Itzulpena eta poesia

Angel Erro

Berehala damutuko naiz post honi izen hain generiko hau eman izanaz, hemendik mende amaieraraino jardunaldi eta udako ikastaroak betetzeko bestekoa, hain kontu ñimiñoaz jarduteko nik. Hainbat itzulpenek uzten duten poesia zaporeaz. Liburuaren barruan galduta oharkabean pasa daitezke, izenburuan distira egiten duteneko egokierari eskaini dizkio poeta batek hainbat lerro. Poeta Juan Antonio González Iglesias da. Poemaren izena, El arte de traducir, eta Eros es más liburuan jaso zuen. Hona nire itzulpena.

ITZULTZEKO ARTEA

Asmatzen duten itzulpenak ospatu
behar ditugu. Ustelaren laburpena
bihurtu duten Cioranen Précis de
Décomposition
-ena bezalakoak.
Kultur segurtasun gabezia handiko uneotan
itzultzeko artea bihurtu da
ezagueraren ezin dudatuzko bide.
Historiaren dorrea
behin betikoak izan daitezkeen setioak
pairatzen ari den honetan,
adituengana jo behar dugu
eta haiek, presarik gabe, ausardiaz,
idatziaren azken zentzuaren senaz,
itzultzen dituztenengana.
Urte hauetan gertatzen
ari den guztia ulertuko badugu,
beste garai batez diharduen
Arnaldo Momigianoren liburu hau
aski dugu: The Alien Wisdom,
norbaitek ederki Barbaroen
Jakituria
gisa eman duena.

Itzultzaileen lanaren garrantziaz, idatzitakoaren zentzuaz jabetu eta itxuraz araua haustera ausartzearen egokitasunaz, eta haren ederraz mintzo zaigu poeta. Hemen, jatorriz, irakurleak egiazta dezan, zalantzarik balu, nola nagoen olerkiak jasotzen dituen ezaugarrien eskas.

Esaterako, ez dut asmatu gaztelaniazko «último» eta «final» adjektiboak egoki ematen. Zerbaitek esaten dit bietako batek ere ez duela gaztelania-euskara hiztegietan ematen duten adiera, baina behin baino ez naiz ausartu «azken» ez euskaratzen. Gonzalez Iglesiasek goraipatzen dituen bi liburuen izenburuekin ere ziur aski ez dut asmatu. Breviario de podredumbre eta La sabiduría de los Bárbaros dira jatorrian.

Horrek pentsarazi dit Andolin Eguzkitzak azken liburu honen izena nola emanen zukeen, esanen nuke nik baino are gutxiago asmatuz: Erdaldunen jakituria. Izan ere, horrelaxe itzuli zuen Konstantino Kafavisen poema ospetsu baten izenburua: Erdaldunen esperoan. Grezierazko barbaro hitzaren etimologia eta jatorrizko erabilera erdaldun hitzaren berbera edo antzekoa izan daitekeen arren, hitz bakoitzaren background historiko apartekoak zirrara eragiten du elkartrukatuta ikustean. Eta ez goiko poemak deskribatzen duen zirrara bera. Zirrara zail horren bila abiatu behar du, poesia ala besterik, itzuli nahi duenak.

5 Replies to “Itzulpena eta poesia”

  1. “Traducción afortunada” euskaratzeko “asmatzen duen itzulpena” erabiltzea gustatu zait. Elhuyar Hiztegitik hartuko ditut “asmatu” aditzaren adierak: “1. inventar, crear. 2. imaginar, idear, ocurrirse, inventarse. 3. acertar, atinar; adivinar, predecir. 4. acertar a; conseguir, lograr”.

    Atsegin dut

  2. Gorest ditzagun itzulpen memorableak.
    Hala nola Cioranen Précis de Décomposition
    Papur solas bilakatua […]
    The Alien Wisdom, bakarren batek
    poliki euskaratu
    Kokoen jakintza.

    se erige en última forma de conocimiento
    behin betiko ezagupide bilakatua

    intuyendo el sentido final
    hondar zentzua asmatuz

    Atsegin dut

  3. Mila esker Gidor Bilbaori eta Eduardo Gil Berari erantzunengatik. Poema baten itzulpena gehiegi ez lantzeak eta milaka bider ez gainbegiratzeak ekartzen dituen deitorabide guztien artean gehien deitoratzen dudana da “goretsi” aditza bururatu eta eta asmatu ez izana.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina