Artxikoak hilabeteka: ekaina 2015

-EKIKO izenlagunaren aldeko aldarria

Alfontso Mujika

Ahaztuxea dugu, edo baztertuxea, edo nahita zokoratua. Eta ez dakit zergatik. Horregatik egin nahi dut gaur aldarri -EKIKO izenlagunaren alde.

Gaia kokatzeko, ikus dezagun zer esaten duten bi estilo-liburu ezagunek.

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (Patxi Petrirena, Ikasmaterialen Aholku Batzordea, 2011), 172. or.

-ekiko, izenlagun eta batzuetan adizlagun

Gehienbat izenlagunak sortu ditu, oraintsu artean (…). Murritzagoa, eta Hegoaldera mugatua, izan du adizlagun-erabilera (…)

elkarrekiko solasak
lagunekiko harremanak
Estatu Batuek Libiarekiko harremanak eten dituzte
Jainkoarekiko ekinbidea
(…)

Izenlagun denean ere, -ekiko erabiltzeaz gain beste aukeraren bat dagoen pentsatzea komeni da: testuinguruaren arabera, bata edo bestea izan daiteke egokiago:

a. Lege-sistemarekiko mesfidantzaren…
b. Lege-sistemari dioten mesfidantzaren…

a. gorputzen urarekiko portaera
b. gorputzek zer portaera duten uraren aurrean

Labur landuta dago, baina garbi adierazten du -ekikok, batez ere, izenlagunak sortzen dituela. Adibideetan, dena dela, izen abstraktuei lotuta baino ez da ageri (solas, harreman, ekinbide, mesfidantza, portaera).

Euskal estilo libururantz (Xabier Alberdi, EHU, 2001), 127. or.

-EKIKO ATZIZKI KONPOSATUA

Atzizki honen inguruan bi eratako zalantzak era arazoak sortzen zaizkigu: a) alde batetik, murriztapen sintaktikoak daude (adizlagun gisa ere erabil ote daiteke?); b) beste aldetik, murriztapen semantikoak daude (zein ote dira forma konposatu honen balioak edo adierak). Aurrera baino lehen, esan dezagun Euskaltzaindiak ez duela gai honi buruzko arau edo irizpenik plazaratu.

(…)

Izenlagun erabilera

1a) “Bi norabideko erlazioa” adierazten duten izenak mugatuz (oinarrian –ekin kasu-marka): elkar, harreman, lokarri, tratu, jardun, elkarrizketa, solas, bizitza, adiskidetasun, batasun, guda, borroka, batzar, ibilaldi (…)

1b) “norabide bakarreko erlazioa” adierazten duten izenak mugatuz (gaztelaniaz, “para con…”, “en relación a…”, preposizio-sintagmen pareko izan daitekeena): eginkizun, obligazio, ardura, errespetu, eginbide, miserikordia, zor, pena, estimazio, obedientzia, amodio, debozio, jaiera, behar, eskubide, kreditu, gurari, zitalkeria, esker (…)

1c) Izen konkretuak mugatuz (sarritan, deskribapenetan). Erabilera hau XIX. mendetik aurrera dokumentatzen da, eta zenbait autorerengan bakarrik. Iparraldean erabili da gehien, eta Hegoaldeko euskaran ohikoagoak diren egitura batzuen baliokidea litzateke (-dun/-ko nahiz edun/ukan aditzaz baliatuz egindako perpaus erlatiboak).

  • Zaldi bakarrarekiko gurdia zan
  • Bat-batean agertzen zaizkigu, gizotsoak iduri, hiru begiekilako mamu beltz larri batzu
  • Han, ezkaratz-barneko athe hartan, ene lehenbiziko ikustaldian zitzitan bada agertu apez-jantziarekiko gizon ttipi gaztesko bat

(…)

Estilo-liburu horrek azalpen luze eta mamitsua eskaintzen dio -ekiko atzizkiari, batez ere adizlagun-erabilera berrien gehiegikerien inguruan. Eta 1b atalekoen gehiegizko erabilera ere kritikatzen du, gaztelaniazko “en relación a…” eta “con respecto a…” guztiak ordezkatzera igaro delako.

Gehiegikeriak eta desbideratzeak deskribatuta daude, eta ez diot horri heldu nahi, erabilera jatorrei baizik. Jatorra eta orokorra, izenlagun hori ez baita zoko-euskara, nonahiko euskara baizik: ekialdekoa (-ekilako), erdialdeko (-ekiko) eta mendebaldekoa (-gazko). Hona hemen literatura-tradizioko adibide bana:

  • Bidean heldu zirelarik, laminak erraiten dio emainari: Nola, lana zuk egin ondoan, hautatzerat emanen baitauzkitzute bi eltze, bat axalean urhearekin, bertzea axalean hautsarekin, hautaazu hautsarekilakoa, zeren urhea harek bakarrik izanen baitu barnean (Barbier).
  • …baita igaro bearko ere jasa andiarekiko ekaitz portitza (Iztueta).
  • Nire kotxiagazko abenturei jarraituez (Gerrikagoitia).

Egia da izen bati lotuta agertu beharrean izenondo bati lotuta agertzen denean ez dela ezinbesteko egitura, zilegia bada ere; baditu lehiakideak. Adibidez:

  • Zaldi bakarrarekiko gurdia = zaldi bakarreko gurdia
  • Soineko gorriarekiko neska = soineko gorriko neska = neska soineko gorriduna
  • Beste batzuetan, berriz, -ekiko ez erabiltzeagatik, perpus erlatiboak sortzen ditugu, esaldiak astunduz. Adibidez:
  • Arkabuzekiko erasoa.

Garbi dago –ko eta –dun aukerek ez digutela balio (arkabuzeko erasoa?? eraso arkabuzduna??). Halakoetan, perpaus erlatiboetara jo behar izaten dugu:

Arkabuzekin egindako erasoa / arkabuzak erabiliz egindako erasoa.

Egitura hori Iparraldekoa zein Hegoaldekoa da, eta ez da berria. Hala ere, gaur egungo testu estandarretan oso-oso gutxitan agertzen da izenlagun gisa izen konkretuekin. Dena dela, adibide ez gutxi aurkituko ditugu Euskaltzaindiaren lanetan. Adibidez, Euskaltzaindiaren hiztegian bertan:

  • Hiru pertsonarekiko adizkiak.
  • Arkabuzekiko erasoa.
  • Dunba handiarekiko mando lerro luzeak
  • Astoarekiko esneketari asko zetorren oraindik Hondarribira
  • Zaldunekiko erasoa.

Baita Euskaltzaindiaren EGLU lanetan ere (Beñat Oiartzabalen idazkera dela esango nuke):

datiboarekilako komunztadura, singularrekilako hondarkia, Ahal-ekilako perifrasi multzoak, aditz partizipioarekiko moldea, izenordain zehaztugabeekiko kontzesio perpausak, gertakari bururatuarekiko aldiberekotasuna…

Gaur egungo literatura arakaturik, agertzen dira, tarteka, horrelakoak, baina ez ugari. Ez dago desagertuta! (Jean Bordachar, Xubero; Lopez de Arana; Itxaro Borda; Pello Zabala; Jose Morales; Xabier Olarra; Monika Etxeberria; Patxi Zubizarreta; Oskar Arana; Fernando Rey; Patxi Iturritegi, Bernardo Atxaga, Koro Navarro, Matias Mujika, Juan Kruz Igarabide):

Goizean Xiberoko koralekiko meza / Emakume ile beltz hark artesia buru erdian zeukan eta mahuka zabalekiko jantzi berde argi bat soinean. / Berdez inguratutako argi arrosa eta morea ematen zuen arku elektriko baten azpian, laukiekiko jantzia zeukan gizona bi neskarekin gurutzatu zen. / Zain urdinekiko bere esku finez, amak zopa-platerkada bat ipini zuen mutilaren aurrean. / Behean, bi aldeetatik, kaleak argizko puntutxoez osatutako ilaretan barna luzatzen ziren, leiho beltzekiko eraikin karratuen artean. / Loak eta koltxoiek isuritako usain txarra limurtzen zen leiho estuekiko etxeetatik / Harri nabarra, adreilu gorria, errotulu gorri eta berdeekiko asfalto ñarñarkaria. / Jaka zuriarekiko gizona mahaira hurbildu zen. / Gizon gazteak marra gorri, berde eta urdinekiko gorbata zuen. / Pantaila lauarekiko telebista. / Gizonak oihukatu zion gontz erraldoiekiko borta astun eta beilegiaren atzealdean desagertu baino lehen. / Destinuaren aztarnak finkatzeko gai ez zen hosto zuriekiko liburua zen. / bihi gorrixkekiko patxaranak auskalo zenbat tripako-min sendatu dituen gure etxean…! / Ekuatore aldeko ludiaren gerriko horretatik ikus daitekeen elur iraunkorrekiko mendi bakar altua. / Zurezko kupula zaharrekiko eta erpin belztuekiko elizak. / Uda zein negu, inoiz irekitzen ez zituzten leiho txikiekiko gelatxo bat goiko solairuan. / Idazmahaiaren erdian estalki berdearekiko lanpara bat zegoen. / urrezko kirtenarekiko betaurrekoak. / belus horizko azalekiko koaderno mehe bat. / Ile zuriarekiko gizona. / Barraren ondoan ametsetan dagoen neskame atorra beltzarekiko hori. / marra gorri-urdinekiko galtzerdi zuriak. / maindire zuriekiko ohe batean lo egiteko. / begi beltz handiekiko haurren begitarteak. / leiho itxiekiko gelak. / belarrizulo iletsuekiko arlotea. / begi urduriekiko mutila. / bular txiki politak, titiburu tenteekikoak. / Makina bat amets egiten nuen pareta loredunekiko gelan. / Lehenbiziko solairuan egongela zegoen, besaulki handiekikoa./ letra urdinekiko ikonoa. / harri arrosa edo ia arrosekiko etxe hartan. / Neska handia eta mardula zen, esku itsusiekikoa. / beste bat betaurreko lodiekikoa. / Marra zuri eta gorriekiko korbata. / injinadore uniformearekiko gazte dotore bat. / Txinatar mamu bat, aurpegi zurbilarekikoa

Hor dago, bai. Ez da desagertu. Hala ere, ekuazioekiko problemak gisakoak ez erabiltzeko gomendioa ere iritsi zait aspaldi ez dela, eta ekuazioen problemak edo ekuazioak dituzten problemak erabiltzea aholkatu didate. Prentsa txarra du, nonbait, egitura horrek, herriarekiko harremanak, Jainkoarenganako jaiera eta gisako sintagma abstraktu eta “serioetarako” bakarrik balioko balu bezala.

4 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

Uste dugunetik dakigunera, bitxikeriatik normaltasunera

Gorka Lekaroz Mazizior

«¡Qué pintoresco!», bota zigun duela hainbat urte Gaztelako emakume ikasi samarrak atzerrirako bidaia batean, emaztea eta biok euskaraz mintzatu ohi ginela esanda. Euskara, ulertezinaren ulertezinez eta bitxiaren bitxiz normaltasun osoz erabil daitekeela sinesteak berak lanak ematen dituen hizkuntza. Euskaraz aritze hutsak autobus bete turista japoniar argazkizale erakarri beharko balitu bezala.

Topikoa besterik ez da nik japoniarrez erabili berri dudana, baina euskararen ingurumarian badira horrelako beste asko. Euskal Herritik landa jaiotako adiskide on batek, esaterako, urteetako harremana eta elkarrenganako errespetua gorabehera, ez du gaurdaino lortu euskarak luzaroan iradoki izan dion tasun topikoa («hostil») gogotik zeharo uxatzea. Nola edo hala, erraietaraino sarrarazitako zerbait omen da beretzat eta beste hainbatentzat.

Folklorismoak eragindako irudi oker baina arinak direla, edota mezu ilun eta mingarriagoa daramaten asmazioak, aski ezaguna da ezjakintasunaren hegalpean hazitako hamaikatxo erreakzio eragin izan duela –eta eragiten duela– euskarak kanpoan; ez derrigorrez gugandik oso urrun.

Kanpoan bakarrik, ordea? Gurean ez? Seguru asko, geu ere euskararen inguruko hainbat uste erdi ustel sinetsita bizi gara. Eta haietako zenbait pozarren eta harro sinetsita, esango nuke.

Euskara hizkuntza bitxi, ezohiko eta arrarotzat jo izan dute kanpotar ugarik historian zehar. Euskal hiztegirik zaharrena utzi zigun Aymeric Picaud erromesak beste anitzek jarraitu duten arrasto sakona utzi zuen Erdi Aroan:

Sique illos loqui audires, canum latrancium memorares
(Hizketan entzungo bazenie, zaunka ari diren zakurrez oroituko zinateke)

Ez ziren hitz gozoak izan, bistakoa da. Baina esaldi horri onartezin iritziko liokeen etxeko askok ere, ez al du Aymeric Picauden hitzei darien euskararen arrarotasun uste hori bera baliatzen, hizkuntzaren goresgarri oraingo honetan, jatorri ezagunik gabea, hain zaharra (?) edo besteak ez bezalakoa (??) izatea meritu bailitzan?

Eta ez dira zuzenak, gainera, euskara deskribatzeko (goratzeko zein gaitzesteko) erabili ohi diren argudio horietako asko; ez da egia beste guztien aldean hizkuntza arraroa, bakartua edo zaharra dela. Horren adibide da, esaterako, perpauseko elementuen arteko ordena. Horri dagokionez SOV hizkuntza da euskara (subject-object-verb), albo-hizkuntzak ez bezala:

Mikelek (S) sagarrak (O) jan zituen (V)
Mikel (S) comió (V) manzanas (O)

Euskararen ordena ez da inguruan ohikoa, beraz; baina pentsa genezakeen baino askoz arruntagoa da. Euskararen ezaugarri hori ez da horren bitxia, ezta hurrik eman ere. Are gehiago, euskararen hitz ordena da usuena, eta ez bizilagunena, Europa mendebaldeko txokotik aldendu eta mundu zabaleko mintzairei so eginez gero:

gorka mapaGorka datuak 3Gorriz adierazitako auzo-hizkuntzekin erkatuta ezohikoa da euskara (eta ez ditu nolanahiko auzoak, esan gabe doa); ez, ordea, munduko hizkuntzen aniztasunaren argitan ikusiz gero.

Badu euskarak hari normaltasunez begiratu beharra, etxetik bertatik hasita. Ez erabilera egunetik egunera normalizatuagoa izan dadin bakarrik; baita hizkuntza den gisan ikusteko ere –gainerakoen pareko beste bat bezala, alegia– eta jakintza berriarekin baino gehiago mito zaharrarekin lotutako alferrikako apaingarrien pisua arintzeko. Mezu hori helarazi zigun joan den otsailean argudio ederrak lagun zituela Ekaitz Santaziliak, 2015ean zehar Gasteizko Oihaneder Jauregian burutzen ari den Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera mintegiaren karietara.

UEUk eta Aziti Bihia elkarteak eskainita, euskararen, haren historiaren eta filologiaren inguruko ikerketak zertan diren jakiteko aukera ederra eskaintzen ari da abendura arte iraungo duen mintegia. Euskarari buruzko uste erdi ustel horiek ehundutako jantzi zaharrak erantzi eta bitxikeriatik normaltasunerako inolako urratsik emango bada, euskaldunok ekin behar genioke bide horri inork baino lehen. Gasteizkoa bezalako ekimenek erraztu egingo dute zalantzarik gabe ezinbesteko lan hori.

18 Iruzkin

Gorka Lekaroz atalean

Futboletik argia

Iñaki Segurola

Aspaldi honetan hizkuntzen gizarteko gorabeheren gainean argirik hoberena futbolaren mundutik etorri zaigula esango nuke nik. Gure moduko axkar-ustekoek gizakaxkar edo gizakoxkortzat hartu izan dugu maiz futboleko jende hori, baina aitortu beharra dago haietako batzuk bederen gai direla futbolaz kanpoko gauzen gainean gu baino askozaz garbikiago eta egokiago jarduteko. Adibide aski ezagun batzuk dakartzat lekuko.

(1) “EZ! ‘BERDIN DA’ EZ!” Raül Agnék esana, Gironako entrenatzailea zela. Aragoiko katalana da Agné, nolazpait esateko, eta Mekinentzan jaioa. Katalanez egindako galderari katalanez erantzuten ari zela, Oskako hirian, kazetari elebakar, belarrimotz edo bihotzustelek galdegin diote kastillanoz egiteko faborez, berdin dela eta kontua elkar ulertzea dela, eta orduan Agnék: “no lo entiendo esto… ¡no!, ¡’da igual’ no!, ¡’da igual’ no!… con el rollo… ¡no hay rueda de prensa!”. Eta jaiki eta martxa etxera. Ez dago garbiago hitzegiterik eta egiterik. Arrazoiak eskatzen dizkigute hizkuntza boteretsu edo erosora ez makurtzea esplikatzeko, hizkuntza eraginkorrenean ez etsitzeko, ustezko elkar-ulertze unibertsala zailtzeko. Arrazoi bakarra dago, eta oso astun edo pisuzkoa da: ez da berdin.

(2) “ZER DUK HIK?” Eibarko entrenatzaile Gaizka Garitanoren afera Almerian. Denek dakitena. “¿Pasa algo? ¿Pasa algo, o qué? ¿Pasa algo?” Ulertzen ez den hizkuntza (ahula) belarriz eta barnez ezin jasan eta purrustaka ari denari galdetu behar zaio: “zer duk hik?” edo “ze (ostia) gertatzen zaik?” Esango bagenu bezala: ahularen hitza ezin jasan baldin baduk, higan baduk okerren bat; oker zabaldua, oker ia normaltzakoa, baina okerra.

(3) “HAU ERRESPETU FALTA DA, JAUNAK!” Almeriako prentsaburu Juan José Morenok esana edo botea da, Garitanoren aferaren barruan, kazetari purrustagileei agiraka eginez. Ahularen libertate hitzezkoa urratu nahi lukeenarena da errespetu falta, eta ez, boteretik esaten den moduan, elkar-ulertze erraz edo merkea ustez zailtzen duenarena. Hau errespetu falta da; errespetu falta hau da.

(4) “HIZKUNTZA BAT DELAKO.” Josep Guardiola i Sala, entrenatzaile Munichen. Almeriako gorabeheren ondotik egindako adierazpenak, katalanetik itzuliak: “Lehentxoago edo gerotxoago lortuko dugu denek ulertzea munduan diren mila hizkuntzetan hitzegin daitekeela, eta katalana horietako bat da. Ez hizkuntza koofiziala delako; hitzegiten da hizkuntza bat delako, eta edozeinek hitzegin dezakeen hizkuntza da. Eta ulertzen ez bada, itzulpena egiten da. Ez dago arazorik”. Ez ‘eskubide bat delako’, ‘nazio bat garelako’, ‘garapen pertsonalarentzat ona delako’ edo auskalo zergatik edo zertarako. Ez: munduko edozein hizkuntzak eskatu bezala egiten du hitzegina izatea. “Eta ulertzen ez bada, itzulpena egiten da”: hortxe daukazue, itzultzaile jaun-andreok, zuen ofizioaren funtsa ezin garbikiago adierazia.

Mundua alde erantzira jantzia bezala. Egundo ez bezalako argia dator gugana futboletik, eta orain falta dena da, ordain moduan, ikusirik nola laguntzen zaigun futbolaren mundutik gure espirituko anabasa bere onera eta xuhurrera ekartzen, ordain moduan, beraz, faltako litzatekeena da gure moduko jendea izatea, nolazpait esateko eta adibidetxo bat besterik ez aitatzeagarik, ortzai[1] zergatik galarazten duten sekula ulertu ez dugun jende-modua izatea futbolaren izena daukan putetxe megamilioitsua bere onera, bere senera eta bere xuhurrera bihurtzen lagunduko lukeena. Alde erantzira jantzita, har lezake munduak ondu bat.

[1] Hola esaten diogu edo genion “jokoz kanpo” delakoari, ingelesezko off side euskarara egokiturik. Jakineko hitz-jokotxoa zuen berekin: “Ortzai? Nun eongoepa zai? Ortxe eon ber ba zai!”

Iruzkin bat utzi

Iñaki Segurola atalean