Tren-tren 3: Euskotren trena edo itzultzaileon menpekotasuna

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse       

Tren-tren zer izan zitekeen galdetu nuen Tren-tren 1 artikuluan; hiru erantzun jaso nituela adierazi nuen Tren-tren 2an, hiru arrapostuetan balizko hitz hori bakoitzak bere gisara ulertzen zuela azalduz.

Nire hiru mintzakideon erantzunak ikusiz, egiaztatu nuen (zientifikotasunaren mailetara heldu nahi gabe, noski, lagin eta istorio horiek tarteko) ene buruarekin nerabilena, hau da, tren-tren hori ez zela –momentuz– ezer euskaraz edo, bestela esanda, euskaldunontzat.

Baina horra orain hor balizko ez den tren-tren horren nire ia eguneroko bizipen pizua: «Euskotren trena».

Gaztelaniaz idazten duen iragarki egileak komunikazioa, eragin lasterra, inpresio bat xerkatzen du eta horretarako ez du dudarik egiten gaztelania modu bizi eta jostarian erabiltzeko; hala gertatzen da «Ven en Euskotren» (Papá ven en tren) edo «Pásate a Euskotren» esamoldeetan, beste hainbat eta hainbat produktutako iragarki anitzetan gertatzen den bezala. Bestela da gaztelaniaz sortu joko horiek euskaraz eman behar direnean. Zeren esan beharrik ez da, noski, iragarkia ez da, ia inoiz, euskaraz sortzen. Jostaria izatea gaztelaniazko sortzaileari dagokio eta gero, bigarren egiteko bezala eta maiz baino maizago, bigarren mailako bezala, euskarazko ordaina edo ordain modukoa bilatzen zaio gaztelaniazkoari. Iragarkia asmatzean bilatzen ziren bezeroekiko harreman arin haiek, bezeroa zuzen eta laster jo nahi hura, ez da jadanik lehen-lehen asmoa; beste betebehar batzuk gailentzen zaizkio lehen asmo horri, bezeroarekiko harreman horiek batzuetan guztiz itotzeraino, tren-tren honetan bezala. Gramatikalkeria ageri da hor. Begiak erakarri nahi zituen molde jostakina itzulpena agindu eta ordainduko duenaren menpean eta jatorrizko hizkuntzaren menpean den itzultzailearen betebehar ilun bihurtu ohi da eta horrek zama gehiegi ekartzen dio testuari komunikazio zereginetan arin gertatzeko.

Baina zein trenetan zebiltzan gure zaharrak, euskotren trenean ala euskotrenean?

Gure oraingo euskal trenbidea ez zaio jadanik lehengo trenbide zaharrari jarraitzen; euskotren trenbide bilakatu da edo Y-trenbide noragabeko.

Jatorrizko hizkuntza nagusira itzuliz: el tren, el euskotren y la Y griega vasca.

Hori bai, «los vascos» orain «euskotren»  omen da eta «el vascuence» «el euskera». Beharrik gaztelania euskara ikasten ari den!

Tren-tren 2 (edo euskal mintzakidegoa)

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Aurreko artikuluan egin nuen galderak hiru erantzun jaso ditu, zein bere gisakoa:

1: Tren-trenean ibiltzea benetako trenean ibiltzea litzateke batentzat, horretarako ulerbide zaizkiolarik entzunak dituen «olio-olioa» eta gaztelaniazko «harina-harina» moldeak.

2: Tren-trenean ibiltzea ongi ibiltzea litzateke, bestearentzat, guztiaren kontra egin beharretan ere, aitzin egiten lortzen duenaren adierazle, eta horretara esperientzia pertsonalak eraman du.

3: Tren-trenean ibiltzea eguneroko errepikatuan ibiltzearen adierazle litzateke hirugarrenarentzat, erdaratik harturik moldea.

Hiru erantzunak elkarrekin bateratu gabeko hiru bizipenen ondorio dira eta, batera ulertzeko bidea eskaintzen ez duten neurrian, ez dute «tren-tren» euskal hitz edo esamolde gisa hartzeko aukerarik ematen, bakoitza bere hizkuntzan ari baita, bakoitzak bere hizkuntza ezagutzatik, bere hizkuntza esperientziatik eta horien mugen barnean. «Tren-tren» beren barne gogoetetarako balia dezake bakoitzak, baina ez beste bi euskaldunekin komunikatzeko.

Abiapuntu izan liteke, ordea, baldin eta elkar adituz, hitz berri bat adosteko bidean abiatuko balira, bagina.

Peiloren egia irudituko zaio bati baino gehiagori orain arte esan dudana, alegia, hizkuntza adoste ahalegina dela, taldeka egiteko bat etortze lana, eta izendapenak lotuagoak direla talde asmo bati, jendeen arteko hurbiltze ahalegin bati, izendatuek dirdiratuko lituzketen funtsezko eta ezinbesteko izaera balizkoei baino.

Alabaina, tren-trenaren xelebrekeria hori ez da horren berezia, horren gure egunerokoarekin loturarik gabea. Tren tren hori, izendaturik ez duen izendapen huts gisa ageri dut hemen, baina, aurreko artikuluan esan nuenez, ez dut nik erabat asmatu; idatzirik ikusi eta ikusten dut, eta ikusi nuen lehen aldian nire hizkuntza esperientziekin talka egin zidanez –eta ikusten dudan bakoitzean oraindik ere egiten didanez–, besteei ere egiten ote zizuen jakin nahi nuen.

Nik galde egin dizuedan izendapen baten izendatua galdetu ordez, alderantziz egin ohi dela edo hala egin behar dela pentsatuko duzue, beharbada, hau da, izanik ez duena izendatzeko beharrik ez dela. Baina izendapenetik abiatzeko joera ez da horren berezi, horren bitxi, gure egunerokoan; bitxi da, ordea, zoritxarrez, izendatuaren maila apalera jaistea. Gutxitan galdetu ohi dugu «nola esaten zaio horri?» eta maiz, berriz, «nola esaten zaio euskaraz hitz horri?». Izendapenetik izendapenerako bide laster horretan, izendatuak izendatzeko ohitura galdu duen euskal mintzakidegoa bazter geratua zaigu, desegin eta desagertua, teteldurik, norbanako berberek osatzen dugun erdal mintzakideok alboratu baitugu.

Horregatik eskertzen diet arrapostua eman zidaten hiru mintzakideei, izendatuen bilatze jostaketara lotu izana, bai eta Isabel Etxeberriari bere azken artikuluan bere txiki handiaren asmamen handiaren berri eman izana, erabat galdurik ez garen argitxoa piztu baitzidan, ipurdia ere babes dezakegula jakitera emanez.

Tren-trenean

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Tren-trenean dabilela edo doala edo datorrela edo besterik erranen balizue inork, nola ulertuko zenukete dabilela: indar betean? Halamoduz? Besterik?

Ez inongo hiztegitara jo; alperrik zenukete, ez baita halako hitzik hiztegietan, ez beste inon ere; zuen irudimena, zuen belarriak, zuen asmamen eta ezagumena besterik ez dezakezue balia hitz horri erranahiren bat emateko.

Hitz hori sortzekotan zein erranahi ukan lezakeen edo egungo euskaldunok nola ulertuko genukeen jakin nahiak beste ezerk ez narama horrelako galdera egitera.

Badakit ohiko galdera ez dena, gehienetan izana duenaren izena galde egiten baita eta ez izen baten balizko izana, baina urte honetan txorakeriak egiteko aukera gutxi geratzen zaidanez, nola ez honako hau balia eta arratseko koplak baino lehen beste kopla hau bota?

Izena bera ez dut nik hutsetik asmatu; horren antzeko zerbait irakurrita etorri zait eta izate argirik eman ezinik nabil; hortik zuei galdera egitea, argi baita nik ezin dudala hitz bat neure kabuz asmatu eta hizkuntza batera sartu, hizkuntza horren mintzatzaileekin adostu gabe.

Badakit hitz berriak asmatzeko XX. mendearen hastapeneko bolada amorratuaren eskarmentu gorriaren ostean ia ezinezkoa dela hitzak asma daitezkeenik pentsatzea edo, are eta arriskutsuago, proposatzera ausartzea, baina hizkuntza jostagarri ez bada ez da beste ezertarako ere baliagarri gertatuko eta urtea joatearekin batera joan daitekeenez asmo ero hau ere, ez dut uste inoren kalterako gertatuko denik urte zaharrerako soberaxko den haize hego xelebre honek eraginiko nire proposamen zozoa. Heldu den urtean azalduko dizuet korapiloaren hariaren nondik norakoa, baina gustura hartuko nituzke zuen proposamen eta iradokizunak, hitzak zuen belarrietan egiten duen soinuaren oihartzunak.

Eta diostesalbe!

Gizon abeslari burusoila

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Ohiko esana da euskara ez dela sexista, gizakien arteko generoa –politikoki zuzenaren garaiotan «sexua» esatera ausartuko ote?– markatzen ez duelako.

Sexista izatea, hizkuntzen ez, baina hizkuntzen egile eta garatzaile garenon gaitasuna dela kontuan harturik, hizkuntzen gaitasun horretaz erraten dena gizartera ekarririk ulertu behar da, noski. Hartara, euskararen sexista ez izate hori seinalatzen dutenak euskaldunon gaitasun bat ari dira goraipatzen, nonbait, gora gu eta gutarrak!

Dena den, ez gu eta ez haiek, ez gurea, ez eta besteak ere, ez nituzke inolaz ere kalifikatu nahi; jokamolde sexistak, ezagutzen ditugun gizarte orotan gertatzen dira eta, adierazte moldeak desberdinak izanik ere, gizarteon barne-barnean den fenomenoa dugu.

Generoa edo sexua markatzen duten hizkuntzen sexismoa ez da markatzeagatik beragatik adierazten, ez da markatzea bera sexista; markatze moldean agertzen da sexismoa, hau da, markatzerakoan agerira sortzen dira hizkuntzaren egile kolektiboaren –eta banakoaren– ikusmolde sexistak.

Gizakien arteko generoa markatzeak, maiz, emakumeak agerrarazten ditu, nabarmendu gabe, hau da, gizonezkoen parean eta ez emakume gisa nabarmendurik: «La colonelle a ordoné = Le colonel a ordoné», «La reina ha dicho = el rey ha dicho»   Salbu hitz horiei esanahi desberdina ematen bazaie, generoaren arabera, hau da, «rey, reina = erregetza duena» izan ordez, «rey = erregetza duena» eta «reina = erregearen emaztea» egiten bada; hor femeninoaren esanahi bikoitza nahasgarri eta gure gizarteen nahasmenaren adierazle gertatzen da, generoa ez baita hor gauzetan bezalaxe gertatzen (argi da ez direla ber gauza «trabajar el acero» eta «trabajar la acera»).

Euskaraz, aldiz, «Cantatrice» eman nahi eta emakumea desagerraraztearen eta nabarmentzearen arteko ezinbesteko hautua agertzen zaigu.

Bazebilen aspaldi kontakizuntxo bat, non kirurgialari batek semeari ebakuntza egiten ziola kontatzen baitzen, semea lehendik aitagabea zela esana zelarik ere… gauza arraro hura nola posible zen galdetzen zen eta asmakizuna jende gehienentzat asmagaitza izanik ere, euskarazko bertsioan gertatzen zen inguruko bi erdaretan –genero markadunak– baino ilunagoa. Denborak eta medikuntzaren feminizazioak asmagarriagoa eginen zuten, segurki, asmakizun hura –aspaldi ez dut halako probarik egin, baina erranen nuke, egun, asmatzeko anitzez errazago litzatekeela–, hizkuntzen beraien bilakaerari batere kasu egin gabe ere. Abeslariaren kasura etorririk, tituluan bezala jokatuz gero, abeslari dena emakume bihurtzen da, gizon ez bihurtzeko asmotan. Horrek bi maila desberdinetan ezartzen ditu emakumeak eta gizonak, bigarren hauek bi gauza izateko aukera baitute, gizon nola abeslari, eta emakumeak, aldiz, emakume besterik ez, emakume izate horretara bidaliak dira (gara). Hor ikusten da euskaraz ere, neutroa maskulino dela, ez gramatikalki, baina bai ideologikoki, gainerako hizkuntzetan bezala.

