Azkenaldian nire arreta bereganatu duen kontu

Aiora Jaka Irizar

Lauhilabeteko honetan, unibertsitateko itzulpengintzako ikasleak Wikipediako testu batzuk euskaratzen jarri ditut, itzulpen-praktikak egiteaz batera entziklopedia digitalaren euskarazko atalari ekarpen bat egiteko asmoz. Talde batek «Interpretación de lenguas» artikulua itzuli du, eta beste talde batek «Traducción asistida por computadora». Itzulpenen lehen zirriborroak prest zituztenean Wikipediara igotzeko esan nien, eta nik itzulpenak zuzendutakoan sartuko zituztela proposatzen nizkien aldaketak. Ni baino azkarrago ibili zen, baina, Wikipediaren beste erabiltzaile bat, nire ikasleen itzulpenak argitaratu orduko hainbat aldaketa egin baitzituen. Horixe baita, izan ere, Wikipedia: entziklopedia askea, edonork idatz, osa, alda eta zuzendu dezakeen testu-bilduma. Erabiltzaile hark egindako aldaketen artean batek eman zien arreta nire ikasleei, eta, aitor dezadan, baita niri ere: izenburuko izen-sintagmei artikulua kendu zien delako erabiltzaileak nire ikasleek itzulitako bi artikuluetan:

Hizkuntza-interpretazioa > Hizkuntza-interpretazio
Ordenagailuz lagundutako itzulpena > Ordenagailuz lagundutako itzulpen

Ikasleek harriduraz galdetu zidaten ea zuzenketa hura ondo egina zegoen. Eta niri, egia esateko, zalantza sortu zitzaidan. Oso arrotza egiten zitzaidan izen-sintagma haiek artikulurik gabe ikustea, eta kaleko denda, taberna eta bestelako zerbitzuetan askotan ikusi izan ditugun izen «hankamotz» horiek etorri zitzaizkidan burura («ile-apaindegi», «harategi», «jatetxe»… ), jabe erdaldunen ezjakintasunak anputatuak…

Baina ez nadin gaitik urrundu, eta natorren berriro Wikipediara. Erabiltzaile hark egindako aldaketak ikusi ondoren, Wikipediako beste artikulu batzuk bilatzeari ekin nion, eta ohartu nintzen horixe egin ohi dela izenburuetako izen-sintagmekin. Artikulurik gabe ematen dira ia denak:

Itzulpengintza automatiko
Hizkuntzalaritza konputazional
Birkonbinazio genetiko
DNA birkonbinatzaile
Satelite bidezko mikrouhin

Euskarazko beste entziklopedia batzuek berdin jokatzen ote zuten ikusteko, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa kontsultatu nuen, eta han ere gauza bera egiten dela ikusi nuen:

ingeniaritza aeroespazial
ingeniaritza aeronautiko
energia aktiboaren kontagailu
energia atomiko

Badakit hiztegietako sarrerak artikulurik gabe eman ohi direla, bai erdaraz, bai euskaraz. Baina hiztegietako sarrera nagusiak hitzak izan ohi dira, eta orain aipagai ditugun hauek, berriz, kontzeptu bat osatzen duten izen-sintagmak, eta halakoek mugatzailea eskatzen dutela iruditzen zait. Hiztegietan ere, gainera, adibideetan halako sintagmak agertzen direnean, mugatuta eman ohi dira:

ingeniería genética > ingeniaritza genetikoa (Elhuyar, Zehazki)
ingeniero agrónomo > nekazaritza-ingeniaria (5000, Labayru)
ingeniero de caminos, canales y puertos > portu, ubide eta bideetako ingeniaria (5000)
ingeniero técnico > ingeniari teknikoa (5000)
Mugatu gabe, aldiz, azpisarrera moduan agertzen badira:
ingeniero de sonido > hots ingeniari (Zehazki)
ingeniero técnico > ingeniari tekniko (Zehazki)
energía eléctrica > energia elektriko (Elhuyar, Zehazki)
traducción indirecta > zeharbidezko itzulpen (Elhuyar)
traducción literal > hitzez-hitzezko itzulpen (Elhuyar)
traducción directa > norbere hizkuntzarako itzulpen (Zehazki)

Azkenik, eta berriro Wikipediara itzuliz, esan dezadan izen berezitzat jotzen diren izen-sintagmak mugatuta ageri direla:

Txinako Harresi Handia
Berlingo Harresia
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Europako Parlamentua
Ibai Urdina

Pentsatzen dut halakoak mugatuta agertzearen justifikazioa dela, hain zuzen ere, leku-izen bereziak direla; baina izen horiek ere ez dira aldaezinak, eta deklinatu egiten dira. Orduan, zergatik ez jarri «Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun», «ordenagailuz lagundutako itzulpen» bezala?

Ez naiz aditua kontu hauetan, eta, beraz, pentsatzen dut euskal hiztegigintzan eta entziklopediagintzan ari direnek izango dituztela beren arrazoi ondo justifikatuak hala jokatzeko. Niri, ordea, ezinegona eragiten didate artikulu honen izenburua bezalako goiburuek…

 

5 Replies to “Azkenaldian nire arreta bereganatu duen kontu”

  1. Eskerrik asko artikuluagatik, Aiora. Hiztegigintzan hasi ginenetik geure buruari egindako galderak dira, eta hona hemen oraingoz eman ditzakegun erantzunak.

    Aipatu dituzun ZTHkoak ez dira artikulu-izenburuak, termino-sarrerak baizik. Informazio metalinguistikoa da, eta terminoa bere forma kanonikoan eman behar da, hiztegietan egiten den era berean eta arrazoi beragatik. ZTHk datu-base terminologiko baten izaera eta egitura du. Euskaltermen ere horrela egiten da, eta orobat euskarazko beste hiztegi terminologiko eta espezializatuetan. Baina ZTHn artikulua duten fitxetan, artikuluaren dokumentuaren izenburuan mugatua erabili da. Ikus, esaterako, “fisio nuklear” (fitxaren behealdean dagoen “Artikulua ikusi” sakatu).

    Hiztegietako adibideak hizkuntza-erabileraren laginak dira, eta mugatuan ematea da arrazoizkoena. Zeren “arrandegi” ez baita ohiko erabilerako adibide erreal bat; izan ere, euskaraz, gauzak izendatzen direnean, mugatua erabiltzen da.

    Arazoa, gure ustez, onomastikan dago, zuk aipatutako “Txinako Harresi Handia” modukoetan. Erreferente bakarrekoa izaki, bistan da hiztegian nola edo hala adierazi behar dela hori. Edo -a jartzen zaio, edo ohar baten bidez adierazten da mugatu singularrean erabiltzen den izen berezia dela. Beste aukera bat, Azpeitia, -a ereduko sarrera-formak erabiltzea da (Txinako Harresi Handia, -a). Uste dugu lehen bidea, sarrera-forma mugatuan ematea, erosoagoa dela erabiltzailearentzat, baina eztabaidagarria da, zeren aukera hori hartzeak aurresuposatzen baitu erabiltzaileak zuzen interpretatuko duela azken -a ez dela izen bereziaren parte. Hizkuntzaren prozesamendu automatikorako datu-base lexikaletan berriz, esplizituki adierazi behar da hori eta, horregatik, forma kanonikoa zein den zehazten da.

    Atsegin dut

  2. Anttonek esan duen moduan, onomastikan dago —egon liteke— zalantza. Lekuak eta pertsonak (eta erakundeak, artelanak…) erreferente bakarrekoak dira (gainera, gehien-gehienek ez dute mugatzalerik, jakina: “Txindoki, Brasil, Felipe González, Mao”…), eta ez litzateke egokia izango sarrera mugagabean ematea, hala nola “Estatu Batu” (eta ez “Estatu Batuak”), “Europar Batasun” (eta ez “Europar Batasuna”), “Antso Azkar” (eta ez “Antso Azkarra”) edo “Euskal Herriko Unibertsitate” (eta ez “Euskal Herriko Unibertsitatea”), izen(dapen) bereziak baitira. Alegia, ez dute existentziarik izen arrunten eremuan (alde batera utzita forma behartuak: “duela bi mendeko Estatu Batu haiek ez dute zer ikusirik gaurkoekin”; “Zer Europar Batasun nahi dugu?”, “Ai, Antso Azkar gehiago izan bagenitu orduan!”…). Horregatik, ez du zentzurik modu mugatuan ez ematea (alde batera utzita amaierako –a hori berezkoa den ala ez jakinaraztea, eta, horretarako, bestelako baliabideak erabili ohi dira).
    Bi mundu, lexiko arrunta eta onomastika, elkarrekin gertatzen direnean, entziklopedia gehienetan gertatzen den bezala, nabarmen gelditzen da desberdintasuna (letra larriek adierazten dute, halakoetan, onomastikaren munduko itemak direla), baina ulertu behar da kontzeptualki desberdinak direla, lehen begiratuan kontraesana dagoela ematen badu ere. Horregatik, Aioraren galdera, hain oinarrizkoa, logikoa da. Hala ere, funtsean, inguruko hizkuntzetan ere berdin jokatzen da, nahiz eta pluralezkoetan bakarrik azaleratu auzia. Adibidez, gaztelaniazko Wikipedian, “automóvil” da sarrera, baina, harekin batera, “Estados Unidos” sarrera aurkituko dugu, eta ez “Estado Unido (se utiliza en plural)” gisakorik.

    Atsegin dut

  3. Eskerrik asko, Antton eta Alfontso, zuen azalpen xeheengatik. Badakit orain ikasleei zer erantzun… Eta milesker, Unai, Wikipediako bozketa horren berri emateagatik. Den-dena irakurraraziko diet ikasleei…

    Atsegin dut

Utzi iruzkina