Itzulpen ariketak II. ‘Puta’ (Nelly Arcan)

Miel A. Elustondo

Nire aitak behin eta berriz esaten zuen hiritzar handia izugarria egiten zitzaiola, hiria gauza gaitzesgarriz betea dagoela, bateko putak eta besteko homosexualak, bateko aberatsak eta besteko famatuak, sasoi beteko ekonomia eta indartsuenaren legea, hirian gauza guztiak ere hondamendia eta ulertezinak direla, hizkuntzen eta arkitekturaren kakofonia, udaberriko lokatza eta eraikin modernoen itsuskeria, eta nola liteke elizako fatxada bat unibertsitaterako sarbidea izatea, galdetzen zuen sumindurik nik horretan parterik banu bezala, mutilatu batek bedeinkatu gabeko gurutzearen antza du elizak, Jainkoaz gabetua da, eta nola liteke unibertsitateko pabiloiek peep showen aldera izatea irteera, nora goaz unibertsitatetik prostituziora urrats bat baizik ez badago, eta egia da, eta zientifikoki froga daiteke, eliza bateko fatxada hura nik klase gehienak ditudan pabiloirako sarbidea da, ondarearen izenean mantendu eta zaharberritutako fatxada da, ongi ematen duelako utzi zuten horrela, eta ikasgeletako leiho asko dantzariak larrugorritan diharduten tabernetara begira daude, feminitatearen neon arrosetara, klaseak eta klaseak eman nituen sexu-langile pila hura aztertzen, eta aurkikuntza galanta izan nuen izendapen hori, munduko lanbiderik zaharrenari, funtzio sozial zaharrenari bestek egiten dion aitortza ageri da izendapen horretan, liluragarria zait ore bat lantzen den moduan lantzea sexua, plazera lana izatea, atsegina nondik-bait erauzi ahal izatea, horrek ahalegina eskatzea eta ordainetan soldata jasotzea, murrizketak izatea, arauak behar izatea, eta ikasle gehien-gehienen irudiko putekiko elkarbizitza horretan txarrik ez zegoen, horixe da deigarriena, azkar ohitzen gara gauzetara haietatik ihes egin ezin duzunean, espaloia gainditu eta zure apunteetara heltzen direnean, eta hurbiltasun horrek eragin handia izan zuen nigan, kontrako espaloira aldatzeko gogoa piztu zidan, eta esadazu nola eutsi behar zion teoriak hainbeste plazer tentaldiri, nolanahi ere han inork ez ninduen ezagutzen eta udaberria oso zegoen aurreratua, eta udaberriak beti jardutera, soka zeure lepoan jartzera, bultzatzen zaitu, eta mendiko arropa eranzteko aukera sortu zenean, nik gogo onez onartu nuen eskaintza.

Prostituitzea oso erraza gertatu zitzaidan, zeren betidanik jakin nuen besteren batena izango nintzela, izen bat bilatuko zidan komunitate batena, eta sarrera-irteerak arautuko zizkidatela, zer egin behar nuen eta nola, aginduko zidan nagusi bat izango nuela, zer esan behar nuen eta zer ez, betidanik jakin dut denetan txikiena izaten, denetan sexiena, eta gainera ordurako zerbitzari-lanean ari nintzen tabernan, non alde batean putak zeuden eta bestean bezeroak, eta behar baino eskupeko handixeagoa ematen zidaten, nik ere behar baino arreta handixeagoa eskaintzearen ordainetan, eta poliki-poliki eta modurik naturalenean anbiguotasun halako bat sortu zen gure artean, zenbait hilabetez bezeroek erabili egin ninduten ni eta nik erabili egin nituen bezeroak, harik eta indarrez erakartzen ninduen hartaraxe joatea erabaki nuen arte, eta pentsatzen jarriz gero, iruditzen zait beste aukerarik ez nuela, ordurako puta izatera destinaturik nengoela, puta nintzela puta izan baino lehen ere; aski izan nuen La Gazette egunkari anglofonoa gainbegiratzea, eta hantxe azaldu zitzaidan escort agentzien orrialdea, aski izan nuen telefonoa hartu eta zenbaki bat markatzea, Montrealgo agentziarik garrantzizkoenarena, iragarkiak zioenaren arabera, agentziak escort onenak baizik ez zituen kontratatzen eta bezerorik onenak baizik ez zituen onartzen, alegia, han emakumerik gazteenak eta gizonik aberatsenak biltzen zirela, gizonen aberastasunak beti konbinatu izan du ongi emakumeen gaztetasunarekin, hori mundu guztiak daki, eta ni oso gaztea nintzenez batere pentsatu gabe onartu ninduten, etxe batera eraman ninduten eta gela batera sartu ninduten luzamendurik gabe, eta bospasei bezero errezibitu nituen, bata bestearen atzetik, hasiberriak oso ospetsuak dira, esan zidaten, politak izan beharrik ez dute, gela hartan egun bat aski izan nuen irudipena edukitzeko zera hura bizi guztian egiten ari nintzela, bat-batean zahartu nintzen, baina dirutza ere irabazi nuen, lagunak egin nituen, bai, posible zen konplizitatea izatea, ikaragarria da, kidetasun horren oinarrian gorroto komun bat baitzegoen, bezeroekiko gorrotoa, baina prostituzio girotik irteten ginen orduko atzera emakume normalak izatera itzultzen ginen, sozialak, bata bestearen etsai.