«Vousêtsouvert»

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Supermerkatuak zabalik duen ordainleku bakarrean, ilaran zain garenotan azkena naiz. Ondoko ordainlekuan, kutxazain bat, bakarrik, bere gauzetan ari, joateko biltze lanetan; argi da. Heldu zait gibelera emazte bat, une batez gelditu edo antzeko egin eta hor bota dio, berehalakoan, ondoko ordainlekuko kutxazain hari, izenburuak dioen hori, hau da, euskarara ekarriz, halako «Zabalik zara?» edo, baldin eta hemengo alde honetan ari bagara, eta horko alde horretan arituz gero, berriz, ahal beste hurbilduz: «Zabalik zaude?» eta, luzeago utziz gero soka: «Irekita zaude?» edo.

Maiz entzuten ditut jendeak gure euskara gaixoak jasaten dituen ostikoez kexu eta arrangura, gure kasua munduko gaiztoena, mingots eta lakarrena bailitzan, baina hizkuntza orotan egiten ditu denborak, eraikuntza finenetan ere, koplarik gabeko suntsidurak, eta kopletan, berriz, errukirik gabeko deboilamenduak. Frantsesentzat munduko hizkuntza bakarra izan ohi den frantses hizkuntza hori ez da hortik salbu, noski. Biziko bada, eguneratu besterik ez du, gureak bezala, hau da: egun garrantzia duten mezuak eman behar ditu eta ez besterik. Ekonomiaren legea hizkuntzen konstituzioko lehen kapitulua omen da eta ekonomia lege den gizartean, ekonomiaren ekonomia egitera beharturik da hizkuntza oro, haren menpeko garenon menpeko.

Aipatu kasura berriro etorririk, esamolde hiperekonomo horri so eginik, galdera egiteko, frantsesez, baieztapenean erabiltzen den ordenaren alderantzikatzea (Vous êtes… > Êtes vous… ?) ez egin izana ez nuke aipatu ere egin beharko, zeren horren ez egitea hain bihurtu da lege ezen –alde batera utzirik frantses hizkuntzaren akademiak oraindik horretara behartzen duela–, frantsesa hizkuntza ikasia eta ez berezkoa duenaren seinale baita gaur egunean. Galderak galduak zaizkigu segurtasunen mundu positibista honetan; alferrik da ezer galdetzea, benetan galdetzea, hau da, erantzuleari erantzukizuna utzi eta nahi dugunaz beste erantzuteko aukera ematea; entzun nahi duguna galdetzen dugu eta horren baieztapena besterik ez dugu nahi. Deusetarako balio ez duen eraikuntza huts geratu eta haize alferrak eraitsi du galdera, besteaz zerbait jakin nahia bera bezalaxe eta harekin batera. Hondakin horren gainean gabiltza aspaldi, baina beste molde berriak –«zabalik zara?» horrek– garai berriak uzten dizkigu agerian, hau da,  industriaren garapenak makina erabiltzen zuen makinista sortu zuen bezala, orain, makinista bera makina bilakatzen den garaian garela erakusten digu. Makinak beren artean mintzatzen hasiak diren bezalaxe hasiak gara gu ere mintzatzen, geure artean eta makinekin, batzuen eta besteen artean bereiztera ere iritsi gabe.

Utzi dio pasatzen; jarri ditu gauzak uhal garraiatzailean; ttar-ttar-ttar, aitzinatu dira erosgaiak; kutxazainak pasa ditu, banan-banan; irakurgailuak irakurri ditu, banan-banan: pin, pin, pin…; erosleak atera du ordaintxartela; sartu du ordaingailuan.

–Kodea saka!

Sakatu ditu, banan-banan, zenbakiak.

–Txartela har!

Hartu du; kutxazainak ordaintxartela eman dio, hartu du; milesker.

Urte berri zahar…

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Ez dakit zuei inoiz gertatu zaizuen itzultzeko testuren bat jaso eta itzultzera jarri baino lehen, segur izanik inork ez duela sekula santan irakurriko, zernahi idazteko tentazioa, zernahi itzulpen ere ez den zernahi, benetako eta egiazko zernahi, zernahi bete-betean, idazten hasitakoan zer izanen den ere ez dakizuen zernahi.

