Euskarazko bikoizketaren historia sentimentala

Asier Larrinaga Larrazabal

Urte batzuk dira euskarazko bikoizketaren historia prestatu nuela, ordura arte inon jaso gabeko datuak eta informazioak protagonisten memoriarekin batera itzal ez zitezen. Oraingo historia hau subjektiboa da zeharo, euskarazko bikoizketak eskaini dizkidan une gozoekin osatua. Iraungitzear susmatzen dudan jarduera baten aldeko deiadarra da, nire lankide Iratxe Goikoetxeak duela hil batzuk zabaldu zuen SOS deia bezalakoa.

Nire lehen gogorapenak Dallas telesailarekin daude lotuta. Ewingdarrek ETB benetako telebista izateko asmoz zetorrela ikusarazi zidaten, eta barre asko eragin, Pamelak «nire anaia» esaten zuen bakoitzean. Dotakon marrazki bizidunak ere asko gustatzen zitzaizkidan. Dena zen zorakeria: Txopinko, gure heroiaren arreba, arrautza-oskoleko burua zeukana; gaiztoei hortzetan jartzen zizkieten tiritak Dotakonen astinaldi baten ostean, eta beste mila gauza. Dotakonen antzera, hasierako garaietakoa da Dragoi bola Z.

Hasiera hartatik hona, hainbat euskaldun-belaunaldik izan dute marrazki bizidun gogoangarriak euskaraz ezagutzeko aukera. Ziur nago Doramon gehienei izan zaiela atsegingarri.

Shin Chan-i buruz nekez esango dugu «atsegingarri», baina ez dago zalantzarik jarraitzaile-andana duela.

Heidi beste hizkuntza batean ezagutu genuen sasoi batekook. Belaunaldi berriek, euskaraz.

Euskaraz, eta luxuzko bikoizketa batean. Ezin dezaket esan barik utzi kareta horretako abestia Miren Aranburuk kantatua dela. Luxua! Tentatuta nago euskarazko bikoizketan entzun daitezkeen beste ahots bikain batzuk aipatzera, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Xeberri, Nekane Sarobe, Jose Manuel Goikoetxea, Jaione Insausti, Kandiko Uranga, Ana Egileor, Maribel Legarreta, Eduardo Gorriño, Jon Goirizelaia, Iñigo Puignau, Ane Aseginolaza, Joseba Etxebarria, Loinaz Jauregi, Beñat Narbaiza, baina ez diot zerrendari ekingo, denentzako toki falta ez dadin txarto ulertu.

Bikoizleak aipatzea, gainera, ez litzateke bidezkoa izango Begoña Huegun, Kiko Jauregi, Monika Erdozia, Tere Eguskiza eta gainerako bikoizketa-zuzendarientzat. Who doktorea telesail liluragarriaren txatal honetan oso ondo jabe gaitezke zer den zuzendariaren lana. Txatalak lau minutu ditu, baina merezi du.

Txatal horretan, itzultzaile-egokitzailearen lana ez da merezimendu gutxiagokoa. Idoia Gillenea, Maite Eizmendi, Iñaki Zubizarreta, Txaro Idiakez, Jesus Eguskiza “Eguzki”, Leire Lekuona, Bea Zabalondo, Jesus Otzerinjauregi eta gainerako itzultzaile-egokitzaileei esker, zer ondo pasatu dugun! Barre ere egin dugu, Dinamita-rekin, esate baterako.

Bikoizketak mundu osoko berri ere eman digu dokumentalen bitartez. Piztiei buruzkoak ez dira gutxi izan.

Pelikulek bazkalondo eta afalondo gozoak eskaini dizkigute. Batman, zaldun iluna-k, ostera, bihotzerrea emango zion bati baino gehiagori.

Filmak ia hiru ordu irauten du, eta akziotik badu, baina askoz gehiago du erretolikatik eta kalamatrikatik. Filma bikaina izango da —gustuak gustu dira—, baina elkarrizketa kriptikoak bere-bereak ditu, ez euskarazko bikoizketarenak. Beharbada, pelikula hau ez zen euskarara bikoizteko aukerarik egokiena. Imanol Unzurrunzaga gure lankide erretiratuak askotan esaten zuenez, zuhurtasunez hautatu beharko litzateke euskaraz zer film bikoizten diren, ohitura eta zaletasuna sortzeari lehentasuna emanez. Euskarazko bikoizketan, ordea, nik ez dut inolako hizkuntza-politikarik sumatzen, eta Airbag, Año mariano, No controles eta abar, eta abar bikoizteak kontrako efektua eragin du. Dena dela, gai hau hurrengo artikulurako utziko dut, bi edo hiru gauza esan nahi baititut bikoizketa eta azpidazketako politikari buruz.

