Betiere… “siempre que”?

Iñigo Errasti Aranbarri

Oso zabalduta dago gure artean betiere adizlaguna ematea gaztelaniazko siempre que baldintzazko lokuzioaren ordain gisa. Nik neuk ere egin izan dut aldaketa hori, jakina. Baina ez dakit, ba, ez ote dugu hor oker txiki bat egiten, eta ez ote den oraingo-oraingoa, gainera, parekatze hori.

Adibide bila, «baldin + betiere» idatzi dut bilatzailean, eta Arabako Foru Aldundiaren orri bat atera zait lehen-lehenik, baina berdin eman ziezadakeen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren nahiz Donostiako Udalaren orri bat… denean agertzen da eta bikotea. Hemen duzue adibidea:

Uno o dos ascendientes y dos hijas e hijos, siempre que al menos uno de estos sea discapacitado/a o esté incapacitado/a para trabajar.

Aurreko ahaide bat edo bi eta bi seme-alaba, betiere, gutxienez horietako bat ezindua bada edo lanerako ezintasuna badu.

Ez diot itzulpenaren egokitasunari begiratu nahi; «siempre que = betiere» ekuazioaren erakusgarri besterik ez dut ekarri.

Batek baino gehiagok pentsatuko zuen honezkero ea non ikusten diodan nik horri arazoa, eta hona, beraz, nire kezkaren iturriak:

Batetik, RAEren hiztegira jo dut, siempre sarreraren laugarren azpisarrerara:

~ que. 1. loc. conjunt. En todos los casos en que. 2. loc. conjunt. condic. con tal de que. Mañana comeré en tu casa, siempre que tú comas hoy en la mía.

Horren arabera, bi esanahi ditu siempre que lokuzioak, eta haietariko bat da baldintzazkoa; bestea ez, ordea.

Gero, euskarazko hiztegietara jo dut, eta, haietan ikusi dudanagatik, betierek hiru-lau esanahi ditu, edo izan ditu, baina haietariko batean ere ez da ageri baldintzazko esaldien ezaugarri legez. OEHn ez dut aurkitu horren adibiderik. Bestalde, hiztegietan erraz ikusten denez, lehenengo adieran badatoz bat, «beti, beti eta beti» omen da eta betiereren adiera nagusia.

Susmoa dut, beraz, gaztelaniazkoaren bi esanahion artean egiten dugula jauzi, eta, automatismoz edo, komeni zaigulako erabiltzen dugula betiere baldintzazko partikula balitz bezala: batzuetan, mendeko perpausaren hasieran jarrita, aurrekari lana ondo-ondo betetzen digulako, eta, beste batzuetan, atzean jarrita ere, baldintzazkoak ezartzen duenaren sendogarri aproposa izaten delako.

Tira, ez dakit benetan den kalko okerra (eta, baldintzazko esaldietan aurrekari bat nahi izanez gero, ez ote dugun nahikoa baldin eta-) ala nire arrazoibidea den okerra, eta guztiz zilegi, beraz, gaur egun denera zabaldu zaigun/dugun erabilera hori.

3 Replies to “Betiere… “siempre que”?”

  1. Kontua apur bat nahasteko, Iñigo:

    Betiere esapideak, ez dakit bereiz idatzita edo dena batera, euskaraz “inoiz-noizbait” ere izan leike, eta adiera hori, ez dakit dialektaltzat joa delako edo zergatik, bazterturik dago oso, beste horien aldean. Alegia:

    “Ardorik edaten dozu?”

    “Betibe (=inoiz-noizbait-batzuetan) bai.”

    Atsegin dut

  2. Gai ederra, Iñigo. OEHk dioenez: “No siempre es fácil determinar su sentido exacto, aunque domina el de ‘siempre, en todo momento’; a veces sirve únicamente para reforzar una afirmación”.

    Zuk diozuna, Oskar, ez da nahasteko izango, adiera hori ere jasoa baitago OEHn: 3. betibere (V-oroz-arr; Añ (V)), betibe (V-ger-m). Ref.: A (betibere); Iz ArOñ (beti be); Elexp Berg (beti be). “(De) quando en quando […] beti bere” Añ. “Beti-be (V-ger-m), beti-bere (V-oroz-arr), de cuando en cuando” A. “A veces” Iz ArOñ. “Ondo bizi dok ori, beti e mozkor batzuk arrapau ta” Elexp Berg.

    Baldintzaren makulu gisa erabiltzeari dagokionez, nire irudipena da ez dela desegokia. Horrekin batera bi galdera etortzen zaizkit: a) gehiegi erabiltzen ote dugu horretarako?; b) baldintzaren markatzaile edo iragarle gisa baliatu nahi badugu, zergatik ez ote dugu “baldin eta” sartzen zuzenean? Beharbada batera bil daitezke biak: kalko desegokia da? Horra Kalkoen Behatokikoentzako ere gaia…

    Nire galderen haritik, uste dut bat etor gaitezkeela honetan: hala erabiltzen dugunean, ez da ezinbesteko. Alegia, baldintzazko perpausak baldintza izaten segituko du “betiere” jarri gabe ere (“baldin eta” jarri gabe ere baldintza izaten segitzen duen bezala).

    Baldintzazkoetan ez ezik, moduzkoetan ere sarri samar ikusten dugu gaur egun “betiere” (berriz ere, uste dut esan daitekeela ez dela ezinbesteko). Ereduzko Prosa Gaur corpusetik hartuak ditut adibideok, orain baino lehen. Puntuazioari begira nengoen orduan, egia esan, eta “betiere” koma baten ondoren eta perpaus-hasieran ageri zen esaldien multzotik lehenbiziko zazpiak hartu ditut, neuzkan bezala. Moduzkoak dira sei, eta bat baldintzazkoa.

    Batzuk eta besteak gogoratu nahi ditugu sarrera honetan, betiere norberaren hautuari kasu eginez.
    Horren ikerketa-esparrua zientziaren eta teknologiaren praktikatik eratortzen diren ziurgabetasunak eta arriskuak aztertzea da, betiere zientziaren eta teknologiaren ikasketa sozialetatik hurbil aurkitzen den ikuspegi filosofikotik abiatuta.
    Bricallen ustetan, bereizketa horri eutsi egin beharko litzaioke, betiere eredu malguak proposatuz eta zurruntasunetik ihes eginez.
    Haren hitzak: ongi dela, nik nire ideiak izaten ahal ditudala, betiere niretzat gordetzen baldin baditut, bere familiaren aurrean ateratzen ez baditut.
    Hori izan liteke gabezia hori konpontzeko bidea, betiere borondate politikorik baldin bada, jakina.
    Baina senez eta zentzuz jokatu eta jolastu behar da ondasun eta baliabide horiekin, betiere hizkuntzaren egitura oreka egokian gordeaz.
    Maila horretan ere ematen baitira iritziak eta datuak, betiere kontuan izanik alor hori ezin agortuzkoa dela eta hor sakontzen hasteak askoz ere leku gehiago eskatuko liekeela lana idatzi dutenei.

    Atsegin dut

  3. Ia erabat ados, Patxi.
    Nik baino hobeto adierazi dituzu gauza asko, ez bainuen esan nahi, esate baterako, kalko desegokia denik, besterik gabe.
    Dena dela, tradizioan horrela agertzen ez bada, eta gaur egun gaztelaniazko forma jakin baten ordain gisa ematen badugu ia sistematikoki, nik neuk zalantza, behintzat, egiten dut; batez ere, susmoa badut “betiere….. ba-…” idazten duenak “baldin eta….. ba-” idazten ari dela uste duela. Eta, gainera, berez oraintsu arte euskaldunentzat izan duen adieraeraren arabera, ez bada beharrezkoa halako esaldietan.
    Moduzko esaldien kasuan, ostera, egokiago ikusten dut, baldin eta jatorrizkoan “betiere”ren pareko zerbait ageri bada, hau da, jatorrizkoan “siempre que” ez baldintzazko baten moduko zerbait agertzen bada. Bestela, euskarazkoa markatuegi ikusten dut nik, forma “markatuagotzat” baitaukat nik “betiere”. Baina hori nire irudipena besterik ez da izango, agian. Baina ez bada ezinbestekoa, zertarako erabiliko dugu…

    Atsegin dut

Utzi iruzkina