Artxikoak hilabeteka: apirila 2016

Polisemia eta konposizionaltasuna

Igone Zabala Unzalu

Euskara normalizazio bidean dagoen hizkuntza dela beti buruan dugularik, zenbaitetan ez zaigu erraz gertatzen “normala” dena eta ez dena bereiztea. Anbiguotasun lexikoa da horren adibide paradigmatikoa. Bat-batean ohartzen gara hitz batek esanahi bat baino gehiago dituela eta egoneza sortzen zaigu, esanahi-aniztasunak komunikazioa oztopa dezakeelakoan. Xabier Aristegietak blog honetan plazaratutako Ondorio artikulua da egonezin horren adibideetako bat. Nolanahi ere, anbiguotasun lexikoa ohiko fenomenoa da hizkuntza naturaletan, eta semantika lexikoaren funtsezko aztergaia, hain zuzen ere.

Anbiguotasun lexikoaren barruan homonimia eta polisemia bereizten dira. Homonimia gertatzen da hitz batek elkarren artean harremanik ez duten zenbait esanahi dituenean, adibidez, banku ‘eserlekua’ vs banku ‘finantza-erakundea’.  Polisemia gertatzen denean, aldiz, hitz batek esanahi bat baino gehiago ditu, baina elkarren arteko harremana dute esanahiok, adibidez, banku ‘finantza-erakundea’, odol-banku eta elikagai-banku. Bereizketa horrek ondorio bat izan ohi du lexikografia-lanetan: homonimoak aparteko sarreretan bereizi ohi dira eta, polisemia-kasuak, edo kasu batzuk behintzat, sarrera beraren azpisarreretan deskribatu ohi dira. Nolanahi ere, hizkuntza-fenomenoetan gertatu ohi den bezala,  anbiguotasun lexikoarena ere eskala kontua da, eta zenbaitetan aipatutako bi fenomenoen arteko bereizketa egitea ez da horren erraza.

Polisemia ez da (edo polisemia kasu guztiak behintzat ez dira) hizkuntzaren normalizazio ezaren seinale. Izan ere, edozein hizkuntza garatzen doanean aurreikusten dena da hiztegi-sarrerak gero eta polisemikoagoak izatea, polisemia eragiten duten faktoreak neurri handian lotuta baitaude hizkuntzaren erabilerarekin berarekin eta erabilera-aniztasunarekin. Hona hemen Escandell-ek zerrendatzen dituen eragileak:[1]

  • Objektu berrien izendapena
  • Jakintza-eremuetan zeharreko espezializazioa
  • Erabilera figuratuak
  • Kalko semantikoak
  • Homonimoen berrinterpretazioa

Hizkuntzalaritzaren lan-ildo klasikoetan hizkuntza baten hiztegia edo lexikoia hitz-esanahi multzo estatikotzat hartu izan da, baina hurbilketa horiek huts egiten dute hitzak testuinguru berrietan erabiltzen direnean egiten den sormenezko erabilera azaltzeko orduan. Hutsune horri erantzun nahian garatu dira semantika lexikoaren bestelako azterbideak, adibidez, erreferentziazkotzat hartu ohi den Pustejovski-ren hiztegi sortzailearen eredua.[2] Eredu horren oinarrietako batzuk dira ondoko hauek:

  • Esanahiak ez dira finkoak eta ez daude zerrendaturik sarrera lexikoetan.
  • Esanahiak testuinguruan “osatzen” dira.
  • Esanahia prozesu dinamikoa da: testuinguruaren araberako esanahiaren “sorrera” edo “aktibazioa”.
  • Esanahia konposizionala da.

Semantikalarien azterbideak eta formalismoak konplexuegiak dira eta, horiek menderatuko banitu ere, ez luke inolako zentzurik foro honetan horietaz aritzeak. Azpimarratu nahi ditudanak dira, besterik gabe, esanahien dinamikotasuna eta faktore pragmatiko eta diskurtsiboek esanahiaren sorrera edo aktibaziorako duten garrantzia. Inolako azalpenik edo testuinguruaren ezagutzarik gabe, edozein euskaldunek interpreta ditzake ondoko hiru esaldietan sarrera eta ondorio hiztegi-elementu polisemikoek “aktibatzen” dituzten esanahiak, hiztegi-sarrera horien konfigurazio semantikoa ezaguna baitugu euskal hiztunok.

(1) Artikuluaren sarrera eta ondorioak berridatzi behar ditut.

(2) Ondorio larriak ekarri dizkit ekitaldirako sarrerak galdu izanak: ordutik haserre dago Maite.

(3) Jendea honantz zetorrela ikusi dugu, eta atera dugun ondorioa izan da sarrera nagusia itxita zegoela.

Hizkuntza-sisteman erabat finkatutako polisemia-kasuak hiztegi-sarrera batzuen konfigurazio semantikoaren ezagutza faltagatik gerta daitezkeenetatik bereizi behar dira, ordea. Adibidez, behin baino gehiagotan suertatu zait ondorioztatu aditzaren erabilera okerrak zuzendu behar izatea. Izan ere, ondorio izen polisemikoak ez bezala, ondorioztatu aditzak esanahi bakarra du: ‘ondorio logikoak atera’. Arazorik gabe uler dezakegu (4) adibidea, testuinguruari esker, baina ez da euskararen sistemaren araberakoa, ”hiztun osoek” partekatzen ez duten esanahi bat aktibatu baitu. Hala ere, erabileraren erabileraz esanahi hori orokortuko balitz, sarrera lexikoaren konfigurazioa aldatu dela eta esanahi berria hizkuntza-sistemaren parte bihurtu dela onartu beharko genuke.

(4) Iruzur fiskalak gizarte-berdintasunik eza *ondorioztatzen

Esanahi berrien aktibazioa hizkuntzaren erabilera orokorretan gertatzen da maiz baina, beste askotan, espezialitate-alor baten barruan gertatzen da. Hiztegi-unitateen balio espezializatuak aktibatzen direla esaten dugu orduan, edo hiztegi-elementua espezializatu dela. Horrelako kasuak dira lan eta indar izenen Fisika alorreko espezializazioa edota foro honetan aspaldian azaldu nuen aldaki izenarena. Orduan, esanahi espezializatu berria espezialitate-alorreko diskutso-komunitateko kideek partekatuko dute, eta ez seguruenik hizkuntza-komunitateko hiztun guztiek.

Bestalde, hizkuntza-mendekotasunaren ondorio bat izan ohi da hizkuntza menderatzaileen hiztegi-elementuen konfigurazio semantikoa kalkatzea, baina kalkatze hori gatazkan sar daiteke hizkuntza hartzailearen konposizio-sistemarekin. Adibidez, ohikoa da euskara informalean e-mail hiztegi-elementua mailegatzea horrek dituen hiru adieretarako (5) eta, euskarazko ordaina eman nahi denean, hiru adiera horietarako forma bakarra (posta elektroniko) erabiltzea, ingelesezko hiztegi-sarreraren polisemia kalkatuz. Baina euskarazko elementu lexikoaren gardentasunak eskatzen digu hiru adiera horietarako izen desberdinak erabiltzea (posta, mezu, helbide):

(5)
a. {e-mailez / posta elektronikoz} bidaliko dizut informazioa.
b. {e-mail /#posta elektroniko / mezu elektroniko } bat bidaliko dizut.
c. Emango didazu zure {e-maila/#posta elektronikoa / helbide elektronikoa}?

Bukatzeko, baditugu askoz ere konplexuagoak diren kasuak, hala nola, elkarren arteko harreman estua duten hiztegi-elementuen konfigurazio semantikoen gainezarpena. Adibidez, eskatu aditzetik eratorritako eskaera, eskari, eskakizun, eske eta eskabide hiztegi-elementuen adierak hiztegietan eta corpusetan aztertzen baditugu, oinarrizko hiru adiera aurkituko ditugu: i) zerbait eskatzearen ekintza, ii) eskatzen dena eta iii) zerbait eskatzeko erabiltzen den idatzia edo diskurtso-jarduna. Hiztegi eta corpusetan kontsultak eginez eta lehen hurbilketa batean, ematen du hiru adieretarako erabiltzen direla sarrera horiek guztiak. Nolanahi ere, bereizteko joera batzuk ere ikus daitezke, nire iritziz hitzen egiturarekin zerikusia dutenak. Izan ere, –kizun eta bide morfemek esanahi jakin batzuetara garamatza. Hain zuzen ere eskabide eta eskakizun sarreretan ñabardura batzuk ikus daitezke Euskaltzaindiaren Hiztegian.

  • Orokorrenak eta, beraz, polisemikoenak, eskaera eta eskari direla esango nuke, hiru adieretarako erabiltzen baitira.

(6)
i. Debekua mantentzeko {eskaera / eskaria} egin zuen.
ii. {Eskaera / Eskari} eta galdera zerrenda paperean idatzita eraman.
iii. {Eskaera / Eskaria}  erregistroan aurkeztu behar da.

  • Eske ekintza edo idatzia adierazteko erabiltzen da eta ez ii adierarako.

(7)
i. Gutunean alkateari eske sutsua egiten zaio.
iii. Auzi-eskea aurkeztu dute epaitegian.

  • Eskabide ii eta iii adieretarako erabiltzen da, baina esan daiteke iii adierarako espezializatzen ari dela. Euskaltzaindiaren Hiztegian erreferentzia egiten zaio espezializazio horri.

(8)
ii. Ongi iruditu zitzaien eskabidea legebiltzarkideei.
iii. Eskutitzak eta eskabideak geldiaraztearekin konformatu ziren.

  • Eskakizun ii adierarako erabiltzen da bereziki, baina ‘eskatzen dena’ modura definitu dugun adiera horretan hainbat ñabardura egin daitezke:

– Norbanako edo talde batek oro har lortu nahi dituenak adierazteko, eskakizun erabili ohi da.

(9) Langileen aldarrikapen eta eskakizunak

– Norbanako edo erakunde bati zehazki eskatu zaiona adierazteko, aldiz, eskaera edo eskaria.

(10) Azterketa atzeratzeko {eskaera / eskaria} onartu diet ikasleei.

– Zerbait lortzeko eskatzen dena edo zeregin batek eskatzen duena adierazteko, eskakizun erabili ohi da.

(11) Lanpostuaren baldintza edo eskakizun orokorrak

– Merkatu batek eskatzen duen produktu, ondasun edo baliabideen kantitatea adierazteko, eskari erabili ohi da.

(12) Altzairuaren eskaintza eskaria baino hogeita hamar aldiz handiagoa da.

– Merkatu batek eskatzen duen produktu, ondasun edo baliabideen kantitatea adierazteko, eskari erabili ohi da. Ekonomia alorreko adiera espezializatutzat har daiteke hau, eta hala islatzen da hiztegietan.

(13) Altzairuaren eskaintza eskaria baino hogeita hamar aldiz handiagoa da.

– Saltzaile edo hornitzaile bati erosteko eskatzen zaiona adierazteko ere, eskari nagusitzen dela esango nuke.

(14) Eskaria webgunearen bidez helarazten diet eta erosketak etxera ekartzen dizkidate.

Nire intuizioak hiztegi eta corpusetan aurkitutako informazioarekin kontrastatzen saiatu naiz, baina oso sare korapilatsua osatzen dute aztertutako hiztegi-sarreren konfigurazio semantikoek. Azkenean beldur naiz ez ote duzuen erabateko desadostasuna izango egindako bereizketekin. Edozein argibide ongi etorria izango da.

_________________

[1] ESCANDELL, Victoria (2007) Apuntes de semántica léxica. Madrid: Universidad Nacional de Educación a Distancia.

[2] PUSTEJOVSKY, James (1995) The Gererative Lexicon. Cambridge: The MIT Press.

4 Iruzkin

Igone Zabala atalean

Axularrek ere entziklopediak erabiltzen zituen

Gidor Bilbao

Nire tesia idazten ari nintzen garaian, emaztearekin elkartzen nintzenean, gauean, eguneko aurrerapenak aipatzen nizkion. Askotan, halako zerbait izaten zen (nire aurkikuntzarik pozgarrienekin!!): «gaur ere harrapatu dut Etxeberriren beste iturri bat; halako eta halako euskaratu du, zalantzarik gabe». Amaiak ezin izaten zuen nire poza ulertu: «Zelako idazleari buruzko tesia egiten ari zara? Gizon horrek kopiatu baino ez du egiten eta!». Erdi txantxa erdi benetako kezka izaten zen.

Blog honetako beste sarrera batzuetan erabili dugu gai hau, eta 2015eko abendukoan azpimarratu genuen Etxeberriren iturri horietako batzuk aitzinentziklopediak zirela, aipu-bilduma, florilegio, polyanthea eta halako erreferentzia-lanak.

Etxeberri Sarakoaren jarduteko modua ez da salbuespena, jakina, ez garai hartako munduko beste leku batzuetako idazleen artean, ez beste euskal idazle batzuen artean. Axularrek, adibidez, mota horretako lau lan aipatzen ditu berariaz, beti exemplum gisako kontakizunen batekin erlazionaturik, exemplum horien bere iturria bailiran:

  • Axularren «Rhodig.»
    Lodovicus Caelius Rhodiginus [Ludovico Ricchieri] (1453-1525): Lectiones antiquae (Venezia, 1516).
  • Axularren «Alexander ab Alexandro»
    Alexander ab Alexandro (1461-1523): Geniales dies (Erroma, 1522).
  • Axularren «Carolus Stephanus»
    Charles Estienne [Carolus Stephanus] (1504-1564): Dictionarium historicum ac poeticum (Paris, 1553).
  • Axularren «Theatrum humanae vitae»
    Theodor Zwinger (1533-1588): Theatrum humanae vitae (Basilea, 1565).

Baina azterketa zehatzagoak, kasurik gehienetan, argi erakusten du lan horiek ezin direla izan Axularren iturri bakarra; beste era batean esanik, Axularren amplificatiorako gaitasun mugagabea onarturik ere, Axularrek beste iturriren bat ere behar zuela istorio horiek ezagutzeko (seguruenik, guk identifikatu ez dugun tarteko beste erreferentzia-lanen bat).

Zwingerren Theatrum humanae vitae, ordea, zalantza gutxirekin irudikatzen dugu Axularren lan-mahaiaren gainean. Eta baieztapen honek itzulpenaren eta sorkuntzaren mugako alorrera garamatza, jakina, iturria latinez idatzia baita eta Axularren lana euskaraz. Ikus dezagun Zwingerren zatia latinez, horren euskarazko itzulpena (neuk egina), eta Axularren lanean dagokion pasartea (Blanca Urgellen 2015eko ediziotik hartua):

Zwinger 90

Antiochus Sophista, quum malè uulgò audiret ueluti formidolosus quòd nec prodiret in concionem nec reipublicae munia capesseret, «Non uos», inquit, «metui, sed meipsum», agnoscens bilem suam uehementiorem quàm ut cohiberi posset. Sentit idem Plato, qui ait eos qui sunt iracundioris ingenii ad disciplinas quidem esse idoneos, ad gerendam uerò rempublicam non item. (Roterodamus, lib. 8. Apophtheg.)

Zwinger 90 (Gidor Bilbaoren itzulpena)

Antioko sofistak, jendea gaizki esaka entzun zuelarik, izuturik bezala ez zelako joaten batzarretara eta ez zuelako hartzen herriko kargurik, esan zuen: «Ez dizuet zuei beldurra, neure buruari baino», onartuaz bere haserrea eutsi litekeena baino bortitzagoa zela. Platonek ere iritzi bera du, esaten baitu izaera haserrekorra dutenak egoki direla hainbat gauza ikasteko, ez ordea, zinez, herria gobernatzeko (Erasmo Rotterdamgoa, Apophthegmatum opus 8).

Ax 287-288 (Blanca Urgellen ediziotik)

Antioko sofista deitzen zen hark, bere kondizinoa ezaguturik, etzuen behin ere konpainiatan ibili nahi, eta ez, hartako bazen ere, herriko kargutan ere sarthu nahi (Theatrum humanae vitae, fol. 93). Gizon gaizkin bat bezala, izi zen, beldur zen, ihizia bezala, basatua eta ihes egina zebilan. Eta galdegin zeraukatenean ea zeren zen beldur edo zergatik ihes egiten zuen, ihardetsi zuen: «Egiten dut ihes, zeren ezagutzen baitut neure kondizinoa, ez naizela jendarteko gai, eztudala okhasinotan sarthuz gero, neure burua neure eskuko; ez naizela neure buruaren jaun, eta ez jabe; berehala linburtzen eta kilikatzen naizela, errea naizela, jauzkor naizela; den okhasinorik ttipiena, aierurik gutiena gorrotatzeko eta muthurtua jartzeko asko dudala».

«Ez naduka, ez, bertzearen beldurrak ihes egina, neure beldurrak, neure buruaz fida izan gabeak naduka, hark karguak eta konpainiak ere utz arazitzen derauzkit». Hunela ihardetsi zuen Antioko hark. Halatan erraiten du Platonek, presuna haserrekorrak eta kolerak adimendutsu direla, eta anhitz ikhasteko on; ez, ordea, herrien gobernatzeko, eta ez eskola edukitzeko ere. Zeren hartarakotzat pazientzia behar da, sosegu behar da, eta anhitzetan ere ikhusia ez ikhusi, eta aditua ere ez aditu iduri egin behar da.

Axularren testuan, letra lodiz nabarmendu dugu Zwingerrenetik hartua izan daitekeena; nolabait esatearren, itzulpena. Gainerako guztia, gure ustez, Axularren amplificatio trebeak zabaldu du.

Zwingerren lana Errenazimentuko entziklopedia nagusietako bat zen eta erreferentzia-lan zaharragoetako informazioaren bilduma-, antolaketa- eta sistematizatze-lan erraldoia eskaintzen zuen. Bilaketetarako, aurkibide alfabetiko eta sistematiko zehatzak zituen (kontzeptuen aurkibideak 5000 sarrera zituen eta exempla-aurkibideak 23000 sarrera). Esanguratsua da Zwingerren aurkibideetan ira ‘haserrea’ bilatzen bada, pasarte honetara (besteak beste) bidaltzen duela, eta Axularren kapitulua ere hain zuzen kolerari buruzkoa dela.

Ezin dugu ziurtatu Axularrek Zwingerren lana erabili zuela eta ez antzeko beste bat, edo tartekoren bat, baina gaurkoz Zwinger da pasarte honetarako eta, Axularrek aitortu ez arren, beste hainbat exemplumen pasarteetarako ezagutzen dugun iturririk hurbilenekoa eta sinesgarriena. Horietako beste bat baino ez dugu hona ekarriko, itzulpenaren eta sorkuntzaren arteko muga lausoa ikus dezazuen:

Zwinger

Cato Censorius tria in tota uita detestari solebat: primum, arcanum aliquod feminae credere; secundum, si transiuisset naui, quò pedibus accedere licuisset; tertiò, si qua dies ei per incuriam inanis effluxisset. (Plut. in eius uita). [Zwinger 3780]

Lucani, ut aliorum criminum, sic etiam otii causas agunt: et si quis homini otioso ac uoluptatibus dedito mutuasse aliquid conuincatur, priuatur apud eosdem mutuo dato. (Stobaeus Serm. 42 recitat, ex Nicolao, de Morib. gentium). [Zwinger 3457]

Apud Sinas Indiae populos nemini sano, quamuis oculis orbatus sit, mendicare permittitur. Caeci molas trusatiles uersando sibi uictum parant. (Osorius, lib. II). [Zwinger 3781]

Zwinger (Gidor Bilbaoren itzulpena, Axularren laguntzarekin)

Katon Zentsorio, bere bizitza osoan, hiru gauzatatik begiratu ohi zen: lehenik, sekretuak emazteari fidatzetik; bigarren, oinez iritsi ahal zen lekuetara itsasontzian joatetik; hirugarren, bere axolagabekeriaz eguna alferrik pasatzen uztetik. (Plutarko, Katon Zentsorioren bizitzan). [Zwinger 3780]

Lukanoek, beste delitu batzuekin bezala, alferkeriarekin ere auzibidea erabiltzen dute: eta norbaitek jende alferrari eta plazeretara emanari zerbait prestatu diola frogatuko balitz, haien artean maileguan emanikoa kentzen zaio. (Stobaeus Serm. 42 recitat, ex Nicolao, de Morib. gentium). [Zwinger 3457]

Indiako Txinar herrietan, osasuntsu zen inori ez zitzaion baimenik ematen eskean ibiltzeko, begirik gabekoa izanik ere. Itsuek errotarriei bira eginaraziz irabazten dute mantenua. (Osorius, lib. II). [Zwinger 3781]

Ax 32-33 (Blanca Urgellen ediziotik)

[…] (Plutar. in Vita Cato. Censor.). Katon hark berak erraiten zuen, hirur gauzatarik bere mendean ahal bezanbat begiratu zela: emazteari bere sekeretuak fidatzetik, leihorrez ahal zihoakeiela, itsasoz joaitetik, eta egun guztian alfer egoitetik.

Lukanoek edireiten zutenean nehork jende alferrei deus prestatzen zerauela, emaiten zuten berehala sentenzia prestatzailearen kontra: zer ere prestatu baitzuen, hura guztia gal zezala (Nicolaus, De moribus gent.). Baina nik uste dut ezen etzela halako sentenziaren emaiteko premiarik, bera baitago emana. Zeren ezpaitu halakoei prestatzaileak, koberatzeko perilik.

Indietako herri batzuetan, etzen bat ere bere gorputzaz balia ahal zitekeienik eskean ibiltzen. Itsuek ere tornuan edo arrodan bedere hari behar zuten. Apud Synas, Indiae populos, caeci molas trusatiles versando, sibi victum parant (Osor. lib. II).

Kasu honetan, iturria aitortu gabea izan arren, Axularrek, itzulpenaz haratago, ez du amplificatio behar handirik ikusi, ezta?

Iruzkin bat utzi

Gidor Bilbao atalean

Connie Fiferen bi poema

Aiora Jaka Irizar

Badira zenbait hilabete Kanada iparraldeko hizkuntza eta literatura indigenen inguruan idazten dudala. Kanadako jatorrizko herriek bizirik irauteko eta beren hizkuntza eta kultura mantentzeko dituzten zailtasunez aritu izan naiz batez ere, nahiz eta tamalez etorkizunari buruzko ikuspegi nahiko ezkorra eman dudan gehienetan. Gaurkoan, emakume cri baten poema pare bat dakarkizuet. Uste dut oso modu argi, zehatz eta ederrean erakusten dituela cri herriak jasan dituen eta jasaten dituen zapalkuntza, umiliazio eta erasoak.

Connie Fife Kanadako Saskatchewan probintzian jaio zen. Bost bat urte zituela, ministro anglikano baten familiak adoptatu zuen, eta, hamar urterekin, Ingalaterrara eta Fiji uharteetara joan zen bizitzera. Eliza anglikanoaren hezkuntza jaso zuen. Hemezortzi urterekin itzuli zen Kanadara, eta, geroztik, idazketan eta emakume indigenen aldeko borrokan murgilduta ibili da. Gaur egun Vancouverren bizi da, bere semearekin. Interesgarria da berak argitaratutako The Colour of Resistance antologiaren sarreran hizkuntza eta literatura indigenei buruz esaten duena:

Ahozkoa nahiz irudizkoa izan, literatura indigena beti existitu izan da Ameriketan. Gu geure jatorrietatik bereizteko eginahalak eginahal, gure oroimen kolektiboak bere horretan dirau. Europar idazleek, edozein izanik ere autoreak nahiz beren idazketa-gaitasunak, ez dute inolaz ere lortu gure hitzen atzeko funtsa adieraztea; ez dute lortu guk hizkuntzan aurkitzen dugun bizitza paperera eramatea. Hauxe da gure borroka, idazle natibo garen heinean, bizitza ematea zer den berez dakigun emakume garen heinean: batzuetan bizigabea den hizkuntza bat bizitzara ekartzea.

Hona hemen, bada, euskaratu ditudan Connie Fiferen bi poemak:

Komunikazio-klasea

zuen hezkuntza-sisteman ikasteari uzten badiot
ez ezazue pentsa
lurrazaletik desagertu eta
beste galera estatistiko bat baizik ez naizenik.
ekintza horrek lotsarazi egingo zaituzte eta
ondotxo dakit nik zer sentitzen den
lotsagorritzen harrapatzen zaituztenean.
bihar, berriro ere, zuen eskola horietako batean
erdi lo aurkitzen ez banauzue
ez ezazue uste kontsulta-liburutegi batean
desagertu naizenik
apaletako paper orrien artean…
irudika nazazue aitzitik guztiz esna goizaldeko 3retan
lauki zuri hutsen gainera tinta botatzen
zuen hizkuntzaz
aldaketarako formula unibertsal bat sortzen.

Ronnie, inoiz ez zinatelako esan zergatik

hogeita zortzi urte ditun
entzutea
ulertzea den
adin bat
baina gau ilun
honetan arrazismoaren
atzaparretan
kateatuta hago
kondenatu hauen sistema
judizialak aretoak
utzi eta kanpora
ateratzen baititu bere
ziega txiki barrotedunak
gizon zuriak txakur gosetien
gisan usnan dabiltzan kaleetara

errudunik aurkitu ez eta
gelditutako
errugabearekin
konformatzen ditun
haien ikerketaz
galdetzen dun
eta
guretzat gordetako
begiratu berezi horiek
jasotzen ditun soilik
oraindik ere borrokatzen ari direla
uste duten mendebaldeko
gerra inoiz galdu ez genuela
sinesten dugunontzat gordetako soak
guztiz suntsitzen ez gaituzten artean
gutako inor ez zagon
susmoz kanpo

oraingoan hi
eraman haute
polizia-etxera eta
altzairuzko oztopoen atzean
giltzaperatu biharamun
goizean askatu hautenean
zilegi zain azkenik
hire krimena ezagutzea
beltzarana indiarra lesbiana emakumea
izatearen errudun haiz
kriminala haiz
izatez zeren
ez baitun
hire erruan sinesten
haiek bezala
ez baitun aitorpenik sinatuko
aitzitik zin egingo
borrokatuko haizela hire isiltasuna
eta balizko heriotza
desiratzen dituen sistema
baten kontra nahiz eta
utziko dinaten garrasi egiten
baldin eta hiltzen bahaiz

ausartzen haiz zementu hotzezko
espaloietan barrena ibiltzen
bakarrik gau sakonean
amona-aitonek
utzi zinaten
kontinente honetan edonon
egoteko eskubidea
dunalako uste osoan
are okerrago
edonon eta edonoiz
ibiltzen haiz

hire azala ez dun zuria
eta harro
hagoela dion
indiarra izateaz
are harroago
emakumeekiko hire maitasunaz
eta beraz eguzkirantz jasota
daraman beti burua
bizkarra zuzen
lege ororen aurka
begirik jaitsi gabe
jende zuriaren
behakoen aurrean
kikilduta geratu gabe
litxar eta alkoholikoen
mozkorraldietarako zoko ilunetan

bi eraso eta
lapurreta bat
leporatu dizkinate
baina lehenik
polizia-autoaren aurka
jaurti haute
eskuburdinez lotuta
duintasuna lapurtu
nahi dinatenean ere
berriz dion
borrokatuko
haizela

Iturriak:

Armstrong, Jeannette C. & Grauer, Lally (arg.) (2001). Native Poetry in Canada – A Contemporary Anthology, Peterborough: Broadview Press.

Moses, Daniel David & Goldie, Terry (arg.) (2005). An Anthology of Canadian Native Literature in English, Don Mills: Oxford University Press.

Iruzkin bat utzi

Aiora Jaka atalean

Moltsoak eta hitzak astintzeko

Estitxu Irisarri Egia

Gaur bi amonaren ahotik irtendako bi hitz ekarri nahi ditut lerrootara. Izan ere, haiek ere izan dira eta badira gure hezkuntzaren eta hizkuntzaren hezitzaile eta irakasle. Aipatu nahi ditudan bi hitz horien existentziaren berri bizitzako garai desberdinetan izan dut, baina hausnartu ostean, nire lexikoko harribitxi egin nahi ditut.

Nire garunean betiko hitza da moltsoa. Markina-Xemeingo Larruskain auzoko jatorria duen amonak horrela deitzen dio ura eroritakoan lehortzeko erabiltzen dugun trapu edo baietari, eta horrela deitzen diogu etxeko besteok ere. Hala ere, unibertsitate garaiko asteburu pasa batean konturatu nintzen hori ez zela horrela beste etxe askotan. Bazkariko garbiketako kide nuen mutilari pasau moltsua, mesedez esan nionean, aurpegi arraroarekin begiratu eta zer esan dozu? Zer da moltsua? erantzun zidan.

Hura ere euskalfilotarra[1] zen, baina hitz berria zen harentzat. Azalpena eman nionean, gustatu egin zitzaion, multzo eta moltsu arteko loturaz ohartu baitzen eta ondorioz, baita ni neu ere. Hasiera batean agian trapu-multzoa izan zena, laburduraz eta metatesiz, moltsua bilakatu da gurean. Gerora ez diot beste inori entzun, nahiz eta Hiztegi Batuan honelaxe jasota dagoen: moltso iz. Bizk. ‘multzo nahasia’. Aitortu behar dut niri neuri baieta edo trapu (hori gure glosarioan hautsa garbitzeko edo platerak eta eskuak lehortzeko baita) baino egokiago zaidala. Ahal dudan bitartean eta ahal dudan testuinguruan, txokokeriari eutsiko diot.

Estitxu1Bestalde, hitzari tiraka, ezin aipatu gabe utzi Orotariko Euskal Hiztegiak dakarren adiera hau:

(G-bet ap. A; vEys (G), Lh). “Parties sexuelles de la femme” vEys. “Palabra que denota lo pudendo femenino” A. “(Lf), vulve” Lh. Cf. Humb in RIEV 1923, 230: “Molsua (V-ger), miembro viril” (v. nota de Arzdi, que dice que hay error de sexo).

Hain zuzen ere, blogeko kide den Iratxe Goikoetxea Langarikak bere garaian Erabili.eus-en esan zuen bezala, hizkera kolokialean edo lagunarteko hizkeran aluaren sinonimoetako bat dugu, guztiz erabilgarria noizbehinka aluari atseden apur bat eman nahi badiogu.

Bigarren hitza, bestalde, orain dela gutxiko aurkikuntza da. Lagun on batekin berbetan nenbilen, hirugarren bati opari bat egiteko asmotan, eta gizon-koxkor bat erosikoyou? bota zidan. Haren ahotik ezin zitekeen gizakien salerosketari buruzko ezer izan, baina batzuetan pentsaera bihurritu egiten zaigula eta, zelakua? galdetu nion ustezko jolasari jarraituz. Ba barrun haziyek dazkena pentsatze nun nik. Hortxe jarri zen goraka dantzan nire ezkerreko bekaina eta ezinbesteko galdera egin behar: zer da gizon-koxkorra? Poltsatxo termikoak omen dira, uhin-labean berotu eta ohean beroa ematen diguten horietakoak. Gizon-koxkor, eta hortik abiatuta sor litezke nahi bada, emakume-koxkor (norberaren preferentzia sexualak kontuan izanik) edo gizaki-koxkor orokorra. Gustatu zitzaidan asmakuntza. Ez dakit Bidania-Goiatz aldeko amona horren kontua den edo hedatuago den zerbait, baina niri poltsa termikoa baino familiartekoagoa eta lagunartekoagoa iruditu zait. Beraz, berrerabilpenak duen garrantziaz ohartuta, astin ditzagun oihalak eta baita gure amonen hitzak ere!

Estitxu2___________

[1] Euskalfilotar: Euskal Filologia ikasten ari denari edo ikasi duenari deitzeko erabilia.

 

3 Iruzkin

Estitxu Irisarri atalean

Beldurra

Alfontso Mujika

(Gaurkoan, alde batera utzi ditut blog honetara ekarri ohi ditudan gai lehorrak, txikikeriei punta atera nahian ibiltze hori une batez bazterrean utzita.)

Bi urte. Laster bi urte beteko dira biriketako minbizi traidore batek betiko ostu zidala lankide lagun bat. Hil honetan, 57 beteko zituen.

Raymond Carver idazle estatubatuarra (1938-1988). Ipuinlari bikaina, eta poeta. Hura ere, betiko eraman zuen biriketako minbizi traidore batek. Harena da poema hau:

Beldurra

Beldurra polizia-auto bat etxe aurrean gelditzen ikusteari.
Beldurra gauean lo gelditzeari.
Beldurra lo ez geldit
zeari.
Beldurra iragana itzultzeari.
Beldurra orainak alde egiteari.
Beldurra gau hilaren isiltasunean jotzen duen telefonoari.
Beldurra ekaitz elektrikoei.
Beldurra masailean orban bat duen emakume garbitzaileari!
Beldurra txakurrei, hozka egiten ez dutela esan didaten horiei.
Beldurra antsietateari.
Beldurra hildako lagun baten gorpua identifikatu beharra izateari.
Beldurra dirurik gabe gelditzeari.
Beldurra gehiegi izateari, jendeak hau sinestuko ez badu ere.
Beldurra profil psikologikoei.
Beldurra berandu iristeari eta beldurra edonor baino lehen iristeari.
Beldurra nire seme-alaben idazkera gutun-azaletan ikusteari.
Beldurra haiek ni baino lehen hiltzeari, eta ni errudun sentitzeari.
Beldurra nire amarekin bizi behar izateari haren zahardadean, eta nirean.
Beldurra nahasmenduari.
Beldurra egun hau ukitu triste batekin bukatzeari.
Beldurra esnatu eta joan zarela konturatzeari.
Beldurra ez maitatzeari eta beldurra nahikoa ez maitatzeari.
Beldurra maitatzen dudana nik maite ditudanentzat hilgarri gertatzeari.
Beldurra heriotzari.
Beldurra luzeegi bizitzeari.
Beldurra heriotzari.

Hori jada esana dut.

* * * * *

Fear

Fear of seeing a police car pull into the drive.
Fear of falling asleep at night.
Fear of not falling asleep.
Fear of the past rising up.
Fear of the present taking flight.
Fear of the telephone that rings in the dead of night.
Fear of electrical storms.
Fear of the cleaning woman who has a spot on her cheek!
Fear of dogs I’ve been told won’t bite.
Fear of anxiety!
Fear of having to identify the body of a dead friend.
Fear of running out of money.
Fear of having too much, though people will not believe this.
Fear of psychological profiles.
Fear of being late and fear of arriving before anyone else.
Fear of my children’s handwriting on envelopes.
Fear they’ll die before I do, and I’ll feel guilty.
Fear of having to live with my mother in her old age, and mine.
Fear of confusion.
Fear this day will end on an unhappy note.
Fear of waking up to find you gone.
Fear of not loving and fear of not loving enough.
Fear that what I love will prove lethal to those I love.
Fear of death.
Fear of living too long.
Fear of death.

I’ve said that.

Iruzkin bat utzi

Alfontso Mujika atalean

Kontronimoak

Garikoitz Knörr

Duela hilabete inguru, Xabier Mendigurenek (@xme64) honako txio hau bota zuen:

Handik pare bat astera, berriz, beste hau txiokatu zuen:

Itxuraz elkarrekiko loturarik ez duten tweet horiek, harrigarria dirudien arren, fenomeno berbera dute oinarri[1]: kontronimia (edo antagonimia, edo autoantonimia, edo…). Alegia, hitz bat bere antonimoa izatea, edo, bestela esan, hitz batek elkarren kontrakoak diren bi esanahi izatea.

Ingelesez, asko dira halako hitzez aritzeko erabiltzen diren terminoak, hala nola antagonyms, contronyms/contranyms, auto-antonyms/autantonyms, Janus words, enantiodromes, antilogies edo addad (arabierazko didd ‘aurkako, kontrako’ hitzaren plurala). Fenomenoari berari, berriz, enantiosemy, enantionymy edo antilogy esaten zaio, besteak beste.

Euskaraz, nik dakidanez behintzat, ez da honi buruzko azterketa sakonik egin. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, badirudi aspalditik izan dela azterketagai, Erdi Aroaz geroztik behintzat bai. Arabieraz, adibidez, ikerketa moderno batzuek hogei bat kasu baino zerrendatzen ez dituzten arren, filologo tradizionalek laurehundik gora adibide biltzen omen dituzte, artikulu honen arabera.

Gatozen orain adibideetara. Orotariko Euskal Hiztegian hau ageri zaigu izugarri sarreran: «Terrible[2], que infunde pavor; horrible, terriblemente desagradable, feo, etc.; asombroso, enorme, increíble, impresionante». Horrekin lotura handia du ingelesezko awfuli buruzko anekdota ezagun batek: Ingalaterrako Karlos II.ak katedral eraiki berri bat ikusi, eta «amusing, awful and artificial»tzat deskribatu omen zuen. Gaur egun deigarria gertatzen da berez laudoriozkoa zen esaldi hura; izan ere, awful izenondoak esanahi —batik bat— negatiboa du orain ingelesez (hirugarren adieran, ‘txundigarri’ ere badakar Morris Hiztegiak, Lit. oharrarekin), baina garai hartan zentzu positiboa zuen, edo izan ohi bide zuen; gaur egun awesome hitzak betetzen du funtzio hori.

Euskarara itzuliz, berriro ere Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, saretu sarrerak ongi erakusten du kontronimo batez ari garela:

saretu […]

  1. “Abrirse o deshilarse el paño, de tal modo que sea difícil el zurcir” […] “Gastarse y agujerearse una ropa. […] volverse transparente una tela por desgaste” […] “Izara orrek ziero saretuta dare eta botatzia onena” […]
  2. […] Zurcir. “Repriser, rentraire (linge, vêtements)” […] galtzerdi saretzen ari zen. […]

Bestalde, sareturi buruzko txioa irakurri, eta berehala etorri zitzaidan burura lumatu aditza, ‘lumaz estaltzea’ zein ‘lumak kentzea’ adieraz baitezake. Horra beste kontronimo bat, beraz:

lumatu […]

  1. Emplumecer, cubrirse de plumas. […] “Gazte helduak eta xori lumatu denak hegaldatzea maite” […] “Vestirse de plumas la nidada” […] Egaztirik txikienak bere ego biak osorik ta ondo lumaturik baditu. […] Zu oraindik lumatu gabeko txorikume, kabitik irten gabia zera. […] Xoriñoak lumaturik ohantzearen uztera doazi. […] Siñestearen azkurriz Elizaren kabian lumatuz egalak egiten bazitzazkien. […] Narru gorrian dagoan txoria, artean lumatu bakoa. […] Txantxangorria ondo lumatu zanean, esan nion osabari laster alde egingo zuala. […]
  2. […] Desplumar. Ill, lumatu ta gardostu ezkero ollaarra. […] Beriala lumatzea ollaskoak. […] Ollagorra lumatu, eta tripak atera gabe, ipintzen da burruntzian.

Hala ere, ohar bedi ezen lumatuk, ‘lumaz estali’ adieraziko badu, iragangaitza izan behar duela («txoria lumatu da»), eta alderantziz: iragankorra denean, ‘lumak kendu’ esan nahi du («oiloa lumatu du»). Eta orobat gertatzen da sareturekin.

Agur ere kontronimotzat jo litekeela esango nuke, ‘kaixo’ eta ‘adio’ esanahiak biltzen baititu. Eta, agurtu aurretik, irakurle, hona galdera bat: hemen aipatu ditudan lau horiez gain (saretu, izugarri, lumatu, agur), ezagutzen duzu edo bururatzen zaizu euskarazko beste kontronimorik?

____________

[1]      Gainera, bizpahiru blogetan ikusi dut gaia azken bi hilabetean-edo, eta horregatik ere deitu zidaten atentzioa Mendigurenen bi txioek.

[2]      Neronek ere sartu nuen, gaztelaniaz, «terrible» faltsu bat elkarrizketa honetan, 00:14:30 minutuan: http://www.eitb.eus/es/radio/radio-vitoria/programas/aventureros/audios/detalle/3780766/impresiones-vitoriano-jordania–radio-vitoria/

17 Iruzkin

Garikoitz Knörr atalean

Gizon, gizatxar

Iñaki Segurola

Orain-hurrengo artikuluan erakutsi nahi izan genuen, olgetan-benetan erakutsi ere, geure neurrira egina dagoela hizkuntza: gizakiaren neurrira, esan nahi nuke. (Pentsatzen jarri ezkero, ez da izugarrizko misterioa gizakiaren hizkuntza gizakiaren neurrira egina egotea.) Alde batetik gizontasun eta gizatasun bezalako hitzak aitatzen genituen, hizkuntza asmatu duen espeziearen ontasunaren erakusgarri, eta bestetik, aldiz, zerrikeria, zakurkeria, astakeria eta abarrak (eta zerritasunik, zakurtasunik eta astotasunik eza), ontasuna, berez, gurea dela argi ageri delarik, eta ez beste izaki horiena, zeintzuen ontasuna gure ondasun izatean bailegoke, izatekotan ere.

Gure ume-denboran, lapurretan, litxarrerian edo okerrean genbiltzala, pertsona helduren bat agertzen bazitzaigun begien bistara, gizonaaaaaa! egiten genuen beti oihu, eta lekuak husten bizi-bizi. Aise ulertzen da gizon hitzak ez zuela orduan guretzat maiz aski hots onik izaten ahal, baina, hala eta guztiz ere, hizkuntzako hiztegiaren jabe (eta mirabe!) egin ahala, irentsi behar izan genuen gizon agertu/portatu eta horien gisakoak onerako hartu behar genituela, eta orobat gertatu zitzaigun geroagoko gizalege, gizabide eta abarrekin.

Gero gure formazio eta desformazioan aurreratu ahala, ohartu ginen gizamunduari edo gizagauzei garbienik eta nabarmenkienik kontrajartzen zitzaiona «basoa» zela: basamundua edo basagauzak. Ik., askoren artetik baina modu bereziki esanguratsuan, gizazalke eta basazalke; gizamunduak etxea edo itxitura izango luke bere funtsetako bat, basamunduak ez bezala: cf., adibidez, Oihenartengan basoillo vs. etxoillo. Eta basoa edo basagauza bakarrik ez: gizakiak osoki menderatu, gobernatu edo ordenatzen ez zuenari sasi-, larre– edo asto– erantsiko zion aurretik giza hizkuntzak (sasi-ardi, larrabere, astoarrosa…).

Basamundua, sasimundua eta gainerako ezmunduak, beraz, eta bestaldean gizagauza: gure ontasuna, gure ordena eta gure ondasuna. Dena ona al da orduan gizagauza? Ez ba! Etxerik edo ordenarik onenean beti agertzen dira artesiak edo litsak. Eta gogoratu naiz giza-arrazoi hitzarekin, edo, hobeki eta zehazkiago esanda, hizkuntzako giza-arrazoiarekin eta ez letrakuntzakoarekin (hitz-kuntza/letra-kuntza bereizketa gero-eta garbiago ageri zait aspaldian). Letrakuntzan eskuarki gauza tribial edo hilak adierazten dira, gauza zuri eta zapalak gehienbat, baina hizkuntzan ez: hizkuntza gorri koskatsuan bada besterik eta bada hoberik, eta esan dezadan, giza-arrazoiaren kasuari gagozkiola, Azpeitiko zaharren ahotik ikasi nuela nik zer zen giza-árrazoie, holaxe, hitz bakarraren azentuerarekin esana eta arrazoi xerio-zuzen-lehor-burutsu-neurrizkoa adierazten zuelarik; halaxe jarri genuen OEHn: «razón (dicho, frase…) seria, formal, recta, severa (litm. ‘razón de hombre’)». Nekez aurkituko duzue hitz hori letrakuntzan, zeren eremu horretan, lehen esan dugunez, giza-ordena zuri eta zapalari dagozkion gauzatxoak irakurtzen baitira eskuarki, eta, ondorioz, gauzatxo itzul-errexak. Giza-árrazoia larre-hizkuntzan bizi da, oso nekez bizi ere; gizá arrazoia, aldiz, noranahiko letrakuntzan ageri zaigu noiznahi.

Hizkuntza gorri koskatsuan ikasitako giza-árrazoi horrek erakusten digu gizagauzak ez direla beti denentzat onak eta desiragarriak, eta horra nola gizagauzen ontasun ustez erabatekoari litsak eta artesiak aurkitu dizkiogun. Bai: giza– osagai horrek izan dezake inoiz bere txar-kutsua ere, edo ez on hutsa bederen; giza hizkuntzan bertan gizagauzak ez dira zeharo libratzen on-gaitzen ebakitik. Gizonak berekin duke gizatxar estalia; gizontasunak berea duke gizatxarkeria edo gizalehorkeria gordea.

Eta horra nola, ibili-ibili eginda, gizonaaaaaa! oihu egiten zuen ume harekin bat eginik bezala gelditzen garen.

Iruzkin 1

Iñaki Segurola atalean

Itzultzailearen esku dardartia

Karlos del Olmo

Idazlari lantsu bat bizi izan omen zen XIII. mendean, seguru asko, Ingalaterrako Worcester priore barrutian, makina bat eskuizkriburen sortzailea baita. Ospetsua da monjea zenbait ezaugarri bitarte direla: letra etzan berezi batez idaztea, marroi koloreko tinta erabilita (ez harako «poeta kaxkar» hark legez), eta… hainbat eta hainbat dokumenturen itzultzailea izatea.

Letra etzan berezi horrek bi emakumezko ikertzaile elkartu zituen, historiagile bat eta neurologo bat. Zergatik? Susmoa zutelako mugimendu nahasmenduren bat zuela. Lankidetza horren ondorioz, harako itzultzaile haren nekezko pairatu beharrari: dardara esentziala.

Mugimenduaren nahasmendu hori maiz gertatzen da, batez ere, 65 urtetik gorakoen eskuetan (baina ez haiengan bakarrik); 40 urtetik gorako hogei lagunetatik, batek ba omen du gaitz hori, eta bostetik batek izan dezake dardara esentzial deritzona 65 urtetik gorakoen artean.

Ezizena ere jarri diote Ingalaterrako itzultzaile idazlari ospetsu horri: «Worcesterreko esku dardaratsua».

Brain: A journal of Neurology aldizkarian argitaraturiko artikuluan Deborah E. Thorpe eta Jane E. Alty ikertzaileek diotenez, diagnosia egiteko eskuizkribuak beste ikergairik ez zuten. Itxuraz, idazki horietan 50.000 terminoren gaineko glosak idatzi zituen. Zein izan zitekeen patologia? Erdi Aroko monje horren idazkerak patroi berezi-berezi bat zuen. Hortaz, egun mota batzuetako mugimendu nahasdurak dituzten pertsonen idazkiak alderatu zituzten fraide itzultzailearen kaligrafia bereiz bezain uniforme eta airosarekin.

karlos11. irudia: itzultzaileak garai ezberdinetan idatziriko oharrak

Eta zer ondorioztatu dute? Ez dakitela zein adin zuen, ezta ezkertia ote zen ala ez. Bestalde, seguru asko ez omen zuen bestelako nahasdura kognitiborik, ez bazen dardarizo hura —eta zerbait gehiago izatekotan, beste gaitz erantsiren bat litzateke, ez idaztea eragozten zion huraxe—. Itxuraz, urtea joan urtea etorri dardara larriagotuz joan zen. Ez jakiteagatik, ezin jakin dezakete, idazkiak oinarri, dardarak beste adar edo atal batzuei ere erasotzen ote zien. Beste kontu polit bat ere kausitu dute: osasunaren alorreko gaiek interes berezia ernarazten ziotela; hala, ikareriaren inguruan idatzi ez arren, hainbat eta hainbat gaixotasun eta osabideren albiste jaso zuen. Parkinsonak jota egon zitekeela erabili dute buruan ikertzaile batzuek hipotesitzat, baina egun baztertuxeago dute.

karlos22. irudia: dardara esentziala duen egungo pertsona baten idatzia

Pertsona jantzia omen zen, eta testuetan zuzenketa bat baino gehiago egon arren, horiek nahiz gaixotasunaren ondoriotzat nahiz itzultzailearen jakinduria handitu izanaren ondorentzat jo beharra dago, eta ez jakinezaren gibelondotzat.

Artikuluaren amaieran ondorioztatzen dutenez, beste gaixotasun mota batek ez bide zion utziko itzultzaileari halako lan intelektual handi bat egiten.

Itzultzaileak ingeles arkaikotik bere mendeko ingelesera eta frantsesera itzultzen zituen dokumentuak, eta, adinean sartuxeagotan, latinera ere bai. Nola ez ekarri gogora euskal filologo nahiz itzultzaileentzat guztiz argitu gabe dauden beste glosa batzuk: «jzioqui dugu / guec ajutuezdugu».

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean

Helbidea eta egoitza

Maite Imaz Leunda

Gaztelaniazko domicilio euskaraz esateko, askotan, helbide erabiltzen da; zenbait kasutan onargarrria den arren, beti ez dira kideak izaten. Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, helbidea norbaiten bizilekuaren adierazpena da. Lege-testuetara joz gero, ordea, badirudi gaztelaniazko domicilio terminoak leku fisiko bati egiten diola erreferentzia.

domicilio-DRAEDRAE

Para el ejercicio de los derechos y el cumplimiento de las obligaciones civiles, el domicilio de las personas naturales es el lugar de su residencia habitual, y en su caso, el que determine la Ley de Enjuiciamiento Civil.

Eskubideak egikaritu eta betebehar zibilak betetzeko, pertsona fisikoen egoitza da euren ohiko bizilekuari dagokion tokia, eta, hala denean, Prozedura Zibilari buruzko Legeak zehazturikoa.

Kode Zibilaren 40. artikulua

Cuando ni la ley que las haya creado o reconocido, ni los estatutos o las reglas de fundación fijaren el domicilio de las personas jurídicas, se entenderá que lo tienen en el lugar en que se halle establecida su representación legal, o donde ejerzan las principales funciones de su instituto.

Pertsona juridikoa sortu edo aitortu duen legeak, estatutuek edo eraketa-erregelek ez dutenean finkatu pertsona juridiko horren egoitza, ulertuko da pertsona juridikoak egoitza duela bere legezko ordezkaritza non izan eta bertan, edo bere eraketari dagozkion eginkizun garrantzitsuenak non bete eta toki horretan.

Kode Zibilaren 41. artikulua

1. Será castigado con las penas de prisión de seis meses a un año y multa de seis a diez meses el que entrare contra la voluntad de su titular en el domicilio de una persona jurídica pública o privada, despacho profesional u oficina, o en establecimiento mercantil o local abierto al público fuera de las horas de apertura.

1. Sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hamar arteko isuna ere, pertsona juridiko publiko zein pribatuaren egoitzan, lanbide-idazgelan nahiz bulegoan edota jendaurrean zabalik dagoen merkataritzako establezimenduan zein lokalean, zabalik dagoen orduetatik kanpo, titularraren borondatearen aurka sartzen denari.

Zigor Kodearen 203. artikulua

domicilio fiscal

domicilio social

Beraz, zenbaitetan helbide hitza erabilita aparteko arazorik sortzen ez bada ere, badirudi gaztelaniazko domicilio terminoaren ordain egoitza egokiagoa suertazten dela lege-testuen kasuan, eta horixe dela finkatu samar dagoen terminoa. Hala ere, etxebizitza eta bizileku ere ikusten dira.

Cuando la notificación se practique en el domicilio del interesado, de no hallarse presente éste en el momento de entregarse la notificación podrá hacerse cargo de la misma cualquier persona que se encuentre en el domicilio y haga constar su identidad.

Jakinarazpena interesdunaren bizilekuan egin eta interesduna ez badago, bizilekuan dagoen edozeinek har dezake, nor den jasota uzten badu.

Administrazio eta Prozedura Legearen 58. artikulua

Si fuese necesario entrar en el domicilio del afectado, las Administraciones Públicas deberán obtener el consentimiento del mismo o, en su defecto, la oportuna autorización judicial.

Interesdunaren etxebizitzan sartzeko, herri administrazioek interesdun horren onarpena lortu behar dute edo, horrelakorik ezean, epailearen baimena.

Administrazio eta Prozedura Legearen 95. artikulua

Iruzkin 1

Maite Imaz atalean

Ikusi arte, Marianne

Juan Luis Zabala

(Leonard Cohenen beste kantu baten hitzak)

Ikusi arte, Marianne

Irten zaitez leihora, ene maite txikia,
zure esku-ahurra irakurtzen saiatu nahiko nuke.
Nola edo halako mutil ijitoa nintzela pentsatu ohi nuen
etxera eraman nintzazun utzi aurretik.

Orain, ikusi arte, Marianne, badugu tenore hasteko
barrez eta negarrez eta negarrez eta barrez
honetaz guztiaz berriro.

Badakizu maite dudala zurekin bizitzea,
baina gehiegi ahantzarazten didazu.
Aingeruei otoitz egitea ahazten zait
eta gero aingeruei guregatik otoitz egitea ahazten zaie.

Orain, ikusi arte, Marianne, badugu tenore hasteko
barrez eta negarrez eta negarrez eta barrez
honetaz guztiaz berriro.

Ia gazte ginela ezagutu genuen elkar
lilitegi berdearen sakonean.
Gurutzefika bat banintz bezala besarkatu ninduzun
ilunpea belauniko zeharkatzen genuen bitartean.

Oi, ikusi arte, Marianne, badugu tenore hasteko
barrez eta negarrez eta negarrez eta barrez
honetaz guztiaz berriro.

Zure gutun guztiek nire ondoan zaudela diote.
Hortaz, zergatik sentitzen naiz bakarrik?
Erlaitz batean nago eta zure amaraun meheak
harri bati lotzen dio nire orkatila.

Orain, ikusi arte, Marianne, badugu tenore hasteko
barrez eta negarrez eta negarrez eta barrez
honetaz guztiaz berriro.

Orain zure amodio ezkutua behar dut.
Hotz nago, bizar xafla berri baten antzera.
Jakingura nintzela esan nizunean joan zinen.
Ez nuen inoiz esan adoretsua nintzela.

Oi, ikusi arte, Marianne, badugu tenore hasteko
barrez eta negarrez eta negarrez eta barrez
honetaz guztiaz berriro.

Oi, zinez ederra zara.
Ikusi dut joan zarela eta izena aldatu duzula.
Eta justu mendiaren hegi horretan gora egin nuenean
betazalak euripean garbitzeko.

Oi, ikusi arte, Marianne, badugu tenore hasteko
barrez eta negarrez eta negarrez eta barrez
honetaz guztiaz berriro.

* * *

So long, Marianne

Come over to the window, my little darling,
I’d like to try to read your palm.
I used to think I was some kind of gypsy boy
before I let you take me home.

Now, so long, Marianne, it’s time that we began
to laugh and cry and cry and laugh
about it all again.

You know that I love to live with you,
but you make me forget so very much.
I forget to pray for the angels,
and then the angels forget to pray for us.

Now, so long, Marianne, it’s time that we began
to laugh and cry and cry and laugh
about it all again.

We met when we were almost young
deep in the green lilac park.
You held on to me like I was a crucifix
as we went kneeling through the dark.

Oh, so long, Marianne, it’s time that we began
to laugh and cry and cry and laugh
about it all again.

Your letters they all say that you’re beside me now.
Then why do I feel alone?
I’m standing on a ledge and your fine spider web
is fastening my ankle to a stone.

Now, so long, Marianne, it’s time that we began
to laugh and cry and cry and laugh
about it all again.

For now I need your hidden love.
I’m cold as a new razor blade.
You left when I told you I was curious.
I never said that I was brave.

Oh, so long, Marianne, it’s time that we began
to laugh and cry and cry and laugh
about it all again.

Oh, you are really such a pretty one.
I see you’ve gone and changed your name again.
And just when I climbed this mountainside
to wash my eyelids in the rain.

Oh, so long, Marianne, it’s time that we began
to laugh and cry and cry and laugh
about it all again.

Iruzkin bat utzi

Juan Luis Zabala atalean