“Maitearen erretratua egiteko” (Itzulpen desleial bat)

Itziar Otegi Aranburu

Ilobak eman zidan ideia. Edo, hobeto, haren euskara-irakasleak. Sukaldeko mahaian eserita aurkitu nuen behin iloba, etxeko lanak egiten. Poema ezagun bat hartu, eta, haren moldea baliatuz, beste bat sortu behar zuten. Oso interesgarria iruditu zitzaidan prozedura, hizkuntzarekin jolasteko bide emankorra, idazketa-lantegietan erabiltzeko aproposa.

Rodariren Fantasiaren gramatikan hizkuntzarekin jolasteko hainbat prozedura biltzen dira. Adibidez, alegiak kalkatzearena. Alegietatik urrun egon arren, Rodarik Joyceren Ulises jartzen du adibide, nola baliatzen duen Homeroren Odisea bere obra eraikitzeko koordinatu fantastikoen sistema konplexu gisa.

Laburragoan, egunotan irakurtzen ari naizen Gracias por la compañía ipuin-bilduman Lorrie Moore estatubatuar idazleak ezusteko atsegina eman dit, erreferentziakotzat daukadan –eta inoiz blog honetan aipatu izan dudan– Nabokov-en Signs and symbols ipuinarekin jolas egiten duen istorio batekin egin baitut topo ezustean: Referencial.

Beste adibide ezagun bat Joe Brainard-en I remember da, 1970ekoa. Molde horri jarraituz, Georges Pérec-ek Je me souviens ondu zuen 1978an. Gurean, Joseba Sarrionandiak Akordatzen sortu zuen 2004an, bide beretik. 2013an, Elearazi blogean, Danele Sarriugartek Akordatzen naiz (I) eta Garazi Arrulak Akordatzen naiz (II) sarrerak idatzi zituzten. Eta duela gutxi, 2022an, Aritz Galarragak Gogoan dut argitaratu du.

Atzera etxeko sukaldearen eskalara itzulita, Jacques Prévert-en poema bat hartu dut nik abiapuntu: “Pour faire le portrait d’un oiseau”, Paroles liburukoa. Susaren webgunean badaude Préverten zenbait poema, Mayak, Joseba Sarrionandiak, Julen Lekuonak edo Koldo Izagirrek euskaratuak, baina hura ez dut aurkitu, eta, behingoagatik, itzulpengintzan sakratua den jatorrizkoarekiko leialtasun-mandamentua bazter utzi eta aske aritzeko agindua eman diot neure buruari. Jolas honetan, jatorrizkoaren formari lotu natzaio, eta zenbait efektu gordetzen saiatu naiz, egokitzapena –edo ordezkapena– baliatuta; alegia, itzulpenetik guztiz urrundu gabe, nolabait.

Rodariren Gramatikan badago beste prozedura interesgarri bat: Zer gertatuko litzateke baldin eta…? Hortik ere joan liteke kontua. Izan ere, auskalo; Prévertek Artze irakurri izan balu, edo Laboa entzun, edo Istanbuleko txori-gizonak ezagutu, agian holako zerbait idatzi izango zukeen…

Maitearen erretratua egiteko
margotu lehenik ohe bat
goiko izara alde batean tolestuta
gonbidapen isilean
margotu gero
zerbait polita
zerbait soila
zerbait ederra
zerbait erakargarria maitearentzat
jarri hurrena oihala leku egokian
taberna batean
bulego batean
edo zinemarako ilaran
ezkuta zaitez atzean isilik
ezer esan gabe
zirkinik egin gabe
batzuetan maitea azkar azaltzen da
baina litekeena da urteak igarotzea
azaltzera deliberatu aurretik
ez etsi
itxaron
itxaron, behar bada, urte luzez
maitea arin edo astiro iristeak
ez baitu loturarik
margoaren azken emaitzarekin
 
maitea azaltzen denean
azaltzen bada
gorde isiltasun erabatekoa
itxaron ohean sartu arte
eta barruan denean
margotu artez izterrak oheari lotzen dizkion kate bat
eta gero
ezabatu banan-banan katebegi guztiak
kontu eginez maitearen larruazala ez ukitzeaz
margotu ondoren dekoratua
burdina forjatuzko oheburu eta guzti
zure maitearentzat
margotu baita ere zetazko izara berrien usain aratza
larruazal estreinakoz laztanduaren ikara
errai asetuek botatzen duten hasperena
itxaron gero ea maiteak lo hartzen duen
maiteak ez badu lo lasai hartzen
seinale txarra da
margoa txarra den seinale
baina lo hartzen badu seinale ona da
sina dezakezun seinale
orduan, poliki, egiozu maiteari zauri on bat
eta haren odol gorriaz
idatz ezazu zure izena margoaren bazter batean.

Izanak izen bila

Itziar Otegi Aranburu

Oso interesgarria iruditzen zait zerbait izendatzeko egiten den bidea. Zerbaiti izena ematekoa, edo zerbaitek izena hartzekoa. Zeren, zer da lehenago? Izenak sortzen du izana, edo izana bazen lehenagotik, eta hor ibili da auskalo noiztik, nolabait kontzientziaren azpiko linbo batean, norbaitek arrantzatu eta argitara atera arte?

Egin dezagun kontu oraindik izenik –hitzik– ez daukan zer bat badela, gauza abstraktu lauso formagabe bat, oraindik izendatu ez duguna –edo ez guztiz, ez erabat– baina sumatu edo susmatu bai, zerbait-bada-baina-ezin-dut-adierazi moduko bat. Hor dabil, beraz, izan bat oraindik izenik gabea, eta, bat-batean, norbaitek liburu bat egiten du, edo film bat, edo kanta bat, nolabait gai horri heltzen diona, eta hain ondo heldu ere, ezen hortik ateratzen baita ideia hori adierazteko hitza edo esapidea. Adibide ugari daude, eta batzuek –askotan gure albo-hizkuntzetatik pasatu ostean– Euskaltzaindiaren hiztegirainoko bidea egin dute. Esaterako, donjuan, “Emakumeak seduzitzea atsegin duen gizonezkoa”, edo paparazzi, “Prentsako argazkilaria, ospetsuen argazkiak, haien pribatutasuna errespetatu gabe eta baimenik gabe, egiten saiatzen dena”. Azken hori Felliniren La Dolce Vita (1959) filmean agertzen den kazetariaren abizena da jatorriz (bueno, zehazki, Paparazzo zuen abizena) eta hortik hedatu da. Ingelesak bi forma hartu zizkion italierari, singularra (paparazzo) eta plurala (paparazzi). Gaztelaniak eta euskarak, plurala bakarrik.

Don Juan Tenorio eta Paparazzo pertsonaiak dira biak, eta pertsona mota bat edo lanbide bat izendatzeko hitz gisa igaro dira hizkuntza orokorrera. Baina beste bide batzuetatik ere gerta daiteke film baten ondoren hitz edo esapide berri bat sortzea.

Ez dakit ikusita daukazuen Georges Cukorren Gaslight filma, 1944koa. Thriller psikologiko bat da, oinarrian Peter Hamiltonen izen bereko antzezlana duena (1938). eLiburutegiaren eFilm plataforman ikus daiteke, adibidez. Ingrid Bergman da protagonistetako bat, eta Oskar saria irabazi zuen lan horrekin. Film horretan kontatzen da nola senarrak (Charles Boyer), helburu jakin batzuk lortzeko, emaztea (Ingrid Bergman) manipulatzen duen ezkutuan gas-argiaren intentsitatea aldatuz, zaratak eginez eta abar, dena imajinatu egin duela eta burua galtzen ari dela sinetsarazteko.

Oxford hiztegiaren arabera, to gaslight aditzak zera esan nahi du: To manipulate (a person) by psychological means into questioning his or her own sanity; hau da, norbait bere senean ote dagoen zalantza egitera eramatea, manipulazio psikologiko bidez. 1961ean kokatzen du hitzaren lehen idatzizko agerpena.

Merriam-Webster hiztegiak definizio zehatzagoa ematen du: norbait psikologikoki manipulatzea, normalean denbora luzean, halako moldez non biktimak zalantzan jartzen baititu bere pentsamenduak, oroitzapenak eta errealitatearen gaineko irakurketa. Konfiantza eta autoestimua galtzen ditu, nahasmena sentitzen du, ziurgabetasuna bere egonkortasun mental edo emozionalari buruz, eta manipulatzailearekiko mendekotasuna.

Gaztelaniaz batera dabiltza mailegua eta kalko bidezko itzulpena, nahiz Fundéuk hacer luz de gas a alguien gomendatzen duen, RAE hiztegiak jasotzen baitu: Intentar que dude de su razón o juicio mediante una prolongada labor de descrédito de sus percepciones y recuerdos.

Frantsesez, détournement cognitif proposatu da ordain modura, edo décervelage, baina hor dabiltza biak maileguarekin batera.

Gurean, batez ere genero-indarkeriaren arloan ari da bidea egiten, gas(-)argiarena egin, gas-argiaren indarkeria eta antzeko esapideetan, June Fernandezen Argiako artikulu honetan bezala. Beste agerraldi batzuetan adiera zabalagoa ematen zaio, adibidez lan-arlora edo politikara eramanda. Elhuyar hiztegiak gaztelaniatik jasotzen du, baina aldendu egiten da jatorrizkoaren moldetik:

hacer luz de gas: zorotzat jo/hartu, erotzat jo/hartu; zoro/ero sentiarazi

—¿quién ha dicho eso? —tú, querido. No me hagas luz de gas:
—nork esan du hori? —zuk, laztana. Ez nazazu ero sentiarazi

Izan ere, gas-argiak baditu bere mugak gure artean bere horretan hedatzeko, batez ere erreferentea urrun geratzen zaigulako. Oso argia da jatorria ezagutzen baduzu, baina ez hainbeste, nondik datorren ez badakizu. Horren adierazgarri da euskarazko agerraldi gehienetan (gaztelaniaz eta frantsesez bezala) terminoaren azalpen bat jasotzen dela, gaslight edo gaslighting parentesi artean, edo Georges Cukorren filmaren aipamen bat. Hala ere, ezin ukatu badagoela galera bat urruntze horretan.

Eremu anglofonoan, 1944tik gaurdaino bide luzea egin du hitz honek, bigarren adiera bat hartzeraino. Orain, batez ere norbaitek bere onurarako beste norbait engainatzeko ekintza adierazten du, fake news eta adimen artifizialaren zenbait erabilerarekin lotuta (deepfake edo faltsutze sakona). Merriam-Webster hiztegiak urteko hitzik esanguratsuena jo zuen 2022an. Gainera, haren eremu semantikoa zabaltzen ari da, kide berriak batzen ari baitzaizkio; adibidez, gaslighting eta ghosting elkartuta, ghostlighting sortu da: pertsona batekiko kontaktu (birtuala) apurtu eta mamu bat bezala desagertzea, inolako azalpenik eman gabe, eta gero, besterik gabe itzultzean denean, hala egin duenik ukatzea.

Atzetik goaz, eta herrenka, bistan da. Kontzeptualizazioa hizkuntza nagusietan egiten da, eta oso azkar gainera. Eta, fokua gure kultura-produkzioan jartzen hasita, orain behintzat ez zait etortzen euskarazko film batetik sortutako hitz edo esapiderik. Ez dakit halakorik baden. Euskarazko film (edo antzezlan) ezagunenen rankingean Aupa Etxebeste! eta Kutsidazu bidea, Ixabel gailentzen dira. Beharbada, esan edo idatziko zuen norbaitek “(Aupa) Etxebeste bat egin”, edo “juanmartinkeria/ixabelkeria bat bota”, edo halakorik. Ez dakit.

Nolanahi ere, eta aurreko guztia gorabehera, esperantza pixka batez amaitu nahi nuke sarrera hau. Sinbolikoki, eta literalki. Burura etorri baitzait Gariren Esperantzara kondenatua, oso hedatuta dagoen erreferentzia bat. Legebiltzarrean, gutxienez hiru taldetako parlamentariei entzun izan diet aipu hori beren hitz-hartzeetan, eta sarean, berriz, agerraldi ugari ditu testu idatzietan. Irudipena dut erreferentzia izatetik esapide izatera igarotzeko bidean-edo dela. Arrakastatsua da esapide gisa, adierazkorra. Esperantza eta kondena, binomio ezohiko bat, binomio inprobable bat. Esperantza beharrezkoa, ezinbestekoa, baina nekeza, zaila, fatalismo puntu bat duena. Oso gure garaikoa, esango nuke. Irudipena dut sentipen hori lehendik ere bazela, gure artean genuela, bazebilela kontzientziaren azpiko linboan, eta Jose Luis Padronek bere hitzekin eta Garik bere musikarekin arrantzatu eta argitara atera zutela; horregatik txertatu dela hain ondo gurean. Izanak izena aurkitu duela, alegia.

Hizkuntza leku bat da

Itziar Otegi Aranburu

Urrian aurrera goazen honetan, gehienok atzean utzi ditugu jada uda parteko bidaiak. Orain, gure esku dauden bidaiak bestelakoak dira, geografia ez hain fisikoetan barrena egin daitezkeenak. Horretarako parada eskaini dit berriki esku artera iritsi zaidan liburu batek: La lengua es un lugar, Gris Tormenta Mexikoko argitaletxearena. Hamalau ahotsek beste hizkuntza bat hartu dute, dio liburuaren deskripzioak, hainbat testuingurutan literatura eta bizitza esploratzeko. Hori da kontua testu-bilduma honetan: arrazoi bat edo bestea tarteko, beren ama-hizkuntza ez den beste hizkuntza batean idazten duten egileen bilakaerak eta gogoetak. Nork bere esperientzia kontatzen du, nola izan zen aldaketa, zergatik, nola eragin duen bere idazketan hizkuntza batean baino gehiagotan bizitze horrek. Hitzaurrearen egile den Pablo Duartek dio egilearen ezegonkortasunaren esplorazioak direla testuok. Halako sakontasunetan sartu gabe, nik esango nuke idazle batzuen hizkuntza-biografiak direla, eta zinez interesgarriak.

Gogoetarako ardatzak bat baino gehiago dira. Lehena, hizkuntza eta kultura berri bat ikasteak idazleari sorrarazten dion arroztasunarekin lotutakoa. Yoko Tawada japoniarra ikastera joan zen Alemaniara, eta han hasi zen idazten, bai japonieraz, bai alemanez. Alemana ikasten hasteak errealitatea berriz deskubritzeko eta izendatzeko parada eman zion. Adibidez, japonierak ez omen du genero gramatikalik, eta Tawadak, objektu bakoitza izendatzeko hitzarekin batera, generoa ere ikasi egin behar izan zuen. Horretarako, objektuak banan-banan sexualizatu behar izan zituen, bere irudimenean sexu- eta izaera-ezaugarri jakin batzuk esleitu grapagailuari, arkatzari, idazmakinari, genero gramatikal jakin batekin lotzeko.

Eugène Ionescok, berriz, azaltzen du ingelesa ikasten hasi izanaren ondorio dela Emakume abeslari burusoila antzezlana. Urte batzuk lehenago frantsesa-ingelesa elkarrizketa eskuliburu bat erosi omen zuen, hasiberri mailakoa. Ingeleseko esaldiak eskuz kopiatzen hasi zen, buruz ikasteko, baina, ingelesa ikasi ordez, zenbait funtsezko egia ikasi omen zituen: asteak zazpi egun dituela, zorua behean dagoela, eta sabaia goian. Smith senar-emazteen arteko elkarrizketan, Smith andreak Smith jaunari jakinarazten dio hainbat seme-alaba dituztela, Londresen bizi direla, Smith jaunak bulego batean lan egiten duela, eta duela hogei urtez geroztik Martin senar-emazteen adiskide direla. Lau lagun horien arteko elkarrizketek ematen diote egileari antzezlana ontzeko abiapuntua, absurdoaren bidetik, hizkuntza automatikoa hartuta gai gisa, hizkuntzaren klitxeak, automatismoak, deus esan gabe mintzatzen den jendearen fraseologia.

Bigarren gogoeta-ardatza hizkuntza batetik beste batera igarotzeko arrazoiari dagokio. Askotarikoak dira arrazoi horiek: gerra, deserria, migrazioa, lana… baina badaude bestelakoak ere, Jhumpa Lahiri britainiar idazlearenak kasu. Lahirik lau liburu argitaratu zituen ingelesez, arrakasta handikoak, eta sari ugari eskuratu zituen. Bosgarrena, In altre parole, italieraz idatzi zuen, italiar hizkuntzan eta kulturan murgiltzearen esperientzia kontatzeko. Hortik aurrera, italieraz idatzi du batez ere (Dove mi trovo, Racconti romani…), eta bere lanak ingelesera itzuli ditu gero. Italiera idazketa-hizkuntza gisa hartzeko arrazoiak batez ere estetikoak dira Lahirirentzat, italierarekiko maitemintze baten ondorio. Ez zeukan beharrik edo obligaziorik, desio bat baizik, eta sortzailearen kalterako omen den segurtasunari uko egin nahia.

Beste ardatz bat itzulpena da, hizkuntzen arteko joan-etorriak, eta itzultzearen eta idaztearen arteko bidegurutzeak. Julien Greenek, adibidez, Keats poetaren eskutitz bat hartzen du hizpide, non azaltzen baitu bere poemetako ideia batzuk hitzek eurek iradokitakoak direla. Hitzek hizkuntza sortzeko ahalmena dutela. Frantsesa izan balitz, agian Endymion izeneko poema bat idatzi izango zukeen Keatsek, baina balizko poema horren indar emozionala guztiz bestelakoa litzateke ingelesez idatzi zuen Endymion poemarekiko. Endymion poemaren frantseseko bertsioak ez dira inolaz ere, dio Greenek, Keatsek idatzi izango zuen poema, jatorriz frantsesez idatzi izan balu, frantseseko hitzen soinuak guztiz bestelako irudi-jokoa iradoki izango ziolako. Julien Green bera 1940an Estatu Batuetara iritsi zenean Frantziari buruz liburu bat idazteko asmoz, Frantziari zor zion guztia bilduko zuen liburu bat hasi omen zen idazten, ordura arte ia beti bezala frantsesez, baina, hamar orri inguru idatzi zituelarik, liburu haren hartzaile nor izango ote zen pentsatzen hasi zen, eta, horren ondorioz, ingelesez idaztea erabaki zuen. Berriz ekin omen zion liburua idazteari, bere burua itzuli eta gauza bera beste hitz batzuekin esateko asmoz. Baina luze gabe konturatu zen beste liburu bat idazten ari zela, bestelako tonu batean, gaiari bestelako tratamendua emanez. Beste hizkuntza bat hartuta beste liburu bat idazten ari zela, beste egile bat bihurtu balitz bezala.

Silvia Molloy argentinar idazleak Valery Larbauden idazketa-aholku bat aipatzen du: arroztasun-ukitu bat ematea idazten dugunari. Eta Molloyk idazketa-metodo bihurtzen ditu ordura arte arazotzat zeuzkan bere hiru hizkuntzen arteko joan-etorriak. Testu bat idazten hasten denean, dio Molloyk, zail egiten zaio beti hasiera. Testua ingelesez idatzi nahi badu, esaterako, gaztelaniaz hasten da idazten, bitarteko testu bat sortzen du, eta gero, hasierako langa zail hori igaro duela iruditzen zaionean, ingelesera itzultzen du testua, eta ingelesez egiten du hortik aurrerakoa. Hau da, beste hizkuntza bat erabiltzen du bidea zabaltzeko.

Jhumpa Lahiri, eta liburuan ageri arren hona ekarri ezin izan ditudan Cristina Rivera Garza eta Theodor Kallifatides idazleak gurean izanak dira duela gutxi, Gutun Zurian eta Literaktumen, eta gogoeta mamitsuak utzi dituzte, bertako idazle batzuekin elkarrizketan. Hain zuzen ere, ideia hori eduki dut gogoan, temati, liburu hau irakurtzen ari nintzela. Behin eta berriz etortzen zitzaizkidan euskal idazleen adibideak eta gogoetak, aski interesgarriak. Horiek hartuta osa liteke, erraz asko, Hizkuntza leku bat da tankerako monografia bat, bertan bilduta gure idazleek hizkuntza batetik bestera egiten dituzten joan-etorriak, eta egiten ez dituztenak. Adibidez, Anjel Lertxundi, eta Itzuliz usu begiak; Iban Zaldua, zeinak euskaraz eta gaztelaniaz idazten baitu; Jose Luis Padronek bi horietan ez ezik galegoz ere idazten du; Eider Rodriguezek gaiari buruz gogoeta interesgarriak utzi zizkigun Idazlea itzultzailearen lantegi batean; Antonio Casado da Rochak Esku ezkerraz eta Islandiera ikasten eman zituen argitara, gaztelaniaz bi poema liburu argitaratu ostean; Kirmen Uribe, New Yorketik; Bernardo Atxaga eta Asun Garikano, zenbait lanetan behintzat euskaraz sortutakoa gaztelaniara itzuli eta berriz sorkuntza elikatzeko erabili izan duten prozesuaz; Erik Dicharry, zeinak euskaraz eta frantsesez idazten baitu, edo Beatriz Chivite poeta nafarra, Pekineko urrunean poemak euskaraz idazten hasi baitzen. Gutxi batzuk aipatzearren.

Nago zinez testu interesgarriak aterako liratekeela idazle horien hizkuntza-biografiak eta gogoetak bilduta, hizkuntzan, eleaniztasunean, idazketan eta itzulpengintzan interesa lukeen edonoren gozagarri.

Senar duenak jaun du

Itziar Otegi Aranburu

Jaun hitza bilatzen baduzue Euskaltzaindiaren hiztegian, honako hau agertuko zaizue bigarren adiera gisa:

2 iz. Zerbaiten edo norbaiten gainean erabateko eskua duen gizonezkoa. Zeruko eta lurreko erregea eta jauna delakoZure anaien jaun izan zaitezNire bihotzeko jauna. Esr. zah.: Senar duenak jaun du.

Esaera horrek eman dit atentzioa: Senar duenak jaun du. Hitzaren adieraren erakusgarri gisa dago jasota, modu neutroan. Ez dauka markarik, esaera zaharra izatearena besterik. Ez da hiztegi jakin baten kontua; Orotarikoan ere ageri da, bai eta Egungo Euskararen Hiztegian ere, antzeko formulazioan: Senarra duenak jaun izaten ohi du. Orotarikoan, sarrera berean, beste hau ere ageri da: Senarra bere jabe edo jaunzat artu ezkero. Ib. 374.

Euskaltzaindiarenean, senar hitzaren sarreran ere ageri da adibide hori. Eta nagusi hitzaren 2. adieran, beste hau: Gizona emaztearen jaun eta nagusi izateko. Ez dauka Esr. zah. markarik.

Emazte bilatuz gero ere badago antzeko adibideren bat:

emazte
1 iz. Norbaitentzat, berarekin ezkondua dagoen emakumea. Ik. senar-emazte. Bere emazte eta seme-alabakEmazteak senarrari zor dion onginahiaBesteren emaztearekinEmazte leialaHerodias emaztetzat hartu zuelakoAlaba emaztetzat ematen ez bazionBere emaztea utzi eta beste bat hartzen duenak ezkontza hausten du. || Esr. zah.: Hire etsaien emazte, eukek hik adiskideEmaztea hartzen duena handietarik, ez date etxean grina gabetarik.

Egungo Euskararen Hiztegian, adibideen artean entresaka eginda:

Emazte batek senarrari jarraitu beharko lioke. Oskar Arana, «Brooklyngo erokeriak» – Paul Auster, 2006 – 297. orr.
Ahul eta bizitasunik gabe gelditzen da senarra, emazteak zoriontsu egiten ez badu. Elizen arteko biblia  
Jipoiaren ostean, emazteak barkamena eskatu zion senarrari eta senideak biziki poztu ziren albistearekin. Patxi Zubizarreta, «Mila gau eta bat gehiago» – Anonimoa, 2002 – 24. orr.
Ez banu bortxatu, ez nuen Maddi emaztetzat hartzen ahalko. Itxaro Borda, «Zeruetako erresuma», 2005 – 186. orr.
Emazte ona izateko hezten da Malin emakumea, senarraren itzal izateko. Berria – Gaiak, 2004-03-18
Emazte leiala izan nahi dut. Koro Navarro, «Zortzi kontakizun» – Isaac B. Singer, 2002 – 141. orr.
Nik uste emazte batentzat amets ederrena hori zen, noizbait haur baten ukaitea. Janbattitt Dirassar, «Bihotzeko mina», 1997 – 66. orr.

Pentsatu dut beharbada senar eta emazte kontzeptuak berak direla arazo. Bikotekide begiratzera jo dut.

Euskaltzaindiaren hiztegian, aski neutroa da sarrera:

bikotekide
iz. Bikote bateko kidea bikoteko beste kidearentzat; bereziki, amodio harreman bat duten bikoteetan, kideetako bat bestearentzat. Ik. bikote lagun. Tolosako hotel batean nengoela, nire bikotekidea izango zena ezagutu nuen.

Egungo Euskararen Hiztegian begiratuta, ez dut aurkitu hizpide dugun adibidearen ildo berekorik, baina, ezustean, beste kontu batekin egin dut topo:

Emakume bat hil da Donostian bikotekidearen tratu txarrengatik. Berria – Euskal Herria  
Hiru gizon atxilotu zituzten herenegun, ustez bikotekideari erasotzeagatik. Berria – Euskal Herria  
Bikotekideak sarritan jotzen zuela aitortu zuen. Berria – Euskal Herria  
Salvador Floresek, 45 urteko dominikarrak, onartu egin du Dora Angulo bikotekidea hil egin zuela. Berria – Euskal Herria  
Bikotekide ohia jo duelakoan, gizon bat atxilotu dute Bilbon. Berria – Harian  
Bilbon 29 urteko gizon bat atxilotu dute, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua hausteagatik . Berria – Euskal Herria  

“Amodio harreman bateko kide” adieraren adibideetatik, gutxi gorabehera lautik bat indarkeria matxistarekin lotuta dago. Jakina, lautik hiru bestelakoak dira.

Zer pentsa ugari eman dit bilaketa xume honek. Nire asmoa ez da, inolaz ere, hiztegi bat edo beste seinalatzea, gogoeta egitea baizik. Gainera, badakit Euskaltzaindiarenean behintzat ari direla gogoetan, eta aldaketak egiten. Eta badakit, orobat, adibide horiek corpusetatik hartuak direla, liburuetatik, prentsatik, baina sortzen zaidan lehen galdera da zer irizpideren arabera hautatzen ote diren adierak edo erabilerak argitzeko adibide horiek, aplikatzen ote den genero-ikuspegirik hiztegigintzan. Begiratzen ote den, adibidez, simetria gordetzen den definizioak emateko moduan, jasotzen diren adibideetan, izen-abizenez aipatzen diren poeta, bertsolari, idazle, kantari eta abarren artean.

Eta, bigarren galdera, ona ote den adibide horiek horrela agertzea, ez hiztegi historiko edo etimologiko edo fraseologiko batean, baizik eta hiztegi orokorretan. Hain modu neutro edo aseptikoan. Modulatzaile edo egilearen intentzioaren argigarri litzatekeen testuingururik gabe. Hiztegiek, eta hizkuntza akademiek, hizkuntzaren notariotza lana egiten dute, badakit. Esapide horiek gure hizkuntzan eta kultur adierazpenetan daude, eta hiztegiek jaso egiten dituzte. Hain zuzen ere, hori da kontua: ez al dio neutraltasun horrek nolabaiteko naturaltasuna ematen, edo, ez dakit nola esan, onespena, esapideari berari? Ez al ditu jasotze horrek esamolde horiek –mundu-ikuskera baten isla– iraunarazten? Senar duenak jaun du. Hain matter-of-factly dago esana…

Argi dago garaiak aldatu egiten direla, eta mundu-ikuskerak eta haiei lotutako esamoldeak eta adierak ere bai. Hiztegiek, hizkuntzak eta kulturak bezala, badute tradizio bat, ibilbide bat. Garai batean normaltzat jotzen ziren hainbat esapide, egun, bortitz edo desegoki gertatzen dira. Hortik, hirugarren galdera: zer egin behar lukete hiztegiek halako adibideekin? Ezabatu? Desagerrarazi? Hiztegiak txukundu, adibide egokiak soilik utzita? Eta, erabilera adibide horiek hor egon arren, jaso ez? Itxura garbiketa bat eman euskarari? Pixka bat memoria historikoarekin gertatzen den bezala, kaleen izenak aldatu eta monumentuak eraitsi, iraganak orainaldiraino sendo iritsi diren sustrai luzeak izango ez balitu bezala? Ez al da zailagoa izango, hori eginez gero, sustrai horiei antzematea, iragan hori ageriko egiten duena eraisten eta desagerrarazten bada?

Beharbada ez da komeni adibide horiek hiztegietatik kentzea. Beharbada ez da txarra jaun edo senar edo nagusi hitzak bilatu eta senar duenak jaun du eta antzeko adibideak irakurtzea. Zeren, hartara, nahiz eta irakurtzen ditugun bakoitzean ezinegona eta amorru puntu bat sentituko dugun, lagundu egingo digu ulertzen non dituzten sustraiak jokamolde eta gertakari jakin batzuek. Lagungarri izan daitezke ulertzeko nondik gatozen, zergatik gauden oraindik gauden bezala, zergatik den hain zaila harreman berdinzaleak eraikitzea, mantentzea, edo, are, irudikatzea.

Halakoak hiztegietatik kentzea baino, nago askoz hobea dela hiztegiak, gainerako guztia bezala, betaurreko jakin batzuk jantzita irakurtzea. Betaurreko horiei zer izen jarri, norberak jakingo du: irakurketa kritikoaren betaurrekoak, feminismoarenak, berdintasunarenak, edo errespetuarenak.

Seguru dagoeneko halako asko dagoela gure literaturan, baina bururatzen zait hartu eta irauli ere egin ditzakegula esapide horiek, eta askoz naturalagoak diren beste batzuk sortu, eta idatzita utzi, hizkuntzaren notarioek hiztegietan jaso eta erabiltzaileen esku jar ditzaten. Senar duenak bidelagun du, adibidez; edo Gizona emaztearen euskarri eta babes izateko, edo Etxera iritsi zenean, egun osoa lanean igaro ostean akituta, bikotekideak ordurako prestatua zuen afariaren usain goxoa aditu zuen Izarok.

Izenberritzeaz

Itziar Otegi Aranburu

Gure niak baldintzatuta daude, eta, gainera, hil egiten dira.Egunero zertxobait aldatuta esnatzen gara, eta bezperan ginen pertsona hilda dago (…). Are, gerta liteke atsegin ez izatea gure ni zaharrak, erabili eta botatzekoak diren gure arbaso horiek.

Self-consciousness, John Updike.

Kontzeptu berri bat ezagutu dut duela gutxi, eta jakin-mina piztu dit: dead name. Literalki, “izen hila”. Ingelesez, pertsona trans batek trantsizioa egin aurretik zuen izena adierazten du dead name terminoak.

Oxford hiztegiak jasotzen du Twitterren begiztatu zuela lehen aldiz, 2010ean. 2013an, aditz gisako erabilera atzeman zuen, deadnaming, edo to deadname. Alegia, pertsona trans bat izendatzea trantsizioa egin aurretik zuen izena erabiliz, dela oharkabean, dela asmo txarrez.

Kontuak berebiziko garrantzia du, eragin zuzena baitu pertsonaren ongizatean eta osasunean. Pertsona trans batzuek –ez denek– legez aldatzen dute izena trantsizioa egitean, baina hala ere oztopoak izan ohi dituzte, burokratikoak, administratiboak edo bestelakoak, izen berria normaltasunez erabili ahal izateko. Deadnaming egitea transfobiaren aurpegietako bat izan daiteke, indarkeria mota bat. Insultar por nombre muerto, irakurri dut artikulu batean.

Bilaketa egin dut datu-base terminologikoetan. Euskaltermen eta IATEn ez dut aurkitu, baina Termiumen bai, eta Termcaten.

Termiumen ikasi dut frantsesez morinom esaten dela dead name, eta ekintza, morinommer:

Désigner par son prénom d’état-civil de naissance (morinom), une personne qui en a changé depuis. S’utilise pour les personnes trans.

Quand quelqu’un te mégenre ou te morinomme c’est comme si toutes ces cicatrices étaient vives. Je ferais la vaisselle tous les jours si ça me protégeait d’être mégenrée.— (Sophie Labelle, Assignée garçon, webcomic, page #132). Dictionnaire, Lalanguefrançaise.com

Espainolerako, nombre impuesto proposatzen du Termiumek, eta utilizar el nombre impuesto.

…izen hila, izen esleitua, izen inposatua, izen hilaz iraindu, izen inposatuaz deitu, izen inposatua erabili…

Termcaten informazio gehiago dago:

… jaiotizena, bataio-izena, ponte-izena, izen ohia…

Katalanez, beraz, hiru ordain proposatzen dituzte: exnom, nom mort, eta nom de naixement. Interesgarriak dira Termcatek eaten dituen definizioak eta oharrak:

Definition: Nom amb què era anomenada una persona transgènere abans d’adoptar el seu nom sentit.

Note
1. La denominació nom mort és una forma connotada, que mostra la voluntat de separar-se de la identitat assignada a la persona en néixer. Les formes exnom nom de naixement, en canvi, són de registre més neutre. La forma nom de naixement (i igualment la forma paral·lela en altres llengües) és pròpia sobretot de contextos formals i pot utilitzar-se, més enllà de l’àmbit de la transidentitat, per a designar, en general, el nom amb què s’inscriu oficialment una persona en néixer.

2. Generalment, l’exnom no es correspon amb la identitat de gènere de la persona que decideix fer el canvi.

* Letra lodiak nik jarriak dira.

Nom mort forma konnotatutzat jotzen dute, beraz, eta exnom eta nom de naixement, neutroagotzat.

Are konnotatuagoak dira RAEk eta Fundéuk proposaturiko necrónimo, necronombre edo innombre ordainak. Hauxe dio Fundéuk erantzun batean:

El anglicismo deadname se usa para referirse al nombre de nacimiento de una persona trans que ya no utiliza. En español se emplean alternativas como necrónimo, necronombre, innombre o, como indica la RAE en su cuenta de Twitter, nombre muerto y nombre de nacimiento/antiguo/anterior.

De estas opciones, necrónimo es la mayoritaria en el uso, y, como se señala en esta misma cuenta académica, aunque ya se utiliza para designar el nombre de alguien que pertenecía a una persona muerta, está bien formado y puede fácilmente ampliar su significado.

Hain zuzen ere konnotazio horiengatik, dead name kontzeptuak baditu aurkariak. Ohikoa den bezala, norberaren bizipenaren araberakoa da terminoari buruzko iritzia. Pertsona trans batzuek atzean utzi nahi dute aurreko identitatea, eta begi onez ikusten dute dead name kontzeptua. Beste batzuek, ordea, aurrekoaren gainean eraikitako identitate gisa ulertzen dute berria, eta ez dute aurreko hura ahazteko beharrik.

“A mí me cabrea eso de ‘nombre muerto’. No nacemos de nuevo cuando hacemos la transición, simplemente evolucionamos. Preferiría algo como ‘nombre pasado’”. Mar Llop, El País (2023/03/26).

Bestalde, transitua egindako pertsonen senide edo lagunen bizipenak ere aintzat hartu beharrekoak dira, eta litekeena da dead name edo necrónimo bezain termino markatuak egokiak izatea haien esperientzia adierazteko, zenbait kasutan.

… hil-izena, nekronimoa, izen abandonatua, izen atzean utzia, izen iragana, izen zaharkitua, izen gaitzetsia, izen arbuiatua …

Termcateko definizioan ageri den nom sentit horretatik, batzuek nombre sentido hobesten dute, género sentido ere esaten baita. Ingelesez ere, batzuek chosen name edo preferred name hobesten dituzte, baina esapide horiek aditzera ematen dute nolabait “hautazkoa” dela izen bat edo bestea erabiltzea.

… izen sentitua, izen hautatua, izen hobetsia, izen onetsia…

Estatuko trans lege berrian, otsailaren 28ko 4/2023 Legean, ez dut gisa horretako terminorik aurkitu. Ageri dira nombre registral, nuevo nombre propio, principio de libre elección del nombre propio eta abar, baina ez nombre muerto edo nombre sentido edo antzekorik.

…erregistroaren araberako izena, izen berezi berria, izen berezia askatasunez hautatu ahal izatearen printzipioa…

Euskaraz ez dut ordainik aurkitu, eta kontsulta egin dut pertsona transen Euskal Herriko elkarte batzuetan. Jakin dut deadname erabiltzen dutela, euskaraz zein gaztelaniaz. Naizen adingabe transexualen familien elkartean erantzun hau eman didate:

Gazte transexual gehienek dead name esaten dute euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dutenean. Hala ere, batzuetan izen zaharra esaten dute, edo, kaleko hizkuntzan, lehengo izena. Azalpena emateko aukera dagoenean, jaiotzean jarritako izena esaten dugu. Nombre sentido niri ez zait gustatzen; izatekotan nombre izango litzateke, trantsitua egin ostean (izen aldaketa egon bada) bestea ez delako dagoeneko “existitzen”.

… jaiotzean jarritako izena, lehengo izena, izen zaharra, izen berria hartu, izenberritu …

Euskaraz ordainen bat proposatzera jarrita, interesgarria litzateke aukerak biltzea kontzeptu horiek adierazteko, modu neutroagoan edo konnotatuagoan, norberaren esperientziaren arabera. Arrazoibidean zehar proposatutakoak bilduz:

… izen hila, izen esleitua, izen inposatua …

… jaiotizena, bataio-izena, ponte-izena, izen ohia …

… hil izena, nekronimoa, izen abandonatua, izen atzean utzia, izen iragana, izen zaharkitua, izen gaitzetsia, izen arbuiatua…

… izen sentitua, izen hautatua, izen hobetsia, izen onetsia…

… erregistroaren araberako izena, izen berezi berria, izen berezia askatasunez hautatu ahal izatearen printzipioa…

… jaiotzean jarritako izena, lehengo izena, izen zaharra …

… izen hilaz izendatu, izen hilaz iraindu, izen inposatuaz deitu, izen inposatua erabili, izen berria hartu, izenberritu …

Erabilera neutro baterako, proposa liteke izen zaharrari izen ohia esatea, katalanen bidetik, eta izen berriari izen, besterik gabe, Naizen elkartean adierazitako iritzia aintzat hartuta.

Bestetik, arriskuak hartzea den arren, beste bide bat ere proposatu liteke, bi izenak kontrajartzea beharrezkoa litzatekeen testuinguru baterako: izen ezetsia eta izen onetsia.

Erabilerak aginduko du, beti bezala. Aukerak eskura jartzea izan da sarrera labur honen helburua.

izen gardenez ikusi, izen biziaz ezagutu…

Esadazu zure izena

Hizkuntza-fikzioa I: Neologia

Itziar Otegi Aranburu

Neologismoen Behatokia eratu zutenean hasi zen guztia. Batzuk kontra zeuden —alferrikakoa eta purismoaren mamuak bultzatua omen—, baina, azkenean, sortu zuten, Lexikoaren eta Kalkoen behatokien bidegurutzean. Lehenengo enkargua, XX. mendetik aurrerako neologismoen inbentarioa eta azterketa egitea. Euskararen erabilerak azken urteetan irabazitako arloetan azterketa luze eta sakonak egin ostean, Euskaltzaindiaren egoitzan eman zuten argitara egindako lanaren emaitza, Euskararen egunean. Estatistikak ezin argiagoak izan ziren: inbentarioan sartutako neologismo guztietatik, % 90 maileguak ziren, zuzenak zein itzulpen bidezkoak edo kalkoak. Lexiko-sorkuntzarako gainerako prozedurak, euskara barrutikakoak —eratorpena, hitz-elkarketa, sintagmazioa, laburtzapena, zabalkuntza eta mugapen semantikoak, berrezarpen lexikala…— apenas iristen ziren % 10era.

aaaabEnegarren krisialdi ekonomikoaren garaia izaki, kazetariek berehala ezarri zuten paralelismo bat bi burbuilaren artean: hazkunde ekonomikoaren burbuila, batetik, eta euskararen berreskuratzearena, bestetik. «Ekonomian zein hizkuntzan», zioten, «gehiegizko zorpetzeak ez dakar ezer onik». Berria egunkariak lehen orrian eman zuen albistea, goiburu honekin: Euskara, Troika baten mende, eta egun hartako alearen orri guztiak gaztelaniatik, frantsesetik eta ingelesetik hartutako maileguz bete zituen.

Terminologia Batzordeak, egoeraren larritasunak bultzatuta, premiazko bilera bat egin zuen, eta erabaki zuen ezinbestekoa zela esku-hartze iraultzaile bat. Hala, batzorde parekide bat sortzea deliberatu zuten, terminologoak ez ezik, idazleak, bertsolariak eta ipuin-kontalariak hartuko zituena. Estreinako lan-bileran, Terminologia-lanaren metodologiako eskuliburuaz hornituta agertu ziren terminologoak; besteek, berriz, Manifestu dadaista eta Gianni Rodariren Grammatica della Fantasia ekarri zituzten. Hiru horien fusiotik, elegintzarako metodologia berritzaileak ondu zituen batzorde eratu berriak. Hona hemen batzuk:

  • Hiztegi Batuaren azken edizioa oinarri hartuta, hitz bakun guztiak hartu, alfabetikoki, eta poltsatan sartu. Beste poltsa batean, berriz, euskarak darabiltzan aurrizki, artizki eta atzizki guztiak jarri zituzten. Gero binaka nahastu, ondo astindu, eta sortutako konbinazioak zerrendatu zituzten. Idazleak-eta prozedura horri literalki jarraitzearen aldekoak ziren, Tristan Tzararen erara, paperezko hiztegitik hitzak artaziz ebaki eta guzti. Terminologoek, ordea, azaldu zieten egun bazeudela beste bide batzuk, hizkuntzalaritza konputazionala erabiliz, halako lanak azkarrago egiteko, eta hala egin zuten azkenean.
  • Hitz-elkarketaren bide berritzaileak urratzeko, Rodariren binomio fantastikoaren metodologiari jarraitu zioten. Hiztegi Batuko hitz bakunak hartuta, haien arteko binakako konbinazio estatistiko guztiak egin zituzten, hitz-elkarketa mota bakoitzaren arauak aintzat hartuta. Horretarako, hizkuntzaren prozesamenduaren alorreko aditu talde batek algoritmo berezituak sortu zituen, LEF batzordeak 1993an hitz elkartuentzat emandako sailkapenari jarraiki (bikoiztapenak, dvandva-elkarteak, bahuvrîhî-elkarteak, izaera-elkarteak, aditz-elkarteak, asmo-elkarteak, atributu- eta koordinazio-elkarteak, tautologiazko elkarteak, aposizioak, izengoiti-elkarteak, exoelkarteak…).
  • Bestalde, aukera bakar bat ere aztertu gabe ez uztearren, haur-eskoletan hizkuntza-begiraleak jarri zituzten, umeek sortutako neologismoak erregistratzeko (norbaitek proposatu zuen afasikoen eta eskizofrenikoen neologismoak ere interesgarriak izan zitezkeela, baina hori beste fase baterako utzi zen). Bide horretatik, batez ere parafasia fonemiko bidez sortutako neologismoak lortu zituzten, edo, Rodariren esanetan, hitzak deformatzera jolastean lortzen diren hizperriak.

Metodo eta behaketa horietatik lortutako hitz-gai eskergarekin, terminologoek, gero, azterketa sakonak eta kalkulu zorrotzak egin zituzten, eta bakoitzaren hitzala[1] baloratu zuten. Tradiziorik bazuten begiratu zuten, baita Larramendiren hiztegian ere; Euskaltzaindiaren Euskal itzak/hitzak zein diren agiriak eta LEF batzordearen irizpenak aintzat izan zituzten; emankortasun- eta emendio-indizeak kalkulatu zituzten; aditzen argumentu-egiturari erreparatu zioten (iragangaitz inakusatibo edo inergatibo edo iragankor ote ziren), bai eta oinarrien azpikategorizazio murriztapenei ere. Idazleen eskakizunez, aurreko irizpideei lizentzia poetikoa gehitu zitzaien.

Metodo horiek eta beste batzuk erabilita, aukera interesgarriak zituzten hitz-gaiak aurkitu zituzten. Bakar batzuk aipatzearren: andrenalina, arma hizkuntza, aurrizki kutxa, barraskilogintza, dermokrazia, hiztripu, linuxenteen eguna, maremotots, neulogismo, Obamakoak, orbainagiria, ordenagalduak, sagarrak berry, sukartzela, sutagarri, usakidetza, zoporrak, eta beste hainbat.

Zabalkuntza semantikoz ere, hitz zaharrei adiera berri aski interesgarriak gehitu zitzaizkien, hala nola artalde, ospakizun, soraio edo unibertso.

Haur-eskoletan hizkuntza-begirale egon zirenek ere ekarri zituzten hitzgai interesgarriak, hala nola termomento izena edo pilatu aditza (Jostailu honek ez du pilatzen). Bidenabar, orobat behatu zuten umeek zailtasunak dituztela hil aditza jokatzeko (hildu da/hilitu da/hilita dago). Doktore-tesi batzuetarako gaia aurkitu zuten hor hizkuntzalari eta haur-psikiatra batzuek. Baina hori beste kontu bat da.

Terminologoen irizpide zorrotzak gainditu zituzten hitz-gaiekin, eta handik eta hemendik hartutako beste neologismo egoki batzuekin, Ereduzko Neologismoak Gaur izeneko tresna sortu zuten, beste eragile batzuekin lankidetzan. Helburua, neologismoen erabilera erraztea eta bultzatzea, eta, azken finean, gaurko neologismoak biharko euskal hitz arrunt bihurtzea —tradizioak, izango bada, nonbait behar baitu hasiera—. Corpus hori arakatuz gero, literaturatik hartutako beste hainbat neologismo ere aurki daitezke egun; adibidez, Harkaitz Canoren (begiz) eskuaretu[2], Beñat Sarasolaren BECetze[3], edo Topagunearen erabizi. Idazle eta enparauak zenbait neologismo corpus horretan sartzearen aurka agertu ziren, hala nola espetxealdi iraunkor berrikusgarri edo turker, eragozpen etikoak direla eta, baina azkenean atzera egin zuten, itsustasuna ere izendatu beharra dagoela onartuta. Urteko neologismorik onenari sari bat ematen hasi ziren, eta, estreinakoa, zabalkuntza semantikoaren bidetik # ikurra euskaraz izendatzeko traol hitza proposatu zutenei eman zitzaien. Azkenik, neologiari buruzko ikastaroak eta ikasgai bereziak txertatu zituzten eskoletako curriculumean, bai eta kazetaritza eta itzulpengintza fakultateetan ere, haur, gazte eta etorkizuneko profesionalak hobeto hornituta egon zitezen neologismo egokiak sortzeko.

Egoera iraultzeko oinarriak ezarri zituzten edo ez denborak esango du. Nolanahi ere, luze gabe, euskaradunen hizkuntza-jabekuntza nabarmen hobetu zela egiaztatu zuten.

Amaia Munarrizi, esker onez.
_______

[1] Kike Amonarriz. Berba berrien eta hitzalen erraikuntza: elegintza. Berbeta berri.
[2] Harkaitz Cano, Belarraren ahoa.
[3] Beñat Sarasola, Euscool manifestua.

Itzultzailea irakurle: erreferentzia ezkutuaren xerka

Itziar Otegi Aranburu

The ideal reader is the translator. He is able to dissect the text, peel back the skin, slice down to the marrow, follow each artery and each vein and then set on its feet a whole sentient being.
Alberto Manguel

Sarritan esaten da irakurketarik sakonena itzultzailearena dela. Maiz entzuten dira halakoak, adibidez, Idazlea itzultzailearen lantegian literatur itzulpen-mintegian parte hartzen duten idazleen ahotik. Sarritan, gainera, «disekzio»aren ideia erabiltzen dute itzultzailearen jarduna deskribatzeko (hortik, aukeratu dudan aipua). «Itzulpen oro irakurketa baten (ber)idazketa da», entzun edo irakurri nion behin baten bati, ez naiz oroitzen nori. Esan daiteke, beraz, itzulpenaren azken emaitza irakurketaren baitakoa dela: zenbat eta irakurketa sakonagoa, orduan eta itzulpen aberatsagoa. Izan ere, itzultzaile ororen amesgaiztoa izango da itzulgaiaren esangura —esangura guztia, eta modu egokian— ez harrapatzea. Alegia, azaleko irakurketa bat egitea, edo irakurketa okerra, edo, zergatik ez, sakonegi irakurtzea.

Hausnarketa honen abiapuntua duela gutxi itzuli dudan haurrentzako liburu batek eman zidan. Istorioa, itxura batean, konplikazio handirik gabea zen. On Kixoteren tankerako neska bat da protagonista, Tiger Lily. Izugarri gustatzen zaio irakurtzea, baina liburuak burua aztoratzen ari zaizkio. Liburuetan irakurtzen dituen abenturak bizi nahi lituzke, baina errealitateak beste bide bat hartzen dio beti, eta gauzak ez zaizkio nahi bezala ateratzen.

Kontakizunarekin tartekatuta, tradizio anglosaxoiko literatur lan ugariren aipuak ageri dira, zuzenak nahiz zeharkakoak, besteak beste Huckleberry Finn eta Altxor Uhartea. Erreferentziaz josita dago istorioa, gehienak literaturarekin lotuak, protagonistaren izenetik bertatik hasita, Tiger Lily Peter Pan eleberriko indiar printzesaren izena baita. Kontakizuna gertatzen zen herrian, kale batek Cannery Row du izena. Herrira etorri eta gauzak hankaz gora jartzen dituen kazetari arrotzari Big Unfriendly Giant jartzen diote ezizena, Roal Dahl-en Big Friendly Giantekin jolas eginez. Basurde batzuekin istiluak sortzen dira herrikoen artean, eta hor abiatzen da kazetariek The Boar War [Basurdeen Gerra] bataiatzen duten gatazka, The Boer War delakoari oihartzun eginez; alegia, Boerren Gerra. Zalantza sortu zitzaidan hamar urteko ume britainiarrek erreferentzia horiek guztiak harrapatuko ote zituzten, eta, halako zalantzak sortzen zaizkidan guztietan bezala, nire ingeles-«informatzaile» preziatuari hots egin nion, argibide eske.

«Haur literaturan oso tipikoa da bi mailatan idaztea», erantzun zidan. «Kontu sinplea umeentzat, eta gero erreferentzia pilo bat gurasoentzat. Ez aspertzeko, suposatzen dut!».

Erantzun horrek atezuan jarri ninduen. Bi mailatan, beraz. Baina zer zen bigarren maila hori? Gurasoen literatur gordailuan oihartzunak pizteko asmo hutsez tartekaturiko aipu gutxi-asko agerikoen multzo bat? Ala beste istorio bat, edo lehen mailako istorio «sinplea» argitzeko edo osatzeko edo zabaltzeko balio duten aztarnen sare nolabait egituratu bat? Gogoeta horrek Nabokov-en idatz-moldea ekarri zidan gogora. Editore bati idatzitako eskutitz batean, Nabokovek azaldu zuen bere istorioetako batzuetan bazela bigarren istorio bat, lehen mailako istorio erdi-gardenean bilbatua, edo haren atzean ezkutatua. Halakoak omen dira The Vane Sisters, edo niri hainbeste gustatzen zaidan Symbols and signs istorioa. Ziurrenik ezaguna izango duzue. Errusiar senar-emazte edadetu batzuk, Estatu Batuetara emigratuak, beren seme burutik nahasiari urtebetetze-opari bat ematera joaten dira erietxe batera. Lanak izan dituzte arriskurik gabeko zerbait aukeratzen oparitarako (hamar marmelada-potetxo, bakoitza mota eta kolore batekoa); izan ere, mutikoak, bere gaixotasuna dela eta, edozer har lezake mehatxu gisa, eta haren egoerak okerrera egin. Honela deskribatzen du narratzaileak mutikoaren gaitza:

Haren [mutikoaren] eldarnioaren sistema aztergai zuen artikulu konplexu bat agertu zen zientzia-hilabetekari batean, eta erietxeko medikuak irakurtzeko eman zien. Ordurako, ordea, aspaldi ebatzia zuten kontua emakumeak eta haren senarrak, beren kasa. «Mania erreferentziala», izendatu zuen artikuluak. Kasu bakan-bakan horietan, gaixoak imajinatzen du bere inguruan gertatzen den oro bere izaerari eta izateari eginiko erreferentzia erdi-ezkutu bat dela. Pertsona errealak konspiraziotik at uzten ditu, beste guztiak baino askoz azkarragotzat baitauka bere burua. Joaten den lekura joaten dela, isil-segika ditu izadiaren fenomenoak. Zeru zelatarian dauden hodeiek, keinu geldoen bidez, hari buruzko informazio harrigarriro xehea pasatzen diote batak besteari. Haren pentsamendurik ezkutuenak eztabaidagai hartzen dituzte, ilunabarrean, esku-alfabetoa darabilten zuhaitz ilunek. Hartxintxarrek edo orbanek edo eguzki izpiek marrazkiak eratzen dituzte, zeinek, modu beldurgarriren batean, baitezpada atzeman beharreko mezuak sortzen baitituzte. Den-dena kode bat da, eta den-denak bera du ardatz. Espioiak ditu inguru osoan. Batzuk behatzaile inpartzialak dira, hala nola beirazko gainazalak edo putzu geldoak; beste batzuk, hala nola erakusleihoetako berokiak, aurrejuzkuz beteriko lekukoak dira, lintxatzaile petoak; are beste batzuk (ura ibilian, ekaitzak), histeriak jota daude, ia eromenean erortzeraino, hari buruzko iritzi okerra dute, eta modu groteskoan interpretatzen dituzte haren eginak. Behartuta dago beti atezuan egotera, eta bere bizitzako minutu eta esparru oro gauzen ondulazioak deskodetzen ematera. Botatzen duen arnasa bera erregistratu eta artxibatu egiten da. Pizten duen interesa bere inguru hurbilera mugatuko balitz sikiera! Baina, zoritxarrez, ez da hala. Distantziarekin batera, areagotuz doa zurrumurru gaiztozko oldea, indarrean zein jarioan. Haren odol-korpuskuluen siluetak, milioi bat bider handiagotuak, jira-bira zoroan dabiltza lautada hedatuetan zehar; eta, are urrunago, gogortasun eta garaiera jasanezinezko menditzar batzuek, granitotan eta izei auhenkaritan, haren izatearen egiarik sakonena laburbiltzen dute.

Erietxera heltzean, ordea, ez diete uzten semea ikusten, berriz ere bere burua hiltzen saiatu denez bakartuta baitaukate. Tristurak jota, etxerako bidea hartzen dute, opari eman gabea eskuetan. Beren pisu xumera heltzean, afari-legea isilean egin eta ohera doa senarra. Emaztea bakarkako karta-jokoan geratzen da, eta argazki-bildumak ikusten hasten. Hala egiten du beren bizitzaren errepaso goibela, nozitu dituzten sufrikario eta galeren inbentarioa, eta, aldi berean, umearen bilakaera azaltzen, zortzi urte zituelarik ordura arte fobia txikiak ziren haiek trinkotu eta sare estu bat osatu zioten arte, eta gainerako guztiei harenganako bidea itxi. Halako batean, senarra, lo egin ezinik, sukaldera etorri, eta esaten du erabakia hartu duela: biharamunean semea erietxetik atera eta etxera ekarriko dutela, zeren, bestela, haiena izango baita gerta litekeenaren errua. Erabakia hartu ostean arindurik, tea hartzen hasten dira, eta uneak ospakizun xume baten tankera hartzen du. Une hartan, telefonoak jotzen du, eta denbora izoztu bezala egiten da. Albiste txarren susmoa airean, emakumeak hartzen du telefonoa: neska bat da, eta, asaldaturik, Charlie baten galde egiten du. «Okerreko zenbakia markatu duzu», esaten dio emakumeak, lasaiturik. Handik gutxira, berriz jotzen du telefonoak. Neska bera da, are asaldatuago. «Begira, badakit zer ari zaren egiten», esaten dio emakumeak, «O hizkia sakatzen ari zara, 0 zenbakiaren ordez». Eta hemen dator ipuinaren azken paragrafoa:

Emakumeak beste kikarakada bat te zerbitzatzen ziolarik, gizona, betaurrekoak jantzi, eta, atseginez, potetxo hori, berde eta gorri argitsuei begira jarri zen. Ezpain trakets umelekin, etiketa ele-ederrak ahoskatu zituen: abrikota, mahatsa, hondartza-arana, irasagarra. Sagar makatzera iritsia zen, telefonoak berriz jo zuenean.[1]

Hor abandonatzen gaitu idazleak, geure zorira. Irakurlea aztoratuta bezala geratzen da: nola? Zer esan nahi du? Zer da hirugarren dei hori? Esangura aurkitzeko behar gorriak ipuina behin eta berriz irakurtzera eramaten gaitu, eta, estreinako irakurketatik ere arraroak iruditu zaizkigun pasarte batzuetara itzuliko gara, aztarna bila: opariaren deskribapena irakurriko dugu behin eta berriz. Tartekatuta ageri diren zenbait irudiri erreparatu eta haiek analizatzen hasiko gara: etxerako bidean doazela, neskato bat ikusten dute, edadeko andre baten sorbaldan bermatuta negarrez. Txori ttiki zaurgarri bat jauzika dabil putzu baten ondoan. Soinean praka beltzak dituen gizon bat ikusten dute etxeko leihotik, ohean etzanda, etsipen-keinu batean bezala. Argazki-bildumari begira dagoelarik, emakumeari lurrera erortzen zaizkio jokorako karta batzuk (txanka-bihotza, bederatziko ezpata eta bateko ezpata) eta argazki bat edo bi, Elsa neskame alemaniarrarenak. Irudiok deskodetu nahian hasten gara, eta, bide horretatik, urrun hel daiteke interpretazioa. Irudi luke, nolabaiteko logika bati jarraituz, hirugarren telefono deiak berri txarrak ekarriko dituela: semeak lortu duela, enegarren saiakeran, bere burua hiltzea, eta te-hartze berantiar hura ere zapuztu egingo zaiela gurasoei. Izan ere, lerro batzuk lehenago hala esan du emakumeak bere baitan: azken finean hori baita bizitza, poz eta ilusioen galera etengabe bat.

Haatik, literatur aditu (boutadezale) batek idatzi omen zuen irakurketa hori egiten duen irakurlea, estetikoki, hiltzaile dela, berak hiltzen baitu mutikoa, eta ez idazleak. Fikzioa irakurtzen dugunean, ohituta gaude den-denak esangura bat izan dezan, arrazoi bat. Batez ere narrazio laburretan, non legetzat jotzen baitugu Txekhoven esaldi hura: ipuinaren hasieran iltze bat ageri bada, ipuinaren amaieran protagonistak handik zintzilikatuta urkatu behar du bere burua. Alegia, ekonomiaren printzipioa: ipuin baten arkitekturan elementu esanguratsuak soil-soilik sartu behar dira, ez besterik. Nik formulazio horretan ezagutzen nuen aipu hori, baina blog interesgarri batean aditzera ematen dutenez, Txekhoven jatorrizkoan ez omen da iltzerik ageri, pistola bat baizik, eta itzulpen-akats baten bidez igaro omen zen hala gaztelaniara. Nik dakita.

Ipuingintzari gagozkiolarik, ordea, pentsamendu-eskola bat baino gehiago dago, eta ezin zaie ipuin guztiei berdin heldu. Begira bestela Flannery O’Connor-en The Habit of Being eskutiz-bilduma zoragarritik harturiko gutun truke hau. Ingeles-irakasle batek honako eskutitz hau idatzi zion Flanneryri:

Gure saileko hiru irakasle eta beste hainbat ikasgelatako laurogeita hamar bat unibertsitate-ikasleren izenean idazten dizut. Astebetez Ez da erraza gizon on bat aurkitzea istorioa eztabaidatzen aritu gara, eta, zenbait balizko interpretazio aztertzen luze jardun arren, ez dugu aurkitu guztiz asebetetzen gaituen irakurketarik. Oro har, uste dugu Moldakaitzaren agerpena ez dela «erreala», ez behintzat istorioaren lehen zatiko gertaeren zentzu berean. Uste dugu Baileyk imajinatu egiten duela Moldakaitzaren agerpena, izan ere bezperan haren ekintzen berri eman zioten, eta errepide ondoko jatetxean egindako geldialdian gogora ekarri. Uste dugu, gainera, Bailey identifikatu egiten dela Moldakaitzarekin, eta haren pertsonaia antzezten duela istorioaren bigarren erdi imajinatuan. Baina ezin dugu erabaki, ahaleginik handiena eginda ere, zein puntutan lausotzen den errealitatea, eta ameskeria bihurtzen. Egiaz gertatzen al da istripua, ala hori ere Baileyren ametsaren parte da? Zinez diotsut ez gabiltzala gure arazoari irtenbide erraz bat aurkitu nahian. Miretsita gauzka zure istorioak, eta sakon aztertu dugu, baina uste dugu zerbait huts egiten ari garela, guk atzematea nahi duzun zerbait. Izugarri eskertuko genizuke goian azaldu dizudan interpretazioari buruzko iruzkin bat egingo bazenigu, eta istorioaren intentzioari buruzko argibideren bat eman.

Eta hona hemen Flanneryren erantzuna:

1961eko martxoak 28

Ingeles irakasle bati:

Zure laurogeita hamar ikasle eta hiru irakasleren interpretazioa fantastikoa da eta nire intentziotik ezin urrunago dago. Interpretazio zilegi bat balego, istorioa ez litzateke amarru bat baino askoz gehiago, eta psikologia anormalaren ikuspegitik soilik izango luke interesik. Ez zait interesatzen psikologia anormala.

Tentsio aldaketa bat badago istorioaren lehen zatiaren eta Moldakaitzaren agerpenaren artean, baina errealitatearen gutxitzerik ez. Istorioaren intentzioa, jakina, ez da errealista, Georgiako biztanleen egunerokoa erakusteko zentzuan. Estilizatua da, eta konbentzio komikoak darabiltza, esanahia serioa izan arren.

Amonaren seme bakarra eta autoaren gidaria den aldetik soilik axola du Baileyk. Amona da lehena Moldakaitza ezagutzen, eta harekiko kezkarik handiena duena, hasieratik bukaeraraino. Istorioa duelu bat da, amonaren azaleko sinesmenaren eta Moldakaitzak Kristoren ekintzengana duen inplikazio sakonagoaren artean, ekintzok munduaren oreka hankaz gora jarri baitiote.

Istorio baten esanahiak gero eta zabalagoa behar luke irakurleak hausnarketan sakondu ahala, baina esanahi hori ezin da interpretazio batean harrapatu. Irakasleek ikerketa-arazo bati bezala heltzen badiote istorio bati, pentsaturik edozein irakurketa dela sinesgarri, agerikoa ez den bitartean, nago ikasleek ez dutela sekula ikasiko fikzioaz gozatzen. Askoz okerragoa da gehiegizko interpretazioa gutxiegizkoa baino, eta istorioak berak sorrarazten ez duen sentimendurik nekez hornituko du interpretazioak.

Nire tonuak ez du desatsegina izateko asmorik. Shock egoeran nago.

Zorionez, Flanneryren erantzun zorrotzak zentzatu egin ninduen pixka bat, eta neure buruari barre pixka bat ere egin nion, irudimenari jarraituz urrunegi joateagatik. Nola egongo zen, bada, erreferentzia-sare egituratu bat nire haurrentzako liburu hartan. Ni bai On Kixotea! Erreferenzia ezkutuen xerka abandonatu, eta itzulpenari ekin nion berriz.

Aldi batez, dena ondo joan zen. Itzulpena amaitu nuen, eta entregatu, eta beste lan bati ekin nion. Denborarekin, ordea, poliki-poliki ahots apal bat hasi zitzaidan mintzatzen. Liburu hartan beharbada ez, baina… eta gainontzean? Izan ere, zuek ez duzue jakingo, baina bada gauza bitxi bat itzul ditzadan eskuetara jausi zaizkidan itzulgaien artean: guztietan ageri dira paumak eta Bibliako aipu ezkutuak. Guzti-guztietan. Onartuko didazue ezin dela kasualitate hutsa izan. Ez dago ageriko loturarik itzuli ditudan autoreen artean, eta, hala ere, bi elementuok guztietan agertu zaizkit. Oso bitxia da. O’Connorren itzulpena amaitu eta gutxira, nire etxe ondoan dagoen dekorazio-denda baten erakusleihoan pauma isats-luma batzuk jarri zituztela ikusi nuen. Badaezpada, erosi egin nituen, eta etxean jarri (ez badakizue ere, O’Connorren animalia kuttunak ziren paumak, eta sarritan agertzen dira haren ipuinetan. J.A. Coyneren eta M. Frielen testuetan ere agertu zaizkit paumak). Handik gutxira, berriz, denda hartan bertan hormako paper berezi bat jarri zuten erakusgarri, paumen isatsean ageri diren begi moduko horietan oinarrituriko marrazkia zuena. Kointzidentzia handia iruditu zitzaidan, eta erosi egin nuen hura ere. Harekin estali nituen bulegoaren lau paretak. Geroztik, luze egoten naiz hormako papereko begi horiei begira, eta konturatu naiz haiek ere neuri begira daudela. Ederrak dira oso, eta misteriotsuak. Iruditzen zait zerbait esan nahi didatela. Marrazkia konplexua da: errepikatu egiten da, baina ez beti berdin. Badago aldea begi batetik bestera, eta, gainera, iruditzen zait kadentzia moduko bat dagoela aldaketa horietan. Nondik begiratzen zaion, asko aldatzen da marrazkia. Batez ere lurrean etzanda jarrita hartzen diot traza. Pentsatu dut beharbada itzulgaietan atera zaizkidan Bibliako txatalen zenbakietan egongo dela kadentzia hori deskodetzeko gakoa, baina oraindik behintzat ez dut soluziorik aurkitu. Etgar Keret itzultzea aurrerapauso handia izan da, konturatu bainaiz marrazkiak eratzen dituzten marratxo eten moduko horiek ez direla marratxo soilak, hebreerazko hizkiak baizik. Hebreera ikasten ari naiz orain. Hastapenetan nago, baina ez dut etsiko. Egunen batean, lortuko dut hormako paperaren sekretua argitzea, eta nire itzulgaiek helarazi nahi didaten mezua atzematea, egia sakon hori. Lasai egon, lortzen dudanean jakinaraziko dizuet eta.

 

[1] Ezin garbiago ageri da arazoa paragrafo horren itzulpenean. Jatorrizkoak dio «His clumsy, moist lips spelled out their eloquent labels». Nola itzuli eloquent hori: «ele-eder»etik jota, ala «adierazgarri» edo «esanguratsu»tik? Eta spell out? «Letreiatu» edo «ahoskatu»tik jota, ala «ageriko egin»/«argi adierazi»tik? Edo, are, bi interpretazioak onartuko lituzkeen formulazio bat bilatzen saiatu? Hori erabakitzeko, interpretatu egin behar…

Gabonak eta gurasoen biodiskografiak

Itziar Otegi Aranburu

Gabon gaua Hondarribian igaro ohi dugu, familiartean. Gau berezia izaten da oso, zeren, afalostean, kantuan hasten baikara. Familiako tradizioa da, aspalditik datorrena, eta oso serio hartzen dugu denok. Goizeko ordu txikietara arte aritzen gara kantuan. Sortzen den giroa ezin deskribatuzkoa da; ez naiz saiatu ere egingo, bai baitakit ez nukeela lortuko, baina seguru nago badakizuela zertaz ari naizen.

Duela urte batzuk amona konturatu zen batzuek lanak izaten genituela kantu batzuen hitzak gogoratzen, eta, laguntza gisa, Gabon gauean erabiltzeko kantu bilduma bat egiten hasi zen, handik eta hemendik kantu kuttunak, esanguratsuak, bilduz. Familiaren kantu bilduma moduko bat.

Lehengo Gabon gauean, mahai hartan eserita nengoela, bikoiztuta bezala aurkitu nuen neure burua, aldi berean barruan eta kanpoan. Barruan, neu ere kantuan ari nintzelako, gogotik aritu ere, eta, kanpoan, «kanpokoa» izateak ematen duen behatzaile estatusagatik edo. Nolanahi ere, iruditu zitzaidan kantu bilduma hura oso gauza berezia zela, eta, hein batean, «biodiskografia» moduko bat zela. Norena, ez nago seguru. Beharbada familia bakar batena, beharbada orokorragoa —ez naiz ausartzen esatera «belaunaldi batena», edo «herri batena»; hitz potoloak dira horiek—.

Bitxia da zer kantuk osatzen duten bilduma partikular hori. Pentsatzen jarrita, geure bizitzan garrantzia izan duten kantuak ez ditugu guk geuk aukeratzen. Etorri egiten zaizkigu, aurkitu egiten ditugu. Non jaiotzen garen, eta zer bizitzen dugun, kanta batzuk ala besteak biltzen ditugu. Kantuek aukeratzen gaituzte gu.

Normala den bezala, bildumako lehen kantuak eguberri kantak dira. Olentzero, Oi Betlehem, Mari Domingi, Gaueko izar, Haur eder baten bila, Hator hator… betikoak. Horien artean, Bordariren Arraunak bizkarrian ere badago:

Arraunak bizkarrian
surbesta eskutan
hasi gaiten guziok
iñalez kantetan
Jesus haur Jaungoikoa
larru gorrietan,
Belenen jaio zaigu
gure mesedetan

Edo beste Joxe pottotto hau:

Joxe pottotto puntalean
Karakola biltzen otarrian
Ziento bi errealean
Kukurruku zer diozu
Guk txikito behar dugu
Txikito, txikito

Hala kantatzen dute Hondarribiko neska-mutikoek, Olentzero egunean «eskean» ateratzen direnean: Txikito, txikito!

Edo Lurdes Zubeldiaren Kai zaharreko brixaran:

Kai zaharreko brixaran
Itsaso aurrean
Kilin kulun batelak dantzan
Eguzki diztiratan
(…)
Etzakela marloia kanta txistu motela
Ebatzi nak gozada trukatuz truaran

Hurrena, euskal kantu zaharrak abesten ditugu: Salamankara, Ameriketara joan nintzen, Hegoak ebaki banizkion, Gure aitak amari, Nire herriko neskatxa maite… Aldartea nola dagoen, gerta liteke giroak ukitu malenkoniatsua hartzea, eta Zuberoako kantuetara jotzea (Oi ama, Goizian argi hastian, Xalbadorren heriotzean, Azken dantza, Maitia nun zira, Prima eijerra, Lo hadi aingürüa…), edo, aldiz, aldarte alaia gailentzen bada, beste hauetara jotzea: Artillero dale fuego, Pello Joxepe, Pipa hartuta, Kinkiri kunkuru, Zezenak, Txantxibiri…. Asko eta asko itsasoarekin loturiko kantak dira: Itsasoa laño dago, Boga boga, Brodatzen ari nintzen… Eta batzuek, gainera, «jabea» dute: Markesaren alaba, amona Felisaren kanta da; Joxemielen batela eta Hegoak, izeba Veronicarenak. Kantu baten eta hurrengoaren artean, pasadizo, oroitzapen, txantxa eta ateraldi ugari.

Aitona hasten denean gazte garaiko —eta, batez ere, soldaduska garaiko— pasadizoak kontatzen, beste kanta mota batzuetara egiten dugu salto, eta habanerak, «mejikanadak» eta tangoak abesten ditugu: Por tu amor, Hace un año, Un viejo amor, La última copa, Cielito lindo… Gaualdi bakoitza desberdina izaten da, baina, batzuetan, La barca de oro kantatzen hasten garenean, ordurako airean dabilen dardarizoak goia jotzen du, eta besteok isildu eta aitonaren eta amonaren bi ahotsetakoari entzuten jartzen gara, mahai hartan erdigunea haiek direla berretsiz edo:

Yo ya me voy al puerto donde se halla
la Barca de Oro que debe conducirme.
Yo ya me voy; sólo vengo a despedirme,
adiós, mujer, adiós, para siempre adiós

Aitonak ez zuen ezagutzen Lila Downs, baina, orain, batez ere haren ahotsean maite ditu Fallaste corazón eta La cama de piedra:

Subí a la sala del crimen
le pregunté al presidente
que si es delito quererte
que me sentencien a muerte

Ordurako, alaba lo neukan, besoetan. Ez da harritzekoa: berandu zen, eta, gainera, badu ohitura. Haien etxean gaudenetan, aitonaren eginkizuna izaten da umeak loaraztea, kantuka. Behin, oharkabean harrapatu bainuen, ezezaguna nuen sehaska-kanta bat entzun nion, nire alabari kantatzen:

Dendatxoan, panpina bat ikusi dut
Zuk bezala, ez du bihotzikan
Panpina horrek ez du maitatzen (bis)
ez duelako bihotzikan
Bere begiak bi izar koxkor dira
eta bere ahoa azukre koxkorra da
Panpina horrek
ez du maitatzen
zu bezalakoa da
Panpina horrek ez du maitatzen
ez duelako bihotzikan

Gaztelaniaz ere badaki aitonak kanta hori:

En un bazar una muñeca ví
Y como tú, no tiene corazón
Esa muñeca no habla
Porque no tiene corazón (bis)

Sarea arakatuta, gaztelaniazkoa maiz ageri da, badirudi garai batean festa-giroan eta bolo-bolo ibilitako kanta bat dela, baina aitonaren bertsioak ez du batere antzik sarean aurkitu ditudanekin. Aitonarena sehaska-kanta bat da, eta, haren baxu-ahots sakonean, mila aldiz ederragoa. Galdetu diot, baina ez du arrastorik ere nondik ikasi ote zuen kanta hori. Alabak jaio zitzaizkionean, haiei kantatzen hasi omen zen, eta, gero, bilobei —neskei bakarrik—. Sarean ez dut deus aurkitu. Oso polita izateaz gainera, beraz, badu kanta horrek misterio puntu bat. Auskalo zergatik, Kafkaren panpina bidaiariarena ekartzen dit gogora.

Ordurako amona ere oroitzapenetan murgilduta, txikitan soka-saltoan ibiltzen zenean lagunekin kantatu ohi zuen doinutxo batez oroitu da. Gutxi gorabehera, horrela (transkripzioa ez da oso txukuna; ez dugu ideiarik hitz batzuk zer hizkuntzatakoak diren eta zer esan nahi duten):

Le trangué
Le regagné
Muxu la pa
Mademoiselle

Elle est chirón
Elle est borbón
Elle est gentille
Ali lerón

Eta aitonak arrapostu:

La guerre c’est finie
A America parti
Todos volvimos borrachos perdu
A la gendarmerie

Orduan, Hendaiako Pâtisserie Alonso (Ducasse) izenekoan lanean emandako urte luzeak oroitu ditu amonak. Gozo-denda haren jabea, Pepito Alonso, Euskal Herriko abesbatzetan zaharrenetakoa omen den Gaztelu Zaharren sortzaile izan zen, 1946an. Gozotegian bertan egiten zituzten entseguak, eta han ikasi omen zituen amonak bere errepertorioko kanta asko eta asko. Binilo zahar bat atera digu, erakusteko.

Ederra da Gaztelu Zaharren webgunea. Abesbatzaren diskografia ageri da, diskoen erreprodukzioak, eta argazki zaharren bilduma bat. Bereziki deigarriak egin zaizkit 1947ko Olentzeroarenak; gerraosteko lehena izan omen zen. Olentzero bidasotarra ere entzun daiteke, bai eta Maritxu nora zoazen zatitxo bat frantsesez irakurri ere:

Maritchu
Où allez-vous si élégamment belle?
À la fontaine si vous voulez venir avec moi

Gaua oso aurreratuta dago dagoeneko, eta mahaian eserita geratu garenoi begira jarri naiz. Hiru belaunaldi gaude han eserita. Biloba nagusia gurekin dago, baina beste batzuk joanak dira, norabait jolastera; txikien artean, gure ondoan besaulki batean eserita nire semea eta adin bertsuko lehengusu bat daude, izebaren sakelakoarekin jolasten, Subway Surfers edo Angry Birds edo antzeko jokoren batean. Ez digute jaramon handirik egiten. Aldian behin, sakelakoa utzi eta adi jartzen dira, baita gutxi batzuetan kantuan hasi ere, kantaren bat ikastolatik-edo ezaguna egiten zaienean. Tristura-zimiko bat sentitu dut. Jarraituko ote diote kantu-tradizio honi? Zalantza egiten dut. Non ikasiko —berenganatuko— dituzte kantu horiek guztiak? Hiru belaunaldi horien artean, erdikoa, gurea, giltzarri da transmisioa bermatzeko, katea ez apurtzeko, baina eginkizun zaila dugu. Ezkor samarra naiz.

Post-data: Gasteiz, abenduak 26

Atzo itzuli ginen Gasteizera, gure normaltasunera. Semea oraintxe aurretik jaiki da, eta, lehen gauza, ordenagailu aurrean jartzea egin du. Googlen «azken balea» jarri, eta YouTubek lagunduta Orioko balearena kantatzen hasi da, karaokean bezala.

Arriskuak eta kalteak

Itziar Otegi Aranburu

Interes handiz irakurri nuen herenegun Maite Imazen «Riesgo/peligro» testua. Izan ere, aspalditik nuen bi horiek bereizteko beharraren —eta ezinaren— berri. Ez hainbeste lan-segurtasunarekin loturik, elikagaien segurtasunarekin baizik. Aspalditik neukanez auzi horri buruz idazteko asmoa, gaurko prestatzen ari nintzen testua bazter utzi, eta gaiari heltzea erabaki dut. Nire ekarpen hau hobeto legoke «Riesgo/peligro» testuaren erantzunetan, baina sobera luzea da lauki horietako batean sartuta eroso irakurtzeko. Hona ekarri dut, beraz. Abisu bat, hasi aurretik: testu honen asmoa da «Riesgo/peligro» testuari zertzelada batzuk eranstea, esan bezala elikagaien segurtasunaren alorrera ekarrita; soluzio-proposamenetan, ordea, ez doa askoz urrunago.

Batzuek izango duzue APPCC sistemaren berri, Itzul posta-zerrendan agertu izan baitira, behin baino gehiagotan, sistema horren termino batzuk itzultzeko zailtasunak. Jatorriz, Estatu Batuetan sortua da sistema hori, eta, beraz, ingelesez, HACCP siglekin: Hazard Analysis and Critical Control Points. Hasiera batean, ARYCPC gisa eman zen gaztelaniaz (Análisis de Riesgos y Control de Puntos Críticos), baina gerora zuzendu eta APPCC bihurtu zen: Análisis de Peligros y Control de Puntos Críticos. Horra hor Riesgo/peligro auziaren lehen zantzua, iturburua ingeleseko hazard eta risk kontzeptuen itzulpenean duena. Ederki azaldu zuten arazoaren munta Europako Batzordeko itzultzaile batzuek puntoycoma buletinean:

La traducción de estos términos no ha sido siempre coherente. Basta echar un vistazo en el archivo electrónico del Servicio de Traducción SdT Vista para observar que la confusión entre risk y hazard es absoluta (ambos suelen traducirse por «riesgo») y que otro tanto ocurre con evaluation y assessment (traducidos indistintamente por «evaluación»). Este baile terminológico no es exclusivo de nuestro SdT. Así, durante la última conferencia sobre el Codex Alimentarius1 celebrada en Orlando (EE.UU.), la mala calidad de las traducciones obligó a suspender sesiones para que los representantes de los países hispanohablantes se reunieran e improvisaran acuerdos sobre la forma y el contenido precisos de los conceptos básicos allí debatidos.

Honela definitzen dira Hazard eta Risk kontzeptu giltzarriak sistema horretan (iturria: OME, Osasunerako Mundu Erakundea):

Hazard: A biological, chemical or physical agent in, or condition of, food with the potential to cause an adverse health effect.

Risk: A function of the probability of an adverse health effect and the severity of that effect, consequential to a hazard(s) in food.

Gaztelaniaz:

Peligro: Agente biológico, químico o físico presente en el alimento, o una propiedad de éste, que puede provocar un efecto nocivo para la salud.

Riesgo: Función de la probabilidad de un efecto nocivo para la salud y de la gravedad de dicho efecto, como consecuencia de un peligro o peligros presentes en los alimentos.

Eta frantsesez:

Danger: Agent biologique, chimique ou physique présent dans un aliment, ou état de cet aliment pouvant avoir un effet adverse pour la santé.

Risque: Fonction de la probabilité d’un effet adverse pour la santé et de sa gravité, du fait de la présence d’un (de) danger(s) dans un aliment.

Ohar interesgarri bat ere ageri da:

*These Definitions are proposed on an interim basis: they are subject to modification in the light of developments in the science of risk analysis and as a result of efforts to harmonize similar definitions across various disciplines.

Alegia, behin-behinekoak direla definizio horiek; litekeena dela aldatzea, informazio gehiago eskuratu ahala, edo, guretzat interesgarriagoa, beste arlo batzuetako antzeko definizioekin bat egitearren.

Baina itzul gaitezen riesgo/peligro auzira. Goiko definizio horien arabera, hazard/peligro/danger hori da osasunari kalte egin liezaiokeen zerbait, eta risk/riesgo/risque hori, berriz, kalte hori gertatzeko probabilitatea eta kaltearen larria batuko lituzkeen kontzeptu kuantitatibo bat.

Kontu hori aspaldikoa denez, honezkero euskaraz nolabait emango zituen baten batek. Sarea arakatuta, bi testu aurkitu ditut APPCC sistema euskaraz azaltzen dutenak, gutxi-asko egokituta. Bat Osakidetzaren webgunean dago. Definizioen atalera jota:

Arriskua: Agente biologiko, kimiko edo fisikoa, elikagaietan osasunarentzat kontrako ondorioa eragin dezakeena.
(…)
Arriskua: Arrisku bat azal daitekeelako probabilitatea da.
(…)
Arriskuen analisia: Prozesuaren etapa bakoitzeko arrisku potentzialen arriskuaren eta larritasunaren ebaluazio prozesu sistematikoa, zeinak bide ematen duen elikagaien segurtasunerako zeintzuk diren garrantzizkoak erabakitzeko, eta ondorioz, berauek autokontrol planean planteatzeko.

Riesgo y peligro, beraz, biak arrisku, eta arrisku bikoitza.

Bestea Elika Fundazioaren webgunean dago, eta pentsu-lantegiei buruzkoa da. Dokumentu horretan ere antzera jokatzen da, baina arriskuaren «bi definizioak» bateratu egin dira, eta, beraz, arrisku da kaltea eragin lezakeen zer hori, bai eta zer hori gertatzeko probabilitatea eta ondorioen larritasunaren batura ere. (Bide batez, Elika Fundazioa elikagaien segurtasunari buruzko wiki bat prestatzen ari da. Euskarazko glosarioak baditu, dagoeneko, 418 sarrera).

Erraz uler dezaket zer-nolako ataka estuan aurkituko zen itzultzailea, halako arazo baten aurrean. Izan ere, orain arte nik behintzat ez nuen modurik ezagutzen bi horiek bereizteko, noiz edo noiz aipatu izan diren arrisku/lanjer eta arrisku/peril aukerak kenduta, eta horiek ez dute bide luzerik egin.

Maite Imazek aditzera eman duen bereizketa aurrerapauso handia iruditzen zait, baina, halaz guztiz, badut pare bat baina: hasteko, funtzionatuko al du? Behar bezain gardenak eta funtzionalak al dira ordain horiek? «Itsatsi»ko ote diote, lantegietan eta? Alegia, janari- edo pentsu-lantegi batean ari den langileak (erraz samar) ulertzeko eta nahasbiderik gabe erabiltzeko modukoak dira? Estali gabeko konpresoreko transmisio-uhalak erabili behar dituen langileari lan-arriskuen prebentzio-plana esplikatu behar dion teknikariak eroso erabiliko al ditu arrisku eta arriskubide, berritasun orori ohitzeak eskatzen duen ahalegina gorabehera? Nik zalantza egiten dut. Kendu definizioak eta esplikazioak ondotik, eta utzi bakarrik arrisku eta arriskubide. Zein da zein, aintzat harturik orain arte arrisku erabili dela riesgo zein peligro adierazteko? Zerk ematen du zertarako bidea? Antzekoegiak dira bi hitzak, nahastu gabe erabiltzeko. Beharbada, arriskubide ordez arrisku-eragile edo arrisku-iturri proposa litezke, baina ez dakit taxuzko «termino» liratekeen horiek.

Bestalde, auzitan jar liteke estali gabeko konpresore horren uhalak, esate baterako, zertarako ematen duen bidea, arriskurako, ala kalterako. Morris hiztegian hazard jartzen baduzu, gaizpide ematen dizu, arriskurekin batera. Hiztegi Batuan badago gaizpide, bai eta kaltebide ere.

Aldiz, argi dago risk/riesgo/risque kontzeptu kuantitatiborako gorde behar dela arrisku; izan ere, «zerbait gertatzeko arrisku handia/txikia dago» esaten dugu euskaraz.

Hartara, modua izango genuke kontzeptu giltzarri horiek bereizteko:

Arrisku-eragilea/gaizpidea/kaltebidea: estali gabeko konpresoreko transmisio-uhalak, konpresore horien diseinu txarra.
Arriskua: uhal horiek erabiltzean langileak kalteren bat jasateko probabilitatea, eta kalte horren larritasuna.
Kaltea/gaitza: langileari etor lekizkiokeen ondorio txarrak.
Larritasuna: kalte edo ondorio txar horien munta.

Beste bide bat ere bururatu zait, baina ez dut uste hobea denik: jatorrira jota, hor dago, orobat, hazardekin batera testuinguru horretan agertu ohi den beste hitz bat: threat, «mehatxua». Hartara: mehatxua, arriskua, kaltea eta larritasuna.

Ados, ez bata ez bestea ez dira izango segur aski soluzio bikain gorenak, baina nire hau Maite Imazek azaldutako arrazoibidean oinarritua den bezala, beste norbaitek hau irakurrita izango du agian burutazio bikainen bat?

Guztiarekin ere, arazoa ez da, jakina, elikagaien segurtasunera edo lan-osasunera mugatzen. Askoz zabalagoa da. OME erakundearen esteka horretan sartu eta testu osoa irakurtzen baduzue, edo puntoycomako artikulu osoa, edo Euskaltermen hazard hitza sartu eta ordainei begiratzen badiezue, ohartuko zarete zenbateraino zabalduta dagoen arazoa. Izan ere, risk eta hazard horietatik abiatuta beste hainbat kontzeptu eraiki dira, eta kontzeptu horien itzulpenetan nahasmendu handia ageri da, bai gaztelaniaz, bai euskaraz. Eta, hortik, nire bigarren baina: ez ote da beranduegi arazoa konpontzen saiatzeko? Aspaldikoa da kontua, eta izugarri hedaturik dago nahasmendua, jakintza-arlo ugaritan. Lan handia geneukake sukaldea txukuntzen…

Elurra ari du Gasteizen

Itziar Otegi Aranburu

Elurra ari du Gasteizen. Gogotik. Ordenagailu aurrean eserita nagoela, leihora joaten zaizkit begiak ihesi, luma arinen pare haizearekin jolas eginez goitik behera datozen elur malutengana. Begiekin batera, gogoa ere urrun joan zait, duela urte batzuk beste leiho baten aurrean, beste elur maluta batzuei begira egon nintzen hartara.

Mon pays, c’est la neige… etorri zait gogora. Baina ez, ez zen horrela zehazki. «Mon pays ce n’est pas un pays, c’est l’hiver» kantatzen zuen Gilles Vigneault Quebeceko kantariak. Neguan, zuria baita nagusi Quebecen. Elurrak den-dena hartzen du, metrotik gorako altueran pilatzen da espaloitan, eta, aldian behin, oinezkoentzako lekua egiteko, kamioitan kargatu eta beste norabait eraman behar izaten dute, elur-hondakindegietara.

Baina tira, jarrai dezadan irakurtzen.

Badakigu, hala ere, ezinezkoa dela hizkuntza baten argazki oso eta zehatza lortzea; bai une historiko jakin bat harturik (banakako erabileren batez bestekoa baita Hizkuntza, hots, abstrakzio bat), eta bai, areago, denboran zehar (aldatuz baitoa etengabe).

Mon pays ce n’est pas un pays, c’est ma langue bota dit gogoak, traizioz. Hara, hemen dut. Sumatzen dut. Badatorkit, berriz ere, nire irudimen-inflazio ditxosozkoa, lana galaraztera. Uxatu, eta berriz ere irakurketari lotzen saiatzen naiz.

Hizkuntza guztiei dagozkienak dira, beraz, kontuok, indar finkatzaileen eta aldatzaileen arteko dialektika hori barne. Bestetik, orain arte bakarturik irudikatu badugu ere hizkuntza, gauza jakina da elkarrekiko tratua dutela hizkuntza askok.

Ez al hion behin idazle bati irakurri, leku fisiko bati lotua baino, norberarekin eramaten den zerbait dela egun euskara, edo hala ikusten zuela berak? Halako zerbait. Ez dakit ba…

Garbi dago hizkuntzaren gizarte-egoera horrek isla garbia izango duela banakako hiztunen buruan (aldi berean gizartezkoa eta norbanakakoa baita hizkuntzen izaera), eta, hiztunok hizkuntza biotan elebidun diren kasuan, erlazio desorekatu horren proiekzio moduko bat aurkituko dugula sarritan: hizkuntza nagusia sendo(ago) eta menderatua ahul(ago).

«Le français, on l’apprend; l’anglais, on l’attrape» esan zuen Brunswick Berriko irakasle hark, Laval Unibertsitatera elebitasun gehigarriaz hitzaldia ematera etorri zenean. Alegia, Quebecen frantsesa ikasi egiten dutela, baina ingelesa… ingelesa sartu egiten zaiela hezurretaraino, nahi gabe, izurrite bat bezala. Ondo sartu ere. Gogoan dut nola Miren Ibarluzea eta bioi, Quebecera iritsi berritan, jendeari helbide bat galdetu eta, eskerrak eman ostean, «Bienvenu» erantzuten ziguten. «Arraioa, hau da jende abegikorra, hau!» esaten genuen geure artean. Handik gutxira, ordea, konturatu ginen ez zitzaizkigula ari ongietorria ematen, baizik eta ez horregatik esateko, ingelesezko «You’re welcome» esapidearen kalkoa erabiltzen zutela.

Kontaktu estuaren kasuan, hizkuntza bataren berezko moldeetan nahasmenak sor ditzake bestearen eraginak (tipikoki, elebidun batzuek ez dituzte guztiz bereizten bi kodeak).

Kalko-ehizan gogotik aritzen ginen Mireille Martin irakaslearen Grammaire et Lexique ikasgaian, Lionel Meney-ren Dictionnaire Québécois-françaisez horniturik. Pour mieux se comprendre entre francophones, zioen, azalean, 1.800 orritik gorako liburukote hark. Bezperako Le Soleil eta beste egunkari batzuk hartu, eta luze gabe aurkitzen genituen, alafede, kalkoak eta interferentziak. Gurean bezalatsu.

Eragin guztiz desorekatuaren kasuan, hizkuntza nagusiak jan egin dezake menderatua (aurrena desitxuratuz, hurrena desegituratuz eta azkenik deseginez).

Desitxuratu, desegituratu, desegin… Deserritu.

Tira, alferrik da. Gaur ez nago lanerako. Eman dezadan amore. Kontra egiten saiatu gabe, berriz ere leihoz haratagoko elur malutei lotu diet begiratua.

Negua ari du aurten, bota dit orduan gogoak. Hasperen egin dut. Otzan, nire gogo hezikaitzari men eginez, tiraderatik paper batzuk atera eta ariketa gisa aspaldi egiten hasi nintzen itzulpen bati heldu diot berriz.

Negua ari du aurten. Hotza. Bustia. Hezurrak zurminduta gaude, sabela beti erdi bat gose eta beste erdia huts. (…) Hotzak, aiduru gaude baina, ez gaitu hiltzen ahal guk nahi bezain fite. Bizia biziari aldezten zaiola.

Gogoratu dut oso zaila iruditu zitzaidala esaldiok gaztelaniara itzultzea. Itzulpen-ariketa horretan sumatu nuela, oso garbi, elkarrengandik zeinen urrun dauden euskara eta gaztelania, hizkuntza gisa. Antipodetan. Eta halako lasaitasun bat sentitu nuela, esaldi gozakaitz horiekin borrokan.

Baratzeko hormaren kontra fusilatuak nola abailtzen diren begira egoten gara geure aterpetik, euriari begira bezala. Ikusteko ederrenak isilik jausten direnak dira, ez negar bat, ez erantzukirik, harro nahiz apal, keizuak itsutuak zein penak sorgortuak bala tantolak lotu eta etzan.

Bala tantolak lotu eta etzan… Ah, zer zaila, zer zaila gaztelaniara itzultzen… Zer aparte dauden hizkuntzok elkarrengandik. Aparteago baleude hiztunon buruan…