Artxikoak hilabeteka: abendua 2015

«Eskuarara ganbiatzea»

Gidor Bilbao

Joanes Etxeberri Sarakoak ganbiatu aditza erabiltzen du euskaraz latinezko traducere adierazteko, eta ganbiadura latinezko translatio hitzaren ordain gisa. Hala bildu du Orotariko Euskal Hiztegiak (ikusi kanbiatu eta kanbiadura sarrerak).

Aiora Jakak bildu zituen, bere tesiko bigarren kapituluan (Jaka 2012: 114-115), itzulpenari buruzko hainbat idazleren gogoetak aztertzean, Etxeberri Sarakoak 1718 inguruko Eskuararen Hatsapenak (hemendik aurrera EHats) lanean itzulpengintzari buruz idatzitakoak, hitzez hitzeko itzulpena baztertu eta zentzua itzultzearen garrantzia azpimarratzeko.

Itzulpenaz edo kanbiaduraz dihardugularik, niretzat bereziki interesgarria da Etxeberriren liburu horretako Irakurtzaileari ataleko zati hau (EHats 283-284):

Eztut jeusik neure baitharik ekharri, ez eta ere autoretan kausitzen ezten gauzarik iskiribatu. […] Nik egin dudan gauza da […] lehen autorek erran tuzten gauzei plegadura berri baten emaitea, edo hor-hemen banaturik zeudezinak elkhargana biltzea eta eskuarara ganbiatzea.

Uste dugu lerro horietan, hain zuzen, itzulingururik gabe aitortzen duela idazteko gaiak eta edukiak bilatzean (bere inventio edo asmatze-lanean) erabili duen estrategia nagusia: beste autore batzuen lanetan irakurri duena plegadura edo itxura berri batez idaztea. Koldo Mitxelenak 1970ean seinalatu zuen Etxeberri Sarakoa «admirador, seguidor, imitador y hasta transcriptor literal de Axular» zela, eta Patxi Altunak 1988an erakutsi zuen, Axularren testuak eta Etxeberrik harenetik harturikoak elkarren ondoan ipinita, zer den saratar sendagileak Sarako erretoreari zor diona.

Hemen gehiago interesatzen zaigu, ordea, beste hizkuntza batzuetatik «eskuarara ganbiatzea» erabaki duena. Are gehiago, iturria aitortu gabe egin duenetan, gaurko ikuspegitik akaso bitxia irudituko baitzaigu (edo ez!) iturri horietako batzuk aitzinentziklopediak izatea, eta hain zuzen «hor-hemen banaturik zeudezinak» autoreetatik zuzenean hartu beharrean aipu-bilduma, florilegio, polyanthea eta halako erreferentzia-lanetatik hartuak izatea.

Polita iruditzen zaigu, aipatu dugun jokabidearen adierazgarri, Sebastián de Covarrubiasen Tesoro de la lengua castellana o española (16111, 16732) hiztegiaren kasua. Etxeberrik behin aipatzen du Covarrubias autoritate gisa (EHats 70), baina beste askotan, aurkitu dugu haren gaztelaniazko testuak «eskuarara ganbiatzen». Hona adibide bat:

Los que sacan misterios de las letras, dizen que la a, dicha aleph cerca de los hebreos, se interpreta ‘doctrina’, ‘camino’ y ‘bienaventurança’; haziendo de todas tres significaciones un concepto, dizen: Doctrina legis est via ad beatitudinem aeternam. […] Los egypcios formaron su dios Canopo con esta letra a en la mano, en señal de su divinidad, como lo refieren muchos autores y lo pondera fray Joseph de Sigüença en la vida de San Geronimo, lib. I, fol. 16.

Letretarik misterio atheratzen dutenek diote aleph hebreoek deitzen dutenak erran nahi duela ‘dotrina’, ‘bidea’ eta ‘dohatsutasuna’. Eta hirur gauza hautarik atheratzen dutelarikan pentsamendu bat, diote: Doctrina legis est via ad beatitudinem aeternam. […] Egiptoarrek Kanopo bere jainko faltsuari eskuan ezartzen zioten a, haren jinkotasunaren seinaletzat. Hala diote hainitz autorek, eta, bereziki, Aita Joseph Singineok, Geronimo Sainduaren bizitzean (lib. 1, fol. 16).

Gaztelaniazko testua Covarrubiasena da (ikusi hiztegiko a letra) eta euskarazkoa Etxeberri Sarakoarena (EHats 136-138). Badakigu, gainera, Etxeberrik euskarazko hori, bere eskuizkribu osoa bezala, latinera ere itzuli zuela. Etxeberri Sarakoa euskal literaturaren historian ikasten dugu; ez al dugu ikasi behar euskal itzulpengintzaren historian?

Iruzkin 1

Gidor Bilbao atalean

Kaxotero fauxa

Estitxu Irisarri Egia

Atsegin ditut lagunek jartzen dizkidaten etxeko lanak. Gaur WhatsAppean nire filologo sena berriz ere martxan jartzeko aitzakia polita zekarren mezu bat jaso dut: «Filologa, etxeko lanak! Zer dira kaxotero eta fauxa euskara zaharrean?». Testuingururik gabe, hitz solteak. Halere, euskarari ezagutzen ez nizkion hitzak bilatzeari ekin diot. Lehenengo Google doneari eskatu diot laguntza, baina lekukotasun gutxi:

  • Gaztelaniaz: el peligro de acabar con el Irun “kaxotero” de siempre y convertir en una ciudad fria (Google-ren bilaketa bai, baina melodysoft webgunean aurkitu ezin izan dudan aipamena).
  • Euskañolez: Etxe hori zegon bezala VILLA ELOLA, dena txuris pintatuta, un hotelito kaxotero sin infulas IZANGO ZEN LA OSTIA (sic), (Fotolog, 2010).

Aitortuko dut: Irun toponimoa irakurtzeak hautsi du nire inozentzia. Serendipia. Neure buruarekin hizketan: Irun Frantziatik gertu dago… Ez da, bada, frantsesetik hartua izango?

Larousse hiztegian cachot hitzari buruz:

  • Cellule généralement située dans les sous-sols des prisons, où sont enfermés les détenus ayant enfreint le règlement intérieur; la punition elle-même.
  • Pièce exiguë où l’on enferme des personnes punies en les isolant.

Bai, ilusio-izarraren erpinak kamustu dira. Orotarikoan:

kaxot, kaxote. Calabozo. Eman zituen kaxotean eta zarratu zarozten oinak zephoetan. He Act 16, 24 (Lç presoindegi zolán, Dv barneko xoxan, Ker espetxe barru-barruan, IBk barru-barruko gelan). Kaxoterik lizunenak, lezerik phozoatuenak. Brtc 147. Ezta ihur ere / kaxot hartan sartüren. Xarlem 1024. Hileri kaxotin. Etch 182. Kaxote beltzenetan. Hb in BOEl 100. Tenploko presondegia khanbiatu zuten kaxot batetara. Elsb Fram 1

Euskara zaharra zioen lagunak… Euskara frantsestua edo frantses euskaldundua?

Fauxa hitzari ez diot hainbesteko birarik eman. Zuzenean frantsesetik eratorria zela pentsatu dut: faltsua edo igitaia. Beraz, hitz hauek ez ahazteko, hemendik aurrera horrelako kontuetan nire inozentzia hasieratik mozteko eta kaxotero fauxaren fauxa hitz-multzoa nire garuneko artxibategian gordetzeko, espetxe ilun bateko bazter batean azpijokoa maite duen eta eskuan igitaia duen kartzelazain zikin marmarti baten irudia sortu dut. Eta ez dakit zergatik, baina hori irudikatzea ez zait batere zaila egin.

Dena dela, oraindik beste zalantza bat gelditu zait argitzeke: aurkitutako gaur egungo adierak. Zer esan nahi dute Irun kaxotero eta hotelito kaxotero esapideek? Kasu horietan kaxotero eta abegikor parekoak al dira? Esapide fauxak ote dira? Izan ere, kaxotak orokorrean ez dira izaten hain eroso eta abegikor.

4 Iruzkin

Estitxu Irisarri atalean

Politikera ikasteko metodoa (2. maila)

Karlos del Olmo

Geure ikastaroaren bigarren ikasgaian, egun hegoaldeko mintzalekuetan moderno aritu ahal izateko ezinbestekoak diren beste trepeta batzuk. Ezin ukatuzkoa da, bestalde, eguneroko hizkera biziaren erakusle eta ikur direla horiek gehienak, baina gauza da bizi indar hori maileguan hartu dugula, eta maileguak ordaindu beharra duela zor. Eta zerez ari gara abonatzen mailegu hori, zein euskal txanpon emanda? Segituan agertzen diren lekukotasun guztiak saretik jasota daude, egileak aipatu ez arren, datu pertsonalak babestearen gaineko arauen ondorioz.

-«Bai ala bai»= hizkera demokratikoaren adibiderik ederrena. «Beroketa: bai ala bai», «Bai ala bai egin behar da».

-«Europa gehiago»= hona hemen soldata eta zerbitzu publikoak murriztu eta zergak handitzearen sinonimoa edo, kontrakotik, gaitz guztien sendabidea, nondik ere begiratzen diogun: «Europa gehiago, irtenbide gisa». «Europa berri bat behar dugu. Europa gehiago eta Espainia gutxiago». Europa bakarra da, eta ez dakit Europa bat baino gehiago edukita ezer konponduko dugunetz.

-«Meloia zabaltzea»= meloia Euskal Herriko baratzetako igali ezagun-ezaguna izanik, ez da harritzekoa horrelakoak entzun edo irakurtzea: «Nafarroan Aralarrek zabaldu du meloia», «Beldur handia ematen dit meloia zabaldu eta okerrera egiteak» (politikagintzaz eta gizarteaz ari da).

-»Mahaigaineratu»= inflazio handikoa, duela dozena bat urte heldu eta eroso-eroso sustraitu da-eta gure lur emankorrean, zenbateraino eta, berez, zail samar egin daitekeen zeozer bururatzeraino, alegia, galdera bat mahaigaineratzeraino: «Ildo horren baitan, eztabaida-taldeko lagun batek bere buruari egin ohi dion galdera mahaigaineratu du».

-«Pilota teilatuan egotea»= esangura argikoa da, baina politikarien eta politologoen ahoan lar agertzen da, tradiziozko beste aukera gehienak ia ordezkatzeraino: «Teilatuz teilatu doan pilota», «Erruaren pilota teilatu batetik bestera doa orain», «Pilota ETAren teilatu gainean dago, ez Gobernuarenean». «EAJk eta PPk diote pilota Elorzaren teilatuan dagoela».

-«Fitxa mugitzea»= mahaigaineko joko batekin erlazionaturik ei dago, eta atxikimendu handikoa da, teilatuko pilotaren antzera: «Lehen fitxa mugitu du (…)», «Madrilek mugitu du fitxa». «Gobernuak ‘fitxa mugitu’ behar duela dio EAk». Halere, ezin hobeto datoz horiek biak 31 eskutik deituriko koaderno elektroniko baterako.

-«Orri(alde)a pasatzea»= orri metaforiko bat, ahaztearekin eta barkatzearekin zerikusiduna, zelan edo halan: «Jendarteak hemen orria pasatu nahi du; azkar erran behar da», «Su-etenarekin eta Lizarra-Garazirekin, orrialdea pasatu genuela uste genuen», «Malko garratzez bizi izan ditugun hainbat gertakari mingotsen orrialdea pasatu eta bakeari aukera bat emateko abagunean gaudela deritzogu».

-«Errekorrido / ibilbide (ibilaldi) politikoa izatea»= nonbait, politikagintzan aurrera egiteko moduren bat izan dezakeen zerbaiten gainean esanda: «Proposamenak aurrean ibilbide politikoa dauka, baldin eta horretarako (…)», «ostiralean aurkeztutako planari ‘errekorrido handiegirik’ ikusten ez diotela nabarmentzen dute talde parlamentarioko kideek».

-«Kondairazkoa»= garaipen politikoak, golak, partidak eta abarrak «mitikoak» eta «kondairazkoak» izaten dira gaur egun. Kontua da kondairazkoa edo mitikoa den gauza bat ezin dela benetakoa izan, alegia, ez dela egiatan jazorikoa. «(…) ezin izan zuen Benficarekin titulurik eskuratu Europan. Menderaezina dirudi belaunaldiz belaunaldi piztuta iraun duen kondairaren sugarrak». «(…) garaipen garrantzitsuak lortu zituen, boxeoaren kondairaren parte ziren boxeolarien aurka». «Hala ere, gazteen artean gero eta desafektazio politiko handiagoa dagoelako kondaira desegin zuen (…)».

