Kitxua eta euskara

Garazi Ugalde Pikabea

Aspaldiko itzulpen bat berreskuratu nahi genuke gaurkoan: Jose Maria Arguedas idazle perutarraren Pongoq mosqoynin edo Pongoren ametsa, 1991n Pamielak Jose Manuel Bujandaren itzulpenean argitaratua. Arguedasek hirurogeiko hamarkadan idatzitako zenbait testu biltzen dituen bilduma da, jatorrian gaztelaniaz zein kitxuaz idatzitako testuek osatua. Bertan aurkituko ditu irakurleak Tupac Amaru gure aita sortzaileari abesti-ereserkia; Guayasamin, Jet-i oda eta Doktore batzuri deia poemak; Pongoren ametsa ipuina eta Kubari poema. Testu gehienak lehenago ere han eta hemen –batik bat aldizkarietan– argitaratuak izan arren­­­­­­­­­, euskaraz ezagutzen dugun bilduma 1976an atera omen zen Kuban, kitxuaz eta gaztelaniaz. Edizio huraxe izango zuen ziurrenik esku artean Jose Manuel Bujandak itzulpena egiteko, eta berezia izango zen lanaren emaitza: kitxuaz eta euskaraz ezker-eskuin ele bitan emandako liburu bat.

Jose Maria Arguedas (Andahuaylas, 1911- Lima, 1969), zuria izan arren, San Juan de Lucanako indioek hezi zuten eta, bederatzi urte egin zituen arte, kitxuaz baino ez zuen hitz egiten. Gaztelaniaz egin zituen ikasketak gero, eta Limako Unibertsitatean kitxua hizkuntza eta literaturako irakasle izan zen. Andeetako errealitatea islatu zuen bere literaturan, aparteko bi mundu: zuriena bata, indiarrena bestea. Gaztelaniaz zein kitxuaz idatzi zuen, baina batez ere gaztelaniaz eman zien ahotsa indioei bere literaturan. Salbuespentzat har daiteke aipagai dugun Pongoren ametsa. Haren obra nagusien artean dira, besteak beste, Yawar Fiesta (1940), Los ríos profundos (1958), El sexto (1961) edo Todas las sangres (1964), baina Pongoren ametsa baino ez dugu irakurtzerik gaur gaurkoz euskaraz (Nahi duenak eskura  du sarean, Armiarmaren “euskarari ekarriak” atalean).

Hauxe dio kritikariak liburuaz laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran: «Pongoren Ametsa ez da liburu bateratu bat, ez duela nobela edo osotoro pentsatutako poema liburu baten orokortasuna gordetzen alegia, ez, poema, kantu eta ipuin batez osaturiko liburua da ordea, hala ere gaiak ematen dio liburuari osotasuna: ketxuar jendea eta beren suntsiduraren aurrean sortu jarrera. (…) Borroka literatura edo lekukotasunarena. Ez da hau liburu handi bat, ez da obra borobil bat, poema xume, ereserki eta ipuin batez osatutako liburua da (…)». (Arguedasen ametskaiztoa, Juanjo Olasagarre / Argia, 1992-03-29)

Liburu horixe da kitxua literaturaren ordezkari bakarretako bat euskaraz; ez bakarra, ordea. Joseba Sarrionandiak euskarara ekarri dituen ahozko tradizioko poema anonimoen artean ere ba omen da kitxuatik datorrenik. Aiora Jakak (2012) Atahualparen heriotzaz aipatzen du horien artean, Hezurrezko xirulak (1991) liburuan argitaratua eta Jorge Zalamearen Poesia ignorada y olvidada (1965) antologia zubi-testu gisa hartuta egina. Eta, nork daki, izango da akaso besteren bat ere oharkabean gure artean.

Kitxuaz ere irakur daiteke jatorrian euskaraz sortutako literatur lan bat: 2013an argitaratu zen kitxuaz Linguae vasconum primitiae, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, obraren katalanerako, galegorako, errumanierarako eta txinerarako bertsioekin batera. Euskarazko lehen liburua kitxuaz irakur daitekeela esan dezakegu orain, baina itzulpen horren balioa ez da maila sinbolikotik askoz ere haragokoa. Maria Colera itzultzaileak aipamena egin zion itzulpen horri Elearazi blogean eman zuen elkarrizketan:

Azkenean, literatura elkarrizketarako bide bat da eta ez dakit zer elkarrizketa sor daitekeen kitxua-komunitatearen eta euskal komunitatearen artean LVPren bidez. Iruditzen zait baditugula beste testu askoz premiazkoagoak, beste hizkuntza batzuetan gure ikuskera zabaltzeko askoz pertinenteagoak direnak. LVPk bere garaiari erantzuten dio eta ez dut uste, gaur egun, beste kulturekiko zubiak eraikitzeko tresnarik egokiena denik. Ez ditut imajinatzen kitxua-hiztunak liburu horri buruz eztabaidatzen gaur egun, liburua eskuragarri izanda ere. Eta, azken finean, literatura bitarteko bat da galderak egiteko (Colera, 2014, Elearazi).

Euskararen eta kitxuaren arteko hartu-emanak agerian uzten du kanporako itzulpenak etxetik bertatik sustatzean bultzatu nahi dugun ereduaren auzia. Kasu egiteko gaia da, bai behintzat itzulpenak kulturen, jendeen eta hizkuntzen arteko elkarrizketa sortzea badu helburu eta sinbolismo hutsean erori nahi ez badugu. Hortxe, bada, irakurketarako eta hausnarketarako gonbita.

  • Arguedas, J.M. (1965) El sueño del pongo, Ediciones Salqantay, Lima.
  • Arguedas, J.M. (1983) Pongoq mosqoynin (Qatqa runapa willakusqan). El sueño del pongo (cuento quechua), Obras Completas I, Editorial Horizonte, Lima.
  • Jaka, A. (2012) Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan, Iker 28, EHU & Euskaltzaindia, Bilbao.

One Reply to “”

Erantzunak itxita daude.