Artxikoak hilabeteka: martxoa 2016

Literatur lanen izenburuen itzulpenaz (eta III)

Xabier Olarra

Bi izenburu-zerrenda hauek parekatzeko eskatuko baligute, jakinik batean jatorrizko ingelesezko izenburuak daudela, eta bestean frantsesezkoak, iritsiko ginateke, akaso, hiruzpalauren kasuan, zein zeini dagokion asmatzera, nahiz eta itzulpen zuzenekorik apenas dagoen zerrendan. Batzuek badute hitz gakoren bat, soluzio egokia aurkitzen lagunduko ligukeena. Baina bada kasu pare bat, itzulpenean izenburua erabat aldatu (edo ordezkatu) dena. Kasu horietan, asmatzea zoriaren mende legoke, ez itzulpenean aurki daitekeen inolako korrespondentziatan.

Lehenbiziko koadro honetan nahasian jarri ditut, entretenimendu hoberik ez duenak saiatzeko aukera izan dezan.

tit1

Hona hemen behar bezala parekatuta.

tit2

Gallimard etxeko Série Noire sail ospetsuko 1.000. liburuaren atzealdeko zerrendara jo, eta lehenbizikoa hautatu dut: La nuit furtive, M. E. Chaber goitizena erabiltzen zuen idazlearena. Gero, idazle horrexen beste zenbait izenbururekin zer gertatzen den aztertu dut (ez but, beraz, bila eta bila ibili beharrik izan). Hor goian duzue bilduta, bila eta bila ibili gabe, aurkitu dudana.

Jakina da liburu bera askotan argitaratu izan dela bi izenburu desberdinekin, argitaratzen den lekuaren arabera, Ingalaterran izenburu batekin eta Estatu Batuetan beste batekin. Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Kasu batzuk ospetsuak dira, eta arrazoituak. Esate baterako,  Agatha Christieren Ten Little Niggers  maisulana And Then There Were None eta Ten Little Indians izenburuekin argitaratu zela Estatu Batuetan. Ikus honi buruz, esate baterako:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Eta_ez_zen_alerik_ere_geratu

Nigger hitzak Estatu Batuetan zuen kutsu iraingarria egon omen zen erabaki horren oinarrian. Ingalaterran onargarria zena ez omen zen hala Estatu Batuetan (1939an gaudela gogoratu behar da). Kontua da orain egile eskubideen jabeek izenburua aldatuta argitaratzea gomendatzen dutela lan hori.

Kasu honetan nigger hitzaren kutsu arrazialak Ingalaterran eta Estatu Batuetan desberdina izateak behartzen duela izenburua aldatuta argitaratzera bai ingelesez (jatorrizkoa) eta bai gainerako hizkuntzetan. Horregatik bihurtu zen euskaraz Koro Navarrok itzulitako Hamar beltx, Txertoa 1990 > Eta ez zen alerik ere geratu, igela, 2005.

Hala ere, esan behar da izenburu hori haur-kanta batetik hartua dela, eta bere testuinguruan ez duela inolako konnotazio arrazistarik. Estatu Batuetan estilo bereko haur-kanta baten izenburua da Ten Little Indians, eta izenburu horixe jatorrizkoaren ordain (edo ordezko) gisa erabiltzeko ez zuten inolako problemarik izan bertako argitaratzaileek. Eta itzulpenari dagokionez, berriz, Frantziako Série Noiren gertatzen denaren juxtu alderantzizkoa gertatzen da: bi kasuetan zuzeneko itzulpena erabili izan da hizkuntza gehienetan. Eta jatorrizkoa aldatu denean, itzulpena ere aldatu egin da.

Goiko koadroan ikus daitekeenez, berriz, izenburu bikoitz horien kasuan, hirutik bitan itzulpena ez dagokio ez batari ez besteari, erabat arbitrarioa dela esan daiteke informazio gehiago izan ezean (beharbada jatorrizkoa edo itzulpena ezagututa ikus liteke justifikazioren bat, baina ez da nire kasua, ez baitut ez egilea ez haren obra bakar bat ere ezagutzen).

Ohikoa da, beraz, Série Noiren agertzen den itzulpen baten izenburua jatorrizko zein libururi dagokion jakin nahi badugu,  entziklopedietara eta obra espezializatuetara jo beharra. Hona hemen bi klasiko:

  • SN, voyage au bout de la Noire : inventaire de 732 auteurs et de leurs œuvres publiés en séries Noire et Blème : suivi d’une filmographie complete. Claude Mesplède et Jean-Jacques Scheleret.
  • Dictionnaire des littératures policières, Claude Mesplède (dir).

Eta hiru saioko jardunaldi honen ondoren, atera ditzadan bizpahiru ondorio:

1.- Izan daiteke arrazoirik izenburua aldatzeko (edo egokitzeko): hizkuntza batetik bestera igarotzean gerta daitezkeen distortsio edo okerbideak.

2.- Halakorik ezean, ez litzateke zilegi itzultzaileak (are gutxiago argitaratzaileak), besterik gabe, izenburua aldatzea, «belarrira hobeto jotzen duelako edo».

3.- Zoritxarrez, badirudi aztertu ditugun kasu askotan «arrazoi komertzialak» nagusitzen direla izenburuak jartzean. Kontua ez da gaurkoa. Ikusi, bestela, Ford Madox Forden The Saddest Story (1939) zergatik bihurtu zen The Good Soldier, liburu horren beraren hitzaurrean (nahiz Historiarik Goibelena itzulpenean, igela, Iruñea, 1999).

Iruzkin 1

Xabier Olarra atalean

Dotazio, ezen ez zuzkidura?

Karlos del Olmo

Administrazioaren alorreko Langileen Kudeaketa azpialorreko gaztelaniazko «dotación» terminoak testu beraren barruan «dotazio» zein «zuzkidura» emanda agertzeak eragin ditu ondoko lerroak (bai eta itzulpen memoria beraren barruan bietara ordain izanak ere). «Lanpostu», «langile», «(lanpostu jakin baten izena) kopuru», «kide kopuru», «pertsona» eta bestelako ordain batzuek ere korritzen dute administrazio testuetan. Ezer baino lehen, esan dezagun ez garela aipatzen ari aurrekontuen alorreko «diru zuzkidurak» edo hirigintza arloko «zuzkidura elementuak», ezta eskifaiak edo tripulazioak ere, are gutxiago —hurbilago dagoen arren—, Euskaltermen araberako «unitate edo helburu jakin baterako polizia-kopurua» delakoa ere. Dena dela, aztergai dugun terminoaren bi tasun semantiko metatzen ditu azken honek: a) langile kopuru jakin bat adieraztea, b) langile horiek guztiak unitate (edo) zehatz batekoak izatea.

Definizioari begiratuz gero, erakunde ofizialetan ondokoak izan ohi ditugu:

  • lanpostua: hainbat irizpideren arabera metaturiko ardura (funtzio) sail bat, ezaugarri sorta definitu baten jabea. «Dotaziak» barne biltzen dituzte (lan)postuek.
  • (lanpostuen) dotazioak: postu bati dagokion unitateen kopurua. Eginkizun eta/edo ezaugarri elkarren ezberdinak izan ditzakete. Postuak funtzioetan oinarriturik eratzen dira, dotazioak atazen edo eginkizunen arabera, ordea.
  • funtzioa: zer egin behar den definitzen duen enuntziatu bat.
  • ataza, eginkizuna: nola egin behar den definitzen duen enuntziatua, funtziotik eratortzen da.
  • plantilla: erakundean diren lanpostuen dotazio guztiak.
  • (lan)postuen zerrenda: antolamendu tresna bat da. Plantilla kontuan izanda, giza baliabideak antolatu eta planifikatzeko bidea ematen du. Diren dotazio guztiak har ditzake, edo batzuk besterik ez.
  • aurrekontu plantilla edo plantilla organikoa: aurrekontuan langileei ordaintzeko dirua izendatuta duena.

Toki administrazioari dagokionez, Toki-araubidearen oinarriak arautzeko 7/1985 Legeko 90. artikuluaren arabera, «Toki-korporazio bakoitzari dagokio urtero, aurrekontuaren bidez, plantilla onartzea. Zerrenda horretan funtzionarioen, eta lan-kontratuko eta behin-behineko langileen lanpostu guztiak jaso beharko dira».

Seguru asko, aurrekontu plantilla edo plantilla organiko horretan dago «zuzkidura» terminoa langilea(k) aipatzeko erabiltzearen jatorria. Zein da gauza? Lanpostuen zerrendak ezin duela bere baitan jaso plazarik edo posturik baldin eta beharrezko aurrekontu zuzkidurarik ez badute.

Proposamena: orokorrean, «dotazio» erabiltzea, postu, lanpostu, langile, funtzionario eta enparauak beste termino batzuk ordaintzeko erabili ahal izateko.

Arazoa? Euskaltzaindiak ez duela onartu, oraindik, «dotazio» berba Hiztegi Batuan. Eta, horrekin batera, dotar eta desdotar, desdotación eta sailekoak erabaki beharrean geundeke. Zilegi litzateke tradiziozko «dotatu» aditza erabiltzea? Eta «desdotatu» asmatzea? Honelakoak agertzen direlako corpusetan: «Desdotar provisionalmente la transformación de dos plazas de técnico auxiliar de laboratorio en dos plazas de técnico especialista de laboratorio…», «La Administración opta por exprimir al máximo a los trabajadores que tiene a su servicio desdotando plazas y congelando la ampliación de las mismas». Azken batean, kolokazio hau ematea dateke gauza: «quitar la dotación, partida presupuestaria, efectivos...»?

Iruzkin 1

Karlos del Olmo atalean

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak IV

miel a. elustondo

Eta orduan… azkeneko gauza. Zatika gogoratzen dut dena, pusketaka. Nire aulkitxoan jarrita nengoen, beraren ondoan, gauez. Zortzietan, esan nuen: «Vasenka, ibilalditxoa egitera noa». Berak, begiak ireki eta itxi zituen, joaten uzten zidan. Hotelera heldu nintzen, gelara igo, zoruan etzan –ezin ohean etzan, min handia egiten zidan denak–, eta, orduantxe, garbitzaileak ate joka eraso zion: «Zoaz! Zoaz bizkor! Senarra hoska ari zaizu etengabe!».

Berehala hots egin nuen erizaindegira. «Zer moduz dago?». «Orain dela hamabost minutu hil da». Zer? Bertan igaro nuen gau osoa. Hiru ordu eman nituen kanpoan! Eskaileretan behera abiatu nintzen. Gela hiperbarikoan segitzen zuen, artean ez zuten handik atera. Harrezkero ez nuen utzi. Hilobiraino lagundu nion. Nahiz eta gogoan dudana ez izan hilkutxa, ezpada plastikozko poltsa. Poltsa hura.

Gorputegian galdetu zidaten: «Nahi duzu ikusi zer janzten diogun?». Baietz, nik! Traje ofiziala jantzi zioten, kapelu eta guzti. Ezin izan zioten oinetakorik jantzi, oinak puztu egin zitzaizkiolako. Trajea ere ebaki egin behar izan zuten, ezin izan ziotelako jantzi, han ez baitzegoen erabateko gorputz osorik. Ospitalean igarotako azken bi egunetan… ahotik botatzen zituen birika eta gibel pusketatxoak. Bere erraietan itotzen ari zen. Nire eskua bendatu eta ahora sartzen nion, pusketatxo haiek ateratzeko. Ezinezkoa da hartaz hitz egitea. Ezinezkoa hartaz idaztea. Ezinezkoa jasatea. Ezin izan zuten senarrari janzteko moduko oinetako parerik aurkitu. Oinutsik hilobiratu zuten.

Denak etorri ziren. Haren gurasoak eta nireak. Painelu beltzak erosi genituen Moskun. Larrialdietarako Batzordea gurekin bildu zen. Gauza bera esan zieten denei: «Ezinezkoa zaigu zuen senar edo semeen gorpuak zuei ematea, guztiz erradioaktiboak dira eta Moskuko hilerrian hilobiratuko dituzte modu berezian. Zinkezko ontzi soldaduetan, zementu geruzapean. Eta agiri hauek sinatu beharra daukazue hemen bertan».

Eta baten bat haserre bazen eta hilobia etxera eraman nahi zuela esaten bazuen, esaten zioten hildakoak, badakizu, heroiak zirela, eta engoitik ez zirela familienak. Estatuaren heroiak ziren. Estatuarenak ziren.

Unean bertan hegazkin-txartelak erosi zizkiguten etxera itzultzeko. Hurrengo egunerako. Etxean, logurak nengoen. Etxera sartu eta ohean zerraldo erori nintzen. Hiru egun egin nuen lo. Anbulantzia etorri zen. «Ez», esan zuen medikuak, «esnatuko da. Sekulako loa besterik ez da».

Hogeita hiru urte nituen. Bi hilabete geroago Moskura itzuli nintzen. Tren geltokitik hilerrira zuzen. Berarengana! Hilerrian uzkurdurak izaten hasi nintzen. Berarekin hizketan hasi orduko. Anbulantziari hots egin zioten. Agindutako epea baino bi aste lehenago zen.

Erakutsi egin zidaten. Neska zen. «Nataxenka», hots egin nuen. «Aitak Nataxenka izena jarri zizun». Osasuntsu itxura zuen. Besoak, hankak. Baina gibeleko zirrosia zuen. Hogeita zortzi roentgen zituen haurraren gibelak. Jaiotzetiko bihotz gaixotasuna. Lau ordu geroago, hila zela esan zidaten. Eta berriz: «Ez dizugu emango». «Zer esan nahi duzu ez didazuela emango? Neu naiz nire alaba zuei emango ez dizuena!».

[Isilik geratu da, luzaro]

Iruzkin 1

Miel A. Elustondo atalean

Zain ezazu mendia!

Garikoitz Knörr de Santiago

Hitzak itzuli ala ideiak itzuli? Hitzez hitzezko itzulpena (xede-hizkuntza nolabait bortxatuz —aberastuz?— bada ere), ala xede-hizkuntzaren adierazmolde ohiko, betiko, arruntei loturikoa? Nola aurkitu bi joera horien arteko bidea, oreka hori bilatu nahi bada, edo bilatzerik badago behintzat? Izan ere, W. von Humboldtek zera idatzi zion A.W. Schlegeli, 1796ko gutun batean[1]:

Itzultzaile orok, nahitaez, bi oztopo hauetariko batekin huts egingo du: edo hurbilegi egongo da jatorrizkotik, bere herriaren gustuaren eta mintzairaren kaltean, edo estuegi atxikiko die bere herriaren berezko ezaugarriei, itzulgaiaren kaltean. Bien arteko erdibidea aurkitzea, zaila ez ezik, zinez ezinezkoa da.

Karlos del Olmok, Itzulpenera hurbiltzea. Zenbait errezeta (II) artikuluan[2], honela laburbildu zuen San Jeronimoren garaitik itzulpengintzaren teorialariak lanpeturik eduki dituen bidegurutze (eta, batzuetan, gurutze-bide!) hori:

Egile batzuen arabera, ideiak itzuli behar dira, eta ez hitzak. Hitzak itzultzearen aldekoek esaten dute ideiak itzuliz gero, itzulpengintzan errotik kenduko dela berritasun linguistik[o]rako bidea, etengabe joko delako lehendik zeuden esamolde edo egituretara. Bestalde, hitzez hitzeko itzulpena de facto desagertzen dela. Azken argudio gisa, hitzei jaramonik egin ezean, ideiak itxuragabetu eta, beraz, txarto itzul daitezkeela.

Bada, ideiak itzultze horren adibide muturreko bat dakarkizuet gaur hona.

Apodaka

Hona hemen xehetasuna:

ApodakaXehet

Argazkiak gure lehengusu Aritz Estarronak helarazi zizkidan, Apodakatik (Araba). Bertakoei galdetuta, 1980ko hamarkadakoa dela esan zioten, Zigoitiko orduko alkateak —Lapuente alkateak— jarri edo jarrarazia omen.

Gaztelaniaz, hauxe dio, beraz, seinaleak:

PROHIBIDO
PASAR VEHICULOS
HACER FUEGO CON LEÑA

Euskaraz, berriz:

ZAIN EZAZU MENDIA!

Stop. Hizkuntzaren ekonomiaren adibide ederragorik ere! Dena dela, jatorrizko itzulpenak bere xarma duela onartzen badut ere, neuk nola itzuliko nukeen galdetu diot neure buruari. Hona aukera batzuk:

Debekatua dago/Debeku da
Ibilgailuak igarotzea/igaroaraztea
Egurrarekin/egurrez(?) su egitea

Azkenik —batzuk ohartuko zineten honezkero—, seinaleak badu beste bitxikeria bat: «Arabako Foru Aldundia» dio behean, erakundearen euskarazko izena baino ageri ez dela, beraz. Baten bat sutan jarriko luke horrek, egurrik erabili gabe ere!

____________
[1] Hemendik hartua eta neronek itzulia: Wolf, Friedrich (1969). Technik des Übersetzens. English und Deutsch. Eine systematische Anleitung für das Übersetzen ins Englische und ins Deutsche für Unterricht und Selbststudium. München: Max Hueber, 32-33 orr.
[2] Senez 15 (1994).

5 Iruzkin

Garikoitz Knörr atalean

Harritzen nauten hiru kontu txiki

Juan Luis Zabala

Ibon Sarasolak «zeroz azpitik» esapidearen erabilera gaitzetsi duela gogoratuz eta baliatuz, maiz entzuten eta entzuten ditudan aldiro harritzen nauten hiru kontu txiki ekarri nahi ditut hizpidera, eta, halakorik behar izanez gero, debatera.

  • Irudipena dut modu arriskutsuan ari dela zabaltzen bainoren ordez baina erabiltzeko joera nire gusturako oso zatarra. Euskal Herriko irrati esataririk onenetakoei ere entzun dizkiet dagoeneko honelakoak: «Urlia ez da Sandia baina zaharragoa» («Urlia ez da Sandia baino zaharragoa» esan beharrean). Sinonimoak ote dira ba baina eta baino? Gipuzkoa ia osoan baina esan ordez baino (edo baine) esaten denez, onargarria iruditzen zait, ahozko hizkeran bederen, adibidez, «Urlia zaharra da, baino Sandia zaharrago» esatea («Urlia zaharra da, baina Sandia zaharrago» esan beharrean), pentsatu gabe atera daitezkeelako horrelakoak edonoren ahotik; bainoren ordez baina erabiltzea, ordea, pentsatzea eta ahalegin bat egitea eskatzen duen oker bat dela iruditzen zait, ezin zaiola hiztunari modu naturalean atera horrelakorik ahotik. Oker ote nago?
  • Antzeko gisan, ezin dut ulertu zergatik tematzen diren esatari asko, azpeitiar batzuk tartean, Azpeitiako esaten Azpeitiko esan ordez, Euskaltzaindiari ez ezik beren berezko joerari eta erabilera zabalduenari ere uko eginez, auskalo noren aginduari men eginez. Urrrrrteak daramatzate horrela. Zer premiarekin?
  • Hirugarren gaiaren inguruan zalantza handiagoak dauzkat, eta galdera huts moduan formulatuko dut: zuzenak al dira gisa honetako esaldiak: «Urliak astakeria jo du Sandiak esandakoa» («Urliak astakeriatzat jo du Sandiak esandakoa» beharrean)?

Hiru kontu txiki dira, baina harritu eta ezinegona eragiten didatenez, zuen iritzien berri jakin nahi nuke.

6 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

Lagunak, lagun zakidaz

Iratxe Goikoetxea Langarika

Anonimo bidaltzaile bat dugu ETBn. Ikus-entzule batek mezu anonimoak bidaltzen dizkie Gaur Egun albistegiko aurkezleei. Mezu berdintsuak denak, jende kopuruetan pertsona erabiltzearen kontrakoak. Argibiderik gabeak, baina nahiko argiak. Honelakoxeak: 150 pertsona / 150 lagun.

Ikus-entzule horri belarriko mina egiten dio, antza, pertsona hitza zenbakiekin lotzeak. Gure etxean, ostera, tontobixkorkerian beti, lagun-ek zirikatzen ditu mihinak: «Suerte txarra da, gero! Istripuan 20 hil, eta danak lagunak izatea be!».

Inork ez du zalantzan jartzen lagun berbaren jatortasuna testuinguruotan. Baina are tradizio luzeagoa du pertsona-k, idatziz behintzat. OEHn jasotzen denez, XVI. mendetik hona erabili izan da, Leizarragagandik hasita. Berriagoa da lagun-en idatzizko erabilera, XIX. mende hasieratik dago dokumentatuta jende kopuruak aipatzeko.

Ez da hori lagun hitza «larri» dabilen eremu bakarra. Esaterako, bikote baten bi erdiak bata bestearekiko aipatzeko (galtzerdia eta laguna[1], pilotaria eta laguna…) lehiakide bi agertu zaizkio: bikotekide sortu berria eta bikote orojalea. Lehenengoa zuzentzat ematen dugu; bigarrena, ez, ordea.

Eta hala ere, aholkuak aholku, bikote nagusitu da euskaldun askoren ahotan. Eta ez da harritzekoa: gaztelaniazko pareja ispilu hipnotikoa da, eta bikote silaba bi laburragoa da bikotekide eta bikote lagun baino.

Dena dela, zenbat lagun hiztegian[2]! Okaran lapurren egiteko erru lagunak ere bai.

Lagunak, lagun zakidaz, okaranak gorriak dakidaz

Izenburuko esaldia Azkuek Elgetan jaso zuen esalege horretatik hartu dut. Negozio ona egiteko laguntza eske erabiltzen ei da, eta baditu atentzioa ematen duten osagaiak:

  • «Okaranak gorriak» esatea eta ez «okaran gorriak». Errima bako antzeko esalegeetan bestela agertzen da sintagma: Lagunak, lagun zakidaz okaran berdeak batzen (Azkue, Lekeitio).
  • Lagun izan aditz zaharra agertzea, nor-nori erregimenarekin, zabalago dabiltzan lagun egin edo lagundu Halako adibide urri dago erlijio testuetatik kanpo
  • «Lagunak» eta «zakidaz» berben arteko komunztadura falta. Zakidaze da plurala; halere, erraz gordeko litzateke errima laguna Errimarik ez, baina komunztadura zuzena dute Gotzon Garatek eta Antonio Zavalaren bildumetan jasotako aldaerek: Ene laguna, lagun zakidaz intxaur berdeak jaten (Zavala); Laguna, lagun zakidaz intxaur berdiak jaten (Garate). Azken honek emandako gaztelaniazko ordaina: El amigo más leal, más que en el bien te acompaña en el mal.

[1]  Hona hemen txapinen alargunen misterioa, argituta.

[2] Idazkeran, ordea, kontraesanak, betiko moduan: dantza-lagun, etxelagun, joko-lagun, mezalagun, ohelagun…

 

3 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Hiztegi terminologikoak

Maite Imaz Leunda

Hiztegi terminologikoak

Joan den otsailaren 11n Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 6 hiztegi trerminologiko aurkeztu zituen, besteak beste, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Miramon-Donostia).

Hiztegiak UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak eginak dira, entitate horrek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin (HPS) Euskalterm Terminologia Banku Publikoa eguneratzeko eta elikatzeko izenpetutako kontratuaren barruan. Kontratua HPSk eta IVAPek finantzatu dute, bi erakunde horiek sinatutako hitzarmenaren bidez. Hiztegien lehenengo lanketaren ondoren, hiztegi bakoitzari dagokion gaian adituak diren kideez osatutako batzorde teknikoek aztertu dituzte, eta azkenik, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeak eman die onespena. Terminologia finkatu, hedatu eta erabiltzeari buruz eta terminologiaren arloko lehentasunak ezartzeari buruz aholku emateko xedearekin eratu zen Euskararen Aholku Batzordearen barruan Terminologiako Batzorde-atal Berezia.

Hiztegiotan jasotako sarrera guztiak, paperean argitaratu baino lehenagotik ere (Terminologia Batzordeak onartuz geroztik) ikusgai zeuden Euskaltermen.

eusinboloak adierazten du termino jakin bat Terminologia Batzordeak onartutakoa dela.

Orain, paperean argitaratuta, eta batez ere, PDF formatuan erabilgarri ipinita webgunean, aukera daukagu hiztegiak bere osotasunean begiratzeko eta hiztegiaren lanketari buruzko informazio osagarriaren berri izateko: eremu-zuhaitza, parte hartu duten adituak, corpusa osatzeko erabili diren erreferentzia bibliografikoak…

Apatu nahi nuke Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa hiztegian jasangarri terminoa erabili dela, Ingurumen hiztegi entziklopedikoan egin zen modura:

kontsumo

Izan ere, hurrengo belaunaldien beharrak asetzeko aukerak arriskuan jarri gabe, oraingo belaunaldien beharrak asetzen dituen garapen ekonomiko eta soziala adierazteko, ingelesezko sustainable development terminoaren ordain gisa, Euskaltzaindiak garapen iraunkor terminoa hobetsi izanak, arazoak sortu zizkion Ingurumen hiztegi entziklopedikoa lantzen ari zen lantaldeari, eta gaia aztertzeko normalizazio-txostena egin ondoren, garapen jasangarri terminoaren alde egin zuen Terminologia Batzordeak.

Terminologia Batzordeak terminologiarekin lotura zuzenik ez duen lan berezi bat ere onartu berri du: Hizketa-ereduak. Lan horrek hainbat egoeratan erabili ahal izateko elkarrizketa-ereduak eskaintzen ditu. Terminologia-lana ez izan arren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari garrantzitsua iruditu zitzaion, erabilera orokorreko eta hiztun guztientzat den horrelako lan baten kasuan, Terminologia Batzordearen kalitatearen bermearen marka jartzea. Horregatik eraman zuten Hizketa-ereduak Terminologia Batzordera, onespena eman ziezaion. Hau ere webgunean, PDF formatuan eskuratu daiteke baina, jakina, ez dago Euskaltermen kontsultagai.

Iruzkin bat utzi

Maite Imaz atalean

Tren-tren 2 (edo euskal mintzakidegoa)

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Aurreko artikuluan egin nuen galderak hiru erantzun jaso ditu, zein bere gisakoa:

1: Tren-trenean ibiltzea benetako trenean ibiltzea litzateke batentzat, horretarako ulerbide zaizkiolarik entzunak dituen «olio-olioa» eta gaztelaniazko «harina-harina» moldeak.

2: Tren-trenean ibiltzea ongi ibiltzea litzateke, bestearentzat, guztiaren kontra egin beharretan ere, aitzin egiten lortzen duenaren adierazle, eta horretara esperientzia pertsonalak eraman du.

3: Tren-trenean ibiltzea eguneroko errepikatuan ibiltzearen adierazle litzateke hirugarrenarentzat, erdaratik harturik moldea.

Hiru erantzunak elkarrekin bateratu gabeko hiru bizipenen ondorio dira eta, batera ulertzeko bidea eskaintzen ez duten neurrian, ez dute «tren-tren» euskal hitz edo esamolde gisa hartzeko aukerarik ematen, bakoitza bere hizkuntzan ari baita, bakoitzak bere hizkuntza ezagutzatik, bere hizkuntza esperientziatik eta horien mugen barnean. «Tren-tren» beren barne gogoetetarako balia dezake bakoitzak, baina ez beste bi euskaldunekin komunikatzeko.

Abiapuntu izan liteke, ordea, baldin eta elkar adituz, hitz berri bat adosteko bidean abiatuko balira, bagina.

Peiloren egia irudituko zaio bati baino gehiagori orain arte esan dudana, alegia, hizkuntza adoste ahalegina dela, taldeka egiteko bat etortze lana, eta izendapenak lotuagoak direla talde asmo bati, jendeen arteko hurbiltze ahalegin bati, izendatuek dirdiratuko lituzketen funtsezko eta ezinbesteko izaera balizkoei baino.

Alabaina, tren-trenaren xelebrekeria hori ez da horren berezia, horren gure egunerokoarekin loturarik gabea. Tren tren hori, izendaturik ez duen izendapen huts gisa ageri dut hemen, baina, aurreko artikuluan esan nuenez, ez dut nik erabat asmatu; idatzirik ikusi eta ikusten dut, eta ikusi nuen lehen aldian nire hizkuntza esperientziekin talka egin zidanez –eta ikusten dudan bakoitzean oraindik ere egiten didanez–, besteei ere egiten ote zizuen jakin nahi nuen.

Nik galde egin dizuedan izendapen baten izendatua galdetu ordez, alderantziz egin ohi dela edo hala egin behar dela pentsatuko duzue, beharbada, hau da, izanik ez duena izendatzeko beharrik ez dela. Baina izendapenetik abiatzeko joera ez da horren berezi, horren bitxi, gure egunerokoan; bitxi da, ordea, zoritxarrez, izendatuaren maila apalera jaistea. Gutxitan galdetu ohi dugu «nola esaten zaio horri?» eta maiz, berriz, «nola esaten zaio euskaraz hitz horri?». Izendapenetik izendapenerako bide laster horretan, izendatuak izendatzeko ohitura galdu duen euskal mintzakidegoa bazter geratua zaigu, desegin eta desagertua, teteldurik, norbanako berberek osatzen dugun erdal mintzakideok alboratu baitugu.

Horregatik eskertzen diet arrapostua eman zidaten hiru mintzakideei, izendatuen bilatze jostaketara lotu izana, bai eta Isabel Etxeberriari bere azken artikuluan bere txiki handiaren asmamen handiaren berri eman izana, erabat galdurik ez garen argitxoa piztu baitzidan, ipurdia ere babes dezakegula jakitera emanez.

Iruzkin 1

Bakartxo Arrizabalaga atalean