Artxiboa egileka: Iratxe Goikoetxea

Vade retro, -ero

Iratxe Goikoetxea Langarika

Esana da euskaraz ez dagoela genero gramatikalik. Hau da, hitzek eta atzizkiek ez dutela forma bat femeninorako eta beste bat maskulinorako. Eta mendebaldeko euskaldunon erabilera bestelakoa bada ere (Ad: txotxolo/txotxola; txarrito/txarrita; temoso/temosa; koplero/koplera…), hartakotzat dugu batuko irizpidea.

Harritzekoa da, beraz, Hiztegi Batuan sarrera hau egotea: parrandera izond. Heg. Herr. ‘(emakumezko) parrandazalea’. Ez da berria, 2001ean onartu baitzen, baina horrek eman dit gaurko hizpidea.

Latineko -arius atzizkiaren ondorengoa da gaztelaniako -ero/-era (-ario eta euskarazko -ari bezala), eta adiera bitako hitzak sortzeko erabiltzen da nagusiki: batetik, gauza izenak eratzeko (costurero, mosquitera, jardinera…), eta bestetik, zerbaitetan diharduena izendatzeko (ogibidea: panadera, mamporrero…; kalifikazioa: friolero, sandunguera…).

Euskaraz, maileguen bidez sartu da gehienbat: txiskero, kulero, kafetera; torero, dultzainero Baina euskal erroaren gainean eratutako hitzak ere badira: litxarrero, kuxkuxero, txorroskilero, zurrutero.

Bederatzi berbok Hiztegi Batuan jasota daude. Dena dela, berrogeita hamar ere ez dira orain arte bahea pasatutako –ero/-era atzizkidun hitzak. Gauza izenak alde batera utzita, osterantzeko gehienak sasoi bateko lanbide izenak dira (borrero, filibustero, danbolintero), eta bada kalifikatzaileren bat edo beste (enbustero, saltsero).

Izan ere, erdarakada gordintzat edo jota, maileguzko hitza baztertu izan da askotan euskal erroko hitzen mesedetan: bonberosuhiltzaile; ganadero abeltzain. Beste batzuetan, -ariri edo beste euskal atzizki bati eman zaio lehentasuna: albaitero albaitari; bentero → bentari, bentazain.

Inoiz edo behin, -ari eta -ero, atzizki biak onartu dira, konnotazio ezberdina emanda: politikari vs politikero [peioratiboa]; zalapartari vs zalapartero [Heg. Beh. ‘(gizonezko) zalapartaria’]. Kasu honetan zehaztu egin da hitza maskulinoa dela, baina ez da jaso femeninoko formarik. Ezta gainerako kalifikatiboetan ere.

Esan bezala, Hiztegi Batuan bildutako gehienak lanbideari lotutako berbak dira: alero (ala motako txaluparekin dabilena), botilero, borrero, gaitero, haxero, jornalero, juntero, kaminero, kanpero, poltsero, tokero, trapero, txorroskilero... Eta ogibideotako gehienak, tradizioz, gizonenak izan dira. Baina ez denak: Hiztegi Batuak onartutako enplastero eta kartero-ekin batera enplasterak eta karterak ere izan dira. Baita batelerak ere.

Zer gertatu da emakumeen ogibide tradizionalekin? Sardinera, partera, eskabetxera, martxantera, bendejera… Gaitzesteko ere ez dira ageri Hiztegi Batuan[i], nahiz eta batzuek aparteko adierazkortasuna izan eta kalifikatzaile modura ere erabiltzen diren oraindik ere: sardinera (emakume zaratatsua eta lotsabakoa); martxantera (neska bizia, sorgina).

Itaun banaka bat sortu dit gai honek: Neutrotzat ala maskulinotzat hartu behar da –ero forma euskara batuan? Eta zer dela eta zaio halako ezinikusia? Neutrotasuna gordetzearren, ala ekialdeko eta mendebaldeko hizkeren arteko bereizketa ez handitzearren?

Hiztegi Batuak baino zabalago jokatu du Elhuyarrek, eta “ausartu” da gaurko euskaldunon lexikoaren parte diren txikitero, bakero, rockero eta halakoak jasotzera. Dena dela, anekdotikoa bada ere, deigarri egin zait falkoneria onartu eta horretan dabilena aipatzeko izenik ez jaso izana. Falkonero tokatuko litzatekeelako, beharbada[ii]?