Natorren berriro, beraz, euskarazko bikoizketak eman digun kalitatezko entretenimendura. Nik esango nuke arlo horretan zientzia-fikzioa dela ikusle euskaldunen artean arrakastarik handiena duen generoa. ETBk eskaintza zabala du; Fringe, mugako zientzia, esate baterako.

Euskaldunok bikoizketan ere agertu dugu gizarte-gaietan abangoardian joan nahi dugula. Hego zoroa (Queer as folk) datorkit burura.

Une honetan, banpiroak eta Banpiroen kronikak direla eta ez direla, mundu osoa dago aztoratuta eta odolgabetu beharrez. Kronika horietako protagonistek euskaraz ere badihardute.

Eta kito! Honaino heldu da historia hau. Hauxe da kontakizunaren azken paragrafoa, baita subjektuaren beraren azkena ere. ETBk ez ei du gehiago bikoiztuko, marrazki bizidunak izan ezik. Ez deritzot nahikoa bikoizketaren industriari eusteko, eta luze gabe hau dena arkeologia izango da.

 

9 Replies to “Euskarazko bikoizketaren historia sentimentala”

  1. Kaixo, Asier.

    Ez nuen zure Euskarazko Bikoizketaren Historiaren berri, baina, antza, bertan aipatzen ez den datu baten berri emango dizut: bazenekien EITB-k -utzikeriagatik- “galdu” omen dituela 80 eta 90eko hamarraldietan egindako euskerazko bikoizketa gehienak? Gaia azaleratu da (ixilpean gordetzea lortu badute ere) estatuko banatzaile askok DVD formatoan pelikulen ele askotako edizioak (gure hizkuntza tartean) egin nahi izan dituztenean. EITBren atea jo dute hainbat aldiz eta erantzuna “galdu egin ditugu” izan da. Uste dut kontua oso larria dela eta ia denon artean presioa eginez konponbideren bat bilatzen dugun; konponbiderik izatekotan, noski. Eta nik uste dut, borondatea izanez gero, konpondu litekeela. Agur bero bat.

    Atsegin dut

  2. Niko, gauzak ez dira horrela, zorionez. ETBk ez du ezer galdu. Den-dena dauka gordeta. Aspaldiko materialak erabili nahi izanez gero, baina, arazo bat dago: euskarriak hondatuta daudela, zaharraren zaharrez. Zintak, tamalez, «alferrik galtzen» dira apaletan. Formatu digitala da denborak eragindako triskantzaren salbazioa, baina hainbati berandu heldu zaie. Nik neuk Dotakon-en bideoklip bat txertatu nahi izan dut, baina ezin daiteke berreskuratu.
    Osterantzean, ETBk ez du inoiz eragozpenik ipini marrazki bizidun batzuk, edo pelikula bat, edo dena delakoa DVDan atera nahi zuenari euskarazko bertsioa eskuratzeko.

    Atsegin dut

  3. Kaixo, Asier. Galdera bat egin nahi dizut. Egia al da itzultzaileek bikoizketarako euskaratu testuak erabiltzen edo erabili nahi direla azpidazkiak egiteko? Hala izatera, egin beharreko moldaketa ez litzateke gehiegizkoa izango? Ez litzateke hobe hutsetik hastea azpidazkien itzulpena?
    Eskerrik asko!

    Atsegin dut

    1. Gilentxo, une honetan ETB1ek eskaintzen dituen azpidatziak ez dira jatorrizko bertsioarekin batera azaltzen diren azpidatzi arruntak. Gorrentzako azpidatziak dira, teletestuko 888. orrialdean txertatzen direnak, eta, ahal den neurrian, prozedura erdiautomatikoz eta kostu baxuz sortzen dira. Alegia, ez dira beren-beregi prestatzen. Argibideren bat gehiago eman genuen orri honetan.

      Atsegin dut

  4. Kaixo Asier,

    Zure erantzuna erabat kategorikoa izateak harritu nauen arren, poztu naiz gauzak ez direla horrela irakurrita.

    Ez dut eztabaida amaitezin eta alfer batean erori nahi. Hala ere, gauza bat esan behar dizut: 90eko hamarralditik aurrera gutxienez, audio-masterrak DAT-en (Digital Audio Tape) grabatzen ziren (eta ez bazen egiten hori bikoizketen kasuan, are okerrago) .

    Eta are beste bat: garai beretsuko katalanerazko bikoizketak gorde (eta argitaratu) egin dira.

    Egia esan, ez dakit auzi honetan benetako egoera zein den (zuk guk baino hobeto jakingo duzu) baina hirugarren bat ere esango dizut: korporatibismoek kalte egiten diote gizarteari (euskarari kasu honetan). Besarkada bat.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina