Artxiboa egileka: Iñaki Segurola

Mina

Iñaki Segurola

Esan nezake oraintxe pare bat urte hasi zela neretzat zure etena, eta orain erabateko desarmatzea etorri zaizula; desarmatzea eta desegitea, itxuraz behintzat. (Hau fedabideetako hizkuntza da; ez da gurea.)

Esan nezake bi gune pneumonikok (p– eta guzti, zatarkiago eman dezan) astindu zaituztela, eta shock septikoak eraitsi, baina horiek ere ez dira gure ahorako egiten diren hitzak.

Esan nezake ezinak menderatu ondorengo herio hartan munduaren kontra atzaparka batean ikusi zaitudala; tapaki, kable, galtzeta eta harrapatutako guztiak gainetik kendu nahian eta ezinean. Munduaren kontrako amorru bat Larrialdietan eta Susperketan. (Hau nere hizkuntza da; ez dakit zer zebilen zure gogo-bihotz erorietan.)

Aitor nezake elkarri emandako azkenengo musua oso tristea izan dela, bion ezpainen artean plastikoa baitzegoen; oxigenoa deritzana edo arnasaren lagungarri plastikozkoa. «Ezin det ezer eiñ»: horiexek, berriz, zure azkenengo hitzak, guk ulertzeko moduko azkenengo hitzak. (Hau edozeinen hizkuntza da, nik uste.)

Esan nezake –askok esan dutena– betiko loan etzan zarela, edo bestela –beste askok uste dutena– zure jaungoiko haundi horren aurrera agertu izango zarela, zeure txikian. Horrexen zain bizi zinen, eta zure fede horri zor zaio hemen leku bat.

Esan nezake… ez: hau ez dago esaterik; hau idatzi bakarrik egin liteke:

Maria Luisa Amutxastegi (Hondarribia 1927 / Azpeitia 2014)

Baina ez; informazioa da hori: maskarak, egutegiak, mapak. Hori ez da egia, zeren egia ez baita hori.

Esan dezaket zure agonian, bizi-heriotzen borroka horretan, zure izter-artera begira gelditzen nintzela sarri, pentsatuz bezala hortik atera zela amazulo hau, euskaltzulo hau, eta zuk egin ninduzula zulo. («Zuk egin ninduzula zulo!»: ez dakit zer diodan, baina baneki ere ezin esana litzateke.) Eta orobat esan dezaket deabrutxo ere egin ninduzula: zure fedearen haundiegiak utzi bide ninduela ni ezertan sinisteko ezindua bezala. Eta hau psikoanalisi merkea izango da beharbada, baina ezin segurtatu dit inork psikoanalisi garestia baino eskasagoa denik nahitaez.

Bo, esan dezadan garbi: ezin dut sinistu eta ez dut sinisten medikuen, ehorzleen eta burokraziaren bertsiorik. Ez dut sinisten eta, mundutik ihesi, hizkuntzara nator. Sinistu ezean, argitu egin nahi dut asuntoa hementxe, itzultzaile euskaldunen begiratoki honetan. Eta argitu nahi dut hizkuntzaren eta hitzen argira joz, itzuli ezineko hitzetara joz. Eta horregatik hitz egin nahi dizut minaren gainean eta gure min hitzaren gainean eta azpian. Zer egin nezake bestela? Hitzen historia kontatzetik ateratzen dut bizimodua, badakizu, edo bazenekien.

Mina biziaren ahaide hurkoa da. Begira edo entzun nola den mina, funtsean, gogoa edo guraria: Axular haren ikhus min handi batekin, Bordel zure mina dudala; baina gizakion gogo horrek galera edo ezina ditu oso bertan: Etxepare haren minez orai nago ezin hilez bizirik, Lazarraga ni aren minez ilten ninzan; eta oinazea edo gaitza bera ere adieraz ditzake: Oihenart ezta sentheria bano min gaitzagorik. Eta gauza mina gauza mikatza da, biziegia, pipertuegia, piperminduegia: Axular iustizia min da eta garratz.

Ez dago bizirik minik gabe, gogorik edo guraririk gabe. Baina min horrek, gogo horrek, oso aise har ditzake galeraren, ezinaren, gaitzaren eta oinazearen koloreak gure baitan. Biziari eusten dion edo biziak berekin duen min hori aise da mintzen eta biziegitzen; eta txartzen, gaiztotzen, mikazten, zakartzen eta zitaltzen. Biziak berekin duen zera horrek berorrek du bizia galtzen. Minaren minegiak eta biziaren biziegiak kentzen dute azkenerako arnasa bera. (Minbiziari leku batzuetan bizia edo biziena esan izan zaio huts-hutsik; hortik atera kontuak.)

Ez dut deus asmatu. Hizkuntzak berak nakar honaino. Sinistu ezean, hauxe nahi nuen argitu.

Baina, mundura itzuliz, munduaren gezur-itxuretara itzuliz, esan beharra daukat zure erabateko armagabetzeak gure erabateko amagabetzea ekarri duela.

Eta baet ordue nere benetako hizkuntzen hitzeiteko; ezin leizke azkenengo hitzek e plastikozkuk izen. Euskerazko periodikue letze zendun, ta euskerazko rebixtek, ta liburuk e bai…; ez: zurie etzan normala, zure edadeako etzala oso normala esan nahi nuke; izene, eskola pusket e bazendun, pianue re jotze zendun txikiten, “bizi ziñetenin”, gerrie irabazi zebenak dana kentzea etorri zin arte, baño ixo: gauze bat bakarrik, ta da oiñ premiye sentitzetela… nere biyotzak, begiyek eta belarriyek premiye sentitzebela periodikun euskera batun jarri gendun esaldiye neure era jartzeko hamentxe:

Zure barrun eon giñen;
gure barrun zaude oiñ.

Esanda gelditzea.
Aio ama!

4 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

«Daimon»

Iñaki Segurola

Sokratesen bizia salbatu nahi nuke. Zoramena harturik lagun? Ez: fisika harturik lagun, jaun-andereak; fisika serioa edo erdi-serioa gainera. Julian Barbour-ek (The End of Time) denborarik gabeko fisika bat aurkezten du mende honen hasieran (denborazko egutegiak bezala mintzatuz), eta nik fisika horixe hartzen dut lagun hemen… nahi bezala ulerturik, jakina. Fisika moderno edo garaikidea, ulertu, badakigu ez dela ulertzen errealitatearen barrutik, eta orduan neure gogozko ulermenaren arabera mintzatzen naiz hemen, eta sinetsirik edozer gauza orain ari dela gertatzen: Barbour-en arabera, ez dago «orain» besterik, edo orainak besterik.

Sokratesen epaiketa ere, beraz, orain ari da gertatzen, eta ari da gertatzen Platonian, Barbour-ek hala deitzen baitio denborarik gabeko bere mundu edo unibertso edo multibertso edo dena delako eta ez delako horri. (Zer gauza naturalagorik Sokratesen epaiketa Platonian gertatzea baino?; iduri luke fisikaren eta filosofiaren bideek bat egin dutela halabeharrez; Platon bera ere hantxe zen, edo hementxe da, epaiketari begira.)

«Atenasko mandeulia» epaitzen ari dira, beraz. Guretzat eta beste askorentzat, Sokrates jakin-uste ustelaren salatzailea da funtsean, eta gauzarik normalena da gehiengoa, epaileen gehiengoa barne, haren kontrako herra batek hartua egotea. Gehiengoak isatsarekin uxatu nahi luke mandeuli dialektikoa, eta ahal badu, akabatu.

Akusazioak (hau da, aitzakiak) bat baino gehiago dira Sokratesen kontra, eta horietako bat da jainko berriak sartzea Atenasen. Eta hor tartean sartu beharra dago bere daimon famatua. Ezin esango dugu izugarrizko pisua duenik hura hiltzera kondenatzerakoan, baina egia da Meleto akusatzaileak aitatu egiten duela Sokratesen daimona bere salaketan, burlaizean aitatu ere.

Entzute haundikoa da Sokratesen daimona. Euskaraz jeinu esan izan zaio, nahiz hitz horrek ez gaituen batere betetzen. Latinezko genius-ek ere ez gaitu betetzen, eta ezta gure erdaretako genio, génie eta abarrek ere. Gainera, gauzak okertzeko, euskara mintzatu edo benetakoan jeinu/deinu-k ‘abilezia’ esan nahi zuen, eta ez besterik.

Sokratesek berak ere ez luke asmatuko bere daimona definitzen. Ez bere daimona eta ez beste ezer seguru asko, zeren definitzea, behin betiko eta segurtasun osoarekin definitzea, jakin-uste ustela baita harentzat.

Gutxi gorabehera mintzatuz, daimona ahots bat da, Sokratesi gaxtetatik iristen zaion ahots edo seinale bat da; ustekabekoa izan ohi da, eta beti adierazten dio zer ez duen egin behar; atzeratu egiten du zerbait egitetik, eta sekula ez du ezer egitera bultzatzen.

Esanda bezala, Sokratesen epaiketan gaude, «Barbour-i esker», eta hura bizirik irtetea nahi genuke. Eta halaxe nahi dugu, hura bizirik behar dugulako eta haren hitzezko ziztakoak on egiten digulako, momentuko oinazetxoa gorabehera. Epaiketan gaude, beraz, eta esaten diogu:

«Sokrates: ez ezazu ezer izendatu, ez ezazu ezer izandatu, bestela mihitik harrapatuko zaituzte-eta! Beste erremediorik ez baduzu, erabil itzazu izen arinak, denik-eta arinenak, inork nahita ere jainko berrien izentzat har ez ditzakeenak. Eta hala, egizu berba gure Bizkaiko amama jendeak bezala, Bizkaia ere Platonian baitago, eta esazu: laguna dakot barruen eta berba egin dosta; eta esazu lasai, zeren Meleto poeta koxkorra baita, eta ez baitaki psikofonia hitza gaiztoz esaten;

daimon hori izena da, eta beraz, substantiboegia edo esentzialegia izan daiteke gauza onerako, eta izaki jakin bat izendatzen ari delako ustea sor lezake, ez nolanahiko izakia gainera, eta horrek arriskuan jarriko zaitu, eta hobe duzu arinago (eta aldi berean zinezago eta hobeto) mintzatzea, eta hobe duzu esatea berba egiten dostana, edo holako zerbait, badaezpada. Aditzekin mintza zaitez, ahal dela, ez izenekin. Barbour-ek ere halaxe dio, hitzez hitz: «fisika eraiki beharra dago aditzak erabiliaz, ez izenak». Poliziak ere izenak nahi izaten ditu eta haiexekin asetzen da; guk, aldiz, aditzak maite ditugu eta ia ez dago izenik asetzen gaituenik.

Izenek gaizki bukatzen dute maiztxo, badakizu; daimon horiek jainkotxoak, espirituak edo holatsuko zerak dira eskuarki jendearentzat, eta, ez dakit dakizun, ez dakit jakin dezakezun (ezezkoan nago), baina kristauen sektak eta setak zure eta besteren daimon hori halako moduan bihurritzen du, non antijainko, jaunbeheko eta gaitz absolutuaren sinbolo bihurtzeraino baitakar.

Esanda bezala, izenak erabiltzekotan, badaezpada erabil itzazu arinenak, Sokrates. Lagun esan dugu lehenago, eta orain esango dizut zain, eta esazu, Agirre Asteasukoak bezala, zañak ala esaten dizula, edo frai Bartolomek bezala, zanak emon eutsula. Bere burua inork ikusten ez dituen lagunen eta zainen mendean jartzen duen gixaixotzat hartuko zaituzte gehienaz ere.

Eta bai, gixaixo bat zara, Sokrates. Denon gaitza da hori: gizagaixoak gara erdiak eta emagaixoak beste erdiak. Baina, ahal dela, eta hori da zure irakaspena, izan gaitezela jakin-uste ustelik gabeko gaixoak.

Gaixoak ez lirateke inon hilarazi behar, ederki dakizu zuk hori, baina gertatzen dena da gehiengoa jakin-usteak bizi duela, gehiengoak jakin-ustez hiltzen duela eta gehiengoak astaperrexilaren usaina duela.»

Iruzkin bat utzi

Iñaki Segurola atalean

Hobe beharrez

Iñaki Segurola

Izugarri harritzen nau hobe beharrez ari den jendeak. Sen onaren gainetik sen hobearen eta hoberenaren esanera dabiltzan adimen goitarrak ditut gogoan. Halakoak «herri xehearen» gainetik hegaldatzen dira eta ausardia ederra da hori. Hizkuntzari buruz ari naiz, jakina, zeren adimen goitarrak hortxe nabarmentzen baitira gehienik, hots, herri ezjakinaren inbentua den hizkuntza ontzen eta hobetzen, eta haren jabe egiten.

Hartzen dugu, konparazio batera, Euskaltzaindiaren Hiztegia, begiratzen dugu astelehen hitza, eta ikusiko dugu zein den hitz horren definizioa: «asteko bigarren eguna». Bai, jaun-andereak. Zer uste zenuten ba? Lehena lehena zela? Ez ba: lehena bigarrena da. Ez gure moduko ezjakinentzat, baina bai adimen goitarrentzat eta geure hizkuntzako hitzak berak ezin ozenkiago dioskun hori «gainditzeko» gai eta trebe direnentzat. (Astearteak eta bereziki asteazkenak ere bazituzten beren arazotxoak. Hizkuntza askotan dituzte egun-izenek beren arazotxoak, zeren goietatik ezarritako gauza baita astearen egitura, eta hartara jarri edo moldatu beharrak dakartza arazotxo horiek. Astelehenari segunda-feira esaten diotenek ere etsi egin behar izan dute eta asteko lehen egunaren izentzat irentsi. Zeren astelehenaren lehentasunaren alde ez baitago euskara bakarrik; gure mundu edo errealitate garaikidea bera ere halaxe moldatua dago, eta horixe dago josia hiztunen gogoan edo gogapean ere. Hargatik da ezin miresgarriagoa hobe beharrezko adimen goitarren balentria hau.)

Ez naiz kontutxo historiko-kultural aspergarrietan sartuko. Aski izan bekigu katalanezko Wikipediaren esplikazio xuhurra: El dilluns és el primer dia de la setmana. (…) En alguns països es considera el segon dia de la setmana ja que el principal i primer és el diumenge, per la tradició del cristianisme (euskarazkoarentzat astelehena asteko lehen eguna da eta kito; ofizialki eta akademikoki gezurra dio, beraz). Esanda bezala, hemen eta beste leku askotan, astelehena da asteko lehen eguna edozein ezjakinentzat, jakintsu askorentzat eta euskararentzat berarentzat, baina ez euskarazko lehena izatez bigarrena dela maisukiro erakutsi nahi digutenentzat. Eskertzen dugu haiengandik datorkigun argi infrazuria. Estimatzen dugu hiztun arrunten sentieraren gainetik hegatzeko duten dohain inbidiagarria.

Beste adibide bat ere badakart gaur. Aspaldian Euskal Telebista deritzan katean lotua egotea tokatu ohi zait igande arratsalde batzuetan, eta gertatzen zaidana da nazkatua nagoela erratari batzuen ahotik lan-erdiak aditzen, deus esaten eta esan nahi ez duen lan-erdiak hori aditzen. (Besterik litzateke lanen erdiak, baina ez da kasua.) Aizkoran ebaki beharrekoen erdiak ebakitzen direlarik esan izan dugu beti erdi-lanak eginak dituela aizkolariak, edo erdi-lanetan dagoela edo dabilela. (Halaxe ikasi nuen mutikotan Azpeitiko zezen-plazan ikusten nituen aizkora-apustuetan.) Bai: erdi-lanak esan izan dugu beti hiztun ezjakinok, erdi-prezioan esan izan dugun bezalaxe. (Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua-n badator erdi-lanak egin adibide gisa; Euskaltzaindiaren Hiztegia-n desagertu egin da, oker ez banago.) Etorri zaizkigu, beraz, kate horretako erratariak, gauzak ikaragarri zuzen erraten dituzten erratariak, eta aizkoran ez ezik, pilotan ere hasi zaizkigu lan-erdiak zatar hori erraten. Erratari horiek norbaitek argitu ditu edo beren buruak argitu dituzte, gu betiko ilunpean gelditu garelarik. Erratari horiek ere nik bezalaxe aditu izango dute beti erdi-lanak erraten, zeren, begira nola diren gauzak, erratari horiek neure herritarrak baitira, baina erratari xuxenek ederki dakite beren buruei gogor egiten, eta hizkuntza naturala goragoko «logikaren» baten arabera errendiarazten eta bortxatzen, hobe beharrez betiere. Dohain inbidiagarria da hori ere, ia astelehenaren kasuan baino haundiagokoa, nik erran behar banu.

Zorionekoak hobe beharrez ari diren adimen goitarrak. Zorigaitzekoak gure begi-belarriak.

***

Goiko purrustadatxoa idatzi eta gero jakin dut, Euskaltzaindiaren Hiztegia egiten ari den lantaldeko kideen ahotik, hiztegi horren hurrengo argitaraldian (1) gauza ia segurua dela astelehen hitzaren definizioa ‘asteko lehen eguna’ izango dela, eta (2) orobat dela gauza ia segurua erdi-lanak agertuko dela, baina ez lan-erdiak, edo, agertzekotan, ez dela hobestekotzat emango, zeren, egia izanik ere gaurko euskara idatzizko eta erratarizkoan gehiagotan agertzen dela erdi-lanak baino, ez da gutxiago egia erabilera hori kontsignapeko edo agindupekoa dela nagusiki, hots, «hobe beharrezkoa».

Eta hau hementxe idatzirik gelditzen da jakin dezaten erratari xuxenek eta haien gaineko zuzentzaile eta debekatzaile orojakitunek nondik nora dabilen haizea goi-geruzetan.

10 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

«Laguna dakot etxien»

Iñaki Segurola

Hasten naiz gogora ekarriz zer idatzi zuen Ana Moralesek hementxe bertan, joan den hilaren 8ko erantzun batean:

Gure amuma zenak harreman zuzena zeukan beste munduarekin. Bazeukan esakera bat oso berezi egiten zitzaidana: noiz edo behin, usmoan bezala jarri eta «laguna dakot etxien» esaten zuen. Horrek esan gura zuen arimaren bat etxetik zebilela igarri zuela (halakoetan ez zuen jakiten nor zen), eta orduan kandela bat pizten zuen etxean eta mezaren bat enkargatzen zuen haren alde.

«Laguna dakot etxien». Esaldi horrek zerbait egiten du; zerbait egin dit neri behintzat, idatzizko ezerk ia ezer egiten ez dion honi. Ikaraño bat egin dit belarrian eta bihotzondoan.

«Laguna dakot etxien». Pertsona jantziek hizkuntza xinplea deitzen diote horri. Ez, ordea, nik eta nere moduko gizaki erantziok. Hizkuntzalari eta hizkuntzazale bihotz-belarridunak jabetzen gara edo sentitzen dugu ez dela hori batere gauza xinplea. Hotsen eta bestelako elementuen segida bat dago hor, eta azpian sistema ikaragarri konplexu eta abstraktu batek eusten dio, baina aldi berean hiztunentzat oso erraza da sistema hori erabiltzen, zeren oharkabekoa den eta jakinaren azpikoa erabat. Horra munduko hizkuntzen grazia paregabea.

«Laguna dakot etxien». Gizabanako kulturdunarentzat (gaur egunean, gehiengoarentzat) esaldi horren ustezko moldaera landu, garatu, homologatu edo normalizatuak dira xinpleak ez direnak; presentzia, hautemate, subjektibo, haluzinazio, garun, metenpsikosi eta holako hitzekin gizendutako esaldiak dira gaur hizkuntza aberatsa. Eta ez da hala! Askozaz pobreagoa da berez, eta bereziki askozaz engainagarriagoa da. Pobrea da tribiala delako, jakintza garaikide ofizialaren errepikatze hutsa delako, ez dakigunaren estalki huts gertatzen delako. Hitz boteretsuak izango dira, bai, baina indarrik gabeak. Eta horixe da literatoen,  akademikoen eta normalizatzaileen gustuko hizkuntza edo, hobeto esanda, letrakuntza. Eta hizkuntza hori pobrea da, oroz gain, agindupekoa delako, goietako corpus arimagabeetatik «deskargatutakoa». Agindupekoa, otxana, ezgauza.

Ana Moralesek berak, eta agian amumak berak ere bai, gehitxo esaten dute («beste mundua», «arimaren bat»), eta egin ere bai: kandela piztu eta meza atera. (Egite horiek ez digute gehiegi axola; batek ahal duena egiten du bizimoduan «aurrera egiteko», gauero lo ondo egiteko, edo ez zoratzeko.)

«Laguna dakot etxien», usmoan bezala jarrita. Zer gauza hunkigarria, eta ia-ia ukigarria! Egin egiten baitu esan-modu horrek, eta ez estali, hizkuntza erlijiozko, zientifiko edo esoterikoak egiten duten bezala. «Gure» amumaren berbetak erakutsi egiten digu misterioa bere gorrian. Erakutsi, ez dakiguna badakigulako usteekin estali gabe.

Izan ere, zer da laguna?, eta laguna etxean edukitzea? Ez dago hor hizketa substantibatzaile, tribialtzaile, pobretzaile edo estaltzailerik. Lagun-en oinarrizko esanahia «hurko, kide» edo holako zerbait da. Eta ez jarri gogoa pertsonetan bakarrik: oinetakoek eta galtzerdiek ere badute laguna beren bikoan. Lobak dio amumak holakoetan ez zuela jakiten nor zen. Nik ez dakit amumak zer esango zukeen, baina dakidana eta aditzen dudana da hizkuntzak zer esanarazten dion: laguna daukala etxean, hots, zerbait, zeren norbait bera gehitxo esatea dela iruditzen baitzait. Eta «zerbait» baino gauza zintzoagorik ez dago esaterik euskaraz holakoetan. Lagun-ek ez dakit izendatu egiten duen, baina, bere zerbaitasunean, substantibatu behintzat ez du egiten. (Euskararen barruan bertan laguna edukitze hori nola «nominalizatzen» da tranparik egin gabe? Laguntza-rekin?, laguntasun-ekin? Ez ba! Ez dago erraza.)

«Laguna dakot etxien». Esate apur bezain aberatsa; erraza bezain zintzoa. Ez dakigunaren adierazle eta (ustez) dakigunaren biluztailea.

Hizkuntza erraza? Bai gure amuma honentzat, baina gaurko letradun normalizatuentzat ia hitzegiteko modu arrotz bat. Bidenabar esanda, ez dait nola itzuliko litzatekeen esaldia erdara batera, duen aberastasun xuhur hori galdu gabe, adierazte substantibo engainagarririk erantsi gabe.

«Laguna dakot etxien». Horri esaten diot nik jakinduria! Erlijio, zientzia edo esoterismozko sasi guztien azpitikoa. Jakinduria ezjakina; gure ezjakintasunaren zinezko neurria agertzen —eta argitzen— duen jakinduria.

«Laguna dakot etxien». Hona esaldi horrek zer esanarazten didan: dena ez da guztia. Dakiguna ez da guztia; badena, izenda dezakeguna, ez da dagoen guztia.

Izan gaitezen zintzoak, hizketan bederen. Zintzoak eta, aldi berean, estilodunak. Hori nola egiten den erakusten digu Ana Moralesen amuma gureak.