Eta ziztu bizian zahartzen hasi nintzen, bezero segida handi haren aurrean belauniko jartzeari utzi ahal izateko zer edo zer asmatu behar nuela pentsatu nuen, gela hartantxe ematen bainuen denbora guztia, eta terapia egiten hasi nintzen hitzik esaten ez zuen gizon batekin, eta halako burutaziorik, ni diban batean etzanaraztea, kontuan harturik egun osoa ohean ematen nuela gizon haren adin bertsuko gizonezkoekin, nire aita izan zitezkeen gizonekin, eta psikoanalisi hark inora ez ninderamanez, ezin nuenez hitz egin, gizonaren isiltasunak zeharo lotzen ninduelako eta esan behar nuena esateko beldurrez bizi nintzelako, erabakia hartu eta idazten hasi nintzen denboran eta denboran barruan isilik gorde nuena ateratzeko; halakoren batean, adierazi nahi nuen seduzitzeko neukan premia haren atzean zer ezkutatzen zen, ez nuen premia hura gainditzen asmatzen, ezin esplikatu prostituzioaren gehiegikeriara bota ninduen zera hura, bestek zu izatea espero dutena izateko premia, eta idazten dudanean ere inoren gogoko izateko nahia nagusitzen baldin bada, da baitezpadakoa zaidalako hitzetara ekartzea nire baitan ezkutaturik dagoena eta nahikoa delako inork hitz batzuk irakurtzea haiek hitz desegoki bihurtzeko, eta idatzi ahala, etenarazi nahi nukeenak indar handiagoa hartu zuen, askatu nahi nuen korapiloa are gehiago estutu zen, leku guztia betetzera heldu zen, eta korapilo horrexetatik sortu zen nire idatziaren lehengaia, agortezina eta alienatua, lotan dagoen ama baten eta munduaren azkenaren zain dagoen aita baten artean bizirauteko borroka.

Eta horregatik dago liburu hau osoki asoziazioz egina (…)

Itzulpen ariketak I. Puta (Nelly Arcan)

Miel A. Elustondo

Egia da gehiegi hitz egiten dudala, gehiegi hitz egiten dut baina inoiz ez psikoanalistaren aurrean, bere presentziak pentsamendua garatzea behaztopatzen dit, gainera ez zaio interesatzen, espezializatuegi dago, nik esaten dudanaren atzean aditzen duen horretan zentraturik dago, nik jakin gabe ere dakidan horretan, eta ezer esatea ez du merezi, aurretiaz dakizunean zer esatea ez den komeni, psikoanalistaren arreta beste nonbait dagoenean, era guztietara ere, ezer ez dagoen toki batean, ez bero ez hotz egiten duen tokian, eta batzuetan lepazamarreraino egiten dut, dibanean etzanik, ezin dut eraman psikoanalista bere eguneroko kezketan babestea, egin behar dituen erosketetan eta hurrena idatzi behar duen liburuan, eta hura bere erosotasunetik ateratzeko handiagoa denean nire desioa nire isiltasuna baino, gauez egiten ditudan ametsak kontatzen dizkiot, haiek nire ordez hitz egin dezaten, aditu hau psikoanalista jauna eta zeuk esan, askoz interesgarriagoa naiz gauez, loak ia eder egiten nau, tamaina handiko ametsak egiten ditut, ekaitzak eta enbatak amets, hil-arriskuak eta kode sekretuak amets, erorketa askean amiltzen diren igogailuak, lur azpian milagarren solairuan lehertu arte, igogailuak umedade- eta kakalardo-mundura buruz amiltzen ezerk eusten ez diela, eta mundu horretatik ezin irten dira igogailuak amildu eran zuloa ezarian-ezarian itxi egin delako, berrogei mila solairuko eraikinak iheska doan jendearen buru gainera abailtzen ari direla egiten dut amets, eta bitartean inurri itsu mordo bat eskapo doala, pasatzen diren autoei arretarik eman gabe, itsasondo abisalekin eta aldiro mozten diren telefono-deiekin egin dut amets, kaixo ama, ez dut ezer aditzen, ez negar egin ama, non zaude, zure zenbakia galdu dut, ahaztu egin dut, baina esadazu, gaizki aditzen dizut, eta zergatik ezin ote dut hatzik mugitu, zergatik ezin ote dut hitzik egin, eta hau luzatu egiten da mila modutan ere, ez dute erantzuten, telefonoa hutsari joka ari da, zirkuitu elektrikoen espazio mugagabeari joka, ez dute erantzuten badakitelako neu naizela, zenbaki faltsua delako, linea okupaturik dagoelako eta dirurik ez dudalako, galdurik nago munduaren azkenean, goitik behera putzu arrokazko batera amiltzeko zorian dagoen eraikin bateko gainaldean, kaixo ama, non zabiltza, nola urrundu ahal izan naiz zugandik puntu honetaraino, nola egon ninteke zure bizitik mila kilometrora, hemendik ezin duzu nire ahotsa aditu, nola utzi ahal izan zaitut bakarrik ohe horretan, hiltzen ari zaren horretantxe, baina hobeko dut orain hitz beste egin, ez dut amets horiez gehiago hitz egin nahi, uste dut beti egin izan ditudala ametsok, ama negarrez ikusi nuenetik aitak hots egiten ez ziolako, aita laneko bidaian joana zelako bere gastu-kontuak harturik, ahaztu egin nau esango zidakeen amak nire presentziaz ohartu izan balitz, ez du nigan ez zugan pentsatzen, beste emakume batekin dago, esan zezakeen amak, baina hobeko dut horretan ere ez sakondu zeren inoiz ez naiz helduko esan ez zidanaren hondora, eta joan den astean edo joan den hilabetean, ez nago seguru, hamar urte nituela egin nuen amets, nire aitaren alaba nintzela eta atsegin eman nahi niola, nik eskolan egindako marrazkiei begira zegoen, neska txiki baten marrazkiak ziren, zeru zuria eta laino urdinak, eguzki horia arraia gorriekin eta zelai berdea, eta zer da infantilago halako marrazki bat baino, non tximiniak oker ageri baitira etxeetako teilatuetan, baina aita ez zen hori pentsatzen ari, begira, esan zidan, gaizkia zeruan dago, ernamuinean dago, jaio zain dago goritu ahal izateko, paperari su emateko, eta marrazkiko zeruari begiratu nionean serpentina urdinek estalia ikusi nuen, zeru tormentatua zen, eta izarrak zurrunbiloek zeramatzaten, esne bidearen itsasbeherarekin batera, eta brastakoan zerua higitzen hasi zen, serpentina urdinez irakiten, baina gero eta gutxiago ziren urdin eta gero eta gehiago ziren beltz, sugearen odolaren beltza da, erantzun zidan aitak nik galdera egin izan banio bezala, jakingo ez banu bezala, zeru desatsegin bat milioika suge beltzezkoa, ez aita, oker zaude, zeru guztiz zuri-urdina da, Mariaren soinekoa bezain, bai, egia da, zeru urdina da gaur baina nolanahi ere gaizkia hortxe dago ezkutaturik, erdizka ageri da horko lainoen artean, begiratu hurreagotik, antzematen zaio, toki guztietan dago eta oroz gain haurren marrazkietan, oroz gain zure haur-buruan zeren hazten zarenean zu zeu ere suge izango zara, ez duzu suge-itxura izango baina suge izango zara, zeru urdinaren itxurapean irakin egingo duzu, baina hori ez da egia aita, ezin da egia izan, eta amets hartan ni triste nengoen zeren inork ezin zuen ezer egin, okerra egina zegoen, beharrezkoa zen, eta eskuan neuzkan gainerako marrazkiak erakutsi nahi izan nizkionean haietan maleziarik ez zela berari frogatzeko, suak hartuak zituela ohartu nintzen, zelaiak barku pirata bihurtuak ziren eta haien gainetan gizonak bata bestea akabatzen eta pasarelatik botatzen ari ziren, barkuek heriotzaren bandera jasoa zuten eta itsasoa gorria zen, hondoan jendearen orroak aditzen ziren, denak kondenaturik zeudela iragartzen zuten, amets tragikoa, horratik, psikoanalista jauna, hamar urte nituela gaiztotu nintzen ni, ezin beste ondoriorik atera, azkenaren hasiera izan zen, puteriora eraman ninduen endekatzearen hastapena, eta horixe esan, eta isildu egin nintzen, dena esanik zelako, ebidentziak ez dira esplikatzen, nagusitu egiten dira galdera gehiago jaso ez denean, beti esan ohi denez, eta berriz ere isiltasuna eta egin behar diren gauzen gaineko kezka, eta gehiago hitz egiteko gogorik ez baldin badut, ez baldin badut besterik jakin nahi, da nire ametsak guztiz argiak direlako, sufritu egiten dut nire koherentziagatik eta biziagatik, erantzun gehiegi ematen baitizkidate, eta gainera, nolanahi ere, zer dela-eta eduki beharko nuke psikoanalista baten premia nire hitzei pisu handiagoa emateko, gaurgero aditzen ez ditudan hitzez nardatzeko, zeren mila aldiz ere esanak ditut, ez dakit ezer, zeren nire gurasoek ezin dute bere partea egin, larrutik ordaindu behar dut eta baten batek eman beharko du nire kontrako lekukotza, zeren psikoanalistak horretarakoxe daude hor, barkatzeko eta barkamena eskatzeko, barkatu alaba, barkatu ama, baina nik ez dakit inor barkatzen, nik ez dakit hortzak estutzen baizik, zakilak ahora sartzen dizkidatelako behin eta berriz, aitaren zakila putekin tratuan dagoelako, ez puta bakar batekin, uste dut nik, zeren puta batek beste bat dakar automatikoki, eta honek ere beste bat ordezkatzen du bere gorputzaren naturaren bidez, eta halaxe libratzen dira bezeroen buztanetatik, nire aitaren buztanetik, edozein emakumerekin gogortzen baitzaio aitari zakila, bere emaztearekin izan ezik.

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak VI

miel a. elustondo

Ez genuen handik alde egin nahi. Gizonak guztiz edanda zeuden, autoei ematen zieten beren burua. Alderdi nagusiko buruzagiak etxerik etxe zebiltzan, jendeari joateko erreguka. Aginduak: «Ez eraman zeuen gauzarik».

Inork ez digu gehiago adarrik joko, ez gara inora joango. Ez dago dendarik, ez ospitalerik. Ezta elektrizitaterik ere. Keroseno lanpararen ondoan eta ilargipean jartzen gara. Eta gustatzen zaigu! Etxean gaudelako.

Poliziak garrasika ari ziren. Autoetan zetozen, eta gu basoan barrena joaten ginen korrika. Alemanengandik ihes egiten genuen moduan. Behin, fiskalarekin etorri ziren, purrustaka eta haserre, gu 10. artikuluaren azpian jartzera zihoazela. Esan ere nuen: «Utzi horiei niri urtebeteko kartzela ematen. Zigorra bete eta honaxe itzuliko naiz». Beraien lana garrasi egitea da, gurea, isilik egotea. Domina dut –uztabiltzailerik onena izana nintzen etxaldean–, eta bera 10. artikuluan ari da ni izutu nahian.

Halako kazetari batek esan zuen ez ginela etxera itzuli, besterik gabe, ehunka urte atzera joan ginela baizik. Mailua erabiltzen genuen uzta biltzeko, eta igitaia segarako. Asfaltoan bertan jotzen genuen garia.

Unean bertan itzaltzen genuen irratia. Batere albisterik ez dakigu, baina bizitza baketsua da. Ez gara haserretzen. Jendea etortzen da eta kontuak kontatzen dizkigu: gerra da leku guztietan. Eta horrekin batera, esaten digute sozialismoa bukatu dela eta kapitalismoaren azpian bizi garela. Eta berriro datorrela tsarra. Egia da?

Umeak hazten ari dira denak, uztara itzultzeko. Horixe da. Nork berea nahi du. Poliziak itzultzen utziko duen jendearen zerrenda dauka, baina hemezortzi urtez azpiko umeek ezin dute. Jendea itzultzen da eta oso pozik daude beraien etxe aurrean daudelako. Beraien lorategian, sagarrondoaren alboan. Lehenengo, hilerrira joango dira negar egitera, eta familiaren hilobietara. Han ere negar egingo dute, eta errezatu. Kandelak uzten dituzte. Beraien hesietan katigatzen dituzte. Edo hilerriaren hesi txikietan. Inoiz, girlanda bat ere utzi dute etxean. Eskuoihal zuria atean. Emakume zaharrak otoitza irakurtzen du: «Anai-arrebak! Izan pazientzia!».

Jendeak arrautzak, opilak eta zernahi eramaten du hilerrira. Nor bere familiarekin jartzen da. Hots egiten diete: «Arrebatxo, zu ikustera etorria naiz. Etorri bazkaltzera». Edo: «Ama, amatxo maitea. Aita, aitta maitea». Zeruko arimei hots egiten diete, behera datozen. Urte hartan hilak izan dituztenek negar egiten dute, eta aspaldi hilak dituztenek, ez. Hitz egiten dute, eta oroitzen. Errezatu egiten dute denek. Eta errezatzen ez dakitenek ere, errezatu egiten dute.

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak V

miel a. elustondo

Apartamentu bat eman zidaten Kieven, eraikintzar handi batean, non sartu baitzituzten zentral nuklearreko denak. Apartamentua bera handia zen, bi geladuna, Vasya maiteak eta biok amestu genuena.

[Zutitu eta leiho aldera joaten da]

Gutariko asko gaude hemen. Kale osoa. Izen horixe eman diote: Txernobylskaia. Jende honek zentralean lan egin zuen bizi osoan. Haietariko asko bertan ari da lanean behin-behinean, engoitik inor ez da bizi bertan. Gaixotasun larriak dituzte, elbarriak dira, baina ez dute beren lanik uzten, erreaktorea itxi dezaketela pentsatzeak berak izutu egiten ditu. Nork behar ditu han beste inon ez? Sarri, hil egiten dira. Minutuan. Erori egiten dira, besterik gabe. Oinez dabil, erori egiten da, eta loak hartzen du. Loreak zeramazkion erizainari, eta bihotza geratu zitzaion. Hil egiten dira, baina inork ez digu ezer galdetzen. Inork ez digu galdetzen zenbat sufritu dugun. Inork ez du heriotzaz aditu nahi. Beldurtzen dituen horretaz.

Baina maitasunaz ari nintzaizun. Nire maiteaz…

Itzuli zirenak

O, ez dut gogoratu ere nahi. Izugarria zen. Ehizatu egin gintuzten, soldaduek ehizatu egin gintuzten. Makina militar handiak etorri ziren. Orotariko horiek. Gizon zahar bat, lurrean ordurako. Hiltzeko zorian. Nora joan behar zuen? «Oraintxe jaikiko naiz», negarrez ari zen, «eta joango naiz hilerrira. Neure kabuz joango naiz».

Bagindoazen. Lur pixka bat hartu nuen amaren hilobitik, eta zaku txiki batean sartu nuen. Belaunikatu egin nintzen: «Barkatu iezaguzu zu hemen uzteagatik». Gauez joan nintzen hara, baina ez nintzen beldur. Jendea bere izena idazten ari zen etxeetan. Egurrean. Hesietan. Asfaltoan.

Gauak luze dira hemen neguan. Batzuetan, jarri egiten gara, eta kontatu: Nor hil da?

Nire senarra bi hilabetez egon zen ohean. Ez zuen hitzik egin, ez zidan erantzun. Haserre zegoen. Belardiaren inguruan ibiliko nintzen, eta itzuli: «Zer moduz zaude, xaharra?». Inor hilzorian dagoenean, zuk ezin duzu negarrik egin. Haren heriotza etengo zenuke, borrokatzen segitu beharko luke. Ez nuen negarrik egin. Gauza bat besterik ez nion eskatu: «Agurtu gure alaba eta nire ama maitea». Erregu egin nuen, biok batera joan gintezen. Zenbait jainkok egingo zuen, baina Berak ez zidan utzi hiltzen. Bizirik nago…

Etxea garbitu nuen, sukaldea lixibaz garbitu. Ogi zati bat eta gatz pixka bat utzi behar zenuen mahaian, plater txiki bat eta hiru koilare. Etxeko arimak bezainbat koilare. Itzultzeko modua izan dezagun.

Oilaskoek gandor beltzak zituzten, ez gorriak, erradiazioagatik. Eta ezingo zenuen gaztarik egin. Hilabetea egin genuen gaztarik eta gaztanberarik gabe. Esnea ez zen gatzatzen, hauts bihurtzen zen, hauts zuri. Erradiazioagatik.

Erradiazioa neukan nire lorategian. Lorategia zuri bihurtu zen, izan litekeenik eta zuriena, zerbaitez estalia balego bezala. Zerbaiten pusketak. Baten batek basotik ekarri zuela ere pentsatu nuen.

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak IV

miel a. elustondo

Eta orduan… azkeneko gauza. Zatika gogoratzen dut dena, pusketaka. Nire aulkitxoan jarrita nengoen, beraren ondoan, gauez. Zortzietan, esan nuen: «Vasenka, ibilalditxoa egitera noa». Berak, begiak ireki eta itxi zituen, joaten uzten zidan. Hotelera heldu nintzen, gelara igo, zoruan etzan –ezin ohean etzan, min handia egiten zidan denak–, eta, orduantxe, garbitzaileak ate joka eraso zion: «Zoaz! Zoaz bizkor! Senarra hoska ari zaizu etengabe!».

