plazo de dos días, bi egunen epean, bi eguneko epean». Gogoratzekoa da, esate baterako, «bost minutuko/tantoko aldea» ez ezik «bost minuturen/tantoren aldea» ere hor dugula, ongi errotua. Orotariko Euskal Hiztegian ere bi aukerak ageri zaizkigu epe hitzarekin: baditugu «lau urteko epea» eta «lau urteren epea».

Galdera egitean, «zenbateko epea» ez ezik, «zer epe» ere aukeran dugu. Hona adibide bat, Herria aldizkarikoa: «Zer epe eman behar litzaioke aterabide horri?» (2004-09-16). Beharbada gehiagotan gogoratu beharko genuke aukera hori, beti zenbateko baliatzen ordez.

Erantzunean ere, egiazki, ez da aukera bakarra zenbateko erabiltzea, hor baitugu zenbat ere: «Epea astebete da, izenak emoteko». (Ibaizabal, Mokoroaren lokuzio-bilduman jasoa). Ildo horretan, aurreragoko pauso bat erakusten digu Herriako beste adibide honek: «Bi egun epe eman diete frantses buruzagieri, edo bi kasetariak hilen dituztela». (Herria, 2004-09-02).

Gure administrazio-testuetan ere aurkitzen dugu epea adierazteko -ko gabeko moldea: «Horretarako epea bi hilabete da, egintza hau jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita» (Arabako Aldizkari Ofiziala, 2006-03-08).

Zenbateko erabili ordez zenbat erabiltze horrek aukera erosoagoa ematen digu, zenbaitetan, osagarriak antolatzean:

  • Diru-laguntzaren eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, argitaratzen den datatik hasita.
  • Diru-laguntzaren eskaera aurkezteko epea hiru hilabete da, argitaratzen den datatik hasita.

Hitzaren beste adiera bat da, jakina, Kirikiñoren honetan ageri zaiguna (ekialdean ere arrotz ez dena): «Biyer esangotzut, ordura arteko epeik badozu». Alegia, lasaitasuna, pazientzia, egonarria.