Artxikoak hilabeteka: iraila 2013

Itzulpena eta poesia

Angel Erro

Berehala damutuko naiz post honi izen hain generiko hau eman izanaz, hemendik mende amaieraraino jardunaldi eta udako ikastaroak betetzeko bestekoa, hain kontu ñimiñoaz jarduteko nik. Hainbat itzulpenek uzten duten poesia zaporeaz. Liburuaren barruan galduta oharkabean pasa daitezke, izenburuan distira egiten duteneko egokierari eskaini dizkio poeta batek hainbat lerro. Poeta Juan Antonio González Iglesias da. Poemaren izena, El arte de traducir, eta Eros es más liburuan jaso zuen. Hona nire itzulpena.

ITZULTZEKO ARTEA

Asmatzen duten itzulpenak ospatu
behar ditugu. Ustelaren laburpena
bihurtu duten Cioranen Précis de
Décomposition
-ena bezalakoak.
Kultur segurtasun gabezia handiko uneotan
itzultzeko artea bihurtu da
ezagueraren ezin dudatuzko bide.
Historiaren dorrea
behin betikoak izan daitezkeen setioak
pairatzen ari den honetan,
adituengana jo behar dugu
eta haiek, presarik gabe, ausardiaz,
idatziaren azken zentzuaren senaz,
itzultzen dituztenengana.
Urte hauetan gertatzen
ari den guztia ulertuko badugu,
beste garai batez diharduen
Arnaldo Momigianoren liburu hau
aski dugu: The Alien Wisdom,
norbaitek ederki Barbaroen
Jakituria
gisa eman duena.

Itzultzaileen lanaren garrantziaz, idatzitakoaren zentzuaz jabetu eta itxuraz araua haustera ausartzearen egokitasunaz, eta haren ederraz mintzo zaigu poeta. Hemen, jatorriz, irakurleak egiazta dezan, zalantzarik balu, nola nagoen olerkiak jasotzen dituen ezaugarrien eskas.

Esaterako, ez dut asmatu gaztelaniazko «último» eta «final» adjektiboak egoki ematen. Zerbaitek esaten dit bietako batek ere ez duela gaztelania-euskara hiztegietan ematen duten adiera, baina behin baino ez naiz ausartu «azken» ez euskaratzen. Gonzalez Iglesiasek goraipatzen dituen bi liburuen izenburuekin ere ziur aski ez dut asmatu. Breviario de podredumbre eta La sabiduría de los Bárbaros dira jatorrian.

Horrek pentsarazi dit Andolin Eguzkitzak azken liburu honen izena nola emanen zukeen, esanen nuke nik baino are gutxiago asmatuz: Erdaldunen jakituria. Izan ere, horrelaxe itzuli zuen Konstantino Kafavisen poema ospetsu baten izenburua: Erdaldunen esperoan. Grezierazko barbaro hitzaren etimologia eta jatorrizko erabilera erdaldun hitzaren berbera edo antzekoa izan daitekeen arren, hitz bakoitzaren background historiko apartekoak zirrara eragiten du elkartrukatuta ikustean. Eta ez goiko poemak deskribatzen duen zirrara bera. Zirrara zail horren bila abiatu behar du, poesia ala besterik, itzuli nahi duenak.

5 Iruzkin

Angel Erro atalean

Lehena eta azkena

Itziar Aduriz Agirre

Baztandarrei, Bertizaranakoei eta han ingurukoei ezaguna egingo zaie Urte berri egunean abesten den (edo abesten zen) bertso hau, etxez etxeko eskeko lagun: «Urte berri berri, zer ekarri berri, uraren gainean, lehena eta azkena, etxeko andrea ona, …» eta abar.

Adierazi nahi dizuedana hausnartzen hasi eta hori etorri zait gogora, gure haurtzaroko abesti hau. Izan ere, irakurtzen ari zareten hau ikasturte honetako lehena eta azkena duzue.

Hori dela eta aukeratu dut izenburu hau. Eta esan beharra daukat izenburu-lehia izan dudala, gaurkoan, berez, euskarak interneten duen presentziaz hitz egin nahi nuelako eta beste izenburua pentsatua neukan, «Euskararen kolorea»-edo.

Ideia polita da koloreak erabiltzearena hizkuntzek interneten duten presentzia begien bistan jartzeko. Aurreko uztailean mahai-inguru batean parte hartu nuen Pirinioen hizkuntzen inguruan. Katalanari buruz ari zen Natxo Sorolla soziolinguistak nik ordura arte ikusi gabea nuen mapa erakutsi zuen. Satelite bidezko argazkiaren itxura zuen eta mundu osoan twitterren erabiltzen diren hizkuntzak kolore desberdinetan agertzen ziren. Oso argazki ederra zen. Katalanari halako koloretxoa antzematen ahal zitzaion. Euskaren arrastorik ez, ordea. (Hau da informazioaren erreferentzia eta interneten ikusteko tokia, baina orain-orain ez dabil, tokia konpontzen ari omen direlako (Fischer, Eric. 2011. Language communities of Twitter (European detail)). Horren aurrean, gaurko blogaren tituluak «Euskararen kolorea» baino «Euskararen kolore eza» izan behar zen.

Baina nik kolorea behar nuen eta tematia izaki, nire lagun Sorollari esker hau topatu nuen: http://gisngeo.com/gmaps/twitter/mapseusk.php. Katalan bat ari omen da horrelakoak lantzen eta hau da Euskal Herriari dagokion twitterrean erabiltzen diren hizkuntzen mapa. Erabilerari begira ez du ez dakigunik jakinarazten. Nabarmentzekoa, ordea, eta pozik egoteko modukoa, erabilera hori twitterrekoa izatea. Gustatzen ez zaidan gauza bakarra euskarari jarri dioten kolore beltza, ala ilun-ilun hori.

Beltz gutxi, oso gutxi ikusi arren, badakizue, datuak erlatiboak dira, konparatzen direnaren arabera interpretatzen baitira. Gerora iritsi zaidan informazio honi begiratzen badiogu, aitzitik, euskara da hizkuntza minorizatuen[1] artean gehien twiteatzen dena. Batere diskreziorik ez duen informazioa da, hortxe agerian 500 twitter erabiltzaile eta goi-goian Berria Egunkaria. Litekeena da zure burua ere hor tartean aurkitzea!

Azkenik, honi buruz informazio zabalago izan nahi duenarentzat interesgarria izan daiteke Euskara aro digitalean argitalpena. IXA taldeko blogean eman zen honen berri aurtengo martxoan.

Honaino gaurkoak eta aurtengoak. Ongi izan eta hurrengora arte.


[1] Web orri honetan hizkuntza minorizatuez hitz egiten da, baina ez dago oso garbi zeinen artean egin den konparaketa (hizkuntza txikien artean? vs. ertainak? Katalana, adibidez, ez dago zerrenda horretan).

2 Iruzkin

Itziar Aduriz atalean

En popare

Iratxe Goikoetxea

Ez, ez nabil italieraz. Gaztelania da hori. Edo euskañola?

Interpretazio oker batetik sortutako esapide bat da. Txarto ulertuak eguneroko kontua dira hizkuntzan, eta denok ikusten ditugu halakoak inguruan. Adibide pare bat ekarriko dut hona, ilustratzeko.

Orain urte batzuk Mazda bat geneukan. Eta gure mutikoa tematuta zegoen «Maz» zela markaren izena, eta ez Mazda. Aditzarekin lotzen zuen amaierako –da. Antzera gertatzen zitzaion pistatxoekin. «Pistak» esaten zien berak, –txo hori txikigarria zela pentsaturik.

Osaba bat, berriz, gaztelaniazko berba batzuekin trabatzen da: «marillo» eta «arradio» esaten ditu, artikuluen generoak eta mugak argi ikusi ezinik.

Denok entzunda daukagu, bestalde, hizkuntzen arteko interferentziek zelako eragina izan duten toponimian. Adibidez, euskarazko toponimoen hasierako La– gaztelaniazko artikulutzat jo, eta Trapagaranen Larraineta La Reineta bihurtzea eta Galdamesko Laia auzoa La Haya interpretatzea.

Hizkuntza barruko nahasteak, hizkuntzen artekoak… Bietarik apur bat du hona ekarri nahi dizuedan esapideak: poparean > en popare.

Poparean arraunean sarri erabiltzen da «olatuen alde, olatuen gailurrean» adierazteko. «Haizeak bultzatuta» ere esan nahi du arrantzaleen hizkeran. Berba bitxia da, berezia, –rean ablatibo zaharra fosildurik gorde duen berba bakanetako bat baita. Ablatibo zahar hori usu erabili zen Bizkaian XVI. eta XVII. mendeetan[1]:

·       Jausi da zerurean harria (Milia Lasturren eresia)

·       Eskurean ahora okelea galdu doa (RS 1596)

·       Ez ohean, ez oherean gora (Garibai)

·       Negar egingo dau zizpuru handiagaz eta bihotzerean (Kapanaga)

Hau da, gaur egun zerutik, eskutik, ohetik, bihotzetik… esango genukeena. Izan ere, –tik eta –rik kasuek lekua jan zioten –rean hari, ia guztiz desagerrarazteraino. Ozta-ozta gorde da baladetako arkaismoetan, bai eta Bizkaiko euskara batzuetan darabilten arean berban eta kostaldean iraun duen poparean esapidean ere.

Beraz, poparean eta popatik gauza bera litzateke. Baina, filologook kenduta, inork gutxik daki zer den –rean hori, eta ez da harritzekoa hiztun batzuek horren atzean popare + –an ikustea. Kontua da interpretazio oker hori gaztelaniara aldatu dela, eta en popare esapidea zabaldu dela, kutsu jatorragoa eman nahirik edo: «La trainera de Bermeo volvió a demostrar que en popare vuela. Dominó de brankas y en popare».

Hizkuntza bakoitzak bere esateko moduak ditu. Eta gaztelaniaz de empopada edo de popa esaten zaio horri[2].


[1] Informazio zehatza eta argigarria duzue Joseba Lakarraren artikulu honetan.

[2]Alfredo Lopez de Sosoaga; Jose Luis Ormaetxea, Estropada hiztegia, EHU, 2006

3 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Perla trukerako gonbita

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Iraila hagitz hilabete aproposa da antolaketa lanetarako, nire ustez. Ikasturte berriarekin batera, dena atontzeko joera sumatzen dut inguruan; inguruan eta, batik bat, neure baitan, antolakuntzarako isuria oso neurea dut eta. Larrazken usainak igarri orduko, zernahi antolatzeko irrika etortzen zait ezustean: armairuak eta asmoak, ordutegiak eta ametsak, tiraderak eta balizko errotak… antolatzeko modukoa den oro, antolagai iruditzen zaidan oro. Nahiz eta gero bizitza nagusituko den beti, eta pozarren erakutsiko dizkidan, berriro ere, bere ahalmen paregabeak bazterrak desantolatzeko, garrantzitsua den ia guztia antolagaitz bihurtzeko. Baina, tira, saiatu egin behar behintzat.

Aurrekoan, antolatzearen onurez solasean ari ginela lagunartean, adiskide bat –teknologia berrietan bipilen eta ausarten ibiltzen dena– Pearltrees[1] programaz mintzatu zitzaigun, Interneteko edukiak bildu, antolatu eta gainerako erabiltzaileekin partekatzeko aukera ematen duen programaz. Pearltrees tresnaren bidez web orrialdeak bil daitezke, eta nork bere modura sailkatu, perla zuhaitzak osatuz. Programak, bestetik, gainerako erabiltzaileen bildumak ikusteko aukera ematen du, baita haien perla interesgarriak nork bere zuhaitzari eransteko ere. Hala, bada, iraila hagitz hilabete aproposa denez gauzak ordenatzeko eta nik oso neurea dudanez antolakuntzarako isuria, sareko itzulpen baliabideen perla zuhaitz bat osatzen hasi naiz. Hona hemen zer itxura hartzen ari den perla zuhaitz hori (Pearltrees programa instalatu beharra dago, eta kontua ireki, zuhaitzean barrena ibili, perlak ireki eta erabili ahal izateko):

Itziar1

Eta hauexek lirateke Hiztegiak perlak barnean dauzkan perlak eta perletako izpietako batzuk:

Itziar2

Zuhaitza osatzeko, beste hainbat erabiltzaileren perlak neureganatu ditut jada. Oraingoz saio xume bat besterik ez da (bizitza errealeko armairu, baliabide, ordutegi eta enparauen antolaketa lanek nahi baino ordu gehiago hartzen baitute), baina programa horren bidez euskal itzultzaileok kontsultarako darabiltzagun iturrien bilduma ederrak era daitezke, eta beste itzultzaileen eskura jarri. Hortaz, baten bati nire perletako bat interesgarri irudituz gero, hortxe dauka beretako, eta inork bere baliabideen zuhaitza eraikitzen badu, ni oso gustura ibiliko naiz perlaz perla kuxkuxean, baita baliagarria deritzodana neureganatzen ere.


[1] Esteka honetan duzue programari buruz maiz egiten diren galderak (ingelesez): http://www.pearltrees.com/s/faq/en; eta beste honetan, berriz, labur-labur azaltzen da programa zertan den (euskaraz; eskerrik asko Marije Uraga egileari): http://www.slideshare.net/marijeuraga/pearltrees-tutoriala

Iruzkin bat utzi

Itziar Diez de Ultzurrun atalean

Kirola egiteko, hizkuntzak ikasi behar

Bego Montorio Uribarren

Ikasle garaiak aspaldi ahaztuak izanagatik ere, iraila ikasturte hasierarekin lotu ohi dugu gehienok. «Presta zaitez ikasturte berrirako!», dei egiten digute dendetako iragarkiek, «hasia da ikasturte politikoa» iragartzen digute hedabideek, eta hala, gutako askok kiroldegi eta gimnasioetara jotzen dugu sasoi berriari sasoiko ekin nahian edo.

Hara baina, kontuz!, ondo trebatu beharra baitago kirol guneetara hurbildu aurretik, eta ez naiz kontu fisikoez ari, hizkuntzez baizik.

Bai horixe, jaun-andreok, hizkuntza proba gainditu behar da halako tokietan ariketa pixka bat egin ahal izateko, eta ez nolanahikoa. Gertatu zaidalako dakit hori. Gainditu ote dudan? Ez dakit, bada; izena eman, eman dut; ikastaro egokirako ala ez… saio batzuen ondoren ikusi beharko.

Azal dezadan kontua. Herriko kiroldegira jo dut zertan has naitekeen ikusteko, eta hemen dituzue topatu ditudan aukerak (zin degizuet ez dudala ezer asmatu, ezta kendu ere).

Igeriketa, patinajea, abdominalak eta mantenu gimnasia; horraino ondo, badakit zer diren. Yoga, pilates eta padel. Tira, izen horiek ere, gutxi-asko, ezagunak zaizkit. Hortik aurrera, ordea… Stretching, Spin bike, Body weight, Circuit express. Zeeer? Begiak igurtzi, eta arretaz begiratu dut. Euskarazko informazio orria da, bai. Gaztelaniazkoa ere badago, baina gauza bera jartzen du.