Euskara ez dago baliabideak harrika botatzeko, eta kalifikatzaileak sortzeko baliabide emankorra da orain ere –ero.

______________

[i] Oker ez banago, bakarra jaso da: kantinera iz. Heg.: alardeetako eta danborradetako kantinera.

[ii] Martin Rezola blogkideak idatzitako artikulu interesgarrian eskuratu zizkigun esteka ederretan, Louis Dassancek eta Jean Elizaldek hiztegietan jaso gabeko beste izen bat aipatzen dute, polit askoa: mirotzai (mirotzez artha zaukan muthila).

 

2 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Arafaten eta Nerudaren zera

Iratxe Goikoetxea Langarika

Honako idaztea ez da erraza: artikuluaren ernamuina aukeratu eta gero, garatu egin behar da, hitzetaratu eta egituratu. Eta azkenik, blogeratu, ahal dela izenburua amutzat erabilita.

Blogeratu eta hitzetaratu berbak, hitzegietan jasota egon ez arren, guztiz ulergarriak eta arruntak ere egingo zaizkizue ziurrenik, eratorpen bide normaletik sortuta daude eta.

Aditzgintzarako oparotasuna gure hizkuntzaren ezaugarrietako bat. Esana da edozein izen edo adjektibo hartuta aditza sor dezakegula. Normalean, izen edo adjektibo horren ezaugarriak ematen dira aditzaren bidez: otsotu, astakirtendu, marroitu, enbortu, plastikotu

Mugimendu aditzak sortzeko, berriz, lekutzat har daitekeen edozein izeni NORA adlatiboa erantsi diezaiokegu eta harako mugimendua adierazten duen aditz bat eratu: kotxeratu, elurretaratu, zuganatu, tontorreratu, bularreratu, Hawaiiratu… Horrela sortutako aditz batzuek, erabileraren erabileraz edo premia lexikologikoengatik, lekua hartu dute hiztegietan: auzitaratu, ilargiratu, botilaratu, eskolaratu, pantailaratu, hilobiratu… Auzi, botila, hilobi edo dena delakoetara joan edo eraman.

Itxuraz, horrela eratu da nire artikuluko ernamuina ere: deshobiratu.

Aditz sortu berria da (2001ean du lehen agerraldia Egungo Testuen Corpusean), eta, adlatiboaren artizkia ez ezik, des- aurrizkia ere badu. Aurrizki horrek beste aditz baten kontrako ekintza adierazten du, buelta emateko ekintza: hidratatu/deshidratatu, armatu/desarmatu, jabetu/desjabetu

Ondo lotzen ote dira, ordea, des- eta -ra- aditz berean? Deshobiratu kenduta, adibide parea baino ez dut topatu elementu biokin: desbideratu eta deserriratu. Kasu biotan, baina, badira desbide eta deserri izenak, eta pentsa liteke izenon gainean eraiki direla aditzak.

Dena dela, deshobiratu-ren kasuan, ez dakit deshobi-rik ez dagoelako ala zergatik, baina deserosotu egiten nau. Hiztegietan ere ez du onarpenik oraingoz, nahiz eta deshobiratze gero eta gehiago erabiltzen den erdaretako exhumation/exhumación-en pare. Izan ere, hiztegi gehienetan aditz lokuzio berberak ematen dira exhumar-en eta desenterrar-en ordainetan: «lurpetik / hilobitik atera». Hor bada beste aukera bat, bazterrean gelditu dena: desehortzi[1]. 5000 hiztegiak bakarrik dauka jasota, eta desenterrar-erako soilik.

Hiztegien hautuak erakusten duenez, «lurpetik / hilobitik atera», «hilobia ireki» eta halakoak esapiderik berezkoenak eta arruntenak dira euskaraz. Baina termino zehatzagoa (edo errespetuzkoagoa[2]) behar da batzuetan, honelakoak esateko: «No podemos continuar con las exhumaciones por falta de fondos», «Detrás de las exhumaciones no hay ánimo de revancha», «L’exhumation des rois», «The Stories Behind 5 Famous Exhumations».

Halakoetan zer egin? Deshobiratze deserosoari bide egin? Desehorzketa esangaitza bultzatu? Nire erabakia, exhumazio nazioarteko kultura hitza erabili.

_____________

[1] Xabier Amurizak 1974an argitaratutako zerrenda honetan ageri da, baina bertako euskal erroko beste aditz askorekin gertatu den bezala, ez du aurrerabide handirik egin.

[2] Errespetuzkoa da adibidez lur eman (erritual batzuei jarraituz egindako ekintza adierazten du), eta errespetubakoa lurperatu.

Iruzkin bat utzi

Iratxe Goikoetxea atalean

Huts edo bete

Iratxe Goikoetxea Langarika

«Nola jakin jaioberri bat arra ala emea den? Begiratu matrikulari: bi zero baditu, arra da; zero bakarra badu, emea».

Herri txiki, infernu handi-n entzundako txiste hori ez genuen ulertuko orain ehun urte: matrikula gutxi orduan, eta zeroak ere urri euskaldunen ahotan (edo idatzietan, behinik behin). Harrezkero, ordea, matrikulak adina ugaritu da zero hitzaren erabilera, batik bat neguan, termometroak 0 °C-ko marrara heltzen ez direnean.

Zer erabili holakoetan? «Zeropeko tenperatura» esanda, eztabaidarik ez. Bestela, «zero azpitik» esan behar da? Okerra da «zeroz azpitik»?

Gotzon Garatek, zero hitza gaitzetsiz, adibide hauxe jaso zuen Erderakadak liburuan, 1988an: «ZERO azpitik bost grado». Parean, baserritarrei entzundakoak eman zituen ordain jatortzat: Hutsaren azpitik bost grado (V-gip, G-azp, AN-gip);  hutsaz behetik bost grado (G-azp).

Bi egiturok bi bide erakusten dizkigute. Alde batetik, toki postposizio batean oinarritutakoa dugu: hutsaren azpitik. Halaxe adierazten zaizkigu zeropeko tenperaturak termometro analogikoetan, zeroko marraren azpitik. Eta horretan bat dator Gipuzkoa hegoaldeko euskara liburuan jasotako adibide hau: «Zeron azpiti sei. Zeroren azpitik sei. (Tenperaturaren gainean)». Formula bera ageri da Herria aldizkariaren 2991. zenbakian, negu bortitzen berri emanez: «[1956ko neguan] Miarritzen, goizetan hamar bat grado zeroren azpitik, ez baita holakorik usu gertatu». Eta ildo horretakoa da gaur egun zeropeko tenperaturak aipatzeko zabalen dabilen egitura ere: zero azpitik[i].

Bigarren bidea, mugatzeko edo zedarritzeko postposizioak dira. Toki adieratik harago, neurgarri edo zenbagarri den edozerekin darabiltzagu: adina, denbora, pisua, distantzia, edukiera, kopurua… Halakoa da Garatek jasotako hutsaz behetik bost grado. Baita Erran aldizkarian irakurritako «zero graduz beheitiko eguraldi ikaragarri hotza», eta goian aipatutako Herria-ren artikulu berean idatzitako beste hau ere: «[1709ko neguan] Parisen 30 grado zeroz azpitik ukan zuten».

Tenperatura kontuetatik harago, ugari erabili izan dira halako postposizioak mugatzeko, marra baten alde batekoak edo bestekoak aipatzeko:  bi urtetik beherako mutiko guztiak hiltzeko agindu zuen Herodesek; haritza, zumarra eta makala mila metroz azpitik ipini behar direla zioen Munitak; 90 mila durotik gora esanarazi zion Toribio Altzagak bere pertsonaia bati herentzia bati buruz…

Gaur egun ere, kiroletako pisu kategoriak direla, legeek ezarritako adin mugak direla, lokalen gehienezko edukiera edo elur mailaren gorabeherak… egunero aipatu behar izaten ditugu halakoak, eta beheko taulan jaso ditudan postposizioen bidez egiten dugu gehienbat.

Taula horretan, sarrera bi gorriz markatu ditut: «-tik azpi-» eta «ø azpi-». Itxuraz ez dute tradizio handirik, baina azkenaldian gero eta gehiago ageri dira, batez ere «ø azpiko»: 18 urte azpiko selekzioa, 55 kilo azpiko kategoria… Elhuyarrek «-z azpiko» dakar «por debajo de» sarreran, eta horixe izan da tradizioa oraintsura arte. Eta hemendik aurrera?

ZEDARRITZEKO POSTPOSIZIOAK[ii]

koadro1koadro2

[i] Denok dakigunez, genitiboarekin zein gabe erabili daiteke ‘azpi’ hitza: mahaiaren azpitik = mahai azpitik. Baina izena zehaztuta dagoenean, NOREN atzizkia sartu egin behar da: mahai gorriaren azpitik. Eta berdin tenperaturarekin: atzo izan genituen 5 graduen oso azpitik.

[ii] Orotariko Euskal Hiztegian oinarrituta eratu dut taula. “Aparteko aipamena OEHn” diodanean, esan nahi dut aparte jasota dagoela erabilera hori.

2 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Lagunak, lagun zakidaz

Iratxe Goikoetxea Langarika

Anonimo bidaltzaile bat dugu ETBn. Ikus-entzule batek mezu anonimoak bidaltzen dizkie Gaur Egun albistegiko aurkezleei. Mezu berdintsuak denak, jende kopuruetan pertsona erabiltzearen kontrakoak. Argibiderik gabeak, baina nahiko argiak. Honelakoxeak: 150 pertsona / 150 lagun.

Ikus-entzule horri belarriko mina egiten dio, antza, pertsona hitza zenbakiekin lotzeak. Gure etxean, ostera, tontobixkorkerian beti, lagun-ek zirikatzen ditu mihinak: «Suerte txarra da, gero! Istripuan 20 hil, eta danak lagunak izatea be!».

Inork ez du zalantzan jartzen lagun berbaren jatortasuna testuinguruotan. Baina are tradizio luzeagoa du pertsona-k, idatziz behintzat. OEHn jasotzen denez, XVI. mendetik hona erabili izan da, Leizarragagandik hasita. Berriagoa da lagun-en idatzizko erabilera, XIX. mende hasieratik dago dokumentatuta jende kopuruak aipatzeko.

Ez da hori lagun hitza «larri» dabilen eremu bakarra. Esaterako, bikote baten bi erdiak bata bestearekiko aipatzeko (galtzerdia eta laguna[1], pilotaria eta laguna…) lehiakide bi agertu zaizkio: bikotekide sortu berria eta bikote orojalea. Lehenengoa zuzentzat ematen dugu; bigarrena, ez, ordea.

Eta hala ere, aholkuak aholku, bikote nagusitu da euskaldun askoren ahotan. Eta ez da harritzekoa: gaztelaniazko pareja ispilu hipnotikoa da, eta bikote silaba bi laburragoa da bikotekide eta bikote lagun baino.

Dena dela, zenbat lagun hiztegian[2]! Okaran lapurren egiteko erru lagunak ere bai.

Lagunak, lagun zakidaz, okaranak gorriak dakidaz

Izenburuko esaldia Azkuek Elgetan jaso zuen esalege horretatik hartu dut. Negozio ona egiteko laguntza eske erabiltzen ei da, eta baditu atentzioa ematen duten osagaiak:

  • «Okaranak gorriak» esatea eta ez «okaran gorriak». Errima bako antzeko esalegeetan bestela agertzen da sintagma: Lagunak, lagun zakidaz okaran berdeak batzen (Azkue, Lekeitio).
  • Lagun izan aditz zaharra agertzea, nor-nori erregimenarekin, zabalago dabiltzan lagun egin edo lagundu Halako adibide urri dago erlijio testuetatik kanpo
  • «Lagunak» eta «zakidaz» berben arteko komunztadura falta. Zakidaze da plurala; halere, erraz gordeko litzateke errima laguna Errimarik ez, baina komunztadura zuzena dute Gotzon Garatek eta Antonio Zavalaren bildumetan jasotako aldaerek: Ene laguna, lagun zakidaz intxaur berdeak jaten (Zavala); Laguna, lagun zakidaz intxaur berdiak jaten (Garate). Azken honek emandako gaztelaniazko ordaina: El amigo más leal, más que en el bien te acompaña en el mal.

[1]  Hona hemen txapinen alargunen misterioa, argituta.

[2] Idazkeran, ordea, kontraesanak, betiko moduan: dantza-lagun, etxelagun, joko-lagun, mezalagun, ohelagun…

 

3 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Zenbatgarren nongoa?

Iratxe Goikoetxea Langarika

«Asko aldatu da hizkuntza 30 urtean», irakurri nion abenduan Berria-n Manu Lezertua arartekoari, kanpoan egin dituen urteetan euskaran igarri duen aldaketari buruz. Bai, ba. Ikaragarri aldatu da.

Iazko abenduan, Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren urteurrena zela eta, leiho bat zabaldu zitzaigun 25 urte atzera begiratzeko, eta atentzioa eman zidan azaleko lerroburu nagusiak: Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak[1].

EgunkariaZergatik eman zidan atentzioa? Ez datorrelako bat 25 urteren buruan ofizialdu eta finkatu den erabilera nire ustez okerrarekin.

