Aurreiritziak

Santi Leoné

Lewis Trondheim-en Approximativement espainolez irakurri nuen, Mis circunstancias izenburuarekin Astiberrik egindako itzulpenean. Itzulpen txukuna, erraz irakurtzen dena, trabarik batere egiten ez duena, puntu batean izan ezik. Une jakin batean, pertsonaia batek (ez dakit Trondheimek berak edo bertze marrazkilari batek –liburua ez dut eskuar, galdua baitabil nire gauzen anabasan, eta, hortaz, buruz ari naiz–) besta bat eman du bere etxean, eta, gonbidatuen arabera, dena xarmantki joan da, primeran; izan ere, hara bildutakoek gauza txar bakarra dute aipatzeko: bikote bat komunean harrapatu zuten, musukabesándose, espainolezko bertsioan–. Esaldia gutienez bi aldiz ageri da liburuan (berriz diot, buruz ari naiz), gertaerak pertsonaiei atentzioa eman zien seinale. Harritzekoa da, halere, musu tonto batzuek, komunean eta ezkutuan emanda ere, jende gazte desinhibituaren artean hainbertzeko eskandalua sortu izana, eta, beraz, uste izatekoa da komuneko bikote hura en train de baiser ari zela atzeman zutela, larru jotzen alegia, eta ez (bakarrik edo nahitaez) musuka.

Lehenengo irudia

Zinez liluragarria da baiser aditzaren balio bikoitz hori: erromantikoa izan daiteke, melenga izateraino, Charles Trénet-ek haurtzaroan huts eginiko amodio baten oroitzapenak zerrendatzen dituelarik bezala (Toutes les joies, tous les désirs, toutes les larmes, / La jalousie, les cris, les pleurs et les baisers…), edo zakarra eta are desafiatzailea ere, Virginie Despentes-en Baise-moi hartan bezala.

Filma ere egin zuen gero Despentesek (Coralie Trinh Thi-rekin batera), baina AEBko bertsioan ez zuten ongi eman titulua, han Fuck me (jo iezadazu larru) behar zuena, Rape me (bortxa nazazu) bihurtu baitzen. Eta, Trondheimen liburuaren itzulpenari esker, badakigu Kiss me ere ez zatekeela egokia izanen. Baina AEBko honetan, Astiberriko hartan ez bezala, ez dugu hutsune bat itzultzailearen ezagutza linguistikoan; ez dugu nahi gabeko akats bat. Filmaren kasuan, itzultzaileak bere aurreiritziak ekarri ditu itzulpenera, eta luze eztabaida liteke baise-moi-berdin-rape-me horretan ageri den ikuspuntua soilik itzultzailearena den edo xede kulturan nagusi den ikusmolde baten isla ote den.

Bigarren irudia

Nolanahi ere, egia da hizkuntza guzietan aurkitzen ditugula ideologiaren zantzuak, eta bakar bat ere ez dela matxismotik edo arrazismotik libre. Eta ongi da, nire ustez, gure hizkuntzan harrapatzen ditugun arrasto horiek agerian uztea eta kritikatzea (Iñigo Aranbarrik, konparaziorako, maisuki egiten duen bezala), eta bertze hizkuntzetan ikusten ditugunak nabarmentzea, baina etxekalte ariko ginateke gure aurreiritzien ondarea kanpokoekin aberasten ibiliko bagina.

Miguel de Unamunoren erbesteko sonetoak kaleratu berri ditu Maiatzek, Jean-Louis Davantek euskarara eta frantsesera bihurtuak. Ehun eta hiru poemaren itzulpen bikoitza: lan izugarri handia, beraz, gure esker onak merezi dituena. 77. sonetoan, baina, gauza batek atentzioa eman dit (gaiari heltzeko manera bat da: egia aitortzeko, Twitterreko txio batek eman zidan abisua). Unamunok «Un mariquita aquí, una marimacho / por allí» idatzi zuen tokian, Davantek honela eman du euskaraz: «Pederasta bat hemen, lesbiana bat han». Uste izatekoa da Unamunok, «marimacho» hori idatzi zuelarik, lesbiana erran nahi zuela (nahiz eta Davantek frantsesez «hommasse» aukeratu duen –jatorrizkoaren esanahi literaletik hurbilago, beraz–, eta ez «lesbienne»). «Pederasta», ordea, neketan iduritzen zait onargarri (frantsesez, «hommelette» izan da Davanten hautua).

Hirugarren irudia

Egia da frantsesez «pédé» irain gisa erabiltzen dela homosexualak izendatzeko, eta hori bezain egia da, hiztegian, «pédéraste» hitzaren bigarren adiera hauxe dela: «Homme qui a des relations sexuelles avec d’autres hommes», beti ere esanahi horrek ondoan «par extension» edo (non begiratzen dugun) «abusivement» zehazten duen oharra duela. Baina frantsesez nolanahi den ere, galdera da, batetik, erabilera horrek tradiziorik duen euskaran (nik ez dut horrelako adibiderik kausitu ez Orotariko Euskal Hiztegian, ezta Ereduzko Prosa Gaurren ere); eta, bertzetik, ea horren kutsu iraingarria eta nabaria duen solas bat –homosexualak eta pederastak nahierara nahasten dituen erabilera linguistiko bat– inportatu nahi dugun. Gure aurreritziak aski ez eta auzoarenak ere ekarri behar? Bada, aukeran hobe ez.

Oharra: goian ageri diren irudiak honako argitalpen honetatik hartuak dira: Mis circunstancias, Lewis Trondheim (Astiberri Ediciones)

Utzi iruzkina