Zernahitaz ari natzaizue, baina egiazki, nornahitaz ere beharko nuke aritu, «zuei» diodalarik ez baitakit inori ari ote natzaion edo, zehazkiago erranik, inori ez natzaiola ari uste baitut eta, hartara, halako testu irakurlerik gabeko horiek etorri zaizkit gogora, gaurko egun honetan, nire pantaila isil honen beste aldean inor ez dudan sentsazio betean ari bainaiz idazten, hau da, itzulpen ero edo ez itzulpen edo ezerezean galtzeko besterik ez diren testu horien aitzinean bizitu izan dudan sentsazioaren antzeko zerbait datorkidala, oraingoan ere, gogora. Galdetu beharko nuke, akaso, hor ote zareten, pantailaren bestaldeko biztanleak, ala, unetxo batez, hatzak giltzadiaren giltzapetik askatuz, zoriontsuak izatera joanak ote zareten.

Arraposturik ez, ordea; arratsalde eurijasa honetan lagun egiten zidan diskoa ere isildu zait; kanpoa zaparradaka eta ni ere bai; beste inor ez munduan, itxuraz, zaparrada besterik ez.

Hemen ere, segur, zernahi idatz nezake, dezaket, inor ez baita, segurki, idatzi dudanaz edo ez dudanaz ohartuko, inork ez baitu, segurki, idazten ari naizen hau irakurriko; pantailaz beste aldeko biztanleak lekutu dira eta bakarsaio batean ari naiz, urte hondar honetan, azken uneak aletzen.

Ez dakit zuek halako tentalditan izan zareten inoiz, halako lanaren hutsalaz ohartu eta hitzak dantza arinean jartzeko gogoa sortu ote zaizuen inoiz; niri halako ideiak etorri zaizkidanean, duda izpi bakarra geure koadrila honek zidan sortzen, hau da, pantailaren beste aldean izanik ere, pantailaren nire alde berdinean orenak ematen dituzuen zuek, alegia, inork irakurriko ez dituen euskarazko testu alperrik ondu horien irakurle izan daitekeen bakarra gutako norbait baita, segur.

Baina berriz ere zueka! (k+k>k ?); haizeari ari zaion eta! Irakurle sutsuenak izanagatik, «zuek» horiek ere, dagoeneko, egunero mundua bi aldetan banatzen digun pantaila itzali eta mundua banatzeko beste bikote bati lotu dira, segurki, urte zaharrarekin kantuz eta berriarekin dantzan ari. Itzal ezan hik ere banaketa txatxu hori eta munduaren biribilean jira hadi!

…nik atorra zahar.

Printzipiozko herria

Bakartxo Arrizabalaga

Printzipioz lanera joatekoa denari entzunik, pentsa daiteke hala dioenak ez duela ogi beharrik. Printzipioz etxean geratuko dena, etxea norena den lehiatzen ari ote, hipoteka egin dion bankuarekin? Printzipioz zinemara joatekoa dena zentsurak debekatu filma ikustera ote doa? Mendira printzipioz joatekoa denari gogoratzen zaio, akaso, bozka eguna dela egun hura eta hortik mendira behar?

Biharamunean printzipioz hondartza joatekoa zela erran zidanean, kanpoan egurasten nuen erropa barnera bildu nuen, hurrengo egunerako sekulako ekaitza agindu zigutelakoan. Alabaina, bezperan baino ere garbiago argitu zuen biharamunak. Bazuena burutik? Zer printzipio mota behar du horrek halako egun ederrarekin hondartzara joateko? Orduan hasi nintzen konturatzen printzipioetan blai bizi ginela gure herri jansenista honetan; nolanahiko printzipio zentzu eta funts gabe xelebreetan. Loriaren erdian igeri bizi dena ere, printzipioz eta printzipioz ari omen, hara eta hona. Oporretan Txinara? Printzipioz, bai, printzipioz, prefosta; gauean festara? Hori ere printzipioz baita, beihalako garai zorionez pasatu haietan, festa ere borrokaren parte zela argi utzi baitziguten gure herriaren gidari autoproklamatu haiek. Zorrak kita? Printzipioz ez, nola bestela? Egungo moda berriaz jantzi betiko borroka santuari jarraiki, nonbait.

Hasian hasi, printzipioz hasi dena, printzipioz bukatu ere behar.

Beharrik horretarako badugun ere FINA.

«Crudivegano»… eta beste

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Izenburua halakoa izanik ere, ez dut hemen abereekiko harreman mota horren gainean mintzatzeko asmorik, baina aitzakia zait hitz hori itzulpenetan maiz gertatzen zaigun arazo baten hona ekartzeko.

Beti sortu zait nolabaiteko ezinegon eta kezka «Nola esaten da *?» galdera, hitzetik hortzera, bota izan didatenean. Eman diodan erantzunak balioko ote dio? Zentzurik ote du erran diodanak, galdetu duenaren egoera niretzat ezezagun hartan? Beharbada zalantzetarako dudan jaiduratik etorriko zait hori; zuri ala beltz erabakitzeko nire zailtasuna izanen zait hor eragozpen. Gauza da lehengo egunean hala galdetu zutela ItzuLen: «Nola esaten da crudivegano?», eta niri horrek milaka demonio piztu zidan kasko barnean. Azkenean, gogoeta ildo nagusiaren haritik erantzutea bururatu zitzaidan, alegia: «Haragirik ez eta dena gordin jaten duena».

Bestelako erantzunak ere jaso zituen: «gordinjale» bat eta «gordinbegano» bat.

Ez dakit baten bat balio izan zitzaion, baina eskerrak emateko besterik ez zuen, horren ondoren, idatzi; moldatuko zen, nonbait, haiekin, edo moldatuko zuen besterik, bere kontura.

Hona heldurik, barka biezat Maddik nire erantzuna, bi aldetatik barka ere; lehenik, begano izateak ez dakarrelako, jateari dagokionean, soilik haragirik ez jatea, ezpada, abere produkturik (aberekirik?) batere ez jatea, eta beste aldetik, zalantza bat ezabatzeko baino, zalantza berriak plazaratzeko baliatu nuelako erantzuna. Bai, nire erantzunak txanponetik txanpon jokamoldetik urruntzeko ahalegina egin zuen, hau da: ez dakit zein testuingurutan erabilia zen gaztelaniazko hitz hori, eta, hartara, mila arrapostu iruditzen zitzaizkidan posible edo ezinezko; zein, baina, zitekeen ezagutzen ez nuen testuinguru baterako egokia?

Egunero itzultzen ari garenoi maiz gertatzen zaigu jatorrizko hizkuntzak eramaten gaituela, eta han izen dena izenez ordezkatzen dugu, eta izenondoa, izenondoz, eta hala eginik, esaten duguna desitxuratzen joaten zaigula. Espainolak erraz eramaten du dena izen-izenondo alorrera; berezkoa du eta oso lasai eta oparo dabil espainola izenondotan; euskarak ez du halako joera eta, gaztelaniazko hari jarraiki edo jarraitzen ahaleginduz, maiz baztertzen ditugu euskaraz esan nahi den hori laburrago, errazago, adieraz lezaketen moldeak. Esamolde nabarmenenetan ez da hala gertatzen, gehienetan bederen, edo itzultzen gutxieneko eskarmentua dugunon artean behintzat: «Sufrió una caida», gehienetan «Erori zen» bihurtzen zaigu euskaraz, nola esaten den gehiegi pentsatzeari ekin gabean, baina hizkera zerbait korapilatzen denean, horren segur ez zaigun esparru bateko esamoldeekin –maiz administrazio hizkerako ustezko teknizismoekin–, sekulako errespetua gorde ohi diogu jatorrizko estiloari eta haren kalkoa egitera mugatzen gara, badaezpada ere.

Nire erantzunaz, atzerasalto bat egin nahi nuen, bai eta egitera gonbidatu ere, hitzak ez baitira testuingurutik at sortzen; hitz baten sorlekua adierazpen eremu bat da eta hortik aldentzen badugu, hitza makal eta azkurririk gabe da sortuko, ezinbestean, beste testuingururen bat bilatuko du, eta beste hizkuntza batean du aurkituko. Hitz bat euskarara ekarri nahi badugu, euskarazko alorretan behar dugu landatu edo hazia bota, testuinguru desberdinetan baliagarri gertatuko bada. Hitz bat ez da soilik hitz bat; kontzeptu unibertso oso baten barruan den aletxoa da; hara nahi nuen crudivegano eraman.

Gaur egun hizkuntza anitzetan hedatu da titulutan mintzatzeko ohitura, gizarteak hala ari direlako, sailka eta sailka, nortasun eta zertasun eskean: crudivegano, vegetariano, ecologista, español, vasco, vasco-español (isilpean, baina), feminista, heterosexual, celiaco eta abarreko etiketen bitartez adierazi eta mugatu nahi dugu bizitza. Hartara, beharbada, euskaraz ere beharko dugu hitz bakar batean erran crudivegano hori, baina, kasu, espainolezko adjektiboak –eta espainolezko beste molde anitz ere– euskaraz ere gaztelaniazko molde berean emateko ahalegin ikaragarriak egiten ari garela iruditzen zait; euskaraz ez da espainolez bezainbeste adjektibatzen eta espainolezko adjektibo oro, hortaz, ez dira euskaraz adjektibo. Norbaitek galdetuz gero –«Nola esaten da *?» hori bezala–, beste honako hau: «Zer zara zu?». Erantzun dakioke gordinjale begano (gordinjale begana?), lesbiano (lesbiana?) rockzale, babarrunjale amorratu, feministo (feminista?), euskaldun, euskaradun, basko (baska?), basko-espainol, hego-euskal herritar eta abar garela, baina hainbat eta hainbat testuingurutan, «ez dut aberekirik jaten» edo «babarrunak gustuko zituenez» edo antzeko adierazpideak zaizkigu egokiagoak. Lehen esan dut kasu gordinenetan hala egin ohi dugula, baina iruditzen zait ez dugula oraindik, beste hizkuntzetatik euskaratzerakoan, jatorrizko hizkuntzetan agertzen zaizkigun hitzenganako lilura galdu. (Horrenbeste lan «luzemetraila» ikasten eta hara non, orain «flim» den!)

Nola esaten da *? Maiz ez da inolaz ere esaten; beste hizkuntzetan ere, sortu berria da hitza eta euskaraz sortu beharra dugu –sortu behar bada– eta horretarako, azter dezagun zein alorretan mugi dadin dugun ekartzen, zein duen lur emankor, non emanen dioten abaro; erein dezagun, lehenik, lur emankorrean, haziko bada.

Administrazio hizkera aipatu dut lehen, lilura horren gerta eremutzat, baina ez da leku bakarra; honako esaldi hauek, adibidez, literatura alorrekoak ditugu:

«Arrotzaren promesak esker-adierazpenik beroena eragin zuen nigan»

edo:

«Hala ere, ohiz kanpoko gogo baten jabe zen C* eta berezkoa zuen adorea ere laguntza ematera etorri zitzaion halako zoritxarraren aurrean».

Ingelesaren kutsua dute bi esaldiok; euskaraz horrela ere esan daiteke, noski, hor esanikoa, baina hala esango genuke ingelesez hala sortua ez balitz? Euskara garatzen, aberasten, laguntzen du ala alorrak nahasten ditu, bideak ezabatzen eta irudiak lausotzen?

Horra gogoeta baterako hari mutur bat, tiratu nahi dionik bada.

Eta barka, berriz ere, Maddi eta milesker zure galderak eman baitit aspaldi buruan dabilkidan zerbaiterako tira hari mutur bat!

Marie-Claire Pasquier

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Maiatzaren lehena, gosaltzen ari, irratia lagun: «Litérature et vitesse»

Obra baten pasartetxo bat irakurri digute. Virginia Wolf etorri zait gogora.

«Après avoir écouté un extrait de «Mrs Dalloway» de Virginia Wolf…»

Inondik ere ez nuen pentsatuko zalutasunaz mintzatzeko Virginia Wolf balia zitekeenik; hartara, ez nuen, inolaz ere, haren testurik espero; pasartea llabur zen, zein obratakoa izan zitekeen erreferentziarik gabekoa. Estiloa zen, hor, sotilki, Virginiaren ekarle; horretan dut ezagutu, bai, Virginia Wolf; hitzak hautatzeko eta elkar lotzeko manera batek iratzarri dit burmuinetako txoko batetan gordea dudan ene Virginia Wolf hori.

Frantsesa ez zen Virginia Wolfen obraren hizkuntza; frantsesa ez da nire lehen hizkuntza. Ez dut Virginia Wolfen libururik frantsesez irakurri. Virginia Wolf jalgi zait, halere, burmuinetako txokoren batetik, deblauki, ustegabean: itzulpena ez da ezinezko, itzulpena magia da.

Norbaitek egin lana da. Gora Marie-Claire Pasquier! Maiatzaren lehena da.

Udal hauteskundeak

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Egun batzuk direla irakurri nion, blog honetan, Maite Imazi, «zuzentarau» hitzaren inguruan ari, hitz aski errotua zela. Niri ere eguneroko hitza zait eta pentsatzen dut blog honetan gabiltzan gehienontzat ere hala izanen dela, administrazioen beharrei loturiko testuekin ibili ohi baikara. Ados naiz, hartara, Maite Imazen ustearekin, nahiz eta, pentsatzen hasita, nire inguruko jende gehienak ez dakien hitz horren berri.

Zuzentarau baino are arruntago eginen zaizkizue, oraindik ere, nik goiburuan emanikoak, segurki. Ez fida, haatik.

Hauteskunde garaia heldu zaigu udaberriarekin batera Hendaiara, eta inguruan ditudan bertako euskaldunen buruetan, horrelako garaietako (udaberria eta hauteskundeak, bi biak zorabio iturri) zorabioaz gain, hitzari berari loturiko zorabioa ere dabilkie gogorki. Prentsan irakurtzen dute halako hitza eta haiek ere, beti ikasteko prest, eman nahian tematzen dira, beti leku berean trabatuz, hau da, hautes partearekin ez dute arazorik, hautesle eta hautetsi erran ohi dutenez; «hor ez da problemik» diote… baina horren ondorengoaren bila hiruzpalau aldiz hautes…, hautes…, hautes… entzutearekin …kundeak proposatzen diet, azkenean, nora heldu ez duela, ur ilunetatik ito gabe jalgi nahirik etsi-etsian dabilenari nola, osatzen diet, beraz, hautes…kundeak; hauteskundeak, hauteskundeak pare bat aldiz ahozkatu, buruko txokoren batean atxiki nahian hausnartuz, eta hurrengoan, berriz trabatuko dira leku berean. Bigarren parte hori ez dute batere gogoko, argi da, baina tematzen direnez, segur laster bere egina duten.

Gainera, oraingo hauteskunde horiek udal hauteskundeak ditugu. Besterik ez genuen behar! Udal, momentuz, ez eta entzun ere ez dute egiten; gehitxo zaie kolpe bakar baterako. Bai, guretzat horren eguneroko, horren arrunt, horren duda gabe zaigun hori ez da haienean, orain artean, existitu. Hemen bozak zituzten, herriko bozak; gero haiek bazter utzi eta élections municipales besterik ez zitzaien geratu; orain hirugarren hau sartu zaie aukeran, eta hori bereganatzen saiatzen ari dira su eta ke. Eta kea bada, bai, haien buruetan.

Dagoeneko, zuetako batek baino gehiagok pentsatuko zuen, hara, zergatik ez ote dituzten, beste horren beharrik gabe, herriko bozak jokatzen, halako katramilatan sartu gabe; zentzuzkoa lirudike, bai, horixe, ez balitz haiek élections municipales egiten zituzten bitartean jokalekua aldatu dela eta ekipoa eskas zaiela orain horrelako partida jokatzeko. Inguruan hauteskundeak gora, hauteskundeak behera gabiltza besteok, eta bozak ematen zituzten haiek bozik gabe dira jadanik.

Lehengo batean, foro honetan bertan, euskara batuaren eta euskalkien arteko lehiaren inguruko eztabaidatxo bat ere bazebilen, ez dakit orain zein karitara. Hendaiarrei argi zaie herriko bozak eskas zaizkiela eta beste zelaian ere behar dutela jokatu; hartara jarriak dira, etortzen zaienari zabal besoak; sentituko ote dugu geuk ere, estandarizatu ordez batu beharra?