Neure buruari lasaitzeko esan, eta aurrera egin dut. Aerobik. Hara, hori geuretu dugu, hainbeste non Aerobik txiki ere eskaintzen duten. Baina, Aerodance eta Aerofit  egiteko aukera ere badago. Bike-dance-fit… aire faltan hasi naiz, eta horien ondoren datorrenak ez dit askorik lagundu: GAP (aurten ez da PEB egongo). Nola?? Zorabioaren zorabioz, igerilekura jaustekotan egon naiz, non, jakin dezazuen, aquabike eta aquagym egiten ari ziren.

Etxera bueltan, denboratxo bat behar izan dut hiztegien laguntzaz eta google-ren gidaritzaz izen horiei guztiei nolabaiteko zentzua emateko, eta hala jakin dut, esaterako, GAP glúteo-abdominales-piernas katearen siglak direla, edo stretching hori luzamenduak egitea dela.

Aerodance-ren eta aerofit-en arteko aldea ezin izan dut guztiz argitu, baina ez nau askorik kezkatzen, horiek gabe ere lasai biziko naiz eta. Nire ulertu ezinak larritu nau.

Baliteke ezjakintasun hutsa izatea, kultura falta, edo gimnasioetako mundua niretzat urruneko planeta ezezaguna izatearen ondorioa. Neurri batean, hala izango da, seguru, baina horiek al dira esamolde praktikoenak, elkar ulertzeko eraginkorrenak, errazenak…?

Maileguak, kalkoak…, denak ditut nik lagun, noiz eta zertarako. Kiroldegiko horiek guztiak nire herrikide gehienei baliagarri bazaizkie, konforme: ikasiko ditut, ohituko naiz.

Susmoa dut, ordea, ez naizela ni «aerogym» eta «spinching» horien artean galdu den bakarra. Hala balitz, hobe genuke gorputzeko giharrak ez ezik  neuronak ere dantzan jartzea, ariketa apur bat egitea hain-hain nekeza gerta ez dakigun.

Iruzkin bat utzi

Bego Montorio atalean

Musu-truk

Koro Garmendia Iartza

Anekdota polit bat ekarriko dizuet gaurkoan; izan ere, batzuetan, zeinen pasadizo ederrak sortzen diren, ustekabean!

Udako egun sargori batean, gizon urtetsu bat herrixka batera heldu da, oinez, bizkarrean motxila astun bat daramala. Izerditan dator, nekatuta. Tabernarik ez da herrian. Aitona batzuk itzaletan eserita daude, hari begira, eta elkarri kasu egin diote. Herriko zahar haietako batek dei egin dio alabari, iritsi berriarentzat zerbait atera dezan. Kasu egin dio alabak, handik gutxira ondo hornituta azaldu baita: ur freskoa, olibak, gazta eta ardoa jarri ditu mahai gainean.

Guztiek ere tarte atsegina eman dute berriketan, jan-edanean. Eta, agurtzeko garaia iristean, zenbat zor dien galdetu die kanpotarrak herritarrei. Ezetz, gizona, ezetz, hori ez dagoela ordaindu beharrik. Baietz ba, halako mokadua nolabait eskertu nahi diela. Ezetz, ezetz, egoteko lasai, debalde dela. Debalde? Bai, musu-truk. Musu-truk beraz. Bai, musu-truk. Orduan, alabarengana hurbildu da gizona, eta eskuan musu eman dio, esker onez.

Hiztegietan sinonimo ditugu dohainik, hutsaren truke, debalde, urririk, eta abar. Eta horien senide da musu-truk. Baina ezin uka ordain goxoa eman nahi duenak, dirutan zertzen ez dena, baduela hitz horretan sostengurik.

Iruzkin bat utzi

Koro Garmendia atalean

Adina, belaunaldiak eta hizkuntza aldakortasuna

Irantzu Epelde Zendoia

Berrogeita hamabost urte ditu gaur egun, eta Oxford inguruko herri txiki batean bizi da, Gallowstree Common-en. Arnasa falta zitzaiola kontatzen du gaztaroko Euskal Herri hartan, Urolaldeko herri oraindik txikiago batean bizi zeneko garai haietan, eta horregatik erabaki zuela Ingalaterrara joatea, ingelesa ikasi behar zuela eta. Ingelesa ikastearena aitzakia zuela aitortzen du orain, eta kabitu ezinik bizi zelako alde egin omen zuela bere bizitzako une erabakigarri hartan. Ibili guztia erromeria. Hogei urte zituen orduan, eta, beraz, bizitza erdia baino gehiago darama han. Euria galanki bota du geroztik, eta urte hauek denak ez dira alferrik joan. Ezagun du hizkeran ere. Hiztegian bereziki, nabarmen antzematen zaio: txikitan ibiltzen zituen hitz eta esamolde asko modu naturalean erabiltzeko gai da oraindik, formolezko ontzietan gordeta egon balira bezala. Blog honetan bertan Juan Luis Zabalak 2013/03/28-ko sarreran erakutsi zituenak bezalako txikitako hitz eta esaera mailegatu eta txokanteak naturalki ateratzen zaizkio. Dagoeneko ez dira, ordea, horren naturalak, batzuk behintzat, urtero bisitatzen dituen iloba gazteen hizkeran. Badakizue, geltoki, eskaintza, egoera, egitura, berezi, prestaketa, antolatu, gune eta xehetasun bezalakoek ordezkatu dituzte bere txikitako estáziyo, oferta, sitúaziyo, estrúktura, espézial, prepáraziyo, orgánisatu, zóna eta detalle bezalakoak.

Gogora etorri zait, hau idaztean, Koldo Zuazoren Euskalkiak. Euskararen dialektoak liburua[1]. Hartan badu kapitulu bat Ameriketako euskarari eskainia, eta handik jaso dut ondorengo pasartea:

Nabarmentzekoa da, horren harira, zuzen edo oker hainbat hitz eta esapide sortu edo berpiztu direla Euskal Herrian joan den aspaldian: aburu, ahalbidetu, azpiegitura, baldintza, baliabide, bideragarri, bilakaera, ekidin, elebitasun, euskalki, hedabide, helegite, idazkari, kutsadura, lorpen… Jakina, berrikuntza horiek erabat arrotz gertatzen zaizkie Ameriketan bizi direnei –baita Euskal Herrian bertan bizi garen zenbaiti ere, egiari zor–, eta alderdi horretatik begiratuta, «arkaistagoa» agertzen da Ameriketako euskara.

Berezkoa dute hizkuntzek aldakortasuna, eta belaunaldien arteko kontrastea ez da hutsaren hurrengoa, hemen eta edonon. Euskal Herrian baditugu honen adibide garbiak. Adibidez, Urdazubin, gazteen hizkera Hegoaldera begira dago guztiz. Hala erakutsi zuen Estibalitz Montoyak bere doktore tesian[2]. Eta institutura doazenean, irakasleak izan daitezke nafarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak… Azkenean, ikasten duten euskara Hegoaldeko batu antzeko bat da. Aldiz, Urdazubi eta Zugarramurdiko adineko jendeak, oraindik ere, jarraitzen du Iparraldeko ezaugarri batzuekin; halere, Iparraldean azken 50 urteotan zabaldu diren berrikuntzak ez dira mugako bi herri horietara heldu, eta ezta helduko ere, azken urteetako joeren arabera…


[1] Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak. Euskararen dialektoak. Donostia: Elkar. 175-176. orr.

[2] Montoya, Estibalitz. 2004. Urdazubi eta Zugarramurdiko euskara. Iruñea: Nafarroako Gobernua.

Iruzkin bat utzi

Irantzu Epelde atalean

Profezia bat argituz

Iñaki Segurola

Hemen bertan botea nago orain baino lehen neure uste, irudipen edo profezia bat, esanez hemendik 300 bat urtera penintsula gurean ingelesa hitzegingo dela ia erabat. Eta, bidenabar, gehitu nuen ez nuela uste euskara gureak iraungo zuenik, eta, bidenabar, gehitu nuen balitekeela katalanak irautea, erdi-bixirik bederen. (Usteak erdia ustela duela esan ohi da, baina esaten ez dena da beste erdia ona edo sanoa izan lezakeela.)

Eta eraman ninduen UEUk Eibarrera euskaldun hizkuntzalariek zer ikertu behar luketen esatera ­­–nik horretaz zerbait baneki bezala–, eta han ere bota nuen neure profezia: ingelesari buruzko profezia. Hori zen, eta da, neure esankizunaren espiritua, baina kulturmunduan eta beste mundutxo askotan ere jakina dago zer gertatzen den: letra gailentzen zaiola espirituari, eta are gehiago bestek bere gogara eta iritzira jartzen duen letra baldin bada; eta are gehiago letra horiek «letra haundiak» baldin badira, hots, izenburu, lerroburu edo titularrak. Eta orduan hor ikusi behar izan nituen neure esanak titularretan kuxkurturik eta bortxaturik: «euskara 300 urte barru desagertua egongo da». Eta hor ikusi behar izan nuen neure burua –ikusi, sentitu eta pairatu–  euskararen hileta-jole edo aitzin-ehorzleen samalda trixte azkengabean sartua. Ni ingelesari buruz ari nintzen berez, baina letrak euskararen heriotzaren profeta moduan agertarazi ninduen. (Ohar praktikoa letren tamainaz: letra txikia badaezpada irakurri behar omen den bezala, hobe genuke letra haundiari sekula begiratuko ez bagenio.)

Ez naiz heriotza aurreratu zale: nik sentitzen dut euskara gurea bazter eta eremu gehienetan ahultzen, eskasten eta itzaltzen (hizkuntza natural gisa, ez beharbada produktu kultural gisa), baina berdin senti nezake neure burua ahultzen, eskasten eta itzaltzen (gauza bizidun gisa, ez biografia gisa), baina halere biziak eskatzen digun aurreneko gauza da sekula hil behar ez  bagenu bezala bizitzea. Horixe eskatzen digu biziak, erlijioak edo gaurko espiritualtasun lausoak ez bezala.

Gatozen ingelesaren barruti harrora. Aurtengo udan jabetu naiz nere zorioneko profezia motz gelditu bide dela. Gaztelako jende jator-gaixto bat ezagutu dut, eta esan diet ze irudipen ditudan ingelesaren gailentzeari gainean, eta haien eta beste askotxoren iritzian 300 ez, baina 100 urte aski izango omen dira ingelesa (edo «beste erdara haundiren bat») penintsulan gailendurik jar dadin. Gero-eta gehiago omen dira Gaztela, Espainia edo dena delako aurkintza horietan hala uste dutenak. Eta sintomen artean beste bat gehitzen zuten: orain urte batzuk Espainiako gobernuko buru egiten zuen gizontxoak, Ameriketako botere-usainak zorabiaturik, ingelesezko ahoskerarekin hitzegin ohi zuela gaztelaniaz modu publiko eta agerikoan. Eta bai, neuk ere gogoan dut ikuskizun edo entzukizun harrigarri hura, eta edozein ohartzen da sintoma latza dela hori.

Hauexek profeziaz esateko nituenak. Geroak esango du: begi hauek ikusiko ez duten geroko gero batek.

5 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Auzune berriak

Xabier Aristegieta Okiñena

Lehengo batean bururatu zitzaidan deigarria dela zeinen kontraesankor izan gaitezkeen pertsonak, gure bizitzako esparru ezberdinetan hartzen ditugun jarreretan.

Oro har, bizitzako eguneroko zailtasunei aurre egiteaz denaz bezainbatean, bipil eta duda-mudatan ibili gabe besarkatzen ditugu premiak modurik beteenean asetzen dizkiguten bitartekoak.

Euskara-kontuetan, ordea, ez, nire ustez.

Har dezagun etxegintzaren alorra, oso adibide argigarria da-eta. Gure gizartean ongizate-erakusgarritzat eta are bizileku eredugarritzat jotzen dira hirietan gaur egun diseinatzen diren auzune modernoetako etxebizitza argitsuak, espaloi zabaldun kale-lerro zuzenen alde bietara eraikiak, eta hain preziatuak diren modernotasun guztiez hornituak: zuzenean igogailuz iristekoak diren lur azpiko garajeak, instalazio domotikoak, satelite edo kable bidezko telebista… Auzoan zehar, han-hemenka, haurrentzako jolastokiak, berdeguneak, lurpean txukun ezkutaturiko zabor- eta birziklagai-edukiontzi ikusezinak, eta, oro har, gaur egungo hirigintzaren estandar, ratio eta koefiziente ustez onbera guztiak errespetaturik eraikitakoa den ingurune baten ohiko osagaiak.

Orain dela berrogeita hamar urteko auzune zementutsuek ez dute, ezta hurrik eman ere, gaur egungoen xarma harmoniatsu eta sozialki irrikatu hori. Hala ere, beren gristasun horretan, garaian-garaian eskuragarri izan ziren ekipamenduak ipini zitzaizkien: berokuntza zentrala, trastelekuak, igogailuak (ezkaratzerainokoak horiek, garajerik ez baita izaten), eta abar.

Iraganean sakonago murgiltzen bagara, gure herri eta hirietako alde zaharrak aipatu behar. Auzo horiek beste garai bateko bizi-baldintzen emaitza izaki, esan gabe doa haietan ez dela betetzen XXI. mendeko etxegintza-irizpide mordoxka bat: alde batetik, kaleak estuak eta berdegunerik gabeak dira, eta zenbait kasutan ez da behar adinako zabalerarik izaten aldi berean auto bat eta oinezkoak pasatzeko; bestetik, eta ezaugarri gutxi batzuk aipatzearren, etxeak egurrezkoak dira, igogailurik eta –noski– garajerik gabeak, eta haietako askok gaur egungo ikusmoldetik nahiko bitxi suertatzen diren gela leihogabeak, alcobak, izan ohi dituzte.

Esan nahi dudana da garai bakoitzean diruak eta teknologiak eman duten neurriaren araberako erantzuna bilatu zaiola, eta bilatu nahi izan zaiola, bizitoki-beharrizanari.

Orokorrago esanda: beharrizan bati erantzuteko, gizarteak praktikotasunez jokatu izan du.

Zer esanik ez, gure oharmenak antzeman eta aitortzen die gure herrietako alde zaharrei, bai, erosotasunaren aldetik bizileku bezala ematen ez dutenaren tamainako balio bat: nolabaiteko bertakotasun-kutsu jator baten arnasleku izatearena. Bestela esanda: hiri bakoitzeko toki tipikoena, jatorrena, peto-petoena, izatearena.

Baina hiria handitzen joan ahala, auzo berriak unean uneko moduan eraiki izan dira, unean uneko aurrerapenak aprobetxatuz eta, horrenbestez, garaian garaiko eraikuntza- eta hirigintza-estilo bat gorpuztuz.

Eta egia da bilakaera arkitektoniko hori gertatzen joan ahala, eraikinen itxura aldenduz joan dela jatorrizko estiloaren bereizgarrietatik, eta urrunagoko eraikinekiko antzekotasunak hartu dituela; edo, agian, estilo ezberdin guztiak nazioarteko estilo identifikagaitz zehaztugabe batean nahasi direla azkenean.

Ikuspegi horretatik, egia da Donostiako Alde Zaharreko Kale Nagusiaren estiloak askoz ere «donostiarragoa» dirudiela, adibidez, Amara auzoko Madrilgo hiribideko eraikinen itxura zeharo estandarrak baino. Eta, halaber, Iruñeko Alde Zaharreko edozein kale «iruindarrago» gertatzen dela Iturrama edo Donibane auzoetako beste edozein baino.

Baina inori ez zaio bururatuko Amara zilegitasun gutxiagoz denik Donostiaren parte, Alde Zaharra baino. Edo Iturrama eta Donibane Iruñeko parte, bertako Alde Zaharra baino.

Bestetik, alde zaharren estilo-berezkotasuna inork ukatzen ez duen bezalaxe, inork ere ez du gaur egun auzo berririk egiten orain dela berrehun urteko etxegintza-teknikak erabiliz. Gaur egungo teknikak erabiltzen dira, hobe beharrez; jakin arren horien emaitza, printzipioz, eraikin estandarrago eta bereizezinagoak agertzea izanen dela.

***

Maileguen erabilera dela-eta, pentsa liteke logika baten barruan dagoela hizkuntza baten edozein defendatzaileren haiekiko printzipiozko jarrera aurkakoa izatea. Elementu arrotzak baitira: baztertu beharrekoak, berezko hitz jator baten kaltetan ongietorri itsua ematen zaienean, eta helmuga-hizkuntzaren hutsune baten nabarmengarri, zuzen erabiliak direnean.

Bizitzako beharrizan guztiei modurik praktikoenean erantzutea zentzuduntasun-seinale baldin bada, praktikotasunaren irizpidea are gogotsuago aplikatu beharko genieke hizkuntza-kontuei, egia bada hizkuntzak lehenik eta behin komunikazioa bezain beharrizan oinarrizkoa asetzen duela.

Maileguen erabilera ekiditeko egin diren saio askok eta askok, nire ustez, kasurik onenetan praktikotasunaren ikuspegitik egin dute kale. Okerrenetan, itzulpenaren zuzentasunarenetik.

Maileguei toki handiagoa utzi beharko genieke.

Euskararen auzune berri asko maileguz osatuak baitira.

Iruzkin 1

Xabier Aristegieta atalean

Tiriki trauki hiru ta lau dira zazpi

Alfontso Mujika Etxeberria

1976an izan zen, duela 37 urte (Eneeeeee! Zaharrak gara gero!). Gorka Knörr-ek Txalaparta kantan erakutsi nahi zigun zenbat Euskal Herri zeuden (7, 2, 1…).

Geroztik, ez dugu asko aurreratu. Ez dakit benetan zenbat garen (zenbat buru, hainbat aburu), baina bada okerragorik. Izenak izana badakar, aitortu behar dut nahaste handia dakarkidala gaur ere, oraindik ere, izenak. Alegia, ez dut beti jakiten zer den Euskal Herria euskarazko testu bat irakurtzen dudanean, erdarazko testu bat irakurtzen dudanean País Vasco zer den beti ondo jakiten ez dudan bezalaxe.

Nondik hasi? Hemendik:

«Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.»

Ez da nire baieztapena, Euskaltzaindiarena baizik. 2003ko uztailaren 18an egindako adierazpen batean (Adierazpena uztailaren 18an egitea kasualitatea izan ote zen?) oinarrituta atera zuen Euskaltzaindiak Euskal Herria izena araua (139. araua).

Diotenez, Euskaltzaindiak arau hori argitaratu eta berehala, galdera bat iritsi zitzaion toki ofizialen batetik: «Ederki. Orain badakigu zer den Euskal Herria. Eta euskarazko testu batean Euskal Herria agertzen denean, nola itzuli behar dugu Euskal Herria gaztelaniara?».

Eta Euskaltzaindiak honela erantzun omen zuen (ez gutxi eztabaidatu ondoren, eta Vasconia, territorios vascos, país del euskera eta beste hainbat ordain mahai gainean, edo azpian, ibili eta gero): «Euskaltzaindiari ez dagokio esatea gaztelaniaz Euskal Herria nola itzuli behar den».

Joan den ekainean, Valentzian argitaratzen den aldizkari baterako artikulu bat euskaratik gaztelaniara itzultzea egokitu zitzaidan. Euskaraz Euskal Herria agertzen zenean, gaztelaniaz zer jarri asmatu ezinda jardun nuen.

Hasieran, Euskal Herria uztea pentsatu nuen, baina, berehala, gogoeta: Alfon, etnonimoa erabiltzea ondo zegok, baina hik ez dituk endonimoak erabiltzen atzerrikoak adierazteko euskaraz aritzen haizenean, hik ez duk Deutschland eta Catalunya idazten euskaraz, Alemania eta Katalunia baizik; beraz, gaztelaniaz ere beste hainbeste egin beharko duk, ala?

País Vasco bururatu zitzaidan hurrena, baina, neure artean: zer ulertuko dute Valentzian País Vasco jartzen badut?

Eta legera jo nuen:

ESTATUTO DE AUTONOMÍA DEL PAÍS VASCO (18-12-1979)

Art. l. El Pueblo Vasco o Euskal-Herria, como expresión de su nacionalidad, y para acceder a su autogobierno, se constituye en Comunidad Autónoma dentro del Estado Español bajo la denominación de Euskadi o País Vasco (…).

Eta euskaraz, honela:

1. art. Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazpen gisa eta bere autogobernua lortzeko, Autonomia Erkidego gisa eratu da espainiar estatuaren barruan, Euskadi edo Euskal Herria izenarekin (…)

Beraz, País Vasco jartzen badut, valentziarrek pentsatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoaz ari naizela. Gainera, badakit Valentzian, unibertsitate-giroan, badakitela UPV/EHU sigla Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea dela, haiek ere beren UPV sigla baitute: Universitat Politècnica de València. Beraz, ez zait komeni País Vasco jartzea «benetako» Euskal Herria itzultzeko.

Badaezpada, Elhuyar hiztegira jo nuen, euskara-erdara atalera:

Euskadi. 1. Euskadi, País Vasco (referido al conjunto formado por los territorios de Álava, Bizkaia, Gipuzkoa, Navarra, Laburdi, Baja Navarra y Zuberoa). 2. Euskadi, País Vasco (referido al conjunto formado por los territorios de Álava, Bizkaia y Gipuzkoa).

Euskal Herria. País Vasco. «Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria: País Vasco (del) Norte y País Vasco (del) Sur».

País Vasco eta Euskadi toponimoen adiera-bitasuna ondo deskribatuta dago, baina ez dit arazoa konpontzen. Valentzian ulertuko badidate, nola itzuli behar dut Euskal Herria gaztelaniara? Parafrasi luze bat? Ez ote du gaztelaniak toponimo argirik horretarako?

Hor jarraitu dut, irtenbide bila. Ez dizuet esango zer jarri nuen, baina itzultzaileek erabiltzen dituzten beste ihesbide (edo konponbide) batzuk ikusi nituen:

Investigadores del País Vasco, en colaboración con el Real Jardín Botánico y el Instituto Forestal de Eslovenia…/Euskal ikertzaile batzuek, Espainiako Erret Lorategi Botanikoarekin eta Esloveniako Baso Institutuarekin batera

Hor dugu beste ihesbide, eta nahasbide, bat: euskal adjektiboak, hor, ez du zerikusirik euskaldun izatearekin, jakina, euskal ikertzaile horiek erdaldunak zein euskaldunak izan zitezkeen eta. Eta eusko ikertzaile batzuek ere ez genuke jarriko, ezta? Hizkuntzari lotuta ez dagoen eusko kuasiaurrizkia (Eusko Jaurlaritza, Eusko Alkartasuna eta  Eusko Label gisakoez gainera, baliagarria da hizkuntzari ez eta lurralde bati erreferentzia egiteko, hala nola geologoek erabiltzen duten Arro eusko-kantauriarra gisakoetarako) gehiago baliatu behar genukeelakoan nago, baina, oraingo kasu honetarako, ez dut uste ezer konponduko lukeenik.

Beste askotan, ez da zalantzarik izaten.

En la investigación participan 19 grupos científicos de Andalucía, Baleares, Canarias, Cataluña, Navarra, País Vasco y Valencia. / Ikerketan parte hartzen ari dira 19 talde zientifiko, eskualde hauetakoak: Andaluzia, Balearrak, Kanariak, Katalunia, Nafarroa, Euskadi eta Valentzia.

(Nafarroa eta Euskadi elkarren ondoan egonda, garbi dago Euskadi hori Euskal Autonomia Erkidegoa dela, inork zalantza badu).

Eta gaztelaniatik itzulitako berria denean? Esango nuke euskal itzultzaile askok País Vasco ikusi eta Euskal Autonomia Erkidegoa itzultzen dutela askotan, eta ez Euskal Herria, baina ez beti. Gainera, nahastea lehendik dator. Euskal Herriko Itzulia EAEkoa da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria ere bai, baina Euskal Herriko Bertsozale Elkartea Euskal Herrikoa da, Euskal Herriko Surf Federazioa ez dakit nongoa den…

Guk hainbeste komeria geure herriaren izena txukun eman nahian, eta beste batzuek, berriz, ez dute arazorik bereari «sinonimoak» jartzeko. Begira aurten zer galdetu dieten Geografia irakasgaian unibertsitaterako hautaprobetan:

Relieve peninsular (beste inolako oharrik gabe)

Horra hor erraztasuna: peninsular adjektibo erreferentzialak, batere arazorik gabe, península ibérica erreferentea ekartzen du. Izan zitekeen edozein penintsula, jakina, baina zenbat laguntzen duen pragmatikak.

Euskarazko bertsioan, berriz, honela joan zen:

Iberiar penintsulako erliebea

Esango nuke, gainera, «relieve peninsular» galdetu zuenak Espainia zuela gogoan, eta ez Iberiar penintsula, Portugalgo geografia ez baitzegoen aztergai.

Baina, ari naizela, ari naizela, Euskal Herritik kanpora joan naiz. Tiriki trauki.

Iruzkin 1

Alfontso Mujika atalean