Orain kontsumitzaileak gara

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Kapitalismoak ingelesa eraldatu duela irakurri nion aurrekoan kazetari bati. Ingelesa eta gainerako hizkuntzak, pentsatu nuen, hizkuntza orotara eta hizkuntzaren esparru guztietara zabaldu baitira kapitalismoak eraldaturiko ingelesaren hizkera-moldeak. Hala, ohitu gara langileei “giza kapital” edo “giza baliabide” deitzen, idazlanei “ekoizpen idatzi” eta jendeari “bezero” edo “kontsumitzaile”. Honetaraz gero, geu ere bihurtu gara produktu: ez oso aspaldi “Gestión de una/o misma/o” esaldia itzultzea tokatu zitzaidan (uste dut Nafarroako Gobernuak antolaturiko ikastaro baten helburuetako bat zela).

Eta ohitu garen arren “recurso de apoyo educativo” euskaraz “hezkuntza-laguntzako baliabide” paratzen zirkinik egin gabe eta jakinik langile bati buruz ari garela, aurreko batean soberaxko eta ia ezinezko iruditu zitzaidan esaldi bat itzuli behar izan nuen: “El alumnado consume poesía”. Egiari zor, nire kezka nagusia ez zen izan erabaki beharra nola eman esaldia euskaraz –ea hitzez hitzezkora jo beharra nuen, edo munduaren merkantilizazio mugagabea mugatzeko moduko beste aditz bat aukeratu­–, kezka handiagoa eragin baitzidan Hezkuntza Departamentu batek ekoitzitako testu batean holako esaldiak agertzea normaldu izana. Badakit garaian garaiko gizarte-antolamenduak zizelkatzen digula hizkuntza, eta gure gizarte kapitalistaren enegarren erakusgarri bat besterik ez dela, baina, esaldi hura irakurrita, zoliago eta barrenago sumatu nuen ohiko kirrinka…

Nolanahi ere, ongi dakit kirrinka zoliago horietara ere ohituko naizela, arrazionaltasun ekonomikoa arteetara ere hedatu da-eta aspaldi. Nire beldurra bestelakoa da: kapitalismoaren hizkuntza erabat nagusitzearekin batera ez ote dugun galduko ahalmena beste ikuspegi eta hitzen bitartez sortzeko mundua, gizartea, gure euskara eta geure buruak; izan ere, erabiltzen ditugun kontzeptuek gure ezaguera eta ulerkerei eragiten diete, eta batzuk oztopo izan daitezke inguru bizigarriagoak amesteko.

Ingelesa aldatzeaz gain, garbi dago kapitalismoak ingelesa hedatu duela, eta, batzuetan, tentazioa dut pentsatzeko inperioaren hizkuntzari mugak jarrita oraindik ere modua izan genezakeela hesiak paratzeko kapitalismoak blaitu hizkera-moldeei. Jabetzen naiz kontua ez dela hain sinplea, baina nik, adibidez, ongi ikusiko nuke halako batean Euskal Herriko Haur Hezkuntzako haurrek geletan ingelesa gutxiago kontsumituko balute, nahiz eta ohartzen naizen horrek galtzaileen frikikeria dirudiela oraindik eta, gainera, ikastetxeak merkatu diren honetan bezeroak galtzeko bide zabala litzatekeela hori. Bestetik, badakit ezen, tamalez, ingelesari mugak jarri arren, poesiaren kontsumoaz kezkatuko diren arduradun pedagogikoek beren postuetan jarraituko luketela, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako arduradunek segituko luketeela adierazten fikzio euskaratua oso zurruna dela eta oso zail egiten duela haren kontsumoa.

Aukerak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Nafarroako administrazioak sortzen dituen testuetan erruz ugaritzen ari dira molde honetako esaldiak:

1) Los deseos como fuente de conflicto.

2) Se le entregó la fotografía como recuerdo de la estancia.

3) A través de planes de transformación de azoteas como espacios comunitarios.

4) a. La mediación escolar como clave de empoderamiento infantil;    

   b. El uso de la mediación escolar como empoderamiento infantil.

5) Es interesante considerar el comedor como un recurso educativo.

6) Es necesario entender la educación en su sentido amplio, más allá de su simple consideración como escolarización.

7) Las personas físicas o jurídicas que sean gestores de los vertederos, como sustitutos de los contribuyentes.

Euskaltzaindiak EBEn esana digu “ez dela egokia gaztelaniazko ‘como’ edo frantsesezko ‘comme’ guztiak bezalarekin ordezkatzea; euskarak baditu molde propio egokiak horretarako”. Akademiak bezala gramatikala dela oroitarazten digun arren, gisa eta moduan/modura erabiltzea proposatzen digu.