Berehala hots egin nuen erizaindegira. «Zer moduz dago?». «Orain dela hamabost minutu hil da». Zer? Bertan igaro nuen gau osoa. Hiru ordu eman nituen kanpoan! Eskaileretan behera abiatu nintzen. Gela hiperbarikoan segitzen zuen, artean ez zuten handik atera. Harrezkero ez nuen utzi. Hilobiraino lagundu nion. Nahiz eta gogoan dudana ez izan hilkutxa, ezpada plastikozko poltsa. Poltsa hura.

Gorputegian galdetu zidaten: «Nahi duzu ikusi zer janzten diogun?». Baietz, nik! Traje ofiziala jantzi zioten, kapelu eta guzti. Ezin izan zioten oinetakorik jantzi, oinak puztu egin zitzaizkiolako. Trajea ere ebaki egin behar izan zuten, ezin izan ziotelako jantzi, han ez baitzegoen erabateko gorputz osorik. Ospitalean igarotako azken bi egunetan… ahotik botatzen zituen birika eta gibel pusketatxoak. Bere erraietan itotzen ari zen. Nire eskua bendatu eta ahora sartzen nion, pusketatxo haiek ateratzeko. Ezinezkoa da hartaz hitz egitea. Ezinezkoa hartaz idaztea. Ezinezkoa jasatea. Ezin izan zuten senarrari janzteko moduko oinetako parerik aurkitu. Oinutsik hilobiratu zuten.

Denak etorri ziren. Haren gurasoak eta nireak. Painelu beltzak erosi genituen Moskun. Larrialdietarako Batzordea gurekin bildu zen. Gauza bera esan zieten denei: «Ezinezkoa zaigu zuen senar edo semeen gorpuak zuei ematea, guztiz erradioaktiboak dira eta Moskuko hilerrian hilobiratuko dituzte modu berezian. Zinkezko ontzi soldaduetan, zementu geruzapean. Eta agiri hauek sinatu beharra daukazue hemen bertan».

Eta baten bat haserre bazen eta hilobia etxera eraman nahi zuela esaten bazuen, esaten zioten hildakoak, badakizu, heroiak zirela, eta engoitik ez zirela familienak. Estatuaren heroiak ziren. Estatuarenak ziren.

Unean bertan hegazkin-txartelak erosi zizkiguten etxera itzultzeko. Hurrengo egunerako. Etxean, logurak nengoen. Etxera sartu eta ohean zerraldo erori nintzen. Hiru egun egin nuen lo. Anbulantzia etorri zen. «Ez», esan zuen medikuak, «esnatuko da. Sekulako loa besterik ez da».

Hogeita hiru urte nituen. Bi hilabete geroago Moskura itzuli nintzen. Tren geltokitik hilerrira zuzen. Berarengana! Hilerrian uzkurdurak izaten hasi nintzen. Berarekin hizketan hasi orduko. Anbulantziari hots egin zioten. Agindutako epea baino bi aste lehenago zen.

Erakutsi egin zidaten. Neska zen. «Nataxenka», hots egin nuen. «Aitak Nataxenka izena jarri zizun». Osasuntsu itxura zuen. Besoak, hankak. Baina gibeleko zirrosia zuen. Hogeita zortzi roentgen zituen haurraren gibelak. Jaiotzetiko bihotz gaixotasuna. Lau ordu geroago, hila zela esan zidaten. Eta berriz: «Ez dizugu emango». «Zer esan nahi duzu ez didazuela emango? Neu naiz nire alaba zuei emango ez dizuena!».

[Isilik geratu da, luzaro]

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak III

miel a. elustondo

Hamalau egun. Hamalau egunean hil egiten da pertsona.

Maiatzaren bederatzia zen. Zera esan izan zidan beti: «Ez dakizu zein eder den Mosku! Garaipen egunean oroz gain, su artifizialak botatzen dituztenean. Ikus dezazun nahiko nuke».

Gelan jarrita nengoen, berarekin. Begiak ireki zituen.

«Gaua da, ala eguna?».

«Iluntzeko bederatziak dira».

«Ireki leihoa! Berehalaxe hasiko dira!».

Leihoa ireki zuen. Zortzigarren solairuan ginen, eta hantxe zen hiri osoa, gure aurrean! Eta suzko erramiletea ikusi genuen, zeruan lehertzen.

«Begira horri!», esan nuen.

«Esan nizun Mosku erakutsi behar nizula. Eta esan nizun jai egunetan loreak emango nizkizula beti…».

Haren aldera begiratu eta hiru krabelin ateratzen ari zen burukoaren azpitik. Erizainari dirua eman, eta hark erosi egin zizkion.

Hurreratu eta muxu eman nion.

«Nire maitea! Zeu zara nire maitea!».

Protesta jo zuen. «Zer esan dizute medikuek? Ez ni besarkatzeko. Ez niri muxurik emateko!».

Hainbesteraino gaizkitu zen, ezin izan bainuen une batean ere bakarrik utzi. Etengabe hots egiten zidan: «Lusya, non zara? Lusenka!». Behin eta berriro hots egiten zidan. Gainerako gela hiperbarikoak, non gure mutilak baitzeuden, soldaduek zaintzen zituzten, bertako langileek uko egin ziotelako. Babes-jantziak eskatzen zituzten. Soldaduek garraiatzen zituzten hondakin-ontziak. Zorua garbitzen zuten. Izarak aldatzen zituzten. Dena egiten zuten. Nondik inguratu zituzten soldadu haiek? Ez genuen galdetu. Baina berak… berak… egunero aditzen nion esaten: «Hila. Hila. Tistxura hila da. Titenok hila da. Hila».

Egunean hogeita bost edo hogeita hamar aldiz libratzen zen. Odola eta mukia. Azala zartatzen hasi zitzaion beso eta oinetan. Furunkuluz bete zen. Burua jiratzen zuenean, ile-mataza geratzen zen burukoan. Txantxa egiten saiatu nintzen. «Horrela hobeto. Ez duzu orrazirik behar». Handik laster, ilea larru-arras moztu zioten. Nik neuk moztu nion. Nik neuk egin nahi nion dena. Fisikoki posible izan balitz, berarekin egongo nintzatekeen egunean hogeita lau orduz. Ez nuke minutu bat ere galdu nahiko. [Isiltasun tarte luzea]

Bada zenbait elkarrizketaren pasartea, gogoratzen naiz. Baten bat, esaten: «Entenditu beharra daukazu: hau ez da gehiago zure senarra, ez maite izan duzun pertsona, gauza erradioaktibo bat baizik, pozoi kopuru handia duena. Ez zara suizida. Zaindu zeure burua». Baina ni burua galdu duen pertsona bezala nengoen: «Baina maite dut! Maite dut!». Bera lo, eta ni xuxurlaka: «Maite zaitut!». Ospitaleko patioan oinez, eta «Maite zaitut!». Gaixoaren erretilua eramanez, «Maite zaitut».

Gau batez, dena lasai zegoen. Biok bakarrik geunden. Begiratu egin zidan, baina oso, oso arreta handiz, eta orduan, bat-batean esan zuen:

«Gure umea ikusteko amorratzen nago. Zer moduz dago?».

«Zein izen jarriko diogu?».

«Zeuk erabaki».

«Zergatik nik, hemen biok gara eta!».

«Horrela bada, mutila bada, Vasya izango da. Neska bada, Natasha».

Itsuturik bezala nengoen. Nire bihotzaren azpiko taupadatxoak ere ezin nituen sentitu. Nahiz eta sei hilabeteko nengoen. Pentsatzen nuen nire barruan neraman ttikia babestuta zegoela.

Eta orduan… azkeneko gauza.

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak II

miel a. elustondo

Moskun, lehena ikusi genuen poliziari galdetu genion: «Nora eraman zituzten Txernobilgo suhiltzaileak?». Eta erantzun ere zigun, batere usteko ez bagenuen ere. Beldurra sartu ziguten, erabateko sekretua zela pentsarazi ziguten. «6. Ospitalea. Xukinskaian».

Ospitale berezia zen, erradiologiarentzat, eta ez zegoen hara paserik gabe sartzerik. Ateko emakumeari diru pixka bat eman, eta «Aurrera» esan zidan. Gero, beste bati ere galdetu behar izan nion, erregutu. Azkenean, Angelina Vasilievna Guskova erradiologo-buruaren bulegoan jartzera iritsi nintzen. Itzulingururik gabe galdetu zidan: «Haurrik baduzu?».

Eta zer esan behar nion? Ordurako konturatuta nengoen ezkutatu egin behar niola haurdun nengoela. Ez zidaten nire senarra ikusten utziko! Eskerrak argala naizen, inork ezingo luke ezer igarri.

«Bai», esan nion.

«Zenbat?».

Pentsatu egin nuen. Bi ditudala esan behar nion. Haur bat besterik ez nuela esanez gero, ez zidan sartzen utziko.

«Mutila eta neska».

«Hortaz, ez duzu gehiago izan beharrik. Ongi da. Entzun: zure senarraren nerbio sistema zentrala guztiz kaltetuta dago, burua guztiz kaltetuta».

«Ongi da», pentsatu nuen, «horrek esan nahi du are urduriago egongo dela».

«Eta aditu: negarrez hasten bazara momentuan bertan aterako zaitut. Ez besarkadarik, ez musurik. Ezta berarengana hurreratu ere. Ordu erdia duzu».

Baina ordurako banekien ez nuela handik alde egingo. Alde egiten banuen, berarekin joango nintzen. Zin egin nion neure buruari!

Sartu nintzen. Ohean jarrita zeuden, karta jokoan eta barrez. «Vasia!», hots egin zuten. Senarrak burua jiratu zuen: «O, tira, bukatu da! Aurkitu nau hemen ere!». Barregarri itxura zuen, 48 neurriko pijama jantzita baitzegoen, eta berak 52koa erabiltzen baitu. Mahukak motzegi zituen, prakak ere motzegi. Baina ordurako aurpegia ez zuen handitua. Nola-halako likidoren bat injektatzen zieten.

«Nora ihes egin zenuen?», galdetu nion. Besarkatu nahi izan ninduen. Medikuak ez zion utzi. «Jarri, jarri», esan zion. «Besarkadarik ez hemen».

Nolabait ere, txantxetan hartu genuen. Eta, gero, guztiak hurreratu zitzaizkigun, baita beste gelatakoak ere, denak Pripiatekoak. Hogeita zortzi ziren hegazkinean.

Senarrarekin egon nahi nuen, baina bakarrik, minutu bat besterik ez bazen ere. Gainerako mutilak konturatu ziren, eta nork bere aitzakia asmatu zuen, handik irten eta korridorean barna abiatzeko. Orduan, besarkatu egin nuen senarra, musu eman nion. Berak atzerantz egin zuen.

«Ez nigana hurreratu. Hartu aulkia».

«Horixe txorakeria!», esan nion, aulkia aparte utziz.

Hurrengo egunean joan nintzenean, etzanda zeuden, nor bere gelan. Korridorean ibiltzea galarazi zieten, baita elkar ukitzea ere. Horman jotzen zuten hatz-koskorrekin. Puntu-marra, puntu-marra… Medikuek esan zutenez, bakoitzaren organismoak diferente erantzuten du erradiazioaren aurrean, eta pertsona batek eraman dezakeen mina, beste batek ezin du. Medikuek gaixoak zeuzkaten gelako hormetako erradiazioa ere neurtu zuten. Eskuin aldera, ezker aldera, eta zorua. Beheko eta goiko solairuetako gaixo denak mugiarazi zituzten. Inor ez zuten bertan utzi.

Senarra aldatzen hasi zen; pertsona berria topatzen nuen egunero. Erredurak azalera etortzen hasi ziren. Ahoan, mihian, masailetan; hasieran zauri txiki zirenak, hazi egin ziren gero. Geruza bat osatu zuten; geruza txuri bat… haren aurpegiaren kolorea… haren gorputza… urdin… gorri… gris nabarra. Eta nirea zen hura dena! Ezina da deskribatzea! Ezina da idaztea! Ezina da jasatea.

Salbatu ninduen gauza bakarra izan zen oso arin gertatu zela dena; ez zegoen pentsatzeko astirik, ez zegoen negar egiteko astirik.

Lyudmilla Ignatenko, suhiltzaile zendu Vasily Ignatenkoren emazte

miel a. elustondo

Ezkonberriak ginen. Artean eskutik heldurik genbiltzan, baita dendara besterik joan behar ez bagenuen ere. «Maite zaitut», esango nion. Baina artean ez nekien zenbateraino. Aztarrenik ez nuen… Lan egiten zuen suhiltzaile etxeko lotegian bizi ginen. Jakinaren gainean nintzen beti, zer gertatzen zen, non zegoen, nola zegoen.

Gau batean zarata aditu nuen. Leihotik begiratu nuen. Ikusi egin ninduen. «Itxi leihoa eta itzuli lotara. Erreaktorea sutan dago. Berehala etorriko naiz».

Ez nuen leherketa bera ikusi. Sugarrak besterik ez. Distiratsu zegoen dena. Zeru osoa. Gar garaia. Eta kea. Beroa beldurgarria zen. Eta bera ez zen itzultzen.

Zeuden-zeudenean joan ziren, elastikoa jantzirik. Inork ez zien ohartarazi. Sua zelako hots egin zieten, besterik ez.

Goizeko zazpiak. Zazpietan ospitalean zegoela jakinarazi zidaten. Korrika abiatu nintzen, baina ordurako inguraturik zuen poliziak, eta ez zioten inori igarotzen uzten. Anbulantziei besterik ez. Poliziak hoska ari ziren: «Anbulantziak erradioaktiboak dira, urrundu!». Lagun baten bila hasi nintzen, mediku baitzen ospitale hartan. Mantal zuritik oratu nion anbulantzia batetik irten zenean. «Utzidazu sartzen!». «Ezin dut. Gaizki dago. Denak daude gaizki». Oraturik neukan. «Ikusi besterik ez!». «Ongi da», esan zidan. «Etorri nirekin. Hamabost edo hogei minutu baizik ez».

Ikusi nuen. Guztiz errerik eta puzturik zegoen. Nekez ikus zeniezazkiokeen begiak.

«Esnea behar du. Esne mordoa», esan zidan nire lagunak. «Gutxienez hiruna litro edan beharko lituzke bakoitzak».

«Baina ez zaio esnea gustatzen».

«Oraingoan edango du».

Ospitale hartako mediku eta erizain asko –laguntzaileak, bereziki–, gaixotu eta hil egingo ziren. Baina orduan ez genekien hori.

Hamarretan, Xixenok kamera hil zen. Lehena izan zen.

Senarrari galdetu nion. «Vasenka, zer egin behar dut?». «Irten hemendik! Zoaz! Gure haurra daramazu». Haurdun bainintzen. Baina nola utzi bera? Esaten zidan: «Zoaz! Alde egin! Salbatu haurra». «Lehenengo esnea ekarri behar dizut, erabakiko dugu gero zer egin». Nire lagun Tania Kibenok korrika sartu zen. Haren senarra gela berean zegoen. Ondoan zuen aita, honek autoa baitzuen. Autoan sartu eta hurreneko herriraino joan ginen. Hiru litroko botila mordoxka erosi genuen, sei, denentzako lain izan zedin. Baina esnea edan eta goitika hasi ziren, inor beldurtzeko moduan.

Zentzuna galtzen segitu zuten, eta tantaz tantakoa jarri zieten. Medikuek esaten zieten gasak pozoitu zituela, zergatik ez badakit ere. Inork ez zuen erradiazioari buruz ezer esan.

Iluntze hartan ez zidaten ospitalera sartzen utzi. Jende oldea bildu zen. Senarraren leihoaren parean nengoen, bera hurreratu eta oihuka zerbait esan zidanean. Etsigarria zen! Jendetza artean, baten batek aditu zion: Moskura eramango zituzten gau hartan. Emazte guztiek multzo bat osatu zuten. Beraiekin joango ginela erabaki genuen. «Utzi gure senarrekin batera joaten! Ez duzu eskubiderik!». Kolpeka eta atzamarka saiatu ginen. Soldaduek –ordurako soldaduak zeuden–, atzera eragin ziguten. Orduan medikua irten zen, esanez Moskura zihoazela hegazkinez, baina beraien arropa ekarri behar geniela. Suhiltzaile etxean zituztenak erre egin zirela. Autobusek utzia zioten ibiltzeari, eta korrika zeharkatu genuen hiria. Atzera korrika itzuli ginen maletak harturik, baina hegazkina joana zen ordurako. Adarra jo ziguten. Han oihuka eta negar egin ez genezan.

Egun haren amaieran goitika hasi nintzen. Sei hilabeteko nengoen, baina Moskura iritsi beharrean nintzen.

(oharra: ingelesetik itzulia da pasartea, theparisreview.org webean Keith Gessen-ek egina duen itzulpena oinarri. ordea, irakurria nago jatorrizko testuaren bestelako bertsiorik, askoz osoagoa)

Ezkanitzen sortua

Miel A. Elustondo

Noiztenka testuren bat itzuli ez baina zuzentzea gertatzen da gurean. Lan gaitza liteke, liteke errazena ere. Horietakoa da ondoren paratuko duguna: gaitza izanagatik ere, erraza ere bada. Bihirik ez ukitzea, bere horretan uztea erabakitzea da onen.

Komiki baten gidoiarekin batera heldu zitzaigun testua Dani Fano ilustratzailearen eskutik. Asisko Urmeneta da egile. “Etnolingus” darama izenburu, eta Koldo Artolaren Ziorditik Uztarrozera liburutik hartua da. Arantzadi Elkarteak argitaratua 2014n.

Antologikoa.

—Izena?

—Xeledonia Barrinagaerrementeriaurionabarrenetxea

—Non sortu zinen?

—Ezkanitzen

—Non?

—EZKANITZ! Irurozkitik goitik, Elkoatzera gabe, hor berean, eskumatra… Denboraz berrahun jente, eta orai ordea… Bortz…

—Bost biztanle…

—BORTZ AXOLA herri porkeria hartaz!!!  Bi xahar, hirur oilo… Leher egin bezate!

—Eta noiz galdu zen euskera?

—GALDU? Ekendu egin juen, ekendu!

—Baina zu ez zara Eskamitzen bizi…

—PREFOSTIA! Ameriketara fan nindian, ezkapi! Praube bizi gintian, praube: babak armozatzeko, babak baskaiteko, eta ahualtzeko…

—Txitxirioak?

—Ze zitzi eta zitziburduntzi! BABAK !

—Babek indarra ematen omen dute…

—KAKA HIRE! Sar’tzak uzkizilotik indarra nahi baduk!

—Beno, eta… konta ezazu Idahoko bizitza…

—Aida! Jo! Euskaldunen artean, liho batean…

—Liotan?

—LIÑUE!!! Sanababitx!!!

—Eta kontatzen ahal duzu nola egiten zenuten linua?

—Eraikitzen zuta zemendien, eta jayo ondorean zaborra atratzen zakiyon…

—Zitzaion?

—ZAKIYON!!! Eta orduan florea, xuri-xuria, pollita! Gero liliak botatzen juan hazia… Eta maz batekilan JO-TA KASKA! Dena joka: TRAKA-TRA TRAKATRA-TRA!!! Gero sartzen ginakokan makil haunnnndi bet, eta bueltak emanda eman gelditzen zuan fiiiiiiin fin-fin fiña. Zenbat luze izain zian makil harek… Otxenta zentimetro, edo metroa igoal…

—Tia Cele, cante aquella copla tan bonita al chico!

—Sar balakio urde sortu behar gabe horri !!!

—Esa no, la otra…

—Eta hola lixtua emannnda txulo txipia estaltzen gunian. Eta lixiba egosirik zagolarik…

—Maindire lehun-lehunak …

—Earki bustiak ba! Miss Mihise diaitzen zireteta Kanadako mugaraino.

Steer-en euskalduna

miel a. elustondo

«Espero dut, eta Historiak arrazoia emango dit, zapalkuntza honek ez duela betiko iraungo. Mendeetako borrokek, bost ozeano zakarretako abenturek, erresistentzia eta isiltasun erreserba infinituko gizaki egin dute euskalduna. Haren ezpatek libre irauten dute, edozein erregimenen azpian ere. Haren egoera moral ez-klasista ez da konstituzio idatzietan ageri, Historian eta Historiaurrean baizik, eta ez da armen bidez defenditua izan, ezpada beste edozeren gainetik euskaldunak duen abantailen kontzientzia irmoaren bidez baizik. Euskalduna inoiz ez delako izan esklabo ez bilau: abantaila du auzoen aurrean. Eta badaki.

Harro dago bere burua gobernatu izan zuen urteaz. Nola gai izan zen ordenari eta Elizaren egiazko bakeari eusteko; libertatea eman zien kontzientzia guztiei, jaten eman pobreei, gaixoak sendatu zituen, gobernuari dagozkion zerbitzu guztiak gidatu zituen exekutiboaren eta herriaren artean kereila bat bera ere eragin gabe, ezta exekutiboko teoriko dibergenteen artean ere. Espainia osoan bakarra izan zen gobernatzeko prestatuta zegoela frogatu zuena. Beste batzuek asasinatzen eta masakratzen zuten bitartean, langile klaseak izutu eta aberria etsaiari saltzen zioten bitartean, euskaldunak giza elkartasunaren lokarri sendoekin lotu zuen bere nazio txikia, bere arrantzontzien altzairuzko alboak bezain gogor. Berea egiazko Herri Frontea izan zen, hura osatzeko motibo maltzurrik izan gabe. Oso sustrai sakonak ditu, eta oso leinu zaharra da, baina berdetasunez eta bertutez beteak ditu hostoak, eta urtero berritzen dira. Izerdi bizikor eta osasuna metatzen dute, zeinak klaserik gabeko gizarte batetik baitatozkio, eta irmo irauten dute suaren eta leherketen azpian, herriak hautatuko dituen hurrengo legegileei gerizpea eman zain. Sinbolo eta historia ditu Gernikako Arbola».

George L. Steer, El Árbol de Gernika. Un ensayo sobre la guerra moderna, Txalaparta, Tafalla, 2004. 489-490. or.