Usmoan jarri… eta pufa!: begitantzen jat amuma horixe dakotela barruen.

5 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Tartalo (itzultzen gaitza den ipuintxoa)

Iñaki Segurola

«Behin batean bazen hemengo haitzuloetan Tartalo izeneko izaki erraldoi gaizto itsusi begibakar bat, jendea jaten zuena eta lasai bizitzen uzten ez zuena. Tartalo horrek burdinazko sugetzar super-azkar baten itxura hartu zuen egun batean, eta bazter guztiak txikitzen zituen, eta pobreentzat behar zen dirua beretzen zuen. Orduan gizaki batzuk ohartu ziren Tartalo izen horrek esan nahi zuela ‘tarta-lo’, eta pentsatu zuten Tartalori tarta goxo bat botatzea, betiko goxaturik lo geldi zedin eta geldi-geldirik eta inori kalterik egin gabe. Ez zeuden ordea batere seguru zuzen ari ote ziren, eta, badaezpada ere, joan ziren hizkuntzalari zuhurraren jauregira, eta galdegin zioten ea Tartalo-k berek uste zutena esan nahi zuen, eta hark erdeinuzko bekozko beltza jarriaz azkar eta zakar erantzun zien ezetz, eta zorakeriarik ez esateko eta are gutxiago egiteko, eta atera zizkien grekoa eta latina, eta tartaros edo tartarus aipatu zizkien, eta ‘lurpea’ edo ‘ilunpea’ esan nahi zuela, eta ez zuela deus ikustekorik tartarekin, eta joateko unibertsitatera gauzak nola ziren ikastera. Orduan, etsi-etsian, pentsatu zuten hobe zutela hizkuntzazale zoroarengana jotzea, eta halaxe joan ziren bere txabolara, arlote pobrea baitzen hura, agintaritza jakiundezkoak xemeikorik ematen ez ziona, eta hark esan zien ondo ari zirela, ez dudarik egiteko, eta Tartalo dela ‘tarta-lo’, lo harrarazteko tarta gozoa behar duena muturrean, eta ekiteko maitasunez eta bihotz garbiz. Eta erabakia hartu, ondo pentsatu, eta halaxe egin zuten zorioneko tarta-botatzea, baina baziren gizakien artean Tartaloren begi bakar horrek itsutuak eta liluratuak zeudenak, eta tarta-botatzaileei oldartu zitzaizkien eta  kartzelan sartu nahi izan zituzten. Orduan, beste gizaki guztiak protestaka hasi ziren… eta hementxe gaude protesta egiten».

Badakit nere moduko hizkuntzalari (?) batek ez duela ondo ematen ipuintxoak idazten, baina hementxe uzten dut halere, jakin dezan munduak hor zehar dabiltzan esan-eginak hobeki sentipentsatzen direla ume-belarriekin entzunda.

Ni neu ere ez pentsa oso lasai gelditzen naizenik, ohartzen naizelarik unibertsitatean ikasitako jakintza ofizialak ez duela balio maite dudan jendeari laguntzeko, andre nafarkaxkar txoroharro bati Frantziako Tolosan muturra tartaz gozatzeagatik kartzelan bukatzeko arriskuan daudenei laguntzeko, hain zuzen ere. (Epaiketa, Espainiako Madrilen, hilaren 18an.)

Haurrok: jakin ezazue egia hutsarekin ez dagoela ondo bizitzerik, eta egia gexurrezkoak ere balio duela; aitadiruaren Gezur Haundiaren kontra, amalurraren gexurrak esaten ere asmatu beharra dagoela.

Giza-emakumeok: egia ez dago munduan; egotekotan, esanetan dago, buru-bihotzetako esanetan, itzulpen gaitzeko ipuinetan… eta holako tokietan.

Iruzkin 1

Iñaki Segurola atalean

Zubeldia

Iñaki Segurola

Pena hartu nuen aurrena. Bertsolarien gerrako aurreneko ekinaldian Zubeldia puntuetan azkenputz! Aurreko puntan berriz… nor? Ba, betiko jende-modu eguneratua, orduratua, segunduratua. Gero pentsatu nuen holaxe behar zuela, eta hobe zela gainera holaxe izanda. Norguaiagoka (sic) nagusirako ez du edozeinek balio.

Has gitezen galdezka: zer da grazia? Eta da mundu orok senti lezakeen zera bat, inork definitzen ez dakiena. Grazia hitzetan, gorputzetan, eguraldian, pausoan… Grazia da gauza bat ezin neurtu daitekeena, ezin konta daitekeena, puntuetan kabitzen ez dena. Eta Zubeldiak grazia dauka; euskarak grazia dauka Zubeldiaren ahotan. Baina Zubeldia «barregarria» dela uste dute besteek, grazia gauza barregarria dela nahi baitute sinetsi, eta axalekoa dela, halaxe baitzaie komeni sakon-poetikotzat jotakoei. Eta ez: ez da hala. Grazia ez da barrea. Grazia da barrea eta beste gauza asko, inongo irizpide epaitzailetan agertzen ez direnak, ezin ager litezkeenak.

Bertsolarien Txepelketan (sic) aurreko puntan geldituko diren horiek zer daukate? Ba, puntuak dauzkate, puntu mordoa irabaziko dute, irizpide epaitzaileek emandako puntuak. Zubeldiak puntu gutxi eskuratu ditu, eta normala da. Zubeldiak koskak ditu, beste inork ez bezalako koskak, eta Txepelketan puntuak balio du, ez koskak. (Bidenabar: koska izendatzen dudana ere ez dakit definitzen.)

Txepelketako publikoa audientzia nazional haundi bat da; oso nazionala, oso eguneratua, oso jantzia, oso osoa. Zubeldiak oso hori puskatu egiten du, erantzi egiten du. Haren hitzek dantzan egiten asmatzen dute; beste gehienenak, berriz, hitz gelberak dira, hitz eroriak dira, Inhibition (sic) Centerrak ezin gehiagoraino anplifikatuko dituenak, gizenduko dituenak, «poetiko» bihurtuko dituenak. (Halatsuko zerbait sentitu zukeen Arestik ere bere garaian: Basarriren kontra hitzegin zuen, olerkariak okerlari zirela deklaratu zuen, bertsolaritzak «sagardotegitik komentura» egin zuen bidea salatu zuen, eta hola. Amuriza zaharraren bertsokera intsentsatuarekin ere izan ziren xextra batzuk.)

Lizardi eta Txirrita bi mundu ziren, ia bi hizkuntza ziren. Gaurko bertso puntutsua literatura neurri-errimaduna besterik ez da; idatzizko mundu berbera da, baina neurri-errimaduna. Ez dakarkigu «bestelako» mundurik eta hizkuntzarik, Txirritak Lizardirenaz oso bestelako mundu bat dakarkigun bezala. Salbuespena Zubeldia da (Irazuk salbuespena izateari uko egin zionetik). Hargatik maite dugu Zubeldia nik eta beste askok. Gure euskara irendu honi potroak jartzen dizkiolako atzera berriz, edo, nahiago bada, ama euskara mastektomizatua bi titi tenterekin edertzen duelako.

Sareak ezin harrapa dezake gatzik. Irizpide epaitzaileen sareak ezin harrapa dezake gatzik, hitzezko gatz dantzaririk. Epai irizpidedunak sakonkeria infopoetikoz gizendutako hegaluze bat dakar audientzia nazional euskaljatorraren superportura, baina gatzik ez, batere ez, alerik ere ez.

Basarrik ere kendu zion txapela Txirritari. Bata barregarri utzi zuten orduko irizpide eguneratuek, eta bestea gixongazte jantzi, sakon, poetiko moduan gelditu zen. Gaur inork ez du gogoan gazte haren bertso bakar bat ere, eta orduan barregarri gelditu zenaren aitamenak ez dira oraino ixildu sartuagatik lurpian, eta nekez ixilduko dira beste larogei urtian.

Ohar geografiko bat, bukatzeko: gaurko txapeldungaiek kostakoak edo kostatik oso gertukoak behar dute izan, zeren gaur egungo koxtagizakiari ez baitzaio itsasoko gatzik eransten; egiten zaiona da hondartzako txiringitoko expiritu mengel garaikidea itsatsi, eta expiritu horrek puntuak ematen ditu bertsotako supermerkatuan. Gatzagak eta gesaltzak goi-herrietan daude, behealdeko jende-modu horrek burlaz begiratzen dien goi-herrietan, hain juxtu.

Maite dugu Zubeldia. «Beste zerbait» aditu nahi genukeen askok ia Zubeldia bakarrik maite dugu.

21 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Profezia bat argituz

Iñaki Segurola

Hemen bertan botea nago orain baino lehen neure uste, irudipen edo profezia bat, esanez hemendik 300 bat urtera penintsula gurean ingelesa hitzegingo dela ia erabat. Eta, bidenabar, gehitu nuen ez nuela uste euskara gureak iraungo zuenik, eta, bidenabar, gehitu nuen balitekeela katalanak irautea, erdi-bixirik bederen. (Usteak erdia ustela duela esan ohi da, baina esaten ez dena da beste erdia ona edo sanoa izan lezakeela.)

Eta eraman ninduen UEUk Eibarrera euskaldun hizkuntzalariek zer ikertu behar luketen esatera ­­–nik horretaz zerbait baneki bezala–, eta han ere bota nuen neure profezia: ingelesari buruzko profezia. Hori zen, eta da, neure esankizunaren espiritua, baina kulturmunduan eta beste mundutxo askotan ere jakina dago zer gertatzen den: letra gailentzen zaiola espirituari, eta are gehiago bestek bere gogara eta iritzira jartzen duen letra baldin bada; eta are gehiago letra horiek «letra haundiak» baldin badira, hots, izenburu, lerroburu edo titularrak. Eta orduan hor ikusi behar izan nituen neure esanak titularretan kuxkurturik eta bortxaturik: «euskara 300 urte barru desagertua egongo da». Eta hor ikusi behar izan nuen neure burua –ikusi, sentitu eta pairatu–  euskararen hileta-jole edo aitzin-ehorzleen samalda trixte azkengabean sartua. Ni ingelesari buruz ari nintzen berez, baina letrak euskararen heriotzaren profeta moduan agertarazi ninduen. (Ohar praktikoa letren tamainaz: letra txikia badaezpada irakurri behar omen den bezala, hobe genuke letra haundiari sekula begiratuko ez bagenio.)

Ez naiz heriotza aurreratu zale: nik sentitzen dut euskara gurea bazter eta eremu gehienetan ahultzen, eskasten eta itzaltzen (hizkuntza natural gisa, ez beharbada produktu kultural gisa), baina berdin senti nezake neure burua ahultzen, eskasten eta itzaltzen (gauza bizidun gisa, ez biografia gisa), baina halere biziak eskatzen digun aurreneko gauza da sekula hil behar ez  bagenu bezala bizitzea. Horixe eskatzen digu biziak, erlijioak edo gaurko espiritualtasun lausoak ez bezala.

Gatozen ingelesaren barruti harrora. Aurtengo udan jabetu naiz nere zorioneko profezia motz gelditu bide dela. Gaztelako jende jator-gaixto bat ezagutu dut, eta esan diet ze irudipen ditudan ingelesaren gailentzeari gainean, eta haien eta beste askotxoren iritzian 300 ez, baina 100 urte aski izango omen dira ingelesa (edo «beste erdara haundiren bat») penintsulan gailendurik jar dadin. Gero-eta gehiago omen dira Gaztela, Espainia edo dena delako aurkintza horietan hala uste dutenak. Eta sintomen artean beste bat gehitzen zuten: orain urte batzuk Espainiako gobernuko buru egiten zuen gizontxoak, Ameriketako botere-usainak zorabiaturik, ingelesezko ahoskerarekin hitzegin ohi zuela gaztelaniaz modu publiko eta agerikoan. Eta bai, neuk ere gogoan dut ikuskizun edo entzukizun harrigarri hura, eta edozein ohartzen da sintoma latza dela hori.

Hauexek profeziaz esateko nituenak. Geroak esango du: begi hauek ikusiko ez duten geroko gero batek.

5 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Poliki

Iñaki Segurola

Uda betean gure bizimodua geldotu bezala egiten da, eta nagitu. Ez sugandilena edo belarretan lanean ari direnena, baina gurea bai. Eta orduan aditzen dugu axkar, bizi, arin, eta hots txarra egiten digute belarrian. Azkar eta ondo usoak hegan entzun izan dugu txikitatik, eta horixe berritzen diogu geure buruari orain. Lan lasterra, lan alferra ere ikasi genuen gerora.

Udakoak urte guztirako balio beharko lukeelakoan edo, mundu garatuarekin nazkatuak dauden askotxok slow diote orain. Slow food-ekin hasi ziren, eta zabaldu egin da afera: slow sex eta slow drink ere ikusi izan ditugu hor zehar, eta slow gehiago ere izango dira bazterretan noski.

“Mugimendua” eta “filosofia” ere deitu izan zaio slow kontu horri, baina ni ohartu naiz ez dugula guk berba zantar gizen horien beharrik. Ez mugimendu eta ez filosofia: gure euskara honek aski du hitz soil batekin. Esan nahi dut: slow ixtorio hori euskaraz ematen hasi, eta jabetzen gara irabazian ateratzen garela poliki-ri esker. Hona nola: gure poliki edo polliki aditzondo horrek bere baitan hartzen ditu ‘ongi, egoki’ eta ‘astiro’; baina kontuz: ez ditu bi gauza adierazten, bazik-eta dena batean ematen eta dena bat dela adierazten (‘ongi-egoki-astiro’). Poliki jan, poliki jo, poliki edan: ez al da bizimodu polita? Poliki bizitzea ez al da hiltzeko presarik ez edukitzea? Bai, badakit askok pentsatuko dutela poliki baino gehiago dela ederki/earki, baina ni oraintxe (uda izango da?, adina izango da?) gauza askotxotan politari esker hobea ematen hasia nago ederrari baino, badaezpada: ardo polita, eguraldi polita, ipurdi polita, burutazio politak, bizimodu polita, arte politak… kasik nahiago ditut politean ederrean baino, badaezpada, baina ez nuke adierazi nahi gauzak erabat hola direnik, eta isildu egingo naiz, luzeegi joko luke-eta.

Abiadura hazkorraren kontra, azkar eta gaizki bizitzearen kontra, produktibismoaren, kirolaren eta abar itsusi askoren kontra, slow atera digute han nonbaitetik, eta ederki aterea dago, baina nik diot poliki genuela hementxe zain, eta hobea dela bera kasik.

Erremate gisa, galdera bat: Iparragirrek giltzapean sartu naute poliki-poliki kantatu zuelarik, zer esan nahi zuen? Eta zer litzateke preso bat, edo asko, edo denak, giltzapetik poliki-poliki ateratzea?

Lan polita litzateke erantzun on bat asmatzea.

Iruzkin bat utzi

Iñaki Segurola atalean

Fest (eta, bidenabar, profezia bat)

Iñaki Segurola

Ez dakit ohartu zareten, baina dena da orain fest. Gure eskualde urola-kostatar honetatik irten gabe, urte batzuk badaramatza Zarautzen «Udaberri fest» izenekoak. Zestoan «Patana fest» asmatu dute orain. Azpeitian «Triku festie» egiten zen lehen; gaztetxekoek ere zerbeza festie jarri dute oraintsu. Baina joera ez da hori. Joera da fest han eta fest hemen. «Larrabetzu fest» ere ikusi dut; Donostian egin duten Aniztasunaren aldeko ekitaldi koloretsu batean ere gauza ez da anitz aldatu: hura ere fest, eta dena holaxe, gezur-aniztasun ederrenean.

Eta nik uste nuen gure euskara ñañotu honek bazuela festa-girorako adur berezi bat; gainezka zituela hitzak edo hitz-zatiak besteri emateko ere: gaupasa, bestondo, marijaia, tobera, jazzaldi… eta beste.

Fest hori behar dugu gaur nahitaez ahoak eta begiak betetzeko. Nere irudipena da ingelesez ere ez dela hainbeste ikusten fest hori, eta festival bera dela gehiago erabiltzen nonahi. Alemanetik ez dut uste sartu zaigunik, eta beraz pentsatu beharko dut anglo-jendeak baino anglo-itxura haundiagoa eman arteko onik ez dugula. Euskara hutsa horixe baita: hutsa, putza eta motza. Erdara hutsa ez bezala; zenbait erdara haundi ez bezala.

Ingelesa ari da gailentzen hemen ezin esanezko martxan. Musika izan zen aurrena; gero anglo-izenak jartzea etorri zen, kastillanoen aldetik gehienbat: Jonathan, Christian, Starlight eta holakoak. (Sudakerrian areagokoak dira, eta ikara emateko moduko izenez bataiatzen dituzte haurtxo errugabeak: Onedollar, Usarmy eta holako! Patxamamak barkatuko ahal die!). Euskaldun jendea ere hasia dago nere inguruan umeei Lian eta horrelakoak jartzen.

Orain hizkuntza bera da sartzen hasi dena: hezkuntzatik, denda eta taberna berrien izenetatik eta abar. Eta ez dira izenak bakarrik: ikusiak gaude, oraingoz hiriburuetan bakarrik, den-dena, ordutegia barne, ingelesez jarria daukaten dendak.

Sintomak gero-eta argiagoak dira, eta hemen dator nere gaurko profezia, zinez, bihotzez eta bihozminez botea: hemendik 300 bat urtera Penintsula gurean ingelesa hitzegingo da erabat. (Hexagonoaz deus esaten ez naiz ausartzen oraingoz.)

Euskarak ez dut uste iraungo duenik, baina gaztelaniak eta portugesak ere ez. Eta kontuz: hau ez da boutade bat; hau bene-benetan diot.

Katalanarekin ditut dudak: eutsi-behar horretan zailduagoak daude katalan asko eta asko; katalan elebakarrak izan nahi dutenak ere ezagutu ditut bat baino gehiago. Eta bai: badakit elebakar izan nahi hori oso gaizki ikusia dagoela jende ongi heziaren artean, baina ni ez naiz ari ez onesten eta ez gaitzesten; gauzak nola diren esaten ari naiz, zer bide daramaten, eta nolatsu bukatuko duten, nere ustez, hiru menderen buruan.

(Halaz guztiz, aitor dezadan: euskarazko elebakartasun irreal bat praktikatzeko grinak harrapatzen nau tarteka, beste grina irreal batzuek ere harrapatzen nauten bezala, besteipe edo gehixauko barik.)

Bukatzeko, gertakari bat, benetakoa, «jazorikua», Kirikiñok esan ohi zuen moduan. Banoa Donostiako Bulebarrean barrena eta horra non suertatu zaizkidan parean sindikatu bateko kideak sinadura eske. Etorri zait haietako bat, eta esaten dit, hitzez hitz: «¿sabes algo de castellano?» (Donostiako berri ez dakienarentzat: turistak ibiltzen dira asko hiritxo horretan; nere berri ez dakienarentzat: ez omen daukat «hemengotar» itxura haundirik.) «¿Sabes algo de castellano?», beraz («kastillanoz pixkat ba al dakik?») «Una miqueta», erantzungo niokeen gustura, edo «xeoxe bazekiñet», edo «algo ya sabo», edo… zerbait irreala, baina ez: baietz erantzun nion («sí»), zintzoki eta errealistaki. Hemendik pare bat mendetara «a little» erantzungo du jende askok sasi-profeta honen ustez.

Azken oharra: profezia bat uste bat da, eta usteak erdia ustela izan ohi du, baina kontuz: beste erdia ez.

3 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Gaitzak ez ote du gaitzegirik?

Iñaki Segurola

Aurreneko abisua beranduegi-rekin etorri zait, oraindik orain. Belarriak halako zera bat egin zidan. Beranduegi etortzen da beti edo holatsuko zerbait zen entzundakoa, eta belarriak ezezka bezala egiten zidan. (Belarria gora eta belarria behera nabil aspalditxotik; ni, F. Nietzsche, P. Perurena eta beste ezjakin jakintsu asko bezala, «hiru belarriduna» naiz.) Oso berandu, izugarri berandu eta nahi dena bai, baina beranduegi hori ez zitzaidan sartzen kontestu horretan. Berandu etortzen da beti nahikoa eta gehiegi zela esaten zidan barruko belarri erne horrek; esanez edo galdetuz bezala: «beranduak ez al du berekin beranduegia?». Ez dut inola ere adierazi nahi beranduegi hori ezin erabil litekeenik –eta erabili edo erabiltzen ez denik– inolako kontestutan, ez hurrik eman ere. Bidenabar: beste hizkuntza batzuetan esango nuke aiseago erabiltzen dutela gehiegia kasu honetan: too late, trop tard…, baina nere jakite apurrak sortutako irudipena izan liteke hori, gehiagoko barik.

Eta, bien bitartean, goizegi oso erraz ateratzen zait, eta ia edozein kontestutan erabiltzeko modukoa iruditzen. Zer dago hor?, zer gertatzen da?, zer ezkutatzen da? Ez dakit nola, baina gogoa moralaren barrutira lerratu zitzaidan, hots, on-gaitzetara. Eta hor garbi sentitu nuen, adibidez, ongiegi lasai esan dezakegula, baina, zenbait kontestutan bederen, gaizkiegi ez. Zer moduz dago? galderari ez diogu erantzuten ahal gaizkiegi esanez inolako moduz, baina ongiegi bai, nahi den intentzio bihurri eta guzti, baina bai. Eta txarregi, gaiztoegi edo itsusiegi ere askoz nekezago onesten dizkit belarriak onegi edo ederregi baino. On-gaitzak, morala edo zer martingala dabil hor?

Irudi luke gaitzak bere baitan duela gehiegia edo gutxiegia, eta onak, aldiz, ez. Baina ez naiz batere lasai gelditzen partizio horrekin; errazegia dirudi, xinpleegia, tontoegia. Baina, halaz guztiz ere, egia balitz? Orduan zer? Onean mugak daude (nahiz-eta lausoak), eta haiek iragan ezkero gehiegia da? Eta gaitzean ez da mugarik aintzat hartzen, zeren gaitza bere baitan den gehiegia?

Eta hori dena hizkuntza kontu hutsa da edo ez da? Eta hizkuntza kontu hutsa ez bada, eta munduarekin zerikusia baldin badu, zer diosku gure munduaren gainean? Eta hauxe datorkit gogora: gaitza ezin jasana izango da guretzat, eta hargatik izango da bere baitan gehiegia; «on-gaitzetatik haratago» esan ohi da, eta «on-gaitzen gainetik» eta abar, baina onarekin ez dakit, baina gaitzetik haratago edo gaitzaren gainean ez dakit egon, jarri edo joan gaitezkeen; nahi dugunik ez dakit egin dezakegun gaitzarekin, bere baitan gehiegia egiten zaigun gaitzarekin. Baina… uste dut urrutitxo airatu naizela, eta gauza horiek oso dudakoak direla beren izatez. Adibidez, gauza bat, ezaugarri bat, ez badago garbi ona den edo gaiztoa, edo on-gaitzekin zerikusirik ez baldin badu? Ba, orduan badirudi ez duela lekurik gaurko nere saltsa edo morokil linguistiko-moral honetan. Haundiegia bezain naturalki diogu txikiegia, eta horiek bai geldituko liratekeela, absolutuki harturik behintzat, on-gaitzetatik kanpora, ezta?

Bo, hortxe uzten ditut galderak dantzan.

Iruzkin bat utzi

Iñaki Segurola atalean