Egunka2

Alegia, 50. Durangoko Azoka. 61.100 emaitza google-n. 2.000 ditu “Durangoko 50. Azoka”-k.

Ez dakit orain 25. urte hasita zegoen eztabaida, baina ekitaldi, lehiaketa eta halakoak ugaritu ahala, behin baino gehiagotan hitz egin izan da ordinalak sintagmaren barruan bete beharreko lekuaz: Hasieran? Zenbatzen duen izenaren aurretik? Itzulist itzultzaileen foroan ere atera zen gaia, eta, besteak beste, puntu hauek argudiatu ziren:

  • Ordinala hasieran ipintzeko arrazoia grafikoa edo estetikoa izaten da. Eta pisu handia du horrek errotulazio edo kartel elebidunetan, bi hizkuntzen arteko parekotasunak erraztu egiten baitu diseinua.
  • Batzuen ustez, ekitaldiaren izena zein den erabakita, harexen aurretik ipini behar da zenbatgarrena den. Berdin dio nola dagoen eratuta izena: Euskal Herriko Itzulia bada probaren izena, zilegi deritzote ordinala multzo osoaren aurretik ipintzeari: 50. Euskal Herriko Itzulia.
  • Beste batzuen iritziz (eta ni bat nator), bereiztekoak dira izen elkarketa bidez eratutako izendapenak eta genitiboen bidez ematen direnak. Hitz elkarketa bloke banaezina da, eta berdin gertatzen da aposizioan ematen diren izen bereziekin: II. Mundu Gerra; IV. Euskolabel bandera. Genitiboa tartean denean, ordea, dagokion izenaren aurrean ipini behar da ordinala: Munduko II. Gerra; Ideia eta Proiektu Berritzaileen III. Sariketa.

Beharbada azken irizpide hori aintzat hartuta, eta diseinuaren alderdia errazteko, Donostiako Zinemaldiak euskarazko izen ofiziala aldatu zuen 2007an, eta ordutik Donostia Zinemaldia da ofizialki euskaraz.

Egunka3Euskara asko aldatu dela 30 urtean… baina erauntsika datoz aldaketak.

Joera berrietako bat, ordinala izenaren ondoren sartzea: Korrika 19. Eta beste bat, are zabalduagoa, ekitaldia, ordinalarekin barik, urtearekin mugarritzea. Ondorioa, informazio bila topatu dudan esaldi hau bezalakoak: “Durangoko Azoka 2015ak dakartzan joera berriak”. Bi mila _ hamabost irakurriz gero, konpleto.

[1] Ez zen hori azokaren izena, orduko kartelek erakusten dutenez. Hasierako urteetan, azokaren gaia jasotzen zen izenean (Euskal Liburu eta Diskuen Azoka, Euskal Liburu eta Diska Azoka, Euskarazko Liburu eta Disko Azoka, Euskal Liburu eta Disko Azoka…), eta ‘Durango’ kokalekutzat ageri zen. 40. ediziora arte ez zen agertu ‘Durangoko Azoka’ sintagma kartelean.

Iruzkin bat utzi

Iratxe Goikoetxea atalean

Bola dabilen artean

Iratxe Goikoetxea Langarika

Urrutikoetxea eta Irujoren arteko kaiolako finalak aitzakia ona eman dit aspalditik plazaratu nahian nenbilen esaera bat hona ekartzeko.

Ziurrenik badakizue zer gertatu zen: Irujo, zuloa bilatu eta bilatu, 10-20raino aurreratu zen. Irabazita zeukan partida. Ia-ia. Eta irabaziak poltsikoan sumatuko zituzten ia-ia haren alde dirua jokatutakoek. Baina ustezko irabaziekin ez da fidatu behar, honelako atsotitzek ohartarazten dutenez: Arratsa etorri aurretik, ez aipatu egun ederrik. Ez altxa sarea arrain guztiak sartu artean. Idia baino lehen, ez erosi zintzarririk

Ezagunak dira esaerok, batez ere azkena, eta denak garaile jotzen denari zuzenduta daude. Eta ustezko galtzailea, zer?

10-20. Egoera horretan askok egingo zuten txil. Askok pentsatuko zuten ez zegoela zer eginik. Ez Urrutikoetxeak. Segurutik ez hitz hauekin, baina honelako zeozer pentsatuko zuen berak: Bola dabilen artean, ez dago txorrarik[1]. Hau da, azken-azkenera arte ez dela itxaropena galdu behar, ezin baita jakin nondik nora joko duten gauzek.

