Kultur, literatur, natur…

Martin Rezola Clemente

Duela zenbait urte, Berria egunkariak modu bitxi batez eman zuen Donostia 2016ko kultur hiriburu izendatzeari buruzko albistea. Bitxia diot, testu berean lau modutan agertzen zelako artikuluaren mamia: kultur hiriburua, kultura-hiriburua, kultura hiriburua eta hiriburu kulturala. Halako aukeraren maukera gehiegizkoa ez ote zen hizpide erabili genuen lankide batzuen artean, eta batek hala esan zuen: «Erne Donostiarekin aurrerantzean. Berak emango ahal digu tradiziotxo bat markatzeko aukera!».

Gauza jakina da Euskaltzaindiak aukeran utzi zuela elkarketan –a organikoa galtzea edo ez galtzea, -ia amaierako hitzetan eta beste sei hauetan: kultura, natura, literatura, hizkuntza, eliza eta burdina. Eta aukera hori zabalik utzi bazuen, pentsatzekoa da Euskaltzaindia gerora begira jarri zela nolabait, erabilerak argitu eta finkatuko zuelakoan horien arteko formarik gomendagarriena.

Hasieran aipaturiko prentsako artikulu hartatik sei urte igaro direnean, eta Donostiakoa begi aurrean dugun honetan, uste dut balorazio eta gogoeta txukun bat —edo ez hain txukuna— egiteko moduan gaudela. Niri hauxe atera zait:

Bat. Hiztegi arau-emaileetan, hiztegi terminologikoetan eta, nolabait esanda, erabilera formala duten inguramenduetan, argiro nagusitzen dira -a organikoari atxikitzen dioten elkarketak (marra eta guzti idatzita), sei horietatik lehenengo hiruretan, gutxienez (kultura, literatura eta natura).

Bi. Eguneroko erabilera apalagoan, ordea, prentsan, irratian… -a organikoa galtzen duten elkarketak gailentzen dira, alde handiz gainera. Ematen du kultura(-)eragile ez zaigula «ateratzen», eta askoz ere ohikoagoa da kultur eragile irakurtzea eta entzutea. Zalantza egiten duenak hortxe ditu eskura corpusak eta Interneteko bilatzaileak, konparatzeko: natura(-)zientziak / natur zientziak; literatura(-)kritika / literatur kritika; kultura(-)etxea / kultur etxea…

Hiru. Espontaneismoa gidaririk onena ez den arren, uste dut joera arau-emaileari ez ikusiarena eginez dabilen irizpide horrek baduela bere funtsa. Niri neuri, forma laburrak abantailatsuak iruditzen zaizkit. Gramatika kontuetan aditua ez naizenez gero, adibide pare batez baliatuko naiz zer esan nahi dudan azaltzeko. Zer dago, esaterako, idazpuru hauen azpian? (benetakoak dira):

  • Kultura politikaren oinarria
  • Kultura kontsentsua eta dudak

Beste adibide korapilatsuago bat. Zer dio esaldi honek?:

  • «Hizkuntza komunitatea kultura politika baterako unibertsotzat hartzea izendatu gabeko tabu txiki bat izan da hemen»

Lau. Baten batek esango du kasu ilunetan marrak laguntzen duela elkarketa antzematen, baina ahozkoan marrak «ikusezin» direnez, aukera horrek arazoaren erdia baino ez liguke konponduko. (Bide batez, elkarketa laburraren alde esango nuke gainetik kenduko genukeela marra bai / marra ez marrazaleen eta marrafoboen arteko gerra.)

Bost eta fini. Nire kezka da bi bideon arteko lubakia ez al den gero eta zabalagoa egingo. Orain corpusen eta araugintza terminologikoaren artean dagoen arrakala fin hori ez al den, denborarekin, sakan sakon bilakatuko. Edo, galdera zuzen eginda: Euskaltzaindiak elkarketarako hiru aukerak ontzat ematen baditu, eta erabilerak -a organikorik gabeko formak sendesten baditu, zergatik ari dira hiztegietan kultura-mugimendu gisako formak bakarrik proposatzen?

Azkenondoko. Kultura, natura eta literatura lehen osagai duten hitz elkartuei begira esandakoa berdin-berdin errepikatuko nuke hizkuntza / hizkuntz kasuan ere (eta burdina eta eliza hitzekin ere bai), baina ez naiz ausartzen, ez baitakit horretan corpusak-eta guztiz nire alde ditudan. (Hitzok idazten ari nintzela, Irten hizkuntzaren armairutik liburua etorri zait eskuetara, eta hor bai, hizkuntz lehenetsi dute Emun-ekoek[i].)

Azkenondo bis. Izenondo erreferentzial deiturikoez (hiriburu kulturala) ez dut ezer esan. Horiei ere tokia egitea behar-beharrezkoa iruditzen zait, jakina, batez ere testu teknikoetan.

________

[i] hizkuntz kontu (2 aldiz), hizkuntz kontzientzia (2), hizkuntz erabilera (2), hizkuntz portaera (7), hizkuntz pribilegioak (1), hizkuntz gaitasuna (1), hizkuntz akats (1), hizkuntz jarrera (4), hizkuntz izaera (1), hizkuntz konbergentzia (1), hizkuntz aukerak (1), hizkuntz eskubideak (2), hizkuntz dinamizatzailea (1), hizkuntz paisaia (1), hizkuntz ordezkapena, hizkuntz ohiturak (6), hizkuntz mendekotasuna (4), hizkuntz aldaketa (1), hizkuntz anormalizazioa (1), hizkuntz jokabidea (1), hizkuntz nagusikeria (1), hizkuntz sumisioa (1), hizkuntz asertibotasuna (1).

hizkuntza kontuak (2), hizkuntza portaera (5), hizkuntza nagusikeria (1), hizkuntza arazo (1), hizkuntza asertibitatea (1).