Euskaltzaindiaren gomendioarekin bat –eta presak eta lan-zamak hartaraturik, segur aski– aipatu esaldiak itsu-itsuan gisa postposizioa erabiliz itzultzen ditugu maiz, euskarazko beste bide batzuei ez ikusia eginez. Hala ere, horretaz ohartu eta beste molde batzuk ere erabiltzen saiatzen ari gara; izan ere, aspaldi, “Zuzenketa-lana: tipula zuritzen” ikastaroan, Irene Arrarats eta Maialen Berasategi irakasleei gauza jakingarri eta kontu zuhur aunitz ikasi genizkien, besteak beste, komeni dela espezie inbaditzaileei mugak paratzea, hala egin ezean baliabide horiek noranahiko bihurtzen baitira, beste hizkuntza-bitarteko batzuk desagertzeko zorian jartzeraino batzuetan.

Horiek horrela, hona hemen, esaterako, hasierako adibide horietarako gure itzulpen-atalean baliatu izan ditugun aukerak:

1) Desirak, gatazka-iturri.

2) Argazkia egonaldiaren oroigarri(tzat) eman zitzaion.

3) Eraldaketa planak eginez teilatu lauak espazio komunitarioak izan daitezen.

4) a. Eskola-bitartekotza haurren ahalduntzerako gako. / haurrak ahalduntzeko gako.

   b. Eskola-bitartekotza haurrak ahalduntzeko erabiltzea.

5) Interesgarria da jantokia hezkuntza-baliabide bat dela iriztea / baliabidetzat hartzea.

6) Beharrezkoa da hezkuntza bere zentzu zabalean ulertzea, eskolatze hutsetik haratago.

7) Zabortegiak kudeatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, zergadunen ordezko baitira /diren aldetik.

Bestetik, iruditzen zait gaztelaniazko como batzuk hizkuntza horretan ere espezie inbaditzailetzat har litezkeela (ingelesaren eraginez, agian?), eta, garai batean, ohikoagoa izanen zela “considerar el comedor un recurso educativo”, “trabajar de repartidora”… baina segurantziarik ez nik.

Esanak esan, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere baliabide gramatikalik baztertzea, baizik eta aukeren zabalaz gogoeta egitea, ariketa gisa.

Supraitzulpenak direla eta

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Elizabete Manterola Agirrezabalagak “Autoitzultzeaz gogoetan” izeneko artikulu interesgarri bat argitaratu zuen plaza honetan urriaren hasmentan. Autoitzulpenari buruzko kongresu batean entzundakoak hartu zituen hizpide, eta ikertzaileetako batek autoitzulpenaz eta dibertsitateaz esandakoak nabarmendu: “Autoitzulpenak sustatu dezake dibertsitatea, xede hizkuntzetan argitaratzen diren liburuen artean hizkuntza gutxituetan sortutako lanei lekua egiten baitzaie. Kontrara, autoitzulpenak indarra ken diezaioke dibertsitateari, suprautoitzulpenak (gehien sortzen den autoitzulpen mota) jatorrizko hizkuntzak baztertzen baititu, hein batean behintzat.” Bada, Manterolak bere testuaren bukaeran zioen bezala, “Badu, bai, mamirik gaiak” eta, horregatik, supraautoitzulpenen –eta supraitzulpenen– mami horren ertz bati heldu nahi diot oraingoan, azken urteotan nire inguruan sumatzen ari naizen joera batez mintzatze aldera.

Orain urte gutxi Kirmen Uriberen Lo que mueve el mundo oparitu zidan Madrilen bizi den lagun erdaldun batek. Iruñeko liburu-denda batean erosi zidan. Saltzaileari esan zion euskal egile baten liburu bat oparitu nahi ziola lagun euskaldun bati, aholkatu ziezaiola baten bat. Saltzaileak liburu hori saldu zion eta, gero, liburua oparitarako paper pollit batean biltzen ari zelarik, galdetu zion: “¿Qué te pongo? ¿Felicidades o Zorionak?”.

Orain dela bi urte gure inguruko bi gazte euskaldunek Ibrahima Balderen eta Amets Arzallus Antiaren Hermanito irakurri zuten. Haietako batek liburua bukatutakoan jakin zuen itzulpena zela. Besteak bazekien liburua euskaraz ere eskura zezakeela, baina D eredu batean ikasitako euskara poliki-poliki ahazten ari den saldo handi horretako kidea da bera, eta nahiago izan zuen gaztelaniaz irakurri. Adiskide euskaldun batek Uxue Alberdiren Reverso aholkatu zidan iaz, eta beste batek, Katixa Agirreren Las madres no.

Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina garai batean arrazoia argia zela uste izan genuen: oso handia zela euskaraz alfabetatu gabeko euskaldunen kopurua. Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina ez dakit ez ote den gero eta ohikoago bihurtzen ari. Lankide bati azaldu diot nire arrangura, eta galdera hau jaurti du airera: Iruñerriko fenomenoa ote? Ezetz uste dudala erantzun diot. Izan ere, iruditzen zait Koldo Bigurik Manterolaren artikuluaren harira blogean idatzi zuen iruzkinean datzala koska, hots, itzulpen horiek ez direla itzulpentzat saltzen eta, hortaz, euskarazko literaturaren inbisibilizazioa eragiten duela horrek, besteak beste. Gainera, uste dut inbisibilizazio horrek areagotu egiten duela euskarazko kulturak duen ikusezintasun orokorra, eta, horren eraginez, euskaraz inoiz baino eskualdekoagoak sentitzen garela orain, eta espainieraz, aldiz, inoiz baino mundukoagoak.

Iñaki Iurrebaso Biterik idatzitako “Euskara nagusi izango duten hiztunen bila” artikulua igorri didate WhatsAppez, eta euskaraz baizik ez dauden –edo behinik behin gaztelaniaz eta frantsesez ez dauden– irakurgaiak eta edukiak behar ditugula bururatu zait.

Badu, bai, mamirik gaiak.

Gehiegi zabal ez dadin

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Etxean Euskadi irratia piztua dugula gosaltzen dugu maiz. Orain hilabete gutxi, greba euskara batuan huelga esan behar ote zen galdetu zidan alabak, esatariak huelga gora eta huelga behera ari baitziren etengabe lanuzte bat zela-eta. Ezetz esan nion, eta Irene Arraratsi aspaldian Twitterren irakurri nion esaldi batez gogoratu nintzen: «Orain erabaki beharko balitz, ‘huelga’ nagusituko litzateke, eta ez ‘greba’. Nekatu gara estandar nazionala egiteaz».

Eskupekoen gaia bolo-bolo dabil hedabideetan, txartelaren bidezko ordainketak nagusitu ahala, behera egin baitute. Berrian artikulu hagitz interesgarri bat argitaratu dute gaiaz, gustura irakurri dut, baina harrigarria iruditu zait eskupeko hitza behin ere ez agertzea testuan. Eskupeko erabiltzea garbizalekeriatzat joko ote da?, pentsatu dut… Nork esan zuen harako hura, «ez dakit gaztelania nahikorik zure euskara ulertzeko»?

Beran, Lesakan eta Aranon uholdeak izan ziren maiatzaren hondarrean. Irratian bitan aditu genuen uholdeak gertatuak zirela Euskal Herriko ekialdean. Alaba barrez hasi zen: «Amaaaa!, berriz esan dute Bera eta Lesaka Euskal Herriko ekialdean daudela, kar-kar-kar!!!». Badaezpada, sakelakoa hartu nuen –badaezpada eta itxaropenez-, baina Zuberoan eta Erronkarin arazorik ez, eta gogora etorri zitzaidan aita zenak astakiloen moduan jolasten hasten ginenean maiz esaten zigula: «barrez eta barrez, eta azkenean negarrez».

Ziburuko Euskal Disko eta Liburu Azoka izan da asteburuan. Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kideak esan du azoka ‘zubi’ bat dela irudika daitekeela, Euskal Herria bitan banatzen duen Bidasoa ibaia gehiegi zabal ez dadin balio duena. Ez da erronka makala, pentsatu dut, zubi ideologiko, lexiko eta kultural aunitz behar baititugu ibai dagoeneko zabal hori gehiegi zabal ez dadin.

Poesiaren egunaren karietarat

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Jakin nuenean blogaren bigarren bizialdi honetako egutegian martxoaren 20a egokitua zitzaidala lehen testua argitaratzeko, gogoratu nuen martxoaren 21a dela Poesiaren Nazioarteko Eguna –ene! lehenbiziko letrek larriz behar dute? xehez?–, eta, hortaz, otu zitzaidan ez zela aukera txarra poesia itzultzeari buruzko zeozer apailatzen saiatzea, nahiz eta jakin badakidan ez dudala tresneria teoriko nahikorik itzulpen alor berezi horri buruzko gogoeta mamitsurik egiteko, argi dudan gauza bakarra baita olerkiak itzultzean konturatzen dela bat, inoiz baino argiago, zein diren norberaren ahulgune linguistiko-estetiko-musikalak.

Nolanahi ere, handik puska batera, Antonio Machadoren olerki aski famatu baten bi bertso-lerrorik ospetsuenak itzuli beharra suertatu zitzaidan hitz lauz idatziriko testu batean, eta pentsatu nuen ezen, olerkiak itzulsortzeaz ikuspegi teorikotik idatzi beharrean, hobe nuela poema labur hori bera osorik itzuli eta itzulpenean agerturiko koskez eta sumaturiko ezinez mintzatzea gaur hemen.

