Artxikoak hilabeteka: apirila 2015

Izen arinak sendotzen direnean

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntza-gertakariak aztertzeko ikuspegiak eta motibazioak nabariki eragiten diete azterketari berari, karakterizazio- eta sailkapen-moduei eta, azken batean, gure ondorioei. Gaur hona ekarri nahi ditugun “izen arinak” hitz-elkarketa prozesuen ikuspegitik aztertu dira gure artean[1], baina beste hizkuntza batzuetako hizkuntzalarien arreta erakarri dute, besteak beste, diskurtso espezializatuaren azterketaren[2], erregistro espezializatuen jabekuntzaren[3], terminologiaren erauzketa automatikoaren[4] edota haien ezaugarri semantiko-pragmatikoen ikuspegitik[5]. Guretzat ikuspegi horiek guztiak dira interesgarriak, eta integratzen saiatuko gara oso azaleko hurbilketa baino ez den gogoeta txiki honetan.

Hurbilenetik hasita, hemen “izen arinak” esan diegunek Euskaltzaindiak mendekotasunezko hitz elkartuen barruan “mugakizun bereziko izen-elkarteak” atalean sartzen dituenetako batzuetan hartzen dute parte, zehazkiago, multzo-elkarteetan (multzo, talde, sorta…), zati-elkarteetan (zati, atal, izpi, mutur, hondar…) eta mota-elkarteetan (mota, klase, era, gisa, modu, molde…). Hitz-elkarteen mugakizun berezitzat hartzen ditu horiek Euskaltzaindiak hainbat arrazoirengatik[6]:

  • Maiztasun handiz hartzen dute parte hitz elkartuetan.
  • Aski esanahi zabala dute.
  • Zenbaitetan hitzez hitzeko esanahiaz gain, beste adiera batzuk ere hartzen dituzte.
  • Mugatzaile modura hitz elkartuak (mahats-pikor multzo, esne-koipe puska, baso-zuhaitz mota… ) edo izen-sintagmak (ke beltz mordo, gazta zahar pusketa…) izan ditzakete, eta horrek nabariki bereizten ditu bi osagaikoak izan ohi diren beste hitz elkartuetatik.
  • Koordinazio-egituretan ere agertu ohi dira maiz: ardi- eta abere-talde, urdai edo txorizo puska, formazio edo produkzio modu

Jokaera sintaktiko-semantikoa kontuan hartuta deritzegu “izen arinak”, hain zuzen ere ere, Grimshaw eta Mester-ek[7] definitutako light verb (aditz arin) kategoriarekin parekatu nahian. Kategoria semantiko arinen bereizgarria dateke semantikoki defektiboak izatea. Aditzen kasuan, beren osagarriari paper tematikoa ezartzeko ezintasunean bide datza defektibotasun hori, eta egoera edo gertaera bat adierazten duen osagarria behar dute predikatu sendoak osatzeko: harrikoa egin, hanka egin, min eman… Izen arinen kasuan, erreferentzialtasuna dateke ezaugarri defektiboa, eta beste izen edo izen-sintagma baten beharra bide dute diskurtsoan gauzatzeko.

Izen arinen defektibotasun semantikoa agerian geratzen da hizpide ditugun sekuentziak mendekotasunezko hitz elkartu arruntekin alderatzen ditugunean. Izan ere, mendekotasunezko izen elkartu arruntetan (1) eskuineko osagaiak (mugakizunak) darama erreferentzia eta, ezabatuz gero, bestelako erreferentzia (mugatzailearena) hartzen du hizkuntza-segidak: behi-esnea esnea da, eta ez behi eta esne-behi behi da eta ez esnea.

(1)
Behi-esnea erosi dugu. ~ Esnea erosi dugu. Behia erosi dugu.
Esne-behia erosi dugu. ~ Behia erosi dugu. Esnea erosi dugu.

Eskuinaldean izen arina daramaten hitz-elkarteetan (2), aldiz, hitz elkartu osoaren erreferentzia nagusia ezkerreko osagaiak darama, alegia, ikasle talde bat ikasleak dira eta gazta zati bat gazta da. Ezkerreko osagaia ezabatzen badugu, posible da izen arinaren erreferentzia eskuratzea testuingurutik. Hortaz, ikuspegi semantikotik honelako izen arinek hizkuntza-unitatearen burua baino modifikatzaile dirudite eta, ikuspegi diskurtsibotik, bakarrik erabiltzen direnean anafora izaera dute, erreferentzia testuingurutik berreskuratu behar baitute.

(2)
Ikasle talde bat dago han. ~ Ikasleak daude han. ~ Talde bat dago han.
Gazta zati bat emango didazu? ~ Gaztarik emango didazu. ~ Zati bat emango didazu

Baina hizpide ditugun izen horiek ez dute beti izen arin modura jokatzen, ezabatzearen probak agerian uzten duen bezala. Fenomeno hori Hiz-elkarketa/2 lanaren egileek ere azpimarratu dute, eta ereduzko jokaeratik urruntzen diren hitz elkartuak eguzki-lore arrunten taldean sartu behar direla diote. Adibidez, (3) adibidean, talde izenak ‘hainbat osagaiko multzoa’ zenbatzaile antzeko esanahia galtzen du eta, ezabatzen denean, singularreko izenak (zuzendaritza) bete dezake bere lekua. (4) adibidean, aldiz, urrats luzeagoa eman da esanahiaren sendotzean, izen elkartua ezin ordezka baitaiteke ezkerreko osagaiarekin:

(3)
Zuzendaritza-taldea bilduta dago. ~ Zuzendaritza bilduta dago. ~ Taldea bilduta dago.

(4)
Gure ikerketa-taldeak 20 kide ditu. ~ Gure taldeak 20 kide ditu. #Gure ikerketak 20 kide ditu.

Aztertzen ari garen izen horiek, beste askorekin batera (efektu, faktore, egoera, prozesu, sistema, sektore…), espezialitateko diskurtsoen eta terminologiaren zenbait azterketatan vocabulaire de soutien, semitermino edo paratermino deitu izan direnen artean sailka daitezke. Izan ere, bi ezaugarri partekatzen dituzte: a) maiztasun handiz agertzen dira diskurtso mota guztietan eta b) oso esanahi orokorra dute.

Diskurtso espezializatuaren ikuspuntutik, garrantzitsua da azpimarratzea esanahi orokorreko hiztegi-elementu horiek maiz balio espezializatuko elementuekin elkartu eta termino espezializatuak osatzen dituztela. Paratermino deritze halako jokaera dutenean. Adibidez, talde izenak paratermino modura jokatzen du Ekonomian enpresa-talde edo talde bertikal bezalako terminoak osatzen dituenean, baita Kimikan talde elektroi-emaile, talde haptoforo edo amino talde terminoen euskarri modura jokatzen duenean ere. Paratermino modura jokatzen du baita faktore izenak ere, Ingurumen Zientzietan faktore topografiko, faktore klimatiko, klima-faktore edo segurtasun-faktore terminoetan parte hartzen duenean edota Biologia Molekularrean transkripzio-faktore, aktibazio-faktore edo faktore erreumatoide terminoak osatzen dituenean. Paratermino jokaera horretan azpimarratzekoak dira hiru ezaugarri:

a) Esanahi orokorreko izenak, bakarrik dagoenean (talde, faktore), ez du aktibatzen balio espezializatua eta, beraz, ezin da terminotzat hartu. Euskarri modura erabiltzen da balio espezializatua duen hiztegi-elementu bati termino izaera emateko.

b) Diskurtsoan esanahi orokorreko izena bakarrik aurkitzen dugunean, balio anaforikoa du, eta termino osoaren diskurtso-aldakitzat hartu behar da, ez erabateko aldaki lexikotzat.

c) Espezialitate-alor batzuetan paratermino moduko erabilera horretan izenok erabilera orokorretan duten esanahia neurri handian mantentzen badute ere (enpresa-talde, faktore topografiko), beste espezialitate-alor batzuetan, aldaketa semantiko nabariak pairatzen dituzte. Adibidez, amino talde bezalako terminoek konposatu kimikoen atalak adierazten dituzte eta, transkripzio-faktore erako terminoek biomolekula mota jakin batzuk.

Baina post honetara ekarri ditugun izenek are urrats sendoagoa ematen dute, zenbaitetan, aldaketa semantikoan. Izan ere, espezialitate-alor batzuetan, bereziki abstrakzio mailarik altuenean kokatu ohi den Matematikaren alorrean, balio espezializatua aktibatu eta erabateko terminoak dira: multzo, talde, elementu, faktore eta funtzio besteak beste. Azken kasu honetan, izenok, bakarrik erabiltzen direnean ere, unitate lexiko sendoak dira eta ez anafora diskurtsiboak. Horretaz gain, beste termino askok bezala, termino konplexuak ere osatzen dituzte: talde isomorfiko, talde abeldar, faktore lineal, faktore integratzaile, funtzio sinusoidal, funtzio beherakor, multzo ganbil, multzo bornatu, multzo ireki, elementu alderanzgarri, elementu neutro

Hortaz, izen berak balio semantiko desberdinak aktiba ditzake diskurtso espezializatuetan eta hainbat jokaera erakutsi:

  1. Izen arina: animalia talde, irizpide mota, datu multzo
  2. Paraterminoa: enpresa-talde (Ekon.), amino talde (Kim.), datu-mota (Infor.)
  3. Terminoa: talde, multzo, talde abeldar, multzo ireki (Mat.)

Ondorio modura esan daiteke esanahi orokorra duten izen horien jokaeran sakontzeak garrantzi handia duela diskurtso-espezializatuen eraketa- eta interpretazio-arauen jabekuntzari laguntzeko irakaskuntza/ikaskuntza prozesuak diseinatzeari begira. Garrantzi handia dute baita termino-erauzle automatikoen doitasuna eta estaldura handitzeko estrategiak garatzeari begira eta terminografia-lanari begira, oro har.

Azkenik, izen horiek hitz elkartuetan parte hartzen dutenean, idazkeraren auzia ere badago. Euskal bibliografian mugakizun berezi esaten zaien izen horiek testu akademikoetan marrarik gabe idazteko proposamena egin da Zabalaren (1999)[8] eta Zubimendiren (2004)[9] lanetan, besteak beste. Semantikoki sendotzen direnenean, aldiz, marratxoa erabiltzea proposatu du Zubimendik. Post honetan azpimarratu nahi dugu marratxoaren erabilerak hizkuntza-unitateen balio terminologikoa nabarmentzeko diskurtsoan duen garrantzia. Ildo horretatik, izen arin modura jokatzen dutenean marratxorik gabe idaztea proposatu nahi dugu eta paratermino edo termino modura jokatzen dutenean, marratxoa erabiltzea esanahiaren sendotzea eta espezializazioa idazkeran islatzeko.

[1] AZKARATE; M. eta PEREZ GAZTELU, E. (2014) Hitz-elkarketa /2. LEF batzordearen emaitza. Euskaltzaindia

[2] DARBELNET, J. (1979) “Réflexion sur le discours judirique” Meta: journal des traducteurs,  24, 1, 1979: 26-35

[3] BLAISTEN, N. KORNFELD, L., MAZER, V. eta SIMONI, M.E. (1998) “Caracterización del funcionamiento de los semitérminos en el vocabulario especializado” In Terminologia desenvolvimiento e identidade nacional. VI Simposio Iberoamericano de Terminología (La Habana, 1998). Lisboa: ILTEC-Ediçoes Colibri, 2002.

[4] ESTOPÀ, R. eta LORENTE, M. (2008) “Los paratérminos en la extracción automática de terminología”. In. GLAT2008: Terminologie, discours, technologie, acteur sociaux. Brest: ENST Bretagne: 35-47

[5] ESTOPÀ, R. eta LORENTE, M. (2010) “De los aspectos semántico-pragmáticos de los paratérminos”. In. GLAT-LISBOA2010: Le multiculturalisme et le role des langues spécialisées. Brest: ENST Bretagne: 35-47

[6] Euskaltzaindiak arrazoi desberdinengatik sartzen ditu mugakizun berezikoen artean mota bateko eta besteko izen-elkarteak, baina hemen jomugan hartu ditugun hiru mota horiek bakarrik hartuko ditugu kontuan.

[7] GRIMSHAW, J. eta MESTER, A. (1988) “Light Verbs and θ-Marking”. Linguistic Inquiry 19(2): 205-232

[8] ZABALA, I. (1999) “Zehaztasuna eta gardentasuna” In. J.C. Odriozola (koord.) Zenbait gai euskara teknikoaren inguruan. Bilbo. EHUko Argitalpen Zerbitzua: 159-188

[9] ZUBIMENDI, J.R. (2004) Ortotipografia. Ikasmaterialen Aholku Batzordea. Estilo-liburuaren lehen atala. Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritza

Iruzkin 1

Igone Zabala atalean

“Extinct”

Iñaki Segurola

Neu ere idatzia nago inoiz euskara gure hau “ezin hilez dagoela bizirik”. Edo, zeharoko hizkuntza hila ez bada ere, badela “hizkuntza bukatua”. Edo hizkuntza batua edo batu-gurakoa ez ezik, hizkuntza “artxibatua” ere badela. Eta horiek denak hizkuntza gogoan dudala bota ditut nik gehienbat, oraindik erdi-bizirik dagoen tokietako hizkuntza gorria gogoan dudala, huraxe baita neri zinez inporta didana, eta ez letrakuntza edo kulturmunduko deshizkuntza zuri hau.

Goian aitatutako esan-modu horiezaz gainera, orain gehi nezake gure mintzo hau “hats-bizi” dela, garai batean esaten zuten moduan, eta esate horrek ederki uztartzen ditu bere baitan hizkuntzaren bizi ezina eta osotara hil ezina. Duvoisinek adieraziko digu zer esan nahi zuen hats-bizi horrek: “qui n’a plus que le souffle… hats-bizi da, il respire encore”; “doi doia hats-bizi da, il a à peine le souffle”.

Eta Axular batek ere sentitu zuen aspaldi euskara “ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe”. Eta beste asko mintzatu dira holatsu, eta atsekabez mintzatu dira, eta gara, eta ia ez dugu nabarmendu behar izan atsekabez mintzo ginela, zeren euskaraz ari baikinen, “barrutik” ari baikinen, eta beraz ezinak eta muzinak hartuak baitezpada.

Baina erori zait eskuetaraino Ibon Sarasola, gorazarre liburua (EHU 2015), eta han, 319. orrialdetik atzera, José Ignacio Hualde unibertsitateko ikertzailearen honako artikulu hau irakurtzen da: “Basque as an extinct language”. Eta ezin irentsi, aizue! Baina, bihotzondokoak utzi eta gogoetatzen hasita, ez al du ba Hualdek esaten beste askok esan duten eta dugun gauza bera edo bertsua? Bai eta ez, eta hortxe dago koska: guk ezjakinok, edo geure burua ezjakintzea maite dugunok, ez dugu uste “beste hitz batzuekin” gauza bera esan daitekeenik (eta jabetzen naiz itzultzaileen biltoki batean hau esatea bekatu haundia dena); ez bide dugu sinesten errealitate betean eta informazio hutsean, edo auskalo, baina Hualderen artikuluaren titulua bera ezin irentsia da guretzat.

Illinois-ko ezlekutik idazten du Hualdek, Urbana-Champaign izeneko bazter batetik. Eta bai, horiek ezlekuak eta bazterrak dira euskararentzat, baina ez munduaren gobernamenduarentzat, eta hargatik baliteke haren esanak beste karga edo astuntasun bat izatea guretzat. Eta darabilen hizkuntza ere ez da bazterrekoa munduarentzat, eta darabilen mintzamoldea ere ez, zeren unibertsitateko ikertzaileen hizkuntza bihozgabea baitarabil halabeharrez, burutsua bezain bihozgabea, edo, Wittgensteinen erara esanik, hizkuntza tonto-hotza. “My approach is simply to expose the facts without judging”, dio berak. Eta hala, euskara hizkuntza “extinct” edo itzali-akitu-agortua ote den hotz-hotzean aztertzea gauza “interesgarria” (sic) da harentzat: “it may be interesting to consider whether there is some sense in which the language has become or is becoming extinct in spite of the growing number of people who can speak it”. Iruditzen zait “kanpotik” jardute horrek, batere gupidarik gabe eta epai objektibo edo zientifiko baten eran “extinct” minberagarri hori bota izanak bihurtzen dutela Hualderen jarduna gure barruentzat ezin irentsia; eta minberagarria ez ezik, iraingarri edo laidogarria ere gertatzen da guretzat “extinct” hori. Extinct language: jakintza boteretsuak edo botere jakintsuak euskararen gainera egotzitako izendapen kondenatzaile bat dirudi, etsi-emailea eta errematekoa.

Gainerakoan, hor esaten dituen gauza askotxo dira argigarriak eta gogoan hartzeko modukoak. Euskaldun elebakarren galeraz edo elebitasunaren kalteaz, adibidez: “When a language has no monolingual speakers, it has ceased to function as an independent linguistic system. Subordination to another language is, of course, greater when most of its speakers are non only bilingual but tend to be dominant in another language”.

Edo hizkuntzak gauza berriak sortzeko edo bere gisa aldatzeko duen zailtasunaz edo ezinaz: “To the extent that we find a serious curtailment of the creative capacity of the language in giving rise to new expressions and shifting the meaning of words, independently of developments of other languages, I think it is appropriate to speak of extinction”. Eta aurrerago: “In the present situation Basque may have lost all vitality that could lead to the development of new non-borrowed expressions or new independent phonological phenomena. In this sense, the Basque language is in a state of semi-extinction in some specific areas where it is subordinated to other languages (Spanish or French) that serve as its sources of innovation”.

Estatistikako zenbakietan oinarritutako kontsolamendu motz batekin uzten gaitu Hualdek bere artikuluaren azkenean: “This extinction of its linguistic structures is compensed by the success of its social revitalization”. Kontsolamendu motza, hotza eta gorotza: euskahaldun galkorrak eta euskezindun ugalkorrak batera kontatzetik heldu dena.

“Extinct”? Etsi-etsian, bai; etsirik gabe, ez eta ez!

16 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Lapsus calami

Gorka Lekaroz Mazizior

lapsus

Psik. Hitz egitean edo idaztean hitz egokiaren ordez, beste bat, okerra, erabiltzea. Errakuntza idatzizkoa denean lapsus calami deritza.

Zorigaiztoko bidelagun ditugu denok idatzizko akatsak, baina batzuetan besteetan baino ondorio larriagoak ekar ditzake paperean edo pantailan isuritako errakuntzak. Ez da gauza bera erostekoen zerrendan garbikaria idatzi nahi zuenak garbaria idaztea —okerrenera jota, zer erosi nahi zuen ezin asmatu ibiliko da halakoa— eta ekaineko hautaproban erantzuna ongi zekien ikasleak elektroiak adierazi nahi eta oharkabean protoiak idaztea. Itzulpenak edota ikerketa-lanak prestatzen dituenarentzat, hizkuntza lanabes edo lanbide duenarentzat, gainbegiratua gainbegiratzera behartzen duen etsaia da lapsusa, areriorik gorrotatuena akaso, enegarren errebisioaren zirrikitu artetik ere agertzeko gauza baita.

Behinolako idatzizko lapsus askok, inork haien izatea ezin antzeman eta, betiko iraun dezakete. Tarteka, lapsusa baden ala ez den jakiterik ere ez dago; hapaxen inguruan, adibidez. Hizkuntza guztiek dituzte hapaxak, corpus idatzian behin besterik dokumentatu ez diren hitzak edo aldaerak. Esate baterako, 1502ko agiri baten bazterrean urte batzuk beranduago idazkera zabar samarrez esku anonimo batek idatzitako enasquea (‘el canal’) edo encapelua (‘el bastidor’) euskal hitzei dagokienez, nahiko lan izan omen dute adituek idatzitakoa hori dela, eta ez beste zerbait, erabakitzeko. Sekula ez dira gaur arte hitz horiek beste inon agertu. Guztiz zuzenak izan daitezke; baina tartean idatzi zituen eskuaren balizko akatsen bat egon bazen ere, nekez argudiatu ahal izango da horrelakorik lekukotasun berriek argitu ezean.

Beste batzuetan, lapsus calami baten eraginez sortutako uste erdi ustelak betiko ez, baina luzaroan iraun dezake, eta okerreko ondorioetara eraman, harik eta zerbaitek errakuntza agerian jarri arte. Horren erakusgarri, euskarazko egile zahar batekin lotuta dagoen adibidea ekarri nahi dut gaur hona.

Duela ia bi mende, hogeita sei urteko euskaldun bat apaiztu zen beste asko bezala Iruñeko gotzain-jauregian: 1827ko ekaina zen. Apaizgintza ostean, Orlagatu mendiaren magalean hazitako gazte nafar hark sorterritik gertu burutu ahal izan zuen lehendabiziko abade-lana: mendiaz bestaldeko Itzalle herrian, Zaraitzu ibarrean. 1827ko azaro partean ekin bide zion egitekoari. Apez gaztearen izena Francisco Benito Gil Tabar zen.

Herri euskalduna zen artean, gaur ez bezala, Gilek ezagutu zuen Itzalle hura; bere sorterria baino are euskaldunagoa. Itzallen gazteek bazekiten oraindik euskaraz, eta heldu zein adineko askok ez zuten beste hizkuntzarik erabiliko. Hori dela eta, ziur asko, euskarazko doktrina baten beharra sentitu zuen abade gazteak eliztarrak hezitzeko. Gustukorik eskura ez nonbait, eta Gilek berak ekin zion doktrina paperean jartzeari. 1827ko abenduaren 14an, lanaren izenburua izkiriatu zuen Itzalleko bikario berriak doktrinatxoaren lehendabiziko orrialdean:

Doctrina uscaras Dn Benito Gil escrivituric vere governuaren daco. Yzallen Avenduaren amalaurgarrenean, urte mila zazpitan eun eta ogei eta zazpietan.

Errakuntza potoloa utzi zuen ordea aurkezpen hartan, lehendabiziko lerroko ergatibo faltaz haratago. Idazkiaren data zehaztu nahi eta oharkabean ehun urte atzerago joan zen Gil, 1727ko abendura. Ondoren idatzi beharreko ogei eta zazpietan horrek aldez aurretiko akatsa eraginda? Hanka sartzea ez da arrazoitzen erraza… baina hanka sartzea bada, izan, eta ez nolanahikoa: Benito Gil 1801ean jaio zen, 1824tik aurrera hartu zituen eliz ordenak eta 1827tik 1833ra aritu zen Itzalleko abade, hainbat urte beranduago herri hartara bertara itzuli zelarik. Gilen inguruko albiste guztiak bezain XIX. mendekoa da erabili zuen hizki dotorea ere. Letra ez da noski artxiboetako albisteak bezain argudio objektiboa, baina harexek eragin zuen Gilek data oker eman izanaren lehendabiziko susmoa.

Itzalleko abadeari buruz ez genekien gaur arte hark doktrinatxoan idatzitakoa besterik; horrenbestez, Gilen lapsusak hura okerreko parametroen arabera sailkarazi digu. XVIII. mendekotzat genuena XIX.ekoa da, ez dagokio euskara zahar eta klasikoari (1600 eta 1745 bitartean idatzitakoari, alegia), ordutik 1890era arteko lehen euskara modernoari baizik.

Lapsusa ilunpetik atera izanak badu beste ondorio kronologiko bistakoa: aurrerantzean ezin esan Itzalleko doktrina zaraitzueraz idatzitako testurik zaharrena denik, badirelako XVIII. mendeko lekukotasun zenbait orain dakigunaren arabera Gilen testu hura baino aspaldikoagoak direnak. Baina denboran ez ezik, espazioan ere ekarri du ondoriorik lapsusa argitu nahirik idazlearengana hurbiltzeak: izan ere, Benito Gil ez zen ez Itzallekoa ez zaraitzuarra, pardixa baizik, Urraulgoitin sortua. Adoaingo Aita Esteban baino zazpi urte eskas zaharragoa, eta predikari kaputxino ezagunaren herri bereko kaleetan kozkortua. Egun hamar biztanle ere biltzen ez dituen Adoainek, bere txikian, bi idazle eman zizkion beraz euskarazko literaturari.

Benito Gilen biografia osatze bidean dago gaur. Egilea hobeto ezagutzeak eta hark idatzi testua datu berrien arabera berraztertzeak eman lezake agian Zaraitzu eta Urraulgoitiko mintzoen arteko harremanari buruzko argitasun berririk. Nolanahi ere, eta gaurko mintzagaira itzuliz, bada nire ustez honetan guztian hausnarketa interesgarria egiterik: zortzitik zazpira letra gutxi batzuk baino ez daude, zinez tarte txikia. Baina handia da batzuetan halako tarte txiki batek eragin dezakeen ustearen okerra.

7 Iruzkin

Gorka Lekaroz atalean