____

[1] Txorra bola jokoko esapidea da. Bola labur gelditzea da, atzeko enborra jo barik. Jokaldia balio barik uzten du, beraz. Lekuan-lekuan eta jokaeraren arabera, izen bat edo beste ematen zaio, eta horietako hainbat daude jasota Juan Jose Zorrilla Lopezek idatzitako Bola jokoa liburuan.

Atsotitza, berriz, Domingo Zuluaga zenak bildu zuen Ibarrangelu kantu eta kontu liburuan. Nik dakidala, ez dago beste inon era horretan jasota. Bai aldaera bat, Gotzon Garateren bilduman, beste adiera bat emanda: Dabillen bolie, ondo dabil txorra eiñ arte. (gazt. Piedra movediza no coge musgo).

Iruzkin 1

Iratxe Goikoetxea atalean

Joskurak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Aurrekoan, esanahi bereko esaldi bi irakurri nituen albistegian:

  • Reala, Anoetan zazpigarrena erreskadan irabazi nahian.
  • Reala, Anoetan jarraian zazpigarren garaipenaren bila.

Ulertu, esaldi biak ulertzen ditugu, baina lehenengoa ondo josita dago, eta bigarrena ez. Garaipen hitza sartuta, Anoeta, jarrai eta zazpigarren elementuak horren osagarri dira, ez baitzen edozein garaipen, Anoetan segidan lortu nahi zen zazpigarrena baizik.

Izenlagunak sortzeko, -ren, -ko eta erlatiboak dira euskararen tresnak. Aspaldi honetan, ordea, izenlaguna beste kasu batzuekin josita ageri da askotan:

  • Egoera larriari irtenbidea eskatu dute.
  • Komunikatuari erreakzioak berehala etorri dira.
  • Jende asko batu da San Mamesen, Europari agurrean.

Hiru esaldiok gaztelaniaren ikuspegitik eginda daudela esango nuke (solución a la grave situación, reacciones al comunicado, adiós a Europa). Geurez, beste era batera esango genituzke: Egoera larriari irtenbidea emateko… Komunikatuaren ondoko erreakzioak… Europari agur esateko.

Orain urte batzuk, oker bataiatutako kirol proba bat zela eta ez zela egin behar izan genuen gogor: Urkiolara Rallya. Inork ez zuen zalantzarik egiten Bilbora autobusa ez zela zuzena, eta Bilbo(ra)ko autobusa esaten zela, baina rallyarena beste kontu bat zen, itxuraz.

Antzera gertatzen da, sarritan, bidaiak zozketatzen direnean. Batzuetan, esaldiko txatalak egoki josita aurkezten dira:

  • Saria, bi lagunentzako bidaia, Tenerifera [joateko].

Eta beste batzuetan, friselinaz doi-doi itsatsita daude:

  • Saria, Tenerifera bidaia, bi lagunentzat.

Esango genuke «Zer moduz Tenerifera oporrak»? Edo «Ikusi zenuen Mandelari omenaldia»?

4 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Herri kirolaz

Iratxe Goikoetxea Langarika

Gizarteko eta kiroleko beste arlo askotan bezala, hainbat aldaketa gertatu dira herri kiroletan azken hamarkadetan, materialetatik hasi eta arauetara. Eta guztiotatik bat aipatu nahi dut hemen: emakumeen parte hartzeak hizkeran eragindakoa.

Gizon proba edo gizon dema entzunda, berehala ulertzen dugu denok zer den: probarriari tiraka, gizasemeak indarrak neurtzeko proba. Harri jasotzea ere izan liteke gizon proba berez, baina ez: gizon proba vs idi proba, hortik datorkio izena. Gerri proba ere esaten zaio bakarkako gizon probari, gerri kolpeka eramaten baita harria narras. Nik dakidala, bakarkako saioetan oraindik ez da emakumezkorik plazaratu; bai, ordea, taldeka, eta horrek probaren izena aldatu beharra ekarri du. Neskek neskei jokatzen dietenetan, arazorik ez: emakume proba. Talde edo proba mistoak direnetan, zer? Garbi dago izen tradizionalak ez digula balio; beraz, eman diezaiogun izen argiago bat.

Giza proba? Hori zabaldu da bazterretan, eta sarrera ere badu Wikipedian. Egokia ote da?

Harri proba? Harri jasotzaileena ere bada harri proba.

Harri tiratze? Abereekin egiten dena ere bada harri tiratzea. Halere, argia eta erabilgarria dela deritzot, honelakoetan erabiltzeko: emakumeak gizonen kontra harri tiratze desafioan. Eta izendapen horren alde egitea aholkatu diegu herri kiroletan diharduten kazetariei.

Harri, barkatu, hari horri tiraka, ETBko herri kirolen emanaldietako esatari, aditu eta kirolariei entzundakoak jaso, Ahotsak eta Bizkaieraren ataria webguneetako lekukotasunak batu, eta zerrenda honetan antolatu ditugu, denen erabilgarri. Aizkora arloa kanpoan utzi genuen, luze eta zabal jorratuta baitago EHUk 2012an argitaratutako Aizkora hiztegian[1].

Lehenago ere landu izan ditugu antzeko hiztegiak kiroletako kazetariekin (futbola, errugbia, saskibaloia, atletismoa, automobilismoa…), baina honek badu berezitasun bat: abiapuntua. Aurreko glosarioetan, erdarazko hitzei ordaina eman behar genien. Oraingoan, euskarazkoak batu, sailkatu eta azaldu ditugu, emanaldietako beharrizanak kontuan hartuta. Segan, esate baterako, ekintzak, tresnak, belarra, lehia eta lantaldea dira eremuak. Eta euskarazko berbaren ondoan, gaztelaniazkoa eman dugu, ez buruko min gutxirekin. Esaterako, idi probetan, itzainei carretero esaten zaie normalean. Eta emakume direnean? Carretera? 😉


[1] Bidez batez, inork jakin-minik balu, jakizue erdi-lanak egin eta lan-erdiak egin, biak jasota daudela aizkora hiztegi horretan, sinonimo moduan.

2 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Trufaz

Iratxe Goikoetxea Langarika

Inuzente eguna dugu, eta trufaz jarduteko egun aproposa denez, horixe dakarkizuet: trufa kontuak eta igarkizun bat.

Zer dela eta nor dela daude lotuta irudiotako gauzak?

Breastfeeding_a_baby

Bulbs copy

Trufa copy

Lotura orain hirurehun urteko hiztegi bat eta haren egilea direla esaten badizuet, askok berehala igarriko duzue erantzuna. Dena dela, berbarik berba, ibilaldi bat egitera gonbidatu nahi zaituztet, nik oraintsu ezustean egindakoaren bidetik.

boladunaAbiapuntua, niretzat, Hernaniko 1974ko jaietako egitaraua izan zen. Beste zerbaiten bila nenbilela, atentzioa eman zidan hitz batek: «zekor txiki bat adar boildua askatuko da». Lehenengo burutazioa, boildu barik ez ote zen bildu izango; baina ez, aurreko bi urteetako egitarauan ere holaxe eman baitzuten gaztelaniazko emboladoren ordainetan. OEHn begiratu, eta ikusi nuen boildu hitzak sarrera duela, bi adierarekin: 1. Redondear. 2. Envolver. Egia aitortu behar badut, inoiz ez dut holako zezenik ez zekorrik ikusi, eta gaurko hiztegiek boladun eta bolaztatu proposatzen dutenez, zalantza gelditu zitzaidan: zer ote dute zezenok, adarrak bilduta ala bolak ipinita? Eta zergatik ez du hiztegi batek ere aintzat hartu Orotarikoan datorren boildu hura?

Jakinmintsua naiz, eta Orotarikoan azterka jarraitu nuen. Halaxe ikusi nuen boildu aditza izen batetik datorrela: boil. OEHren arabera, birbiltasuna edo esferikotasuna adierazten du: globo, esfera; círculo, circunferencia; redondo, orbicular… Atzetik, berba sorta luzea[1] dago, boil- aurrizki dela, eta Larramendi da iturria denetan. Adibidez: boilajiratu (circundar; circular, andar alrededor), boilebaki (cercenar), boilesi (circo, coliseo)… Eta niri graziarik handiena egin zidana: boilezna (pechos de mujer). Zuzen ibili ote zen hor Larramendi? Ez ote zatekeen egokiagoa, mamiz eta itxuraz, eznaboil?

Balizko eznaboil horrek beste pentsamendu bat ekarri zidan gogora: atzizki moduan ere agertuko zela beharbada. Urriago, baina badira ale batzuk. Esaterako, erraboilla. Erro biribila. Geroagoko hiztegietan, -a hori artikulua zela iritzita edo, erraboil forman eman da. Eta adiera ere zabaldu zaio: landare batzuen lurpeko «tipula» edo «patata» izendatzetik, garunaren atal bat[2] eta galaxien parte bat izendatzera.

Lurpetik atera eta izarretaraino joan da gure ibilbideko azken hitza ere: boilur. Kasu honetan, izar gastronomikoetan izarra da bera. Boilur izena ere Larramendik asmatu zuen, itxuraz. Apalagoa zen lehen, gure amarentzat eta. Umeak zirela, lurpetik atera, lurra astindu, eta zegoen bezala jaten zuten. Lurlur[3] esaten zioten. Gerora jakin zuten haxe zela trufa preziatua.

Trufazalea ez dakit, baina trufaria bazen Larramendi. Trebea hitzberrigintzan, eta asmamen handikoa gaztelaniazko hitzei euskarazko jatorria bilatzen. Inozentziaz egiten zuen ala besteak inuxentetzat hartuta, batek daki. Hona zer idatzi zuen bola hitzaren jatorriaz.

BOLA

Viene de el Bascuence, ò de boillá, redondo; ò de bil-ola síncope de biribil-ola, madera redonda, redondeada: ò de bebil-ola, ande la madera, y por su figura es acomodada para andar, y moverse. Bola. Lat. Globus, sphaera.


[1] Horri lotuta, beste ezusteko bat: OEHren bertsio digitalean idatzizkoan baino askoz sarrera gehiago ageri dira, nahiz eta boil- hasierako hitz guztiok Larramendiren hiztegikoak izan. Digitalekoak ikusi ahal izateko, boila, boile, boilo… tekleatu behar da.

[2] Plazido Mujikaren hiztegian, beste proposamen polit bat dago bulbo raquídeoren ordainetan: ornagun-tontor. Ornaguna bizkarrezurraren sinonimotzat dakar.

[3] Larramendiren hiztegiko interpretazio oker bategatik, edo gaztelaniaz «criadilla de tierra» esaten zaiolako, beste hitz bat ere bultzatu zen garai baten trufa izendatzeko: grisola. Abereen barrabila.

Iruzkin 1

Iratxe Goikoetxea atalean

Nazio Batuakek?

Iratxe Goikoetxea Langarika

«Nazio Batuakek» bilatu, eta –eskerrak!–, emaitza bakarra interneten. Zerk bultzatu nauen bilaketa xelebre hori egitera? Fagorren etxetresna elektrikoen arloa aipatzeko moduek.

Itxura denez, izena gaztelaniaz du enpresak, Fagor Electrodomésticos Koop. ageri da lantegiko fatxadan, baina hedabideetan izena euskarara egin diogu: Fagor Etxetresna Elektrikoak, batzuetan; Fagor Etxetresnak, gehienotan.

Kooperatibaren egoera albiste izaten hasi zenetik, plulareko izen bereziekin sortzen den tirabira azaldu zen berriro. Asteotan, konbinazio guztiak ikusi ditut erabileran:

  • Fagor Etxetresna da… (izena singularrean)
  • Fagor Etxetresnak dira… (aditza pluralean)
  • Fagor Etxetresnek dute…
  • Fagor Etxetresnak-ek dute…

 Eta azken hori latza egiten zait.

Pluraleko toponimoak euskaraz ematean, geuretu egiten ditugu. Berdin esaten dugu Pirinioetan zein Filipinetan, Malloek zein Amerikako Estatu Batuek. Eta elkarte eta erakundeen izenekin ere, berdin: Nazio Batuek (berez Nazio Batuen Erakundea), Petrolio Esportatzaileek (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea)…

Urruneko erakundeen izenekin, «Nazio Batuakek» bezalako lantzean behingo adibideak kenduta, ez dago arazo handirik. Etxekoekin, ostera, bai. Itzelezko begirunea-edo izan nahi zaio «jatorrizko izenari», eta bere horretan erabiltzera jotzen dute askok, euskararen senaren kontra eginda bada ere. Lantegi Batuakek, Iparretarraken

Marka errespetatu gura bada, badago beste aukera bat: «enpresa», «talde» edo dena delako izena erabiltzea makulu gisa: Gureak elkartea, Fagor Etxetresnak enpresa

Tranpa txiki bat egin dut: haritxo bati bakarrik heldu diot, badakit-eta izen berezi artikuludunei tiraka mataza lodi eta korapilotsua topatuko nukeela.

5 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean