Artxikoak hilabeteka: otsaila 2015

Ez itzultzea

Iñaki Segurola

Itzulpenak indar haundia dauka gure munduan, baina, bitatik batean, kasik esango nuke ez itzultzeak daukala indar haundiagoa.

Itzulkizun batean zerbait itzuli gabe uzteak intsentsu berezi bat ematen dio zerbait horri.

Ez naiz ari hizkuntzalaritzak –hitz oso desegokiz– “mailegu” izenez deitzen dituen horietaz. Konparazio batera, euskaratik erdarara sartu dira, gehitxoago edo gutxitxoago aldaturik, ezker, akelarre, zulo, kokots, basaran, marmitako, pilotari, hordago, ikurrin eta beste mordoska bat. Ez ditut horiek gogoan.

Nik gogoan dauzkadanak dira zenbait ikerlari edo okerlari burtzorok egin ohi dituzten hitz-jokaldi funsgabekoak: “the basque etxea” (edo gogoa, edo gaupasa, edo zernahi), eta horien gisakoak. Jatorrizko hizkuntzan uzten den hori sublimehetua gelditzen da besterik gabe, eta hortik dator ez itzultzearen indar sortzaile edo asmatzailea.

Aita Barandiaranen (ezen ez “euskal”) mitologiaren erdia horrelatsu sortua da. Adibidez: gure Aita on horrek entzun zuen behin batean Markinan gaizkiñek (pluralean), eta hortik, erdarazko testuetan itzuli gabe utzirik, eta gainera norturik, Gaizkiñe izaki ustez mitologiko bat sortu edo asmatu zigun.

Ez itzultzeak ustezko ideia unibertsal sakon edo goitarrak sortzen ditu maiz: logos, mantra, tao, saudade, nirvana, Zeitgeist, software eta beste mila ez ote ditzakegu ikusi ezin baten edo nagi baten sorkari moduan?

Jolas egite aldera, jar gaitezen gu ere ideia unibertsalak sortzera. Eta galdezka hasiko gara. Zergatik edo nolatan gertatzen dira ustekabeko gauzak munduan? Ez dago erantzunik inon (fede edo ideia gizenetatik kanpora), eta hargatik esan ohi dugu gure euskara zintzoan: halaxe beharko zuen, edo halabeharrez, eta hola. Baina hizkuntzaren gainetik kultura gailenaren kontzeptuak daude, eta kontzeptu horien izenean eskatzen zaigu erabakitzeko gauzak eta gertakariak kausalitateari ala kasualitateari zor zaizkion: edo ezinbesteari edo zoriari. Kultura gailenaren kontzeptuek sortutako irudipena besterik ez da hori, zeren edonor konturatzen da ezinbestea zori bat dela eta zoria ezinbeste bat. Baina hiztegigile txarrek (hiztegigile onik ez dago munduan, sinistuidazue, eta neure burua barruan sartzen dut) ez dakite hitzek eta esaldiek diotena garbiki entzuten, eta amorratuak dira hitzak kontzeptu gailenen eskakizunetara makurrarazten eta bortxatzen. Eta hargatik irakurriko dugu gure hiztegi ofizialenean, halabehar dela “gertakizunak nahitaezko edo ezinbesteko egiten dituen gauza”. Ideia kultural gailen “garbiek” jan egiten dute hitzek eta esaldiek dezaketen edo zezaketentxoa.

Hiztegien indarrak nekeztu egiten dit gure benetako halabehar eder hau munduari saltzea. Halabehar is a basque curious and ambiguous concept that…”: holakoxeak nahi nituzke nik irakurri bazterretan, eta bereziki bazter intelektual sineskorretan. Jolasean eta barregarrizko planean beti ere, baina holaxe1. Ideia “garbien” izurria zeharo gailendu baino lehenago (edo, bestela esanda, euskarazko zainak barnagotik heltzen zigunean), bestelakoak eta errazagoak ziren gauzak, eta hala, Harriet-entzat adibidez, halabehar zen “la fatalité, le hasard”, bi esanahi emanez adierazten bide zuelarik ez zela ez bata eta ez bestea, edo biak batera zela; eta, bidenabar, erdararen ikuspegitik, fatalité eta hasard gauza bertsua direla funtsean, kontestu desberdinetan oso gauza bana badirudite ere.

Hiztegi txarrek (hiztegi onik ez dago, sinistuidazue: hitzek diotena umilki eta maitekiro entzun eta ideia gailenei beti entzungor egingo lieken gizakiak egina izan behar luke hiztegi onak, eta ez dakit holakorik dagoen eguzkiaren azpian), hiztegi txarrek, beraz, zaildu egiten didate itzuli ezineko halabehar (edo Halabehar) sakon sublimehe bat munduari saltzea.

Baina, ezinaren aringarri, beti geldituko zaigu Azpeitian Alabier baserria. Azkuek ere bazuen haren berri, eta idatzirik utzi zuen ezen holako izenak, Orrezpengo edo Ala bear (sic) bezalakoak, zirela “fantasías de algún chiflado puestas por nombre a algunas casas” (Morfología vasca 29 or.). Idatzirik utzi zuen, eta oso gaizki idatzirik utzi zuen. Okerlarien idatzien azpitik, jendeak badaki zergatik dagoen Alabier izeneko baserria Izarraitz aldeko ezleku malkartsu hartan. Fatalité? Hasard? Ez: halabeharrez.

_____________________________

1 Eta bide honetan ausarki beroturik, mundu intelektual motz horri erakutsiko nioke, konparazio batera, Jacques Monod-en Le hasard et la nécessité liburu famatu hura euskaraz aski dela Halabeharra tituluarekin itzultzea. Baina bero horiek uxatu eta errealitate errealera etorririk, esan beharra dago liburu hori Zoria eta beharrizana itzuli dela, baina Zoria eta halabeharra moduan gehiagotan dela aitatua, halabehar hitzaren bortxatze edo tribialtzeak hartaraturik.

Iruzkin bat utzi

Iñaki Segurola atalean

Antzinako egileak itzultzaile eta moldatzaile

Gorka Lekaroz Mazizior

Aspaldiko euskal idazleek utzitako testu-ondarea XXI. mendean ere apurka-apurka hedatuz doan arren, badakigu ez dela nahi genukeen bezain zabal, aspaldiko eta anitza. Urria da, hainbatetan konparagaiak falta direlarik; berriegia, Aro Modernoaz aurretiko gau luzean apenas argi-txinparta batzuk eskaintzeko modukoa; eta neurri handi batean literaturatik urrun ziren interesek eragindakoa, gainera. Are urriagoa litzateke, jakina, itzulpen-moldaketa diren lekuko idatziak alde batera utziko bagenitu. Besteren baratzekoa norberarenera eramate hori ohikoa da mundu zabalean, baina gurean itzulpenerako joera horrek badu zerikusirik testugintza eragin zuen arrazoi nagusiarekin: herri xehea fedean aitzinatzearren hainbat eta hainbat elizgizon euskaraz idaztera bultzatu zuen orduko erlijio-ikuspegi hertsiak berak ezinbestean eragin zuen ustez aldagaitza zen Jainkoaren hitza eta eliz autoritateen esanak zeuden-zeudenean ematea.

Leizarragaren lana da horren guztiaren adibiderik zaharrena. Testamentu Berriaren itzulpenari lotu zitzaionean, euskararen aniztasunak eta ordura arteko itzulpen-eredu ezak ulertarazi zioten aurrez aurre zuen erronkaren handitasuna. Lanari uko egiteko adinakoa, ia:

Guti falta zedin non ezpainendin xoil gibelera, nakusanean hanbatez ene entrepresa handiago, zenbatez nik eskribatu dudan lengoaje mota baita, esterilenetarik eta dibersenetarik: eta oraino, translationetan behinzat, usatu gabea.

Bazekarren ordea Leizarragaren egitekoak bestelako desafiorik ere, eta ez nolanahikoa: interpretaziorik edo desbideratzerik txikiena onartzen ez zuten testuinguru hartan testu sakratuak ortodoxiatik inola ere aldendu gabe euskaratu beharra, itxaronez horrela Joana erreginak emandako enkargua behar bezala beteko zuela,

Iainkoaren hitz purak ukanen luela sartze eta abanzamendu Heuskal-herrian: eta hunetakotzat zu Andrea, hunez zerbitzaturen zinadela tronpeta baten anzora, zeinez Iainkoak deitzen baitzaitu hala zure Nafarroako resuman ere Satani gerla egitera, nola egin eta egiten ere baitraukazu zure dominationeko berze leku guzietan.

Beskoiztarraren zenbat lan-ordu hartuko zituen agindutakoari zerion zorroztasun maila gehigarri hura eman eta Iainkoaren hitz pura zegoen-zegoenean itzultzeak? Arroxelan 1571n argitaratu liburuaren hasierako Heuskaldunei atalean lapurtarrak bere burua zuritu beharra sentitzeko bezainbeste bai, behintzat:

Iainkoaren hitz purari iarreikiteko desira dutenek, esporzu dugu eridenen dutela (suporturekin) zerzaz kontenta.

Jainkoaren hitza hedatzea eta Elizako doktore nagusiek emandako ikasbidea zabaltzeari horrenbesteko garrantzia eman zion gizarte hartan, Leizarraga bezala, ondorengo elizgizon idazle ugari izan ziren sortzaile baino itzultzaileago; eta moldatzaile ere bai haietako asko, eredua hitzez hitz isuri beharra hain ezinbestekoa (edo katekesirako hain komenigarria) ez zenean.

Hamaikatxo euskal itzulpen eragin duen ebanjelizazio testu klasikorik bada, Gaspar Astete jesuita gaztelarraren doktrina izango da beharbada. XVIII-XIXetan Irazustak, Mendiburuk, Elkanoko Lizarragak eta beste askok eta askok baliatu zuten eredu gisa. Asteteren egunetan Inkisizioak ezarritako mugarik hertsienak malguturik (debekatua zegoen XVI. mende amaieran herri-hizkuntzetako testu-sorkuntzan edo itzulpenetan ebanjelioetako pasarterik idaztea) askatasun handixeagoz jokatu ahal izan zuten geroko euskal idazle zaharrek, baina eliztiarrek galdera-erantzun bidez ikasi beharreko doktrinek ez zuten itzultzailearen moldaketa-lanerako tarte handiegirik uzten.

Doktrinak bezala buruz ikastekoak ez ziren beste testu mota batzuetan, ordea, komenigarriagoa izan zitekeen jatorrizkoa hitzez hitz isuri beharrean tokian tokiko fededunen egoera kontuan hartzea, eta moldaketarako tarte handiagoa egongo zen. Horrelakoak dira, esaterako, ezkontzera zihoazenentzako testuak. Rituale Romanum izeneko erlijio-idazki multzoak biltzen zituen, beste askoren artean, ezkontideei irakurri beharreko deiak, baina Espainiako tradizioan dei haiek eliztiarren hizkuntzan irakurtzeko ohitura zegoen, ez latinez; eta herri euskaldun elebakarretako bikarioek horren araberako euskal bertsioak behar zituzten. Testuinguru horretan txertatu beharra dago ezkontideentzako dei horien hainbat euskal moldaketa agertu izana, garai eta inguru bertsuari dagozkionak; Erritualaren edizio ezberdinak izango zituzten ausaz oinarrian, baina horretaz gain egileen moldaketa-borondatearen isla ere badirudite:

Ematendu gracie errecibitcinduenari conciencie garbierequi; garaizentu ezconduen ertean izeten diren dificultade, eta pesadumbre guciec, eta ematendu gracie cumplizeco Matrimonio sanduec dituen cargac, eta obliguecioac (Nuin, Txulapain, 1826)

Lan ontara conciencia garbiequi, ta ongui prestatuta elduderenei, ematen diote Jaung[oico]ac elcarren artean baquean vicitzeco, vici modu ontan izan oi deren neque, trabaju, ta naigabeac ariñ eremateco, ta beren gain arcen duten obliguecioari cobru emateco, behar duten gracia (Untzu, Txulapain, 1800 ingurua).

Anima garbiarequin recibizen duenei, ematen diote gracia garaiceco Estadu-onec verequin dacazquien gaiz, eta nequeac (Sorauren, Ezkabarte, 1800 ingurua).

Komenigarria zen testu haietan unean uneko entzuleen nondik norakoa kontuan hartu eta esan beharrekoak haiei egokitzea; baina aldi berean ez ziren gutxi izango (zehaztasun beharrak, zuzentasun-egarriak edo erosotasun hutsak eraginda) ebanjelizazio lanean besteren esanak ziren-zirenean ematera joko zuten elizgizonak. Horrexegatik, XVIII-XIX. mendeetako sermoigintza-lanetan itzulpen eta moldaketa ugari dago, zalantzarik gabe. Zaila da ordea jakitea zein testu edota egile izan zituzten eredu ohikoago guregana iritsi diren lan haien guztien idazleek.

Honekin guztiarekin lotu daiteke Miguel Ignacio Armasa nafarraren adibidea. Domingotarra zen Armasa (Labaien, 1770-1814), eta ezaguna da Santo Domingok sortu zuen ordenak (ordo prædicatorum delakoak) predikaziorako isuri handia izan duela betidanik. Alcalan ikasle ibilitako Teologia-irakaslea zen gainera labaiendarra, eta pentsatzekoa da gizon irakurria eta ikasia izango zela: ez da harritzekoa, horrenbestez, leku eta hizkuntza ezberdinetan —Kantabrian, Araban, Nafarroan, gaztelaniaz zein euskaraz— esan zituen sermoiak agertu izana.

Bistakoa da euskarazko idazkietan eredu bat baino gehiago izan zuela; haien artetik XVI. mendeko Frai Luis de Granada da nik hona ekarri nahi dudana, Armasaren inspirazio-iturri argia izateaz gain sarritan aipatu delako egile hark Axularrengan izan bide zuen eragina ere. Domingotarra zen Granadakoa, Armasa bezala, eta aspaldikoa izan arren ordenakideen artean itzal handikoa zenez ulergarria litzateke Labaiengoarentzat lehen mailako erreferentzia izatea. Erraz eskuratuko zituen Armasak Granadakoaren lanak, Alcalan ikasi zuenean edo baita Iruñeko komunitatean bertan ere: XVII. mendean ez bezala, argitalpen ugari izan zuten XVIII.enean Frai Luisen testuek, eta guztiak eman zituzten argitara Nafarroako hiriburuan bertan 1780 eta 1800 bitartean.

Granadakoak Armasaren predikuetan utzi zuen oihartzuna hainbat eratakoa izan zen. Batzuetan Labaiengoak maisuak erabilitako irudi batzuk kopiatu besterik egin ez zuela ematen du —eragin hauek dira nire ustez harrapatzen zailenak, lausoagoak eta dudazkoagoak baitira—. Beste batzuetan Frai Luisen meditazio-obretako pasarte osoak hartu eta haien moldaketa egin zuen domingotar nafarrak, jatorrizkoa bere uztako gaiekin osatuz; tarteka, azkenik, zorrotzago eman zituen Granadakoak idatzitakoak, itzulpen hutsetik askoz ere hurbilago:

Durará este galardon tantos millares de años, quantas estrellas hay en el cielo, y mucho mas. Durará tantas centenas de millares de años, quantas gotas de agua han llovido y lloverán sobre la tierra, y mucho mas. Durará mientras Dios durare, que será en los siglos de los siglos (F. L. Granadakoa, 1554).

Premio arc, bada, gloria arc iraunen dú amberce milla urte cembat izar diren ceyruan, tá gueyago. Yraunen dú amberce milla urte cembat ur tanta erori diren lurrara, tá gueyago. Ytz batean, iraunen dú Jangoycoac berac iraunen duen adiña, iraunen dú eternidade gucian (M. I. Armasa, 1810).

XVII. mendeko Axularren testugintzan bezala, XIX.aren hasierakoan ere Granadakoak, eta oro har Urrezko Mendean literatura aszetikoa landu zuten idazleek gurean izan zuten eragina erakusten digu Miguel Ignacio Armasak. Zuzeneko eragina, baina zeharkakoa ere bai: 1830eko hamarkadan, domingotarra ordurako hilik, Jose Ignacio Armasa iloba apaiztu berriak osabaren testu batzuk hitzez hitz kopiatuz sortu zituen bere lehendabiziko sermoiak, Frai Luisen arrastoa bertan eramanez. Gai interesgarria litzateke erdaratiko erlijio-itzulpen haietako askok euskararen baitan egin zuten ibilbidea aztertzea, ibilbide hori argitzen erraza ez den arren: Labaiendik hurbil, Bertizaranako Lakoizketa apaizak berean gorde zituen XIX. mendeko predikuen artean, bada Armasak Granadakoari hartuta moldatu zituen irudiak dakartzanik ere. Erdarazko original klasiko bera izango zuen eredu Bertizaranakoak, ala Labaiengo oihartzun berriagoaren eraginez sortuko zen?

Iruzkin bat utzi

Gorka Lekaroz atalean

Euskalkien «osasunaz»

Irantzu Epelde Zendoia

Hemengo (Irun-Hondarribiko) euskalkiaren ‘osasunaz’ galdetu zidan lehengoan kazetari gazte batek. Irunero aldizkarian egiten du lana, eta ezagun zuen gaia interesatzen zaiona. Mmm… Ea urtebete barru-edo orain baino ideia garbiagoa izateko gai garen hemengo euskalkiaren nondik norakoaz. Bien bitartean, asmoez bakarrik daukat zerbait esatea.

Gauza ezaguna da hizkuntzak, gizarte ekoizpenak diren aldetik, beti aldatuz doazela eta horien ezaugarrietako bat dela denboran etengabe aldaketak izatea, nahiz aldaketa horiek maiz ez diren hiztunen borondatez gertatzen.

Azken urteetan interes berezia piztu da azken hamarkadetako aldaketa soziologiko eta soziolinguistiko nabarmenek hizkuntzaren egituran ekar ditzaketen berrikuntzak bildu eta aztertzeko. Aldaketa soziolinguistiko horien bilakaera kontuan hartzea erabakigarria da hizkuntzaren barruko dinamikak ulertzeko.

Euskararen kasuan, euskalki tradizionalak eta euskara estandarra landu izan dira azken hamarkadetan, baina euskararen errealitate soziolinguistikoa izugarri aldatu da azken hogeita hamar urteetan, ez bakarrik tokien arabera hiztunen kopuruetan gertatu diren gorabeherengatik, baita bestalde euskara gorde dutenen artean ere euskararen transmisioa ez delako orain arteko baldintzetan egin. Mendeetan zehar iraun duen bizimodua goitik behera aldatu da, 1960tik hona gehienbat. Gaur egungo komunikabide eta garraiobideei esker, erraz eta maiz joan gaitezke edozein tokitara, eta, hedabideei esker, geure etxetik irten gabe entzun dezakegu edozein alderditako euskara. Dudarik gabe, euskara batzea eta berdintzea ekarri du aldakuntza giro honek.

Berdintze hori zenbateraino gertatu den, Euskal Herri osoan ikusi beharko litzateke, eta interes berezia luke belaunaldi guztiak kontuan hartuz egiteak, baina abiatu besterik ez gara egin alor honetan. Oraintxe, Irungo Udaleko Euskara Sailarekin lankidetzan, Hondarribiko eta Irungo gazteekin lan egin ahal izango dugu, eta, hiztun horiengandik jasoko ditugun datuei esker, gure garaiko hiztun talde gazte honen gramatika-ezagutzaren eta lexikoaren parte bat bilduko da, gerora, denboran aldaketak nola doazen ikusi ahal izateko.

Egitasmo hau ahotsezko datuetan oinarrituko da erabat. Bakarkako elkarrizketen bitartez, helburua da lehen eskuko datuak bildu ahal izatea. Gaur egungo hiztunen gramatiketan ager daitezkeen fenomenoen berri izateko, soziolinguistikoki ezaugarri desberdinak dituzten hiztun motak hartu behar dira kontuan. Desberdintasun horretako eragile nagusiak hiru dira: adina, bizitokiaren ingurumena (euskararen gizarte presentzia, hiri txikiagoetan eta baserrialdean handiago izanez), eta euskarak eskolatzean izan duen tokia (hiztuna murgiltze sisteman –D ereduan– ibilitakoa den edo ez).

Adin tarteari dagokionez, 30-40 urte arteko hiztunak hartzearen aldeko hautua egin da, besteren artean ondoko arrazoiengatik: i) interes berezikoa iruditzen zaigulako eskolatze osoa murgiltze sisteman egin dutenen hizkera D ereduan ibili ez direnekin konparatu ahal izatea; ii) D ereduan eskolatu ziren gazte horiek euskara batuan jaso zutelako eskolatzearen parte handi bat (ez Haur Hezkuntzan, baina bai Lehen eta Bigarren Hezkuntzan).