2 Replies to “Kultur, literatur, natur…”

  1. 2013ko apirilaren 15ean, “Alferrikako bikoiztasunak” izenburupean idatzi nuen blog honetan bertan orain Martinek aldezten duenaren kontrako iritzia. Hori du ona blog kolektibo honek: iritzi-trukerako plaza egokia izatea.
    Bokal-galeraren fenomeno hori XX. mendearen erdialdeaz geroztikoa da, nonbait, eta zabalduz joan zen. Eta baduke horretan zerikusia gipuzkerak (hori nire “teoria” da), eta gipuzkoar jatorriko idazle, kazetari eta abarren nagusitasuna euskara batuaren hasierako mundutxoan. Alegia, “gauz bat, hizkuntz bat” esaten dutenen/zutenen eragina.
    Adibidez, duela 25 bat urte, Elhuyarren sistematikoki erabiltzen zen “-kuntz” amaiera, “-kuntza” atzizkiaz osatutako hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai zirenean. Geroago etorri zen Euskaltzaindiaren araua. Eta, arau hori prestatzeko, galdetegi zabal bat egin zuen Euskaltzaindiak. 149 erantzun jaso zituen; haietatik erdiak baino nabarmen gehiago (zehazki, 86), Gipuzkoatik. Iparraldekoak, adibidez, 6 baino ez ziren izan. Erantzun horietan oinarriturik prestatu zuen Euskaltzaindiak araua.
    Badakigu hizkuntzetan erdia arau izaten dela eta beste erdia salbuespen. Alegia, askotan ez dagoela logika beterik. Hala ere, logika eta koherentzia lortzen saiatzeari ez zaio uko egin behar. Eta hor egiten du huts bikoiztasun horrek.
    Bukaera “-tura” duten hitz elkartuetan (ez “-dura” atzizkia), zer pribilegio dute “natura”, “literatura” eta “kultura” hitzek besteek ez dutena?
    Eta “akuikultura, kontrakultura, puerikultura” ere bai? “akuikultur ikastaroak” baina “akupuntura(-)ikastaroak”? Ala “kultura”rekin bakarrik?
    Zergatik “literatur saria” batetik baina “arkitektura(-)saria” edo “pintura(-) eta eskultura(-)saria” bestetik?
    “Zergatik, denak mailegu izanda, “natur ingurunea” baina “tortur zantzuak” ez?
    Eta “-kuntza” atzizkiaz osatutakoetan, zergatik salbuespena “hizkuntza” hitzarekin? Zer du hitz hitz horrek “hezkuntza” edo “hazkuntza” hitzek ez dutenik? Zergatik salbuespen bakar hori? (irakaskuntza, medikuntza, ernalkuntza, laguntza, aldakuntza, hobekuntza, antolakuntza, asmakuntza, aurkikuntza, ikaskuntza, berokuntza, eraikuntza, doikuntza, ebakuntza, errekuntza, gehikuntza…)
    Azken ohartxo bat Martinen “lau” puntuari. (“Marrafilo eta marrafoboen arteko gerra” hor egongo da, berdin, sei hitz horiekin era batera zein bestera jokatu). Marratxoak “ikusezin” dira ahozkoan, bai, baina prosodia ez: prosodia “entzungai” da. “hizkuntza komunitatea” eta “kultura politika” guztiz desberdin ahoskatu behar dira (eta ahoskatzen ditugu, ezta?) hitz-elkarte bat direnean eta elkarren ondoan egonda ere sintagma desberdinetan daudenean. Hori jendeak garbi ez badu (eta, bide batez, hori da hezkuntzaren munduan marratxoa aldezteko erabiltzen den arrazoi nagusietako bat: “txori izugarri bat” eta “txori-izugarri bat”), alferrik ariko gara hemen Martin eta biok, eta guztiok, azken -a kenduta zein marratxoa jarrita.

    Atsegin dut

  2. Alfontsok emandako informazioa osatzeko, interesgarria iruditzen zait berak aipatzen duen artikuluaren esteka hemen jartzea, han ere aldeko eta kontrako iritzi jakingarriak daude eta.

    “Alferreko bikoiztasunak”

    http://31eskutik.com/2013/04/15/alferrikako-bikoiztasunak-3/

    Alfontso zuzen dago: berez, ez dago arrazoi gramatikalik “kultur hiriburu” ontzat emateko eta “tortur zantzuak” gaitzesteko. Baina, hala ere, bigarrena ez du gaur egun inork idazten, eta lehendabizikoa gehienen hautua da.

    2013ko artikulu hartan honela zioen:

    «Kasu honetan ere, administrazioek egina dute hautua: Kultura Saila. Eta, EAEn behintzat, Natura Zientziak da irakasgaiaren izen ofiziala. Egia da “kultur ekintza” edo “literatur generoa” gisakoak ohikoak direla oraindik, baina bada garaia alferrikako bikoiztasun horiek desagerrarazteko.»

    Oso-oso ohikoak… oraindik. Ni horretan nago. Horrek ere bere pisua duela. Baina, ororen gainetik, egokiena bikoizketak desagerraraztea iruditzen zait neuri ere, bata ala bestea.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina