Artxiboa egileka: Koro Garmendia

Uste okerrak zuzentzen

Koro Garmendia Iartza

Zenbatek eta zenbatek uste dute, oraindik ere, bi hizkuntza erabiltzen dituen ia edonor izan daitekeela itzultzaile. Gure eremuetara etorrita, euskaraz eta gaztelaniaz edota euskaraz eta frantsesez moldatzen den ia edozein aritu daitekeela itzulpenak egiten. Lan txukunak egiten, alegia. Pentsatzen dut lanbidean dabilenak ez duela azalpen gehiegiren beharrik izango uste horren ustelaz konturatzeko; are gutxiago itzulpengintzan urteak daramatzanak, hamaika ikusiko baitzituen denbora horretan, gozoak nahiz gaziak.

Zer esan geniezaieke itzulpengintzaren inguruan halako ikuspegia dutenei? Lehenik eta behin, itzulpenak egiten jakiteak itzulpenak ondo egiten jakitea esan nahi duela. Litekeena da azal-azaletik ikusita gure egitekoak misterio handiegirik ez izatea, baina azalaz bestalde mundu bat dagoela konturatzeko ere ez da ahalegin handiegirik egin behar. Astebete gurekin ematera gonbidatuko bagenitu, bigarren egunerako, iritzia bestelakotuta izango lukete. Dena den, ondora ekarri beharrik izan gabe ere, badugu hainbat argudioren, irudiren eta adibideren bidez buruan duten irudiaren okerra ikusarazteko modurik.

Argudio nagusia, indartsuena, honako hau dela esango nuke: hitzen esanahia ezagutzea ez da nahikoa itzulpenak ondo egiteko. Askotan, hortxe egoten da koska, hitz solte bakoitzaren ordaina ondo jasotzeak ez baitu beti sortzen den esaldia ondo dagoela bermatzen. Hitzak, ordainak eta esanahiak ondo josten jakin behar da. Muina ondo jasotzea eta ondo ematen asmatzea zaila izaten da askotan, baina ezinbestekoa. Eta hortxe ditugu, beti gogoan, joskera, erregistroa, ulergarritasuna, hitzen ordena, galdegaia…

Baten bat konturatuko zen, dena den, «hitz bakoitzaren ordaina ondo jasotzea» horretara iristerako, asko eta askotan, makina bat zalantza eta buruhauste gainditu behar izaten dela bidean…

3 Iruzkin

Koro Garmendia atalean

Hitz solteak itzultzea ez da beti samurra izaten…

Koro Garmendia Iartza

—Aizu, nola esaten da servicio?

—Zerbitzu.

—Bale. Eskerrik asko.

—Itxaron, itxaron. Zer esan nahi duzu servicio horrekin?

—Zer izango da ba? Zerbitzua. Oraintxe esan didazu.

—Bai, bai. Baina komuna ere izan daiteke.

—Komuna? Orduan, zer jarriko dut?

—Zer adierazi nahi duen ikusi beharko, bata edo bestea aukeratzeko.

—Niri servicio euskaraz jartzeko eskatu didate. Ez didate besterik esan.

—Ba, orduan, galdetu norako behar duten. Komuna dagoen lekuan zerbitzua jartzea, eta, pentsa, zerbitzua dagoen lekuan komuna… Aldrebes samarra ez al da?

—Bueno. Galdetu egingo diet ba. Beste gauza bat. Banco?

Banco, zer?

—Ba banco euskaraz nola esaten den.

Banco horrek zer adierazten du?

—Hemen banco jartzen du.

—Banketxea edota jarlekua izan daiteke.

—Orduan, zer jarriko dut?

—Adierazi nahi duzuna zehazten didazunean, esango dizut.

—Bueno, ea honekin laguntzen didazun. Orain arte, gehiegi ez, behintzat…

—Bota, bota.

Moneda?

—Ba txanpona, moneta edota dibisa. Moneta baino egokiagoa, hala ere, dirua.

—Bale. Horietako edozein, orduan?

—Ez, ez. Ezin da itsu-itsuan bat aukeratu. Kasuari dagokiona zein den ikusi behar da.

—Ba aukeratu bat.

Moneda hori zehatz-mehatz zeri buruz ari den adieraziko bazenit…

—Hain zaila da, ala?

—Ez dakizu zuk ondo esanahi bat baino gehiago dauzkaten kontzeptuekin zenbat denbora galdu behar izaten dugun, testuingururik ez izateagatik…

—Testuingurua, esan duzu?

—Testuingurua, bai. Testuaren ingurua. Itzulpena norako den, non jartzekoa, nor duen hartzaile, nor irakurle… Aurretik eta atzetik zer duen. Edo ondoan. Eta abar, eta abar.

—Hori guztia hitz bat itzultzeko?

—Hori guztia.

—Ez nuen bat pentsatuko…

—Bide batez, mesede bat eskatu nahi dizut. Testuingurua, argibideak eskatu ondoren jakinaraziko didazun hori, hurrengoetan ere zehaztu, mesedez. Niri eta beste edozein itzultzaileri. Ados?

Iruzkin 1

Koro Garmendia atalean

Lehiaketa baten izenburuaren harira

Koro Garmendia Iartza

Lehiaketa polit bat antolatu berri dute, haurrek gai jakin baten gainean egindako marrazki politenak-edo saritzea duena helburu. Toki dezentetan ikusi dut iragarrita. Ez da lehiaketa, haatik, lerrook idaztera bultzatu nauena; jarri dioten izenburua da deigarria iruditu zaidana: «7. Haurrentzako Marrazki Lehiaketa». Beste askotan ikusi ditut formula horri erantzuten dioten idazpuruak, eta beti eman didate zer pentsatua.

Lehiaketaren oinarrietan hizkuntzaren zuzentasunaren aldetik ikusi ditudan gorabeherak alde batera utzita, «zazpigarren» horren kokapenak ez nau konbentzitzen. Behin eta berriro han-hemenka irakurtzeak ez du, nire begietara, apropos bihurtzen. Pentsatzen dut lehenik eta behin lehiaketaren izenburu nagusia euskaratzeari ekingo ziotela ‒ez baitut uste euskaraz sortu eta gaztelaniara itzuli zutenik, nahiz eta poza hartuko nukeen oker banenbil‒, eta, hortaz, «Haurrentzako Marrazki Lehiaketa» finko samar zutenean, edizioa nonbait sartzeko premia sortuko zitzaiela, eta, urtez urte, konplikazio handiegirik gabe aldatzen joatekoa.

Gai honi nolabaiteko lotura ikusten diot duela ez asko Xabier Aristegietak blog honetan bertan egindako gogoetarekin (Izenlagunak beldurra ematen dit), euskaraz esaldiak josteko orduan ditugun joerak direla-eta. Hizpide dudan lehiaketa ez da «zazpigarren haurrentzako» lehiaketa, «zazpigarren lehiaketa» baizik. Ondorio horretara iristeko ahalegin ikaragarririk egin behar ez bada ere, ez dakit nik hori arrazoi aski sendoa den ondo adierazita dagoela baieztatu ahal izateko.

Buka dezadan nire ustez zuzenagoak diren bi aukera emanez: «Haurrentzako 7. Marrazki Lehiaketa» eta «Haurrentzako Marrazki Lehiaketaren 7. Edizioa».

Iruzkin bat utzi

Koro Garmendia atalean

Duela bi mila urte…

Koro Garmendia Iartza

Itzulpenak ahalik eta ondoen egiten saiatu arren, tarteka, nahi gabe, akatsak egiten dira. Eta batzuk ez edonon. Itzulpen-okerrek eragina izan dezakete; adibidez, auzitegietan, presidenteen hitzaldietan, nazioarteko biltzarretan… Eta okerrak egiteko aukerak, tamalez, biderkatu egiten dira itzulpena aldi berekoa denean; hots, tarterik ez denean hiztegietan kontsulta egiteko, zalantzak buruan dantzan ibiltzeko, eta aukeretan onenaren alde egiteko. Seguruenera, interprete askok ‒guztiek?‒ izango dute halako kasuren bat gogoan.

Xehetasun batekin zabalduko dut kasuistikarako tartea. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-ekitaldian, besteak beste Oliver Stone zuzendariak hartu zuen parte. Aretoan zen jendeari hitz guti batzuk zuzendu zizkion. Ingelesez. Aldi bereko itzulpena egiten ari zenak, baina, hanka sartu zuen esaldi batean. Stonek, Alexandro Handiari buruz egin zuen filmari buruz ari zela, «duela bi mila urte» gertatutako istorioa zela esan zuen (zehazki, two thousand years ago); itzultzaileak, berriz «duela berrehun urte» jazo zela.

Beti iruditu zait zaila, eta erantzukizun handikoa, interpreteen lana. Erantzukizunaren norainokoa, gainera, are handiagoa izango da xede duen ekitaldiak nolabaiteko oihartzuna duenean. Pentsa, adibidez, estatuburuen bilkuretan zer-nolako zama astuna izaten duten itzultzaileek bizkarrean. Kezkak ere, zer esanik ez…

Adibideak asko eta asko dira. Bat aipatuko dizuet. Nikita Khrustxev sobietar buruzagiak, 1956an Moskun hitzaldi bat ematen ari zela, komunismoa goraipatzen eta kapitalismoa gaitzesten, zera esan omen zuen: «Gustatu ala ez, lurperatzeko orduan bertan izango gara». Komunismoak kapitalismoak baino gehiago iraungo zuela adierazi nahi zuen horrela. Kontua da itzultzaileak beste modu batera eman zuela esaldia: «Lurperatu egingo ditugu». Mehatxu-kutsua zuen mezu horrek…

Iruzkin bat utzi

Koro Garmendia atalean

Musu-truk

Koro Garmendia Iartza

Anekdota polit bat ekarriko dizuet gaurkoan; izan ere, batzuetan, zeinen pasadizo ederrak sortzen diren, ustekabean!

Udako egun sargori batean, gizon urtetsu bat herrixka batera heldu da, oinez, bizkarrean motxila astun bat daramala. Izerditan dator, nekatuta. Tabernarik ez da herrian. Aitona batzuk itzaletan eserita daude, hari begira, eta elkarri kasu egin diote. Herriko zahar haietako batek dei egin dio alabari, iritsi berriarentzat zerbait atera dezan. Kasu egin dio alabak, handik gutxira ondo hornituta azaldu baita: ur freskoa, olibak, gazta eta ardoa jarri ditu mahai gainean.

Guztiek ere tarte atsegina eman dute berriketan, jan-edanean. Eta, agurtzeko garaia iristean, zenbat zor dien galdetu die kanpotarrak herritarrei. Ezetz, gizona, ezetz, hori ez dagoela ordaindu beharrik. Baietz ba, halako mokadua nolabait eskertu nahi diela. Ezetz, ezetz, egoteko lasai, debalde dela. Debalde? Bai, musu-truk. Musu-truk beraz. Bai, musu-truk. Orduan, alabarengana hurbildu da gizona, eta eskuan musu eman dio, esker onez.

Hiztegietan sinonimo ditugu dohainik, hutsaren truke, debalde, urririk, eta abar. Eta horien senide da musu-truk. Baina ezin uka ordain goxoa eman nahi duenak, dirutan zertzen ez dena, baduela hitz horretan sostengurik.

Iruzkin bat utzi

Koro Garmendia atalean

Pertsonaiak etxekotzen

Koro Garmendia Iartza

Ez da lan samurra izaten beste hizkuntza batzuetan sortutako ekoizpenak gurera ekartzean pertsonaien izenarekin asmatzea. Marrazki bizidunen kasuan, adibidez. Kontuan izan behar da atalez atal euskaraz mintzatuko direla, gehienbat haurrak izango dituztela ikus-entzule, eta, pixkanaka, «ezagun» bihurtuko direla haien artean.

Materiala eskuetara iristen zaionean, besteak beste pertsonaiak izendatzeko pausoa eman beharra dauka itzultzaileak. Batzuetan, arazo handirik gabe egingo du hori ‒Nobita eta Sizuka hizkuntza guztietan dira Nobita eta Sizuka, kasu‒; beste batzuetan, ordea, zelula grisak gehiago nekatu behar…

Adibide bat jarriko dizuet. Esanguratsua eta aipatzeko modukoa iruditzen zaidalako. Little Bear hartza, marrazki biziduna, aski ezaguna da gaztetxoen artean. Kanadan du sorterria, eta herrialde ugaritara zabaldu da handik. Euskal Herrira, esaterako. Hemen, Hartz Txiki du izena. Lagun asko ditu; animaliak dira gehientsuenak, baina gizakirik ere bada tartean. Bereziki, aurrenekoen izenak dira hemen nabarmendu nahi ditudanak. Hartzaren lagunik onenek hauek dituzte jatorrizko izen: Duck, Hen, Cat eta Owl.

Euskaratzeko orduan, nahikoa zuen itzultzaileak, buruhausteetan murgildu beharrik gabe, besterik gabe euskaraz ematea: Ahate, Oilo, Katu eta Hontz. Horixe egin zuten, adibidez, portugesez: Pata, Galinha, Gato eta Coruja izendatu. Guztiz zuzenak dira. Eta ezin zuzenagoak izango ziren aipatutako euskarazkoak ere. Haatik, beste pauso bat eman zuen itzultzaileak; nolabait esatearren, bertoko kutsua emateko ahalegina egin zuen: ahateak Pattal du izena, oiloak Mokollo, katuak Zapi eta hontzak Gautxori. Ez al dira politak? Lan txukuna, benetan.

Ildo beretik joan ziren Frantzian ere. Izen aski politak hautatu zituzten pertsonaiak «etxekotzeko»: Cancane la cane, Picotti la poule, Chaminou le chat eta Ti-bou le hibou.

Askotan, itzalean gelditzen dira itzultzailearen ahalegina, ekarpena eta borondatea. Baina, batzuetan, eguzki-izpiren batek argi egiten du itzal horretan, eta iluntasuna argitzen: «Bai, merezi zuen».

Iruzkin bat utzi

Koro Garmendia atalean

Toponimiarekin lotutako hainbat bitxikeria

Koro Garmendia Iartza

Geografian zertxobait sakonduz gero, bitxikeria politak topa ditzakegu toponimiari dagokionez, hala urrutiko lurretan nola atarian bertan. Izendapenen nondik norakoan murgiltzean, berezitasun askoren erroa hizkuntza batetik besterako jauzia egitean dagoela ikus genezake. Bidaia dezagun, apur batean, munduan zehar.

Goazen, lehenik eta behin, Hornos lurmuturrera. Pentsatu al duzue inoiz zergatik jaso zuen eremuak halako izena? Labeekin edo beroarekin nolabaiteko zerikusia duelako, beharbada? Harrigarri samarra, ordea, duen kokapenari erreparatuz gero, Txile hegoaldean baitago. Bero handirik ez, beraz, inguru hartan. Nolatan, orduan, Hornos hori? Bada, Willem Cornelis Schouten esploratzaile holandarrak, 1616an, lurmuturra aurkitu berri zuenean, jaioterriaren izenaz bataiatzea erabaki zuen: Hoorn, alegia. Gerora, bukaerako bokaletako bat galdu, eta Horn bihurtu zen. Ingelesez, Cape Horn; frantsesez, Cap Horn; italieraz, Capo Horn; gaztelaniaz, Cabo de Hornos; euskaraz, Hornos lurmuturra.

Mugi gaitezen, orain, Yucatán penintsulara. Ba al zenekiten izenak gaizki-ulertu batean duela jatorria? Bertsioetako batek dioenez, esploratzaile hispaniar bat indigena bati zuzendu zitzaion, eskualdea nola deitzen zen galdezka, eta Ma’anaatik ka t’ann jaso zuen erantzun modura; hots, maia hizkuntzan, «ez dut ulertzen». Hitz horietatik, Yucatán moduko zerbait harrapatu zuen, nonbait, hispaniarrak, eta horrela finkatu zuten lurraldearen izen berria.

Honuntzago etorrita, nahasgarria izan daiteke, halaber, Mantxako kanalaren izena. Zer-nolako lotura ote du Mantxa eskualdearekin? Toponimian arakatu behar da kasu horretan ere, benetako zentzuaz jabetzeko. Frantsesek La Manche izendatu zuten. Manche hitzak, frantsesez, besteak beste mahuka adierazten du, eta halakoa da, hain zuzen ere, kanala: luzea eta estua. Manche hori Mancha modura itzuli zuten gaztelaniara, eta Mantxa euskarara. Jatorrizko zentzuari begiratuz gero, nolanahi ere, egokiagoak izango ziren Canal de la Manga eta Mahukaren kanala.

Hurbilera etorrita, Nafarroan, Irurtzun aldean den pasabideak, Bi haizpe du euskara izena; gaztelaniaz, berriz, Paso de las Dos Hermanas. Gaztelaniazko izendapena euskarazko izenaren gaizki-ulertuaren ondorioz sortu zen, bi haitz beharrean, bi ahizpa ulertuta. Ez da aldrebeskeria handiegia gaztelaniaz duen izena, haitz biak elkarren ondoan baitaude, eta zinez baitira elkarren antzeko; hala ere, ez da, inondik ere, euskaraz duen izendapenaren baliokidea.

Buka dezagun Donostian; zehazki, itsasertzeko Loretopean. Gaztelaniaz, Pico del Loro deitzen dute, nahiz eta lororik behintzat ez den han inoiz izan; bai, ordea, Loretoko Ama Birjinari eskainitako ermitatxo bat, gaur egun Miramar jauregia denaren lorategian. Horregatik, Loretopea izena zuen bi hondartzak bereizten dituen harkaitzak. Pentsa zer ulertzen zuten euskara ez zekitenek gaztelaniaz halako izena emateko…

7 Iruzkin

Koro Garmendia atalean

«Los aitas», «los aitonas», Sofia eta Letizia

Koro Garmendia Iartza

Erkidego berean bi hizkuntza bizi direnean, eta herritarrek biak erabiltzen dituztenean, ezinbestean gertatzen dira alde bietarako hizkuntza-migrazioak. Eta hartu-eman horrek bitxikeria batzuk sortzen ditu. Besteak beste, hizkuntza batek bestearen hitzak maileguan hartu, eta haren logikaz janzten dituenean. Adibide bat jarriko dizuet, eta erraz ulertuko duzue.

«Vamos a comer a casa de los aitas». Zenbat larunbat-igandetan entzuten ote dugun halako esaldia! Ezer arrarorik antzeman al diozue? Ez, agian; hain da normal eta usua. Bideratuko zaituztet, bada: «los aitas». Aita bat baino gehiago? «Los gatos» katu bat baino gehiago izendatzekoa den bezala? Ez, bada. Aita eta ama dira «los aitas». Ildo berekoa dugu «los aitonas»; aitona bi ez, baizik eta aitona eta amona adierazten dituena.

Beharbada, hain arrunt eta eguneroko bihurtu zaizkigunez, gutxik joko du haien desegokitasunari buruzko gogoetara. Ez dakit zehazki non eta nola sortu ziren aldaerak. «Los padres» eta «los abuelos» saihestuta, halako silogismoren bat egingo zuen baten batek: padre = aita; abuelo = aitona. Lixto! Los padres = los aitas; los abuelos = los aitonas. Ez dirudi hain zaila!

Harridura eragiten dit hautu horrek, euskaraz baditugulako hagitz egokiak diren beste bi ordain: gurasoak eta aiton-amonak. Aitortu beharra dago euskarak zentzuzko bidea hartu zuela binomioaren alde egitean, eta hitz bakarrean senide biak izendatzean. Gerora etorri dira, sexuen arteko berdintasunaren izenean, gaztelaniaz «los padres y las madres», «los abuelos y las abuelas», eta halako formulak erabiltzeko beharrak.

Hori guztia hizkuntzen arteko bizikidetzaren ondorioa da. Eta eragina baterakoa zein besterakoa izan daiteke. Hor ditugu, adibidez, zeresana ematen ari diren borboitarrak aipatzeko erabiltzen diren «Espainiako erregeak», «Asturiasko printzeak», eta gainerakoak, errege-erreginak eta printze-printzesak beharko luketenean. Sofiak eta Letiziak ere lekua nahi baitute monarkia xelebre honetan…

Iruzkin bat utzi

Koro Garmendia atalean

Hitz bi itzultzaileen zaindariaz

Koro Garmendia Iartza

Aita Santu baten agurrarekin eta bestearen izendapenarekin, hautsak harrotuta izan ditugu azkenaldi honetan Vatikanoan. Elizgizonen bilkuren ingurukoak irakurtzean, Michelangelo Buonarrotik margotutako kaperaren irudiak ikustean, eta latinezko mintzaira entzutean, San Jeronimo etorri zait gogora; itzultzaileen eta interpreteen zaindaria, alegia. Egin diezaiodan tartetxo bat blog honetan.

Nolatan den San Jeronimo itzultzaileen eta interpreteen zaindari? Bada, ordura arte grezieraz eta hebreeraz zegoen Biblia latinera itzuli zuelako. Damaso I.a aita santuaren idazkari zenean jaso zuen Liburu Santuak latinera itzultzeko mandatua. Artean, baziren beste itzulpen batzuk, baina estiloaren aldetik bateratu gabeak, zehaztasunetan lausoak eta jatorrizko bertsiotik dezente aldenduak. San Jeronimok latin klasikoa ondo baino hobeto menderatzen zuen arren, latin xehea erabiltzearen aldeko hautua egin zuen, herritarrek aise uler zezaten. Horrexegatik deitzen zaio Bibliaren itzulpen horri Vulgata: latin arruntean idatzita dagoelako. Urtetako lana izan zen hura ‒hogeitik gorakoa‒, erantzukizun handikoa, eta ez denen gustukoa.

Esan beharrik ez dago hamaika buruhauste ekarri zizkiola Biblia itzultzeko zereginak. Eta, eskarmentuaren kariaz, adierazpen interesgarri hauxe egin zuen, beste askoren artean: «Ego enim non solum fateor, sed libera voce profiteor, ne in interpretatione Graecorum, absque scrituris sanctis, ubi et verborum ordo mysterium est, non verbum e verbo, sed sensum exprimere de sensu» (Nik esaten dizuet, eta ozen aldarrikatu ere egiten dut, greziarrek Liburu Santuei dagokienez egindako interpretazioan, hitzen ordena bera misterio hutsa dela, eta, hitz bakoitzaren esanahia ulertzeko, ez diodala hitzari berari begiratzen, zentzuaren zentzuari baizik).

Ezagun egin diren beste esaldi ugariren sortzailea dugu, halaber. Hona horietako batzuk: «Aritu zaitez lanean, deabruak beti lanpetuta topa zaitzan», «Aurpegia arimaren ispilu da, eta begiek, isilean, bihotzaren sekretuak islatzen dituzte», «Has zaitez orain bertan aurrerantzean izango zaren hura izaten».

San Jeronimo 420an hil zen, 80 urte zituela. Zehazki, irailaren 30ean. Hain zuzen ere, horregatik ospatzen da egun horretan Itzultzaileen Eguna. Apur bat falta da oraingoz buruilari ongi etorria emateko, baina ez dago ordura arte itxaron beharrik itzultzaileak eta interpreteak ongi egindako lanagatik zoriontzeko!

Iruzkin 1

Koro Garmendia atalean

Entsalada berezia

Koro Garmendia Iartza

«Pues, benetan, ni superragobiatuta atera naiz etxetik. Nere ama denbora guztia esaten euritakoa hartzeko, que si me voy a mojar, que si voy a pillar un catarro… Jun dadilla pikutara! Baño ze usteu, que sigo teniendo diez años o qué?».

«Qué fuerte gaurko azterketa! O sea, se ha pasau! Nik uste det aprobatuko detela, baño por los pelos, e?».

«Ba, atzo, festetan, superondo. Hasieran pixkat flojo, poco movimiento, baño gero, pixkanaka, gero eta jende geyo, ta azkeneako superguay. Eztakizula zein etorri zan? Me lo cuentan y no me lo creo, chaval».

Segur aski, entzungo zenuten halako hizkera. Barra-barra erabiltzen da; gazteen artean, bereziki. Nahi baino gehiagotan izaten naiz tankera horretako solasaldien lekuko. Nola definitu mintzaira hori, ordea? Esaldi bakar bat euskara txukunean hasi eta bukatzen ez dutenean, eta gaztelaniaz beste horrenbeste, zein sorburu-hizkuntzan ari direla esango genuke? Euskaraz? Gaztelaniaz? Galdera hori bera esaldien sortzaileei luzatuz gero, euskaraz ari direla erantzungo digute, seguruenera. Nolanahi ere, entsalada hori euskara dela esatea ez al da atrebentzia handi samarra? Haatik, gaztelania dela ere ezin esan…

Inoiz edo behin, halako esaldiak dituen testuren bat itzuli beharra egokituz gero, beste galdera bat sor dakiguke: nola itzuli? Kale-hizkeran itzultzea nahikoa al da? Formari dagokionez, zer-nolako tasunez hornitu beharko genuke xede-hizkuntza? Ba al da halako esaldien zertzeladak islatzerik? Nola itzuli, halakorik egin badaiteke behintzat, autobusetako gazteen esaldiak?

3 Iruzkin

Koro Garmendia atalean