Bada aintzat hartu beharreko beste kontu bat ere: ikastolak, ikastetxeek, hedabideek eta bestelako mugimenduek euskara batua ekarri dute euskaltegi, eskola eta hedabideetara. Gaurko hiztun euskaldunek, bakoitzak izan duen ibilbidearen arabera, hartu-eman gehiago edo gutxiago izan dute euskara estandarrarekin, eta kontaktu horren bizitasunak zuzeneko lotura du euskalkia gehiago, gutxiago, estandarrarekin nahasiago edo batere ez erabiltzearekin. Egitasmo hau hizkuntzaren erabilera mota horiek denak kontuan hartuz gauzatu nahi da, eta egungo hiztun gazte horiek euskara baliatzean dituzten egitura gramatikalen eta hiztegiaren bilduma bat eskaini nahi da. Bailarako ahozko hizkuntza bizia entzuteko aukera ere eskainiko da lanaren bitartez, baina oraingo honetan eta lehendabiziko aldiz gure eskualdean, belaunaldi gazteago bati ahotsa emanez.

Ea datorren urtean Irunero-ko kazetariak galdetu zigunari erantzunen bat emateko moduan gauden…

Iruzkin 1

Irantzu Epelde atalean

«Vousêtsouvert»

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Supermerkatuak zabalik duen ordainleku bakarrean, ilaran zain garenotan azkena naiz. Ondoko ordainlekuan, kutxazain bat, bakarrik, bere gauzetan ari, joateko biltze lanetan; argi da. Heldu zait gibelera emazte bat, une batez gelditu edo antzeko egin eta hor bota dio, berehalakoan, ondoko ordainlekuko kutxazain hari, izenburuak dioen hori, hau da, euskarara ekarriz, halako «Zabalik zara?» edo, baldin eta hemengo alde honetan ari bagara, eta horko alde horretan arituz gero, berriz, ahal beste hurbilduz: «Zabalik zaude?» eta, luzeago utziz gero soka: «Irekita zaude?» edo.

Maiz entzuten ditut jendeak gure euskara gaixoak jasaten dituen ostikoez kexu eta arrangura, gure kasua munduko gaiztoena, mingots eta lakarrena bailitzan, baina hizkuntza orotan egiten ditu denborak, eraikuntza finenetan ere, koplarik gabeko suntsidurak, eta kopletan, berriz, errukirik gabeko deboilamenduak. Frantsesentzat munduko hizkuntza bakarra izan ohi den frantses hizkuntza hori ez da hortik salbu, noski. Biziko bada, eguneratu besterik ez du, gureak bezala, hau da: egun garrantzia duten mezuak eman behar ditu eta ez besterik. Ekonomiaren legea hizkuntzen konstituzioko lehen kapitulua omen da eta ekonomia lege den gizartean, ekonomiaren ekonomia egitera beharturik da hizkuntza oro, haren menpeko garenon menpeko.

Aipatu kasura berriro etorririk, esamolde hiperekonomo horri so eginik, galdera egiteko, frantsesez, baieztapenean erabiltzen den ordenaren alderantzikatzea (Vous êtes… > Êtes vous… ?) ez egin izana ez nuke aipatu ere egin beharko, zeren horren ez egitea hain bihurtu da lege ezen –alde batera utzirik frantses hizkuntzaren akademiak oraindik horretara behartzen duela–, frantsesa hizkuntza ikasia eta ez berezkoa duenaren seinale baita gaur egunean. Galderak galduak zaizkigu segurtasunen mundu positibista honetan; alferrik da ezer galdetzea, benetan galdetzea, hau da, erantzuleari erantzukizuna utzi eta nahi dugunaz beste erantzuteko aukera ematea; entzun nahi duguna galdetzen dugu eta horren baieztapena besterik ez dugu nahi. Deusetarako balio ez duen eraikuntza huts geratu eta haize alferrak eraitsi du galdera, besteaz zerbait jakin nahia bera bezalaxe eta harekin batera. Hondakin horren gainean gabiltza aspaldi, baina beste molde berriak –«zabalik zara?» horrek– garai berriak uzten dizkigu agerian, hau da,  industriaren garapenak makina erabiltzen zuen makinista sortu zuen bezala, orain, makinista bera makina bilakatzen den garaian garela erakusten digu. Makinak beren artean mintzatzen hasiak diren bezalaxe hasiak gara gu ere mintzatzen, geure artean eta makinekin, batzuen eta besteen artean bereiztera ere iritsi gabe.

Utzi dio pasatzen; jarri ditu gauzak uhal garraiatzailean; ttar-ttar-ttar, aitzinatu dira erosgaiak; kutxazainak pasa ditu, banan-banan; irakurgailuak irakurri ditu, banan-banan: pin, pin, pin…; erosleak atera du ordaintxartela; sartu du ordaingailuan.

–Kodea saka!

Sakatu ditu, banan-banan, zenbakiak.

–Txartela har!

Hartu du; kutxazainak ordaintxartela eman dio, hartu du; milesker.

4 Iruzkin

Bakartxo Arrizabalaga atalean

Euskarazko terminologiaren gainegituraz (edo gainegiturarik ezaz)

Alfontso Mujika

Urtarrilaren 26an, bere arrangura adierazi zigun Mikel Tabernak blog honetan, “Maiatza noiz iritsiko” izeneko idazkian, Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak 2012an argitaratutako Hauteskundeen hiztegia obran agertzen ziren euskarazko termino batzuen kariaz. Baina haren arranguraren zio nagusia ez zen desadostasun terminologikoa, baizik eta, aukera izanik ere, zergatik ez zaien aukera eman arlo horretan Nafarroan aritzen direnei terminologia-lan horretan iritzia emateko edo parte hartzeko.

Luze hitz egin liteke Eusko Jaurlaritzak terminologiaren sustapenaz eta kudeaketaz duen ikuspegi nire iritziz zurrunari buruz, errealitate berez poliedrikoari (terminologiaren sortzaileak eta erabiltzaileak, gaur egun, ez dira bat edo bi, zorionez, eta ez gaude duela 15 urte bezala) ikuspegi pixka bat estu, lau eta norabide bakarrekoaz erantzuten baitio nola kudeaketan hala sustapenean.

Hala ere, gai “politikoak” bazterrean utzirik, Mikel Tabernak plazaratutako gaiari helduko diot.

Terminologiako batzorde horretan parte hartzea egokitu zait 2008az geroztik, parte hartzeko eskatu zidatelako (blog honetako beste bi kide ere batzordekide ditugu). 176/2007 Dekretuak dioen “euskararen eta terminologiaren arloan ospe aitortua duten sei pertsona” horietako bat naiz (omen), neure buruaz hori esanda lotsatzen banaiz ere. Ez dago inon zehaztuta sei horiek zer arlotakoak izan behar duten. Gaur egun, sei horietako bi administrazioko itzultzaileak dira —Eusko Jaurlaritzan bata eta Gipuzkoako Foru Aldundian bestea—; beste kide bat ikus-entzunezkoen arloko euskara-teknikaria da; beste bat, zuzenbidean aditua; beste bat, natura-zientzietan eta terminologian aditua; eta ni —zientzia eta teknologiaren arloaren ingurukoa edo—).

Batzordekideok, guztira, hamalau gara; gainerako zortzi pertsonak entitate eta erakunde batzuen ordezkariak dira, eta gogoan daukat 2008an, lehen bilera egin genuenean (Terminologia Batzordearen bigarren aldian, zeren Terminologia Batzordea 2003an eratu baitzen), bazela Iparraldearen ordezkari ofizioso bat, Gexan Alfaro Mutuberria, baina aurkezpen-bilera horretan baino ez zen izan, hurrengo bileretara ez baitzen inoiz agertu. Lehen bilera hartan, norbaitek esan zuen komeni zela Nafarroako Administrazioaren ordezkariren bat ere izatea batzordean, eta erantzun ofiziala izan zen saiatuko zirela hori lortzen. Ez dakit saiatu ziren ala ez, baina nafar ordezkaririk ez da inoiz iritsi batzordera.

Eta jakin beharrekoa da Euskararen Aholku Batzordea aldatu zuen 176/2007 Dekretuak honela dioela lehenengo xedapen gehigarrian (azpimarra nirea da):

Euskararen Aholku Batzordeak, bere egitekoak gauzatzean, kontuan izan beharko ditu antzeko organismoen jarduketak, bereziki euskararen lurraldeetako organismoenak. Aholku Batzordeak organismo horiekiko harremanak eta lankidetza sustatuko ditu, euskararen hizkuntza-elkarteen batasun soziokulturalari eusteko eta bizitasun linguistikoa bultzatzeko.

Eginda iristen dira hiztegiak Terminologia Batzordera: behin-behineko bertsioa jasotzen dugu, eta batzordekideok epe bat izaten dugu oharrak egiteko. Hamalau batzordekide izanik ere, ohargileak hiruzpalau baino ez gara izaten (beste toki batzuetan bezala, gure tribuan ere buruzagi asko daude, baina eskulanerako indiarrak gutxi gara). Guri gainbegiratzeko iristen zaizkigun hiztegiak egiteko, berriz, lan-talde tekniko bat izaten da (ia-ia beti, UZEI), eta batzorde tekniko bat eratzen da, hiztegiaren gaia den arloko nolabaiteko adituz eta hizkuntzalariz osatua. Gehienez 4 kide izaten ditu batzorde tekniko horrek, eta 3 bilera egiten ditu gehienez.

Batzorde tekniko horietako kideak izendatzeko, ez dago inolako murriztapenik. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak izendatzen ditu, eta askatasun osoa du horretarako. Honela dio 176/2007 Dekretuak, 19. artikuluan:

Aztertzekoa den terminologia-arloaren arabera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak beste aditu batzuk ere izenda ditzake, arlo horretako batzorde-atal bereziko kideei aholku emateko. Izendapenak dena delako lan hori amaitu artean iraungo du.

Alegia, nahi izanez gero, bada aukera Nafarroako administrazioaren teknikariak lantaldeetara biltzeko. Zergatik ez da egin? Ez dakit. Ziur asko, Mikel Tabernak aipatzen zuen erkidego urrun horretarako jaidura faltagatik.

Eta, amaitzeko, beste puntu bat aipatu nahi dut, terminologia zabaltzearekin zerikusia duena. Lanak —onak edo txarrak edo erdipurdikoak— egiten dira, baina ez da horren berri ematen, edo ez behar bezain ozen eta zabal. Ez al da harrigarria Mikel Tabernak 2015ean esatea «bat-batean ohartu gara Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak Hauteskundeen hiztegia argitaratu zuela 2012an»? Arloko profesionalek berek ez bazuten hiztegi horren berri (eta, zalantzarik gabe, Nafarroako Administrazioko itzultzaileak ez dira lasakak, profesional prestu eta arduratsuak baizik), garbi dago oso jende gutxik dakiela hiztegi hori badela. Ez dakit zein den konponbidea, baina begira zer egiten duten katalanek: beren aldizkari ofizialean argitaratu. Terminoak normalizatzen dituztenean, terminoak berak argitaratzen dituzte aldizkari ofizialean.

Honela diote (gaztelaniazko bertsiotik hartu dut, katalana baino errazago ulertuko dugulakoan):

El uso del catalán en los ámbitos socioeconómico, técnico y científico requiere la elaboración y la difusión de los recursos terminológicos que permiten designar y definir los nuevos conceptos que se ponen en circulación en nuestra sociedad.

El artículo (…)  establece que el Termcat debe difundir periódicamente los términos procedentes de los trabajos de normalización formal que hayan sido aprobados por el Consejo Supervisor (…)

El artículo (…) establece que en el uso del catalán la Administración de la Generalidad debe emplear los términos normalizados por el Centro de Terminología Termcat para designar en esta lengua los conceptos a los que se refieren.

Resuelvo:

—1 Dar publicidad a los términos catalanes aprobados (…) que aparecen en el anexo de la presente Resolución, que se acompañan de las definiciones y de las equivalencias en otras lenguas.

—2 (…) la Administración de la Generalidad debe emplear los términos del anexo para designar en catalán los conceptos a los que se refieren en su documentación técnica y administrativa.

Nik ez dakit hori den biderik egokiena gure kasurako, baina garbi dago orain egiten dena baino zerbait gehiago egin beharko litzatekeela terminologia-lanen berri emateko.

2 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

Bartzelona vs Bilbo

Asier Larrinaga Larrazabal

 

Gorrotagarria da konparatzea

BCN

1a

BIO

1b

BCN

2a

BIO

2b

BCN

3a

BIO

3b

BCN

4a

BIO

4b

 

Esperantzari leiho bat

5c

 

6c

 

7c

 

8c

 

Azken hitza

Zeri begira daude Bilbon tabernetako ugazabak eta ugazabandreak? Gure tabernetako hizkuntza-paisaiagatik balitz, batek pentsatuko luke Zazpi Kaleetan barik Leongo “auzo hezean” dabilela, edo Indautxun barik, Lavapiesen. Bada ordua Bilboko ostalaritza azelerazio-erreian sar dadin.

2 Iruzkin

Asier Larrinaga atalean