Horiek horrela, poemarekin itzuljostetan hasia nintzela, bazterrak harrotu zituen Roald Dahlen liburuen hizkera desegokia berrikusteko ekimen batek. Hasteko eta bat, bururatu zitzaidan beldurgarriena ez ote zen liburu araztuak irakurriko dituztenek pentsatzea moldaturiko bertsio horiek direla jatorrizkoak eta ez ote ditugun galduko lanak idatzi zireneko testuingurua eta orduko ajeak ulertzeko gakoak eta, horrekin batera, egungo zauri eta gatazka aunitzen sustraietara eramaten ahal gaituzten arrastoak, nondik heldu garen jabetzeko argiak; beldurgarriena ez ote den garai batean normalduriko estigmez mintzatzeko aukera galtzea, baina tira, pentsatu nuen gero, gaztelaniaz irakurtzen duten askok ere uste dute Margaret Atwooden jatorrizko bertsioa irakurtzen ari direla Salamandran El cuento de la criada gaztelania batuan irakurtzen ari direnean…

Nolanahi ere, hasteko eta bi, neure baitako itzultzailea “les belles infidèles” deituriko itzulpenez gogoratu zen. Dakizuenez, hala deitu ziren testu klasikoak Frantziako XVII. mendeko literatura-modetara eta gizarte-balioetara moldatuz taxutu ziren itzulpenak; eta kontua da ezen, bi fenomenoen arteko loturez hausnarrean ari nintzela, esamolde horren jatorri sexistaz ohartu nintzela, hots, emakume eder desleialen klixea zegoela oinarrian, segur aski garaiko jakintsuek jakin bazekitelako emakumea ezin dela aldi berean ederra eta leiala izan, egungo jakintsu erdaldunek aski ongi dakiten bezala sendagilea ezin dela izan aldi berean mediku ona eta euskalduna…

Baina ez ote nintzen nire asmoaz desbideratzen ninduten ibiak iragaten ari, zeren nik Machadoren poema itzuli bat ekarri nahi nuen gaur hona. Horrenbestez, Dahlen aferaz eta haren ertz politikoez ez kezkatzea erabaki nuen eta Poesiaren Nazioarteko Egunari nire aletxoa ekarri eta pentsatu nuen horretarako ez ikusia egin behar niela nire xedeaz aldenduko ninduten albisteei, esate baterako, itzulpena jardun politikoa ere badela ikusarazi digun eraso bati, zeinaren bitartez Katakrakek argitaratu eta Amaia Astobizak itzulitako Puta zikinak liburuaren hainbat ale hondatu baitzituzten Baionan otsail bukaeran, noiz eta gure alaba Nagore Tolosak euskaraturiko Fahrenheit 451 irakurtzen hasi baitzen…

Baina, zer diren gauzak, liburu debekatu, araztu, hondatu eta erreen bila sarean hasi, eta jakin dut Machadoren lan batzuk ere debekatu zirela Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, ez zutela bakarrik poeta erbesteratu, haren hitzak ere desagerrarazi nahi izan zituztela… Azken batean, pentsatu dut hondarrean, hitzak ere ekintzak baitira. Eta sigi-saga nahasi samar honetan igaro ditudan ibietan barrena nire bigarren asmora itzultzea erabaki dut eta olerki baten itzulpena ekartzea gaur hona Poesiaren Nazioarteko Egunaren karietarat: ibiliz egiten baitira bideak, eta itzulinguruz eta itzuliz, zabaltzen.

Hona hemen, beraz, nire itzulpen saioa:

Caminante, son tus huellas
el camino y nada más;
Caminante, no hay camino,
se hace camino al andar.
Al andar se hace el camino,
y al volver la vista atrás
se ve la senda que nunca
se ha de volver a pisar.
Caminante no hay camino
sino estelas en la mar.
Ibiltari, zure oinatzak
dira bidea, hori da dena;
ibiltari, biderik ez da,
ibiliz da egiten bidea.
Bidea ibiliz da egiten,
eta atzera begiratzean
han da ikusten sekula berriz
zapalduko ez dugun xendra,
Ibiltari, biderik ez da
soilik itsasoan uberak.

Biba zuek!

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzultzaileen jarduna ikusezina dela entzuten da maiz. Geuk ere esaten dugu askotan gure lana ez dela behar bertze aintzatesten. Badira, halere, jendartean gureak baino esku eta jardun ikusezinagoak dituzten lankideak, itzulpen prozesuan giltzarri izanagatik ere produktuaren etiketan hagitz bakanetan agertzen zaizkigunak, beren begien zetabea funtsezkoa zaigun arren lanaren kalitatea goititze aldera, gaizki ulertutakoak onbideratzen dituztelako, korapilo ez-gramatikalak trebeki askatzen, pasarte mordoilotuak ukitu ttiki miragarri batez argiztatzen; esakune zimelei distirarazten dietelako, ezinezko egiturak deseraikitzen, huts egindako akats itsusgarriak samur arrantzatzen… Labur erranda: abilak direlako testuaren krak ñimiño oro aditzen.

Lantokian eta lantokitik kanpo izan ditudan zuzentzaileek elkarlanerako aldartez erakutsi dizkidate beti nire testuen ahulguneak, eta begirunez proposatu hobekizunak, testuaren mesedetan beti eta nagusikeriarik gabe. Lanetik kanpo, eskuzabaltasun hutsez eman didate laguntza, denok urri dugun aisialdiari puska ederrak lapurtuz adiskidearen itzulpena orraztearren, esker ona ordain bakar. Eta, hori guztia aski ez dela, haien orrazketa begirunetsuek apala izaten ere erakutsi didate, ulertu baitut haien zuzenkizunak ez direla nire hutsak eta akatsak nabarmenarazten dituzten mehatxuak, anitz ikasteko balio didaten aukerak baizik.

Maite ditut zuzentzaileak, lanekoak eta lanetik kanpokoak. Magia egiten dute sarri beren bolaluma gorria dantzatzean: hitz hau hara eraman, bertze sintagma hori hona, ordain honen ordez bertzea, aditza aurreratu, adjektiboa ezabatu eta testuingururako aproposagoa den sinonimoa txertatu, eta hortxe dago zuk orduak jira batera eta bira bertzera ibili arren ezin asmatu izan zenuen esaldi baliokide perfektua.

Gehiegikeria emanen du apika, baina benetan diot maite ditudala maite zuzentzaileak, eta iruditzen zaidala jasotzen ez duten aintzatespena zor diegula, nik behintzat ez nukeelako ezer argitara emanen lankide horien laguntzaren bermea izan ezean. Horregatik, bihoakie hemendik nire esker ona, ozen baina gordean, jakin baitakit umilak direla eta ez agertu zaleak: mila esker eta biba zuek!

Ingelesa ari du

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Aditu zenbaiten arabera, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza goztiarraren onurak oso-oso garbiak ez diren arren, ez bederen haurrek kasuan kasuko hizkuntzarekin eremu formalaz haratagoko harremanik ez dutenean, gure inguruan gero eta guraso gehiagok ez diete nahikoa irizten seme-alabek eskolan astero jasotzen dituzten ingelesezko lau saioei eta hizkuntza-eskola pribatuetara eramaten hasiak dira. Seme-alabak ingelesdun zaharren antzera mintza daitezen dute xede, heldutan fundamentuzko lana aurkitzeko ezgai izanen omen direlako bertzela.

Mehatxu horren mende bizi gara, biziarazten gaituzte. Eta mehatxu horren aitzakiatan ilauntzen ari zaigu A eredua Nafarroan. A eredu deitoratu eta erdeinatua, urterik urte ikasleak galduz joan dena, inoren begietan malkorik isurarazi gabe. Ingelesaren irakaskuntza goiztiarra abantailaz betea begitantzen zaigun neurri berean begitandu izan zaigulako, nonbait, murgiltze eredutik kanpoko euskararen irakaskuntza goiztiarra ezdeusa… Baina, tira, hori bertze mataza bateko korapiloa da.

Erraten nuenez, bada, uste sendotua bezain zabaldua denez atzerriko hizkuntzak txikitan baino ezin direla taxuz ikasi, umeek ahaleginik gabe ikasteko dohaina dutela (ingelesa ikasteko darabiltzaten orduak eta gurasoek xahututako diruak «ahalegin» kontzeptutik kanpo utzita, noski) eta nagusitan mirakuluzkoak ei diren ahalmen horiek galtzen ditugula, gure burmuineko aldaketa neurologiko zenbaiten ondorioz, bada, segur aski, alferrik izanen da hori guztia hein batean mitoa dela diotenekin bat egiten saiatzea, baina, halere, nire atxikimendua helarazi nahiko nieke:

Nik ere uste dut helduek eta haurrek bi modu oso ezberdinetan ikasten ditugula hizkuntza berriak eta, horrenbertzez, bi ikaste prozesuak alderatzea bananak eta mertxikak konparatzea bezain zentzugabea dela.

Nik ere uste dut helduok baditugula haur txikiek ez bezalako lagungarri bikainak ikaskuntza prozesuaren mesede: badakigu idazten eta irakurtzen; haurrek baino azkarrago ikas dezakegu, horretarako astia izanez gero; gaur egun ezin konta ahala baliabide ditugu eskura; eta, dena delako hizkuntza hori ikasteko dugun gogoa, badakigulako arlo honetan ere motibazioak ezein oztopo zelaitzeko balio diezagukeela, behar bezain handia baldin bada, jakina.

Eta, azkenik baina ez hutsalenik, nik ere uste dut atzerriko hizkuntzen ikaskuntzan aitzina egitea lotuago dagoela hizkuntza berrian jasotzen ditugun inputen kopuruarekin ezen ez hura ikasten hasten garen adinarekin.

Gainera, sinesten badugu gure seme-alabek, hala nahi izanez gero, gaztetan edo heldutan ere bikain ikasten ahalko dutela ingelesa edo bertze zernahi hizkuntza, kezka potolo samar bat kenduko dugu gainetik, familia anitzen lasaigarri. Izan ere, gai honen harira Alvaro Beñaran haur garapenean adituak iazko udaberriko Hazi Hezi aldizkarian erran zituenak oso aintzat hartzekoak iruditzen zaizkit: «…uste badugu egiten dugun guztiaren zentzua dela haurrak etorkizunean zerbait lortzea, oraina galtzen ari gara. Ezin dugu dena egin etorkizuneko helburuen arabera… Ekarri helburuak une honetara bertara: haurra txikia denean funtsezkoa da orain eta hemen egotea». Ez al da aholku zoragarria? Orain eta hemen egotea, gure seme-alabekin euskaratik eta euskaraz gozatzea, hogei urteren buruan orain beren belakitasuna behar bezala ez ustiatzegatik galduko ei duten balizko lanpostu horren kezkatan ibili gabe?

Izenburuak nahasbide

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Xabier Olarrak literatur lanen izenburuen itzulpenaz hiru artikulu mamitsu oparitu berri dizkigu plaza honetan, itxuraz sinple beharko lukeen gai baten koxka ugariren berri emanez. Artikulu sail horren lehen esaldia nire egin nahiko nuke, aproposa baita –hitz bat kenduz gero– gaurko gaiari heltzeko: «Izenburuaz agertzen denez edozein literatur lan mundura, arreta eta errespetu berezia merezi luke».

Itzultzaileoi aunitzetan gertatzen zaigu erdaraz izanen den ekitaldi, saio edo zernahiri buruzko informazioa euskaratu beharra, eta halakoetan sarri iruditzen zait arazotsu izenburua nola eman. Izenburua besterik gabe euskaratuz gero, maiz egin ohi den bezala, testuaren hartzaileak dena delako ekintza hori euskaraz dela pentsa dezake, ez bazaio nolabait adierazten, parentesi arteko ohar baten bidez-edo, zein hizkuntzatan izanen den saioa. Gaztelaniazko idazlariek, ordea, argi izaten dute nola jokatu eta, euskarazko saioren baten berri gaztelaniaz ematerakoan, beti eransten dute hizkuntzari buruzko informazioa, inor tronpa ez dadin.

Erabileretan dagoen asimetria horrek ongi erakusten digu zein den hemen hizkuntza ustez neutrala eta zein markatua. Halere, horrek arazoak sortzen dituelakoan, erdarazko jardueren izenburuak erdaraz emateko hautua hartua zutela azaldu zidan behin Iruñeko liburu-denda bateko arduradunak. Hautu egokia dela iruditzen zait, edo, bestela, erdarazko edozein ekitaldiren izenburua euskaraz emanez gero, parentesi artean erdara zehaztu beharra legokeela uste dut, interesa dutenek garbi jakin dezaten zein hizkuntzatan burutuko den eta geure buruari oroitarazteko ez dagoela hizkuntza neutralik ez hemen ez inon.

Urdailak eta GU

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzulpen oro ez da bi hizkuntzaren artekoa. Itzulpena etengabeko ariketa da bizitzan: guri ulergarri zaizkigun moldeetara itzultzen ditugu besteon hitzak, isilaldiak eta ekintzak, ariketa automatizatu ia hautemanezin eta uste baino ustelago batean askotan. Geure buruen eta gorputzen ele tarteka ulergaitzak entenditzeko ere, ezinbestekoa zaigu itzulpengintza: sentimenduek eta buru-bihotzetako ajeek zer dioskuten ulertze aldera, hitzetara eta kategoria ezagunetara ekartzen ditugu, itzulpen lan etenik gabeko baten bidez, nahiz eta batzuetan ez den samurra gure erraien hizketa zehatz itzultzea, oinazez edo amorruz ari zaizkigun ulertzea.

Orain dela urtebete pasatxo testu bat zirriborratu nuen azalduz nolako ezinegona sentitzen nuen neure klitxeen arabera batere euskaltzale ez ziren iruindar batzuen begirada onbera sumatzean alabari euskaraz egiten niolarik. Haien aurpegiera goxoak honela itzultzen nituen neure baitan: «Zeinen xarmagarria gure hizkuntza xahar xumean hizketan entzutea zuoi… oi! amatxik ere bazekien euskaraz… guk ez, ez… gure umeek ezta ere… baina zeinen ederra Baztan eta elizako euskal kantak…». Eta, noski, nire itzulpen automatiko horrek sutan kiskaltzen zidan urdaila, urduritasunez, tristuraz, amorruz, oinazez eta ezintasunez, ezinezkoa iruditzen zitzaidalako orduko hizkuntza politika amiñi bat aldatzea nafar euskaradunen eskubideen onerako.

Ricardo Feliu Martínez soziologoak garbi azaldua zigun ordurako nafar elite boteredunaren nortasun nafarra «zer garen» eta «zer ez garen» definituz eraikia zela eta imajinario horretan euskara zela tentsiobide nagusietako bat. Identitate horrek onartzen du euskara nafar hizkuntzetako bat dela, baina betiere ingurune familiar, intimo eta pribatuan gelditzen bada. Mesfidantzaz begiratzen die euskara eremu publikoetara zabaltzeko urrats guztiei. Mehatxugarri deritze. Elite horrek bere ikuspegi etniko-identitario, politiko, ekonomiko eta linguistikoa naturalizatu nahi izan du azken hamarkada luzeotan, eta ikuspuntu horiek zedarriztatu dute orain gutxi arteko hizkuntza politika gurean, erabat natural eta aldaezin bihurtuz nafar askoren buruetan nafar nortasun kolorebakar hori. Identitate sozial –GU– horrek ez gaitu barruan nahi nafar euskaldun eskubidez jantziok.

Aldatu ziren, ordea, gauzak, eta orain euskara bihurtu dute egungo Gobernua suntsitzeko misil mediatiko nagusia. Euskara nafarron arteko liskarbide nagusi izatea nahi dute batzuek hemen, eta zurrunbilo taigabeko honetan behin baino gehiagotan gertatzen ari zait ez dakidala ongi azaltzen zer sumatzen dudan urdailean aditzen dudanean, esate baterako, bi haurtzaindegitan euskarazko lerroak zabaltzea aurrerapauso sendoa dela abertzaleen naziogintzan.

Nago nire ulertezintasun horrek badituela hiru oztopo larri bederen. Bat, ulergaitza zaidala nola eragiten ahal dituen batzuen barrunbeetan hain zimiko saminak hemengo euskaldunen hizkuntza eskubideen aldeko urrats nimiño orok. Bi, haien errai minberatuen jaurtigaiek nire urdailean jotzen dutela bete-betean. Hiru, oso gaitza zaidala besteen erraien mintzoa ulertzea nireek zer dioten argi ulertu gabe.

Nago, halaber, ezen, oraingo zirimola garratz hau konponbideei begirako eztabaida sortzaileetara eramanen badugu, hizketan ari zaizkigun urdail guztiei entzun eta zer dioten «itzuli» beste erremediorik ez dugula. Euskara liskarjokotik atera eta gure aniztasunaren kudeaketaren eta eztabaida demokratikoen bakezelaietara ekartzeko, ongi ulertu beharko dugu zergatik jartzen dituen euskarak hainbesteren erraiak orroka (eta txistuka, iazko uztailaren 14an gertatu bezala).

Zeren, lehenagotik ere urdailak hain minberatuak egon izan ez balira, erraza izanen zatekeen esplikatzea elebidun batek elebakar batek baino aukera gehi(xe)ago izatea —lanpostu publiko zenbait eskuratzeko, adibidez— ez dela euskarak minoria bati bidegabeki ematen dion abantaila arbuiagarria, baizik eta euskara eta gaztelania, bi-biak jakiteak bihurtzen duela elebiduna gauzago, non eta hizkuntza biek nolabaiteko ofizialtasuna aitortua duten eskualde batean. Euskarak barrunbe batzuk hainbeste aztoratuko ez balitu, inork ez luke sentituko, aurrekoan nire aitzinean gertatu zen gisara, bere alaba elebakarra baztertzen ari zirela gure liburutegiko ipuin-kontalariak noizean behin euskaraz aritzen direlako, eta inork ez luke bidegabekeriatzat hartuko bi haur eskolaren hizkuntza eredua aldatzea, familia aunitzen urteetako eskaerei hein batean erantzutearren.

Inork ez, eredu aldaketak erdi-erdian harrapatu dituen gurasoak izan ezik, jakina. Ezaguna dut haietako bat. Umea gaztelaniaz eskolatua zuen eta ez dago ados aldaketarekin. Telefonoz mintzatu ginen aurrekoan eta aspaldian izan dudan bizipenik hunkigarrienetako bat bihurtu zen gure solasaldia. Aitortu zidan orain arte ez zela inoiz jabetu familia euskaldunek jasaten zuten bazterkeriaren tamainaz. Zinez ari zen. Tristea da, baina egia benetakoa (Torrealdaik ere horixe zioen Berrian aurrekoan, «gure mundua ezezaguna da haientzat»; eta gure premiak ere bai, noski). Negar malkotan lehertu ginen biak bizpahirutan: gure alaba bi urtekoa zelarik alde zaharreko 80 familiak euskarazko haurtzaindegia irekitzeko eskaerari Udalak entzugor egin ziola kontatu nionean egin zuen berak negar, eta malkoak atera zitzaizkidan niri hark kontatzean aita euskaltzale batek bilera batean bota ziola «orain arte guk jan behar izan dugu kaka guztia eta orain zuen txanda da», eta lur jota gelditu zela eta eskerrak baduen lankide euskaldun bat oso hurbilekoa ulertarazten ari zaiona zein izan diren holako erresuminak sorrarazi dituzten urteetako mepretxuak.

Hizkuntza batzuetan bi «gu» mota dituzte. Kitxuan, adibidez ñukanchik eta ñukayku bereizten dira. Izenordain biek «gu» esan nahi dute, baina bi gu horiek ez dira baliokideak: hiztun kitxuadunak ñukanchik esaten badu «zu eta biok» esaten du, edo «zuek eta gu». Ñukayku esatean, aitzitik, hauxe dio: «gu, baina zuek ez». Ñabardura erabakigarria. Uste dut holako nortasun eta gu oro hartzaileak eraikitzen jakin behar dugula Nafarroan. Hemen ez baitago ez nafar izateko modu bat, ezta bi ere, aunitz baizik. Bateko eta besteko urdailetako minak ulertu eta baretu beharko ditugu lehenik, elkarren arteko mesfidantzak uxatuko dituzten itzulpen-ariketak egin gero, eta gure hizkuntza-eskubideak giza-eskubideen, aniztasunaren kudeaketaren eta bizikidetzaren esparruan landu eta landu. Euskarari buruzko desadostasunak bakegintzaren jokozelaian kokatzen asmatu behar dugu. Bakerako dei egiten diguten irrintziak nahi ditut, gudazelaitik ez garelako onik aterako (ezta gure urdailak ere).

Gutun hasierak direla eta

Blogzale maiteok:

Gogoan dut zein erosoak iruditu zitzaizkidan gaztetan, ingelesa ikasten ari nintzela, gutunak egoki idazteko ikasarazten zizkiguten arauak, hain garbi eta zehatzak, hain ikaserraz eta gizabidetsuak. Ordura arte euskaraz zein gaztelaniaz kopeta zimur begiraturiko formalismo zaharmindu horien alderdi praktikoaz jabetu nintzen eta, handik gutxira, inbidiaz lausoturiko begiradaz so egiten hasi nintzaien euskarazko gutunak itzulidazten hasi nintzenean.

Urte asko joan dira, finkatu samar ditugu gutun formalak, neutroak eta hurbilekoak idazteko arauak, baina gure lantokian urtero izaten ditugu eztabaida ttikiak gaztelaniazko hasierako agur ohikoenetako bat itzultzeko euskal molde egokienaz.

Gure administraziotik herritarrei bidaltzen zaizkien gutunetan «Estimada/Estimado XXX» dugu formula guztiz nagusia, eta agur hori itzultzeko hamaika modu aurki daitezke gure itzulpen-memorietan, ados jarri ezinaren erakusgarri. Hemen dituzue azkenaldiko hamaika adibide:

Estimada Raquel = Kaixo, Raquel
Estimada Amaia = Amaia, adiskidea
Estimado Joseba = Joseba, lagun hori
Estimado Pedro = Kaixo, Pedro
Estimado Iñigo = Iñigo estimatua
Estimado señor = Jaun agurgarria
Estimada Marta = Marta begikoa
Estimados padres/madres = Aita-ama horiek
Estimado señor Arana = Arana jaun agurgarria
Estimada señora Satrustegi = Satrustegi andrea

Gutunaren zer-nolakoak badu, jakina, gure unean uneko hautuarekin zerikusia, baina askotan gure artean dudaka ibili gara ezin erabaki edo ezin bat etorri zein zen kasuan kasurako egokiena. Aurreko batean, eskutitz baten hasiera ezin finkatuz genbiltzala, Elixabete Perez Gazteluk blog honetan berean idatzitako artikuluaz oroitu ginen, non azaldu baitzigun zein ziren Mitxelenak gutunetan erabilitako agur esaerak, eta nola aipatzen zuen Mitxelenak gehienbat «adiskide»dun hasierak erabili izan zituela: «Adiskide», «Adiskide hori», «Adiskide maitea», «Agur, adiskide», «Ene/Nere adiskide». Horiek horrela, eta jakin-min hutsez, gure aita zenaren gutunetan miaka ibili nintzen bart. Ongi gordea dugun mukuruaren gainaldean zeuden eskutitzak baizik ez nituen begiratu, baina guztietan ageri ziren «Adiskide» edo “XXX hori” zekarten formulak, are gutun formaletan ere.

Ene blogzale maiteok, ez nago ziur zein izan litekeen mugaren alde honetako administrazioek gaur egun darabilten «Estimado» neutro itxurako horretarako euskarazko ordainik egokiena, eta ez nago ezta ere ziur euskararako baliokide neutro sistematikorik behar ote dugun. Baina hain-hain da erosoa!!!

Besterik gabe, zuen erantzun, iradokizun eta proposamenen zain gelditzen naiz.

Agur bero bat,

Itziar