-«Enblematiko izatea»= ezein garaipen, manifestazio, parte-hartze eta abar historiko den modu bertsuan, gaurko hizkeran edozer ere izan daiteke «enblematiko»: «(…) aurten jai enblematiko horretan parte ez hartzea erabaki du, bere karguaren aitzakia jarrita». «Kontzienteki egin genuen izaera ‘enblematikoa’ ez zuen museoaren alde». «(…) azaldu du IV. Ingurumen Esparru Programak 75 jarduera dituela eta sei ekimen enblematiko». «Programarik enblematikoena, ezinduak gizarteratzeko, HELIOS da (…)». Sarritan, adierazgarri, nabarmen, deigarri, ospetsu, entzutetsu, ezagun… adirazi gura dute horiek guztiek.

-«Etorkizun(erako) plana»= ezin baita lehenaldirakoa izan, ezta? «Etorkizunerako plana da, gure uren egoera ekologiko ona (…)». «(…) iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko etorkizunerako plana aurkez dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute».

-«Gizarte(-)eragile»= esangura lausoko bikotea, azken buruan, banakoak zein taldeak izenda baititzake, testuinguruaren eta erabiltzailearen arabera. Beharbada, «gizarte zibila» bezain zentzugabekoa izan daiteke. «(…) sindikatuek eta ehundik gora gizarte eragilek irailaren 26rako Greba Orokorra iragarri dute». «Zortzi gizarte eragile akusazio gisa aurkeztu dira». «Ekonomi eta gizarte eragile garrantzitsuen partaidetza 2014-2016ko Industrializazio Planean (…)». «Udalak zein gizarte eragile desberdinek antolatutako ekintzak web orriko Agenda atalean topatuko dituzue».

Zertan esanik ez, mailegu bidez aberasten dute elkar hizkuntzek eta, hortaz, maileguak ez dira, bestelako barik, txarrak edo gaitzesgarriak. Baina, espezie inbaditzaile bihurtuz gero, euskararen ohiko flora eta fauna gal litezke. Horra zergatik honen «temati» jardun gai honen ingurukoekin.

Iruzkin 1

Karlos del Olmo atalean

Bola dabilen artean

Iratxe Goikoetxea Langarika

Urrutikoetxea eta Irujoren arteko kaiolako finalak aitzakia ona eman dit aspalditik plazaratu nahian nenbilen esaera bat hona ekartzeko.

Ziurrenik badakizue zer gertatu zen: Irujo, zuloa bilatu eta bilatu, 10-20raino aurreratu zen. Irabazita zeukan partida. Ia-ia. Eta irabaziak poltsikoan sumatuko zituzten ia-ia haren alde dirua jokatutakoek. Baina ustezko irabaziekin ez da fidatu behar, honelako atsotitzek ohartarazten dutenez: Arratsa etorri aurretik, ez aipatu egun ederrik. Ez altxa sarea arrain guztiak sartu artean. Idia baino lehen, ez erosi zintzarririk

Ezagunak dira esaerok, batez ere azkena, eta denak garaile jotzen denari zuzenduta daude. Eta ustezko galtzailea, zer?

10-20. Egoera horretan askok egingo zuten txil. Askok pentsatuko zuten ez zegoela zer eginik. Ez Urrutikoetxeak. Segurutik ez hitz hauekin, baina honelako zeozer pentsatuko zuen berak: Bola dabilen artean, ez dago txorrarik[1]. Hau da, azken-azkenera arte ez dela itxaropena galdu behar, ezin baita jakin nondik nora joko duten gauzek.

____

[1] Txorra bola jokoko esapidea da. Bola labur gelditzea da, atzeko enborra jo barik. Jokaldia balio barik uzten du, beraz. Lekuan-lekuan eta jokaeraren arabera, izen bat edo beste ematen zaio, eta horietako hainbat daude jasota Juan Jose Zorrilla Lopezek idatzitako Bola jokoa liburuan.

Atsotitza, berriz, Domingo Zuluaga zenak bildu zuen Ibarrangelu kantu eta kontu liburuan. Nik dakidala, ez dago beste inon era horretan jasota. Bai aldaera bat, Gotzon Garateren bilduman, beste adiera bat emanda: Dabillen bolie, ondo dabil txorra eiñ arte. (gazt. Piedra movediza no coge musgo).

Iruzkin 1

Iratxe Goikoetxea atalean