Erresuntiboak? Batzuk bai, beste batzuk ez

Karlos Cid Abasolo

Testu honek neure buruari eta Euskaltzaindiari (apal-apalik) zuzenketa txiki bat egitea du helburu. Neure buruari, zeren nerau izan bainintzen Sareko Euskal Gramatikan (SEG) perpaus erlatiboei buruzko atala paratzeko ohorea jaso zuena eta lerrootan zuzenduko dudan akatsa SEGen baitzegoen (jada zuzenduta dago: mundu digitalaren onurak…).

EGLU-Vek eta SEGek izenordain eta adberbio erresuntiboak aipatzen dituzte perpaus erlatibo arruntak osatzeko estrategia gisa. Hainbatek gaitzetsi eta gutxi batzuek (hala nola Xabier Amurizak, bai teorian, bai praktikan) goraipatutako baliabide horren adibide zenbait ematen dizkigu EGLUk. Haietako bat, honako hau (191. orr.):

Haren aurrean egia esateko agindu zenigun gizona.

Eta honatx  SEGen aipatutako bat:

Bertatik botako ez nauten egoitza seguru baten jabe egin nahi dut (Anjel Lertxundi, Paper-festa, 212).

Bada, bietan dago akats bera (hobeto esanda, EGLUn badago eta SEGen bazegoen): erresuntibo hitzaren erabilera okerra. Izan ere, euskal erresuntibo adjektiboa ingelesezko resumptive eta espainierazko reasuntivo adjektiboen baliokide da, zeinak, hurrenez hurrez, «berriz ere hartu» esanahia duten resume eta reasumir aditzetatik eratorriak baitira. Hortaz, erresuntiboak, berez, deiktiko anaforikoak dira, hots, erreferentzia egiten dioten hitzaren ostekoak, eta goiko bi adibideetan, ordea, kataforikoak dira, zeren lehenago ageri baitira erreferentzia egiten dioten izen ardatza edo izen sintagma ardatza (hurrenez hurren, gizona eta egoitza seguru bat) baino. Hortaz, bi adibide horiei gagozkielarik, izenordain/adberbio erlatibo horiek kataforikotzat  jo behar dira, eta ez erresuntibotzat.

Zeintzuk har ditzakegu, hortaz, erresuntibotzat? Euskarari dagokionez, perpaus erlatibo aposatuetan ageri direnak soilik, horiek izen ardatzaren atzean ageri baitira, deiktiko anaforiko gisa. Honatx ahozko adibide bat:

Batetikan poza, bestetikan tristura haundia, amets zoragarri bat izan zalako neretzako egi bihurtu dena baina prezio haundia ordaindu behar izan dana honengatikan.

(Mariano Kamio,  2011ko ekainean ETBri egindako adierazpenetan).

Hortaz, terminologia egokia erabiltzekotan, hobe dugu «izenordain eta adberbio erlatibo kataforiko eta anaforikoak» esan edo, nahi bada, anaforikoei deitu erresuntibo.

Nahasmendua nondik datorren pentsatzen jarrita, kontuan hartu behar dugu honelako erlatibakuntza estrategia oso ohikoa dela hainbat hizkuntza indoeuroparren ahozko hizkeran eta hizkuntza horietan perpaus erlatiboa izen ardatzaren eskuinean ageri dela. Eta, hortaz, hemen aztergai (edo aipagai) ditugun izenordain eta adberbio horiek anaforikoak direla beti hizkuntza horietan. Hortaz, erresuntiboak.

Zeinu diakritikoak, hizkuntza eslaviarrak eta euskara

Karlos Cid Abasolo

Duela bi hilabete Santi Leonék kanpoko izenen zeinu diakritikoak euskaraz errespetatu behar ote ziren gaiari buruz duen iritzia eman zigun foro honetan. Ni, bera bezalaxe, ez nago ados Berria-k estilo liburuan ebatzitakoarekin (zeinu horiek kentzearekin, alegia). Leoné beren horretan uztearen aldekoa da. Ni ere iritzi horretakoa naiz, baina ez kasu guztietan. Behin, oso aspaldi, neure itzulpen batean, hirugarren bide bat urratu nuen, ondoko lerroetan azalduko dudana.

Euskal tx digramari dagokion hotsa, jakina denez, hainbat hizkuntzatan dago, hala nola hizkuntza eslaviarretan. Baina kontuan hartu behar dugu hizkuntza eslaviar batzuek alfabeto zirilikoa dutela eta beste batzuek latinezkoa. Alfabeto zirilikoa duten hizkuntza eslaviarretan euskal tx digramaren baliokidea ч grafema da. Eta serbieratik, errusieratik eta abarretik halako grafema duen izen bat euskaratzerakoan, itzultzaileak ez du batere zalantzarik izaten: tx. Honatx adibide bat: Leon Tolstoiren Смерть Ивана Ильича, euskaraz, Ivan Ilitxen heriotza da, Xabier Mendiguren Bereziartuk 1991n argitaratutako itzulpenean.

Latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarrek, hots horretarako, č grafema dute. Baina, gainera, kroazierak badu oso antzekoa den fonema bat ć grafemaz adierazten dena. Esaterako, kroazieraz, Petrović deitura dago, zeina eslovenieraz Petrovič den. Eta hor, euskal itzultzaileak zalantza handia izan lezake: zeinu diakritiko eslaviarrok errespetatu? Berriaren estilo liburuari men egin eta, besterik gabe, zeinu diakritikoa kendu? Tx-ez ordezkatu? Arazoa da ć eta č horiek, euskal irakurlearentzat, ez direla ezer. Eta Berria-bideari jarraikiz gero, espainiera, frantses eta abarren ortografiaren eraginez, “Petrovik” irakurtzeko arriskua egon litekeela. Kontua da jende gehienari ez diola axola atzerriko izen bat ondo ahoskatzeak. Niri, ordea, arraro samarra naizenez, bai.

Euskal x grafemarekin beste horrenbeste gertatzen da: bai ш grafema zirilikoak, bai latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarren š grafemak ere, euskal x grafemari dagokion hotsa dute. Ш grafema zirilikoa, euskaraz, x-rekin adieraziko luke edozein euskal itzultzailek. Latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarren hots bereko grafema, š alegia, ordea, nola adierazi euskaraz? S bidez (Berria-bidea), x bidez, ala š bidez, zeina ezein euskaldunek ez baitu jakingo nola ahoskatzen den? Zalantza hori agertu zitzaidan joan den mendean, Jaroslav Hašek-en Osudy dobrého vojáka Švejka euskaratu nuenean. Nola idatzi euskaraz eleberri zoragarri horretako protagonistari? Svejk, Xveik ala Švejk?

Lehenengo aukera (Berria-bidea) birritan pentsatu gabe baztertu nuen, zeren euskarak ondo baino hobeto bereizten baititu s eta x grafemei dagokien bi hotsak.

Hirugarren aukera ere ez nuen gogoko, zeren euskal irakurleak despista baitzitezkeen š eta j grafemekin (har bedi kontuan txekierazko j horrek euskal i-ren ahoskera duela).

Hortaz, bigarren aukeraren aldeko hautua egin nuen, alegia, protagonistaren izena euskal alfabetora egokitzekoa, š x bihurtuz eta j grafema i bilakatuz. Hala (eta barka bekit publizitaterako tarte hau), Xveik soldadu onaren menturak liburua sortu zen, hurrengo urtean jarraipena izan zuena.

Ez naiz ni bakarra izen horren egokitzapenaren bidetik jo duena. Alemanezko itzulpenak Derbrave Soldat Schwejk du izena, hots, txekierazko š sch bihurtu zuen itzultzaileak, eta v w. Eta Alemanian inork ez omen zituen horregatik soinekoak urratu. Xveik eta Schwejk izenak asmatuz, itzultzaile alemaniarrak eta biok Xabier Mendigurenek ш grafemari emandako tratu bera eman genion š grafemari. Finean, alfabeto zirilikoa duten hizkuntza eslaviarrei eta latinezko alfabetoa dutenei tratu bertsua ematea da hori.

Nire itzulpenaren irakurle urriek, ziurrenik, ez zuten munduko itzulpenik onena irakurriko (txarrena ere ez, espero dut), baina primeran ahoskatuko zuten protagonistaren izena, eta hori pentsatze soilak gogobetetzen nau.

Sagarra martxoak 25 de marzo manzana

Karlos Cid Abasolo

Lehenengo eta behin, ohartarazi behar dut testu hau otsailean argitaratu nuenaren segida dela. Hortaz, baldin eta hark norbait gogaitu bazuen (oso litekeena da), honako hau irakurtzea baino zeregin mamitsuagotan jardutea aholkatzen diot.

Otsailean «euskarazko testua + marra bertikala + erdarazko testua» motako elebitasun txatxua ekarri nuen hizpidera, Asier Larrinagaren testu bat oinarritzat harturik. Oraingoan, hori baino are txatxuagoa den elebitasun mota batez arituko naiz: euskarak eta erdarak hitz (edo zenbaki) bat edo gehiago partekatzen dituztenekoa.

Ekonomia linguistikoan oinarritutako joera hori kale-errotulazioan atzeman daiteke. Honatx nongoa den esan beharrik ez dagoen kale-errotulu bat.

algortako etorbidea

Erdaldunek hori irakurtzen dutenean, zer ulertuko dute? Bi aukera daude:

– Etorbidearen izena «Algortako» dela.

– Etorbidearen izena «Algortako etorbidea» dela.

Eta bi aukeretako bakar bat ere ez da zuzena. Errotulua diseinatu zuenak pentsatuko zuen bi letra mota nahasiz arazoa konpondurik zegoela, baina oker zebilen erabat.

Eta dena… latorri puska bat ez erostearren, errotulu baten ordez bi egon zitezen, hizkuntza banatan.

Mota askotako karteletan aurkitzen ditugu horrelako zentzugabekeriak. Gehienetan, ekitaldi baten eguna eta ordua, zenbakitan adieraziak, partekatzen dituzte bi hizkuntzek.

 ekainak 29

Hori larria da. Eta are larriagoa Euskal Herriko hiririk handieneko udalak diru publikoz argitaratutako testuetan halako astakeriak egiten direnean, hizkuntza-ezjakintza ikaragarria erakutsiz. Honatx adibide bat: aurtengo aratusteetako kartela hautatzeko lehiaketaren deialdia. Parte-hartzaileek bete beharreko bosgarren baldintza hauxe zen, hitzez hitz:

Karteleko testua hau izango da:

BILBAO 2014

ARATUSTEAK/CARNAVALES

Otsailak Febrero 27 – 4 Martxoak Marzo

Benetan zaila da hain hitz gutxitan Hego Euskal Herriko bi hizkuntzei errespetu gutxiago izatea. Lehiaketaren parte-hartzaileek, diru-goseak hartaraturik, zintzo-zintzo bete zuten bosgarren baldintza. Ze erremedio. Eta hona hemen kartel irabazlea, hizkuntza krimena eta guzti:

bilbao2014

Honek guztiak bide ematen dit neure aurreko testuen hitz gakoa hona ere ekartzeko: simulakroa.

Sagarra manzana, ikatza carbón

Karlos Cid Abasolo

Txit interesgarria iruditu zait Asier Larrinagaren Idatziaren kulturaren gainbehera testua, bi partetan partitua eta berecia. Hori dela eta, oraingo honetan haren testu horren bigarren atala iruzkindu edo osatu nahi nuke.

Besteak beste, formulario elebidunen ohiko diseinua dakar Asierrek hizpidera. Hainbat herri-izendapen ofizialetan bezala (hala nola Donostia/San Sebastián), euskarazko testua + marra bertikala + erdarazko testua agertu ohi dira halako agirietan. Asierrek adibidetzat ematen digun formularioan, esaterako, Data/Fecha, Eskaera-zk/Nº de pedido, eta abar. Eta hona hemen haren proposamena: “Nire iritziz, erabiltzaileari praktikoagoa izango litzaioke orriaren alde batean euskarazko bertsioa ipintzea, eta, beste aldean, beste hizkuntzako bertsioa”. Ados nago Asierren proposamenarekin (eta erantsiko nuke: mostradorean beti ikusgai egon bitez euskarazko aldeak), baina ez proposamenaren zioarekin: ez dut sistema hori nahiago “praktikoagoa” delako, baizik eta benetako elebitasunari begira egokiagoa delako. Data/fecha sistemaren bidez, arauzko elebitasuna bete nahi da, hizkuntza legedia bete nahi da besterik gabe, erabateko itxurakeriaz jokatuz, benetako elebitasunaren alde apustu egin ordez. Data/fecha sistemari egokia ez baina agian onargarria iritziko nioke bi hizkuntza dituen komunitate batentzat, baldin eta X hizkuntza dazagutenek ez balezagute Y hizkuntza eta, era berean, Y hizkuntza dazagutenek ez balezagute X hizkuntza. Baina hori ez da EAEko kasua (ezta NFE edo Ipar Euskal Herrikoa ere). Jakina denez, EAEn X (euskara) dazaguten guztiek Y (espainiera) ere dazagute, baina Y dazaguten guztiek ez dazagute X. Bestela esanda, eta formulario honi dagokionez:

– X hizkuntza ez dazagutenek mezu bakoitza behin bakarrik prozesatuko dute, ulertzen ez duten item bakoitzaren gainetik salto eginez. Erosoago moldatuko lirateke testua elebakarra izango balitz (erdarazkoa, jakina), baina tira, zer egingo zaio ba.

– X hizkuntza dazagutenen burmuinek, ordea, mezu bakoitza birritan prozesatuko dute, horrek dakarren nekearekin. Badakit badirela munduan neke handiagoak, baina nekea beti neke.

– X hizkuntza ezagutzeko bidean daudenek euskarazko hitz multzo bakoitzaren ostean erdarazko baliokidearekin egingo dute topo, euskaraz modu normalean bizitzeko aukera oztopatzen zaielarik. Data/fecha sistemarekin, euskarak beti ondoan dauka espainiera bizkartzain, bere kasa bizitzeko aukera ukatzen zaiolarik (eta hizkuntzez ari naizenean, hiztunez ari naiz, jakina).

Esan gabe doa formularioetako elebitasun txatxu hori ez dela formularioen esklusiboa. Esku-orriak, taberna eta jatetxeetako kartak, kartelak, CDak (ahotsa/voz, pianoa/piano…), ETAk zigilatutako materialaren inbentarioa, etab. bikoiztasun aspergarri (eta euskararen normalizaziorako kaltegarri) horren erakusle dira.

cuidatezainduzaitez

armak

Egia da ETAren estrategia linguistikoa ez dela erabat baztertzekoa. Azken finean, euskarari ematen dio lehentasuna, lau estrategiaren bidez:

–        Euskarazko testua lehenengoa da.

–        Euskal testuak letra handiagoa du.

–        Euskal testua letra lodiz idatzirik dago.

–        Erdal testua parentesi artean dago.

Baina hori ez da nahikoa.

Aipaturiko testu mota horientzat guztientzat (esku-orriak, taberna eta jatetxeetako kartak, kartelak, material-inbentarioak, etab.) egokiagoa da Asierrek formularioetarako proposatzen duena. Dena den, hizkuntza bakoitza erabat beregaina izan dadin, are hobe litzateke (kartelei dagokienez, jakina, ez hobe, baizik aukera bakar) euskarazko testua eta erdarazkoa orri banatan agertzea, horrek paper gehiago gastatzea (eta, ondorioz, zuhaitz gehiago ebakitzea) lekarkeen arren.

 zainduzaitez  cuidate

Eta, bide batez, hobe erdarazkoa mostradore, webgune eta abarretan euskarazkoa bezain “begi bistan” eta “eskura” ez badago. Azken finean, antzeko ikusgarritasun eza jasaten dute, besteak beste, euskal liburuek Euskal Herriko liburu-dendetan eta inor ez da kexatzen.

Kixotekeria?

Karlos Cid Abasolo

Leku- edo pertsona-izenetatik eponimoak deritzen hitz berriak (izenak, adjektiboak, aditzak…) sortzeko, besteak beste, atzizkibidea baliatu ohi dute hainbat hizkuntzak. Atzizki horiek hizkuntza bakoitzaren baitakoak izan daitezke, edo maileguak. Euskarari dagokiolarik, diglosia-egoeran bizi denez, hizkuntzaren baitakoak bazter utzi eta erdal atzizkiak lehenesteko joera izaten da. Eta agian bada garaia egoera iraultzekoa, idatzizko euskaran behinik behin. Aurreko testu batean, herritar-izenez jardun nuen. Oraingoan, ordea, pertsona-izenetatik sortutako adjektiboak ekarriko ditut hizpidera, Egungo Testuen Corpusean oinarriturik. Honatx adibide batzuk, zeinetan ikusiko den zein den nire proposamen ezin sinpleagoa, hots, jatorrizko izena errespetatzea eta euskal atzizki bat erabiltzea (-(t)ar jatorri-atzizkia, hain zuzen), erdal atzizkietara jo ordez:

  • cervantino (2 agerpen). Nire proposamena: cervantestar (2 agerpen –aupa! –).
  • dantesko (gehienetan, «espantuzkoa» adieraz erabilia): 40 agerpen. Nire proposamena: dantetar (0 agerpen. Tamala).
  • edipiko (31 agerpen). Elhuyar hiztegian ere ageri da. Nire proposamena: edipo(t)ar. Ez du agerpenik ETCn, baina adibide bat aurkitu dut (Ur Apalategi, Fikzioaren izterrak, Susa, 142. orrialdea). Aupa, Ur!
  • kafkiano (36 agerpen). Nire proposamena: kafkatar.
  • kixotesko (2 agerpen). Nire proposamena: kixote(t)ar.
  • makiaveliko (54 agerpen). Nire proposamena: machiavellotar (0 agerpen ETCn). Ingelesez, «machiavellian».
  • sardoniko (18 agerpen). Dirudienez, irriari aplikatu ohi zaion adjektibo hori Sardiniako sardonia belarraren izenetik eratorria da. Nire proposamena: sardoniar.

Eta abar, eta abar, eta abar…

Zenbait hitzetan, zorionez, -(t)ar atzizkia erabiltzeko joera izaten da, baina ez beti modu egokian. Esaterako, drakoniar adjektiboak 17 agerpen ditu ETCn. Bada, ez dirudien arren, hor ere espainieraren eragina dago, i bokalaren agerpenean, hain zuzen. Gogora dezagun Atenasko legegile hura Drakon zela izenez. Hortaz, euskal eponimo egokia drakondar da.

Esan gabe doa, adjektiboak sortzeko -(t)ar atzizkia dugun bezalaxe, izen abstraktuak sortzeko -tasun eta -keria atzizkiak dauzkagula (cervantestasun, macchiavellokeria, kixotekeria, etab.). Erdal -ismo atzizkiaren beharrik ez daukagu, beraz. Makiavelismo hitzak 12 agerpen ditu ETCn. Makiavelikotasun hitzak, ordea, bakar bat. Eta macchiavellokeriak bat ere ez. Dena den, beste kasu batzuetan hobeto daude gauzak: kixotismoak bi agerpen ditu ETCn; kixotekeriak, ordea, lau. Proposatzen dudana hain kixotetarra ez delako seinale.

Perpaus erlatiboak: ausardia pixka baten aldeko aldarria

Karlos Cid Abasolo

Anitz dira euskarak perpaus erlatiboak egiteko dituen bideak, baina ukaezina da batzuk beste batzuk baino askoz erabiliagoak direla (hobeto esanda, bat besteak baino askoz erabiliagoa dela) eta kasu edo postposizio batzuk beste batzuk baino maizago erlatibatzen direla, bai ahozko euskaran (espero litekeen bezala), bai idatzizkoan ere (espero litekeen bezala?).

N atzizkia da euskara mintzatuan zein idatzian gehien erabiltzen den erlatibatzailea, eta horrexegatik, hain juxtu, deitzen zaie «erlatibo arruntak» erlatibatzaile horren bidez sortutakoei. Dena den, erlatibatzeko modu horrek badu gabezia bat, beste batzuek ez dutena: ez dela izenordea, menderagailu hutsa baizik, eta hortaz, hizkuntza indoeuroparretan ez bezala (zeinetan izenorde erlatiboak dauden, edozein izenek bezala deklinabide edo preposizio bidez edozein funtzio sintaktiko bete dezaketenak), azaleko egituran ez dagoela erlatibaturiko kasu edo postposizioaren arrastorik. (Kasu edo postposizioaren arteko aldea zertan den jakin nahi duenak jo beza Pello Salabururen azalpenera). Hori dela eta, euskaldunok beste zantzu edo helduleku batzuk baliatzen ditugu perpaus erlatiboak osatzeko ez ezik, ulertzeko ere. Sareko Euskal Gramatikan irakurgai dago erlatibakuntza ahalbidetzen edo errazten duten zantzu, faktore edo estrategien hala moduzko zerrendatxo bat. Dudarik gabe, haietariko batzuk beste batzuk baino «hobeto ikusita» daude, eta, hortaz, batzuk beste batzuk baino «gaizkiago ikusita», hala nola izenordain edo adberbio erresuntiboak. Harrigarria badirudi ere, «gaizki ikusita» dauden estrategia horiek uste baino maizago agertzen dira ahozko eta idatzizko euskaran. Hala ere, haien aztarnarik ez dago estatistika xume bat egiteko aztergai izan nituen bi liburuetan.

Euskara idatziari dagokionez, Iñaki Aldekoak 1993an apailatutako Euskal ipuinen antologiaren ipuin gehienak eta Aldekoaren hitzaurrea aztertu nituen, kontuan harturik antologia horretan Jon Mirande ez beste idazleak Hego Euskal Herrikoak direla eta horrek, dudarik gabe, eragina duela emaitzetan.

-N

-TAKO

-(R)IKO

BESTERIK

%73,41

%19,05

%4,7

%2,8

Honatx beste datu batzuk:

  • -N erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasu eta postposizioen portzentaje-banaketa: absolutua (NOR) %72,75; ergatiboa (NORK) %19,55; inesiboa (NON) %6,73; genitibo posesiboa (NOREN) %0,64; instrumentala (ZEREZ) %0,32.
  • -TAKO erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasu eta postposizioen portzentaje-banaketa: absolutua (NOR) %98,76; ergatiboa (NORK) %1,23.
  • -IKO erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasu eta postposizioen portzentaje-banaketa: absolutua (NOR) %100.

Datu horietatik honako ondorio hauek atera nituen azterketa hartan:

  • Kasu eta postposizio erlatibatuen zerrenda askoz zabalagoa da perpaus erlatibo arruntetan, aditz jokatugabea duten perpaus erlatiboetan baino, aditz morfologiak erlatibakuntzan duen berebiziko garrantzia agerian geratzen delarik.
  • N erabiliz postposizio instrumentala erlatibatu denean (behin bakarrik, bidenabar esanda), postposizio-paralelismoak ahalbidetu du erlatibakuntza. Gogora dezagun sintagma erlatibatu isilduak eta izen ardatzak kasu- edo postposizio-marka bera dutenean («kasu- edo postposizio-paralelismoa» deitzen zaio horri) kasu guztiak eta postposizio itsatsi guztiak direla erlatibagarri. Adibidez: «Bizi naizen lagunarekin haserre nago» onargarriagoa gertatzen zaie euskaldun gehienei «Bizi naizen lagunak Mikel du izena» baino.
  • Perpaus erlatibo guztien %92,46 –N eta –TAKO motei dagozkie.
  • Aztertutako ipuinetatik jarrera orokorrak ondoriozta badaitezke, esan beharko dugu Hego Euskal Herriko gaur egungo idazleek, oro har, ez dutela gogokoa jatorriz galdetzailea den izenordain (zein(a), zein(ar)ekin…) edo adberbio (non, nora…) erlatiboa erabiltzea. Bi adibide baino ez dira ageri aztertutako ipuinetan, Sarrionandia eta Atxagaren ipuin banatan.

Euskara mintzatuari dagokiolarik, R. M. Pagolaren Euskalkiz euskalki liburuaren ahozko testuak aztertu nituen, eta emaitzak honako hauek izan ziren:

-N

JOKATU GABEAK KORRELAZIOZKOAK ZEIN/NON AURREKARIRIK GABEKO GALDE-IZENORDAINA

%86,36

%4,54

%4,54

%2,27

%2,27

Esan gabe doa idatzizko euskaran askoz handiagoa dela perpaus erlatiboen erabilera ahozko euskaran baino. Oro har, eta jakina denez, mendeko perpausen ugaritasuna euskara jasoaren ezaugarri nagusietako bat da.

Honatx liburu horri buruzko beste datu batzuk -N erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasuen eta postposizio itsasien portzentaje-banaketari buruz: absolutua (NOR) %76,31; ergatiboa (NORK) %13,15; inesiboa (NON) %7,89; datiboa (NORI) %2,63.

Ikusten denez, idatzizko eta ahozko testuak biltzen dituzten bi liburu hauetatik antzeko ondorioak atera ditzakegu:

  • N da, alde handiarekin, erlatibatzaile erabiliena. Galdetzaile-jatorria duten zein eta non erlatibatzaileak ez dituzte idazle gehienek begi onez ikusten, erlatibatzeko modu horren potentzialitatea eta euskal idazle klasikoen joera baztertzen dituztelarik. Zertan datza potentzialitate hori? -N erlatibatzailearekin ez bezala, edozein kasu edo postposizio itsatsi erlatiba daiteke zein eta non erlatibatzaileekin.
  • Absolutua da, alde handiarekin, maizen erlatibatzen den kasua. Alde handi hori are nabarmenagoa da perpaus erlatibo jokatugabeetan. –N erlatiboetan, ordea, beste kasu eta postposizio itsatsi batzuen portzentajea (hala nola ergatibo edo inesiboarena) ez dira nolanahikoak. Baina kasu horietatik landa, ezer gutxi.

Bi ondorio horietarako arrazoi bera aurkitzen dut nik: erlatibakuntza ahalbidetzen edo errazten duten zenbat eta faktore, zantzu edo estrategia gehiago metatu perpaus erlatibo berean, euskaldun gehiago «ausartuko dira» erlatiboa erabiltzen. «Taberna horretan ikusi dudan laguna» izen sintagma oso onargarria iruditzen zaigu denoi, honako faktore edo zantzu hauek bateratu direlako: aditz morfologia (dudan aditz laguntzailean laguna izen ardatzaren arrastoa dago), izen sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentua izatea (adibide honetan, objektua), eta kasu-paralelismoa (kasu absolutua erlatibatu da eta laguna kasu absolutuan dago). Zenbat eta faktore, arrasto edo estrategia gutxiago metatu, euskaldun gutxiago «ausartuko dira» erlatiboa erabiltzen. Ikus, bestela, hurrengo adibidea:

Bizitzan ikasitakoek irakatsi didate –ezen ez txikitatik joaten nintzen maristen eskolako fraideek– garaian garaiko legearen argitan epaitzen direla erruak eta errugabetasunak. (Anjel Lertxundi, Etxeko hautsa, 2011, 19).

Adibide horretan, izen erlatibatua (eskola) aditz erlatiboaren argumentua izatea da aipatu hiru faktoreetatik erlatibakuntza errazten duen bakarra. Eta, hori gutxi balitz bezala, erlatibatu dena ez da kasu bat, postposizio adlatiboa bazik. Ondorioa garbia da: euskaldun gutxik erakutsiko lukete Anjel Lertxundiren ausardia. Nire uste apalean, zoritxarrez.

Ausardia eza bera ikusten dut perpaus erlatibo mota aukeratzerakoan edo, hobeto esanda, perpaus erlatibo motaren bat baztertzerakoan: euskal idazle klasikoek aurreiritzirik gabe erabiltzen zituzten jatorri galdetzailedun erlatiboez ari naiz, jakina. «Zeiñismoa» gaitzesten zuen (eta duen) garbizalekeria hau dela kausa, oso tresna eraginkor bat baztertu dute euskaldun askok, neurriz badarik ere berreskuratu beharko genukeena. Eta ez naiz ezer asmatzen ari: aholku bera eman zuen aspaldi aita Villasante zenak.

Eta, bukatzeko, bigarren aholkua, galdera erretoriko baten bidez adierazia: ez ote diogu –N menderagailuaren bidezko perpaus erlatiboari ahal genukeen baino potentzialitate txikiagoa ateratzen? Xabier Amurizak, nire galdera parafraseatuz, galdera orokorragoa egingo lukeelakoan nago: ez ote diogu euskarari ahal genukeen baino potentzialitate txikiagoa ateratzen?

Leku-izenak, herritarren izenak eta euskararen erabilera (hobe «Biturira noa», «voy a Gasteiz» baino)

Karlos Cid Abasolo

Aurretiaz ohartarazten dut orain idaztera noana nire aurreko ekarpenaren (Hitz bahituak eta euskararen erabilera izeneko testuaren) segida dela. Eta idaztera noana ez datorrela bat euskal herritarren joera nagusiarekin. Eta idaztera noanak bati baino gehiagori pentsaraziko diola La Razón eta ABC direla nire etxe ondoko kioskoan erosten ditudan egunkariak. Bada, hala uste duena oker ibiliko da. Nire proposamena, aurrekoaren ildotik, euskararen normalizazioaren hobe beharrez egiten dut.

Jakina denez, euskal herritarren artean, euskaldun zein erdaldun izan, oso joera zabaldua da gaztelaniaz aritzen direnean euskarazkoak erabiltzea leku-izenak (Arrasate, Gasteiz, Donostia –edo Donosti–, Iruñea –edo Iruña–) eta herritarren izenak (bilbotarra, gasteiztarra, tolosarra).

Bestalde, lehen ohikoa zen euskaldunen ahotik, euskarazko mintzoan, erdal kutsuko toponimia entzutea (Biturira noa, Pamplonara noa), eta gaur egun ere ohikoa dute Euskal Herritik kanpoko herritarren izenak, euskaraz beharrean (filipinar, amerikar, poloniar), espainieraz esatea (filipino, amerikano, polako). Nire aurreko «31 eskutik»-ari erreparatuz gero, espero izatekoak dira nire bi proposamenak, euskararen erabilera (edo, hobeto esanda, euskaldunen hizkuntza eskubideen errespetua) susta dadin: 1/ euskaraz euskal hitzak erabiltzea (Arrasate, Gasteiz, Donostia, bilbotarra, gasteiztarra, tolosarra, filipinarra, amerikarra, poloniarra); 2/ espainieraz, ordea, espainierazkoak (Mondragón, Vitoria, San Sebastián, Pamplona, bilbaíno, vitoriano, tolosano). Ez dirudi oso zaila, baina Euskal Herriko erdal hedabide gehienek (prentsa, irrati eta telebista barne) makillaje erraza nahiago dute. Harrigarriro, Euskal Herritik kanpoko zenbait hedabidek ere makillaje mota hori bereganatu dute, ziurrenik ezjakintasun hutsez («El Madrid se atasca en el mediocampo, donde se fatiga el tolosarra, cada vez más solo y exigido», El País, 2012-3-19). Hara, «tolosarra» idatzita, gorriz azpimarratu dit Word-ak hitz hori, aipu horretarako espainiera baineukan Word-en aukeratuta. Gora Word-a! (Hara, Word-a hitza gorriz azpimarratu dit Word-ak).

Arazoa pittin bat korapilatzeko edo, politikariak hor ditugu, bazterrak harrotzen eta leku-izen ofizialak hautatzen, beren jakintza filologiko ugariak baliatuz. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1982ko Euskararen Legea dela eta, udal bakoitza da herriaren izen ofiziala aukeratzeko ardura duena. Nafarroan, ordea, 1986ko vascuencearen legea dela eta, Foru Gobernua, nahi edo behar izanez gero Euskaltzaindiari aholku eskaturik. Eta, jakina, anabasa sortu: batzuetan, erdal izena aukeratu da ofizialtzat, hala nola Bilbao (jakina da, dena den, aldaera horrek bide luzea egin duela euskarazko tradizio idatzi eta ahozkoan). Maiz, ordea, euskal izena aukeratu da ofizialtzat, hala nola Sukarrieta. Beste kasu batzuetan euskal eta erdal izenak marra batez banandurik metatzen diren hitz elkartuaren alde egin da, hala nola Vitoria-Gasteiz. Eta, azkenik, euskal eta erdal izenak barra batez bereizita ageri direneko formula, hala nola Donostia / San Sebastián edo Pamplona / Iruña. Hau da, dudarik gabe, ikuspuntu linguistikotik, izendapen ofizialetarako hauturik egokiena. Gogora dezagun Donostia, ez dakit noiztik 2012 arte, ofizialki Donostia-San Sebastian izan zela, eta urte hartako abuztuan Gipuzkoako aldundiak, udalaren erabaki zentzuzkoari kasu eginez, hori baztertu eta Donostia / San Sebastián hautatu zuela ofizialtzat, Euskaltzaindiaren gomendioari men eginez. Hau da, Gipuzkoako hiriak bi izen ofizial ditu, Donostia eta San Sebastián, erabiltzen dugun hizkuntzaren arabera. Izendatze ofizialak bazter utz daitezela utopia bat denez, Donostiako udalaren bidea onargarri deritzodan bakarra da. Nerea Txapartegik, Aldundiaren ebazpenaren unean Donostiako udaleko kultura eta euskara zinegotzi zenak, arrazoi osoz esan zuen erabaki hura «aurrerakada handia izan zela hizkuntza normalizazioan eta toponimia zuzenaren erabilpenean». Zoritxarrez, badira udalak kontrako bidea egin dutenak. Esaterako, Lizarrakoak Estella/Lizarra baztertu eta Estella-Lizarra lehenetsi zuen. 2011ko irailetik hala ageri da Espainiako lurralde-politika eta herri arduralaritzako Ministerioaren herrien erregistroan. Nafarroako Gobernuak men egin behar izan zion Nafarroako Justizia Auzitegiak hartu eta Auzitegi Gorenak berretsitako epaiari. Lizarra izenari gagozkiola, gogora dezagun Espainiako politikari (hala nola Mayor-Oreja) eta hedabide askok, beren hizkuntza ohiturei bete ez eta, Lizarra hitza erabili izan dutela sarri espainieraz, Lizarra gora eta Lizarra behera, baina hori bai, izenaren zeta hori espainierazko ahoskerarekin ebakiz eta hitzari leku-izena eman beharrean eduki politikoa emanez (Lizarra berdin Lizarra-Garaziko akordioa). Hizkuntza-hautu horren gibelasmoa nabarmen-nabarmena da, hain nabarmena, non gutxi baitu gibeletik.

Honelako anabasaren aurrean, galde diezaiogun geure buruari ez ote ginatekeen erosoago biziko leku-izen ofizialik gabeko mundu batean. Aski litzateke gorago aipatu ditudan nire bi proposamenei jaramon egitea. Administrazioan (Euskal Herrikoetan nahiz Euskal Herritik kanpokoetan, hala nola Bruselakoan) lan egiten duten itzultzaileek eskertuko lukete. Eta makillajeari zirrikitu bat gutxiago utziko litzaioke. Agian zenbaitek usteko dute lorpen handia izan zela 2011n Espainiako parlamentuak Araba / Álava, Gipuzkoa eta Bizkaia izen ofizialtzat hartzea. Nahiago nuke espainierazko testu ofizialetan –zeinak inoiz irakurriko ez baititut– Guipúzcoa eta Vizcaya irakurtzea eta Espainiako parlamentuan euskarazko diskurtsoak (katalanezkoak eta galizierazkoak bezalaxe) debekaturik ez egotea. Zer da garrantzitsuagoa, azala ala mamia?

Hitz bahituak eta euskararen erabilera

Karlos Cid Abasolo

A hizkuntzak B hizkuntzatik hitz bat mailegatzen duenean, pentsatzekoa da ordura arte A hizkuntzak ez zeukala hitz horren esanahia biltzen zuen berba propiorik. Hala ere, euskararen historian kasu bitxiak gertatu izan dira maiz: esaterako, latinetik ursus hitza hartu zuen bere fonetikara egokiturik (otsoa), baina ordurako ursus-en esangura zuen hitz bat zeukanez (hartza, alegia), beste animalia bat adierazteko funtzioa eman zion. Azalpen hori aspaldi irakurri nuen eta aitor dut ez dakidala egiazkoa den, baina behintzat è ben trovato (edo trovata).

Hizkuntzetan, gizakietan bezala, ekonomia da nagusi. Zenbat eta baliabide gutxiagorekin, etekin handiena ateratzea da kontua. Zenbat eta bereizgarri gutxiagorekin, kontsonante multzo zabalagoa osatzea. Eta ez bide dago arrazoirik lexikoarekin ere horrela ez jokatzeko: A hizkuntzak B hizkuntzatik hitz bat mailegatzen baldin badu nahiz eta A hizkuntzak hitz horren esanahia biltzen d(it)uen berba propioa(k) eduki, ez da ekonomia printzipio hori betetzen ari.

Eta orain, harira: jakina da euskal hizkuntzari, euskalkien eta azpieuskalkien arabera, euskara, euskera, eskuara, üskara, etab. esaten zaiola euskaraz. Eta espainieraz? Hitz bat baino gehiago daude «euskara» esateko. Vascuence da, nik dakidala, espainieraren ahozko eta idatzizko tradizioan errotuena. Eta vasco ere hor dugu, agian vascuence baino berriagoa, baina (eta hori du abantailarik handiena) beste hizkuntza askoren hitzetatik hurbilagoa (basque, Baskische, basco, basc, baskičtina…), eta beraz, homologarriagoa (barka hitz hori erabiltzeagatik). Hala ere, Hego Euskal Herriko espainieraz euskera berba erabiltzeko joera nagusitu da eta, harrigarriagoa dena, RAEko erdaltzainek leku eman zioten hitz horri DRAEn. Hori bai: hasiera batean, erdal grafiarekin –eusquera–. Baina hiztegiaren geroagoko edizio batean beste urrats bat egin zuten espainiera euskalduntzeko joera horretan, hitzaren euskal grafia onartuz ez ezik, lehenetsiz ere: egun, DRAEren bertsio elektronikoan eusquera idazten baduzu, esanahia agertu beharrean, euskera hitza klikatzeko esaten zaizu. Hori bai: euskara idatziz gero, honako mezu hau agertuko da: «La palabra euskara no está registrada en el Diccionario». Laburbilduz, RAEk ebatzi du espainieraz zilegi dela, euskal hizkuntzari gagozkiolarik, vascuence (bigarren adieran), vasco (laugarren adieran), éuscaro (bigarren adieran), euskera eta eusquera (bigarren adieran) erabiltzea (aze inflazioa!), baina ez euskara (erne, beraz). Nik, ordea, espainieraz mintzatu edo idazten dugunean, lehenengo biak baino ez erabiltzea proposatuko nuke (eta proposatzen dut). Zergatik? Zer zerikusi du orain arte idatzi dudanak testu honetarako aukeratu dudan izenburuarekin? Zergatik euskaldunek (eta euskal herritarrek oro har) nahiago dute euskera edo euskara hitza vascuence edo vasco hitzak baino espainieraz aritzen direnean? Nik, azken galderari erantzuteko bi hipotesi dauzkat.

Lehenengo hipotesia: vascuence hitza oso euskaltzaleak ez direnek eta, maiz, euskararen etsai eta arerioek «bahitu» dutela, bereganatu. Norbaitek hedabideren batean hitz (hala ere, eder) hori erabili bezain laster, dardarka hasten gara, imajinatzekoa baita zer datorren gero: euskarak ez duela ezertarako balio, bere hitz guztiak «haitz» errotik eratorriak direla (?), zuhaitzari esateko hitz propiorik ez duenez «arbol» inportatu behar izan zuela, eta abar luze (barka!) bat. Eta gobernu batek lege bat jartzen badu indarrean euskara sustatzeko euskera hitza hobetsiko du legearen izendapen espainierazkoan. Beste gobernu batek, ordea, lege bat jartzen badu indarrean euskara, ez sustatzeko, baizik «arautzeko», vascuence hitza baliatuko du legearen izendapen espainierazkoan.

Bigarren hipotesia: Euskal Herriko erdaldunek euskera berba, beste hitz andana bezalaxe (Donostia edo Donosti, aita, sagardotegi, egun on…), erabiltzen badute (espainieraz aritzen direnean, jakina, euskaraz ez baitakite), mezu subliminal bat helarazi nahi digute, jarraian euskaratuko dizuedana: «ez daukat batere asmorik euskara ikasteko, baina aski dut nire erdaran egunero hogei bat euskal hitz tartekatzea neure euskalduntasuna (?) aldarrikatzeko». Bestalde, hainbat euskaldunek ere, euskera berba, beste hitz andana bezalaxe (Donostia edo Donosti, aita, sagardotegi, egun on…), erabiltzen badute espainieraz aritzen direnean, mezu subliminal bat helarazi nahi digute: «badakit euskaraz, baina aski dut nire erdaran egunero hogei bat euskal hitz tartekatzea neure euskalduntasuna aldarrikatzeko». Eta hainbat eta hainbaten jarrera hori dela eta, ez da, beste faktore anitzekin batera, euskararen erabilera behar eta espero adina areagotu azken urteotan. «Erabil dezagun euskal toponimia, erabil dezagun euskal antroponimia, esan dezagun kaixo eta agur, baina hori bai, beti en erdera». Nik, ordea, kontrako bidea hartu eta, bestelako proposamena dakart txoko abegikor honetara: berreskura dezagun, espainieraz ari garenean, vascuence hitza, aska dezagun berba hori euskara gorrotoz edo ezaxolakeriaz begiratzen dutenengandik, aska gaitezen geu ere. Dena den, aitor dut kosta egiten zaidala adibidearekin predikatzea eta izerdi patsetan hasten naizela Complutenseko ikasleen aurrean vascuence edo vasco esaten dudan bakoitzean. Baina, errepikatuaren errepikatuaz, gero eta errazagoa gertatzen zait, bai baitakit hitz bahituak erreskatatuz eta simulakroari itzuri eginez neure harri koskor apal-apala dakardala euskararen normalizazioaren hobe beharrez.

Erreferentziak:
“Hibridismo lingüístico en la Vasconia peninsular: sustrato vasco en el español”, https://cv2.sim.ucm.es/moodle/course/view.php?id=35687
Gaztelaniaz, nik beti «abuela»”, 2013/02/27, http://31eskutik.com/category/juan